Prentsa Oharren banner

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala izango denak badu osasun-parkea jada, udal sareko hamabigarrena

Urriaren 1ean hasiko da ikasturtea parte horietan, zeinetan 400 adinekok baino gehiagok egin baitzituzten jarduera fisikoko programak 2019an

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturalak instalazioak prestatzen jarraitzen du, urtea bukatu aurretik irekitzeko asmoz. Barrualdean espazioak hornitzen jarraitzen dute; kanpoaldean, berriz, osasun-parkea instalatu da jada Vera-Fajardo Margolariaren kaleko zati batean, adinekoei egokitutako gimnasia aparatuz horniturik, ariketa fisikoa egiterik izan dezaten.

Parke berria udal sarearen hamabigarrena izango da. Banaka edo begirale profesionalen laguntzarekin erabili ahalko da, lantegi eta saio praktikoen programa baten bidez. Adinekoentzako zentro soziokulturalek urriaren 1ean jarriko dute abian programa, Adinekoen Nazioarteko Egunarekin batera.

Ordubeteko saioak egingo dira hamar osasun-parketan, 10 pertsonako taldeetan; iaz 400 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte horietan, emakumeak gehienak (355).

Ariketaren bidez, adinekoen autonomia sustatzen laguntzen dute parkeek, haien adinerako egokia den jarduera fisikoaz informatu eta prestatzen, eta haiengan jarrera positibo eta irekia pizten, zahartzeari aktiboki aurre egin diezaioten“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoek eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Jardueretan parte hartzen dutenek segurtasun distantzia gorde beharko dute elkarren artean, maskara nahitaezkoa izango dute —ariketa gogorra denean izan ezik— eta gel hidroalkoholikoa eraman beharko dute.

Programei berriro ekitea

“Pixkanaka urratsak egiten ari gara nolabaiteko normaltasunerantz. Une honetan irekita ditugu adinekoentzako jantokiak, baita informazio, ile-apainketa eta podologia zerbitzuak ere. Urrian, berriz, osasun-parkeak eta adinekoen zentroetarako diseinatu dugun programazioa jarriko dira martxan, gure erabiltzaileei 230 lantegi eta ia 2.700 leku eskainita“, adierazi du Armentiak.

2020-2021 jarduera-programa covid-19ak sortutako zirkunstantzia berezietara egokitu da: higiene eta osasun-segurtasunaren alorreko neurri zorrotzak hartuko dira, eta lantegi eta ikastaroetan parte-hartzaileen kopurua mugatuko.

 

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalen sareak jantoki-plazen kopurua handituko du, lantegien eskaintza handituko eta bakardadearen aurka egiteko “Piztu zure auzoa” programa hiri osora zabalduko

Kudeaketa-kontratu berriak hobekuntza garrantzitsuak aurreikusten ditu hurrengo bi urteetarako

Jantokiko 68 plaza berri egokituko dira, eta beste 400 lantegi eta ikastaroetan

Udalak laster esleituko du adinekoentzako zentro soziokulturalak kudeatzeko kontratu berria, oraindik lizitazio-fasean baitago. Kontratu berriari esker, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak hobekuntza garrantzitsuak egingo ditu baliabide horien 35.000 erabiltzaileri baino gehiagori eskaintzen dizkien zerbitzu eta programetan.

Berrikuntzak urritik aurrera iritsiko dira, kudeaketa bi urterako esleitu ondoren eta 3,3 milioi euroko urteko aurrekontuarekin —egungo kontratuak baino ia milioi erdi euro gehiago—. Berrikuntza nagusietako bat zentro bat gehiago kudeatu beharra izango da, San Martinekoa, datozen hilabeteetan irekiko baita; beraz, dagoeneko 16 izango dira udal sarea osatzen duten adinekoentzako zentro soziokulturalak.

Zentro soziokultural berria sareko handiena izango da eta zerbitzu guztiak izango ditu: informazioa, kafetegia, ile-apaindegia, podologia, hemeroteka, infoteka, osasun-parkea, erorketen prebentziorako programa eta animazio soziokulturalerako programa, baita 48 plazako jantokia ere. Plaza horiei Aranako zentroan sortu berri diren beste 20 plaza gehituko zaizkie; bertan egokitzapen-lanak egingo dira datozen hilabeteetan, jankideen kopurua 70era arte handitu ahal izateko.

Jantoki-zerbitzuak bazkari osoa eta egokia eskaintzen du, eta erabiltzaileen gizarte-integrazioa sustatzen; urte osoan erabili ahalko da, zerbitzu hori duten 10 zentroetan. Adinekoentzako jantoki-sareaz gain, beste hiru jantoki daude udalaren zainpeko apartamentuetan; horrenbestez, guztizko eskaintza egunean 700 menutara iritsiko da.

Bakardadeari aurre egitea

Kontratu berriarekin, adinekoentzako zentro soziokultural guztiek animazio soziokulturaleko teknikari bat izango dute; beraz, orotara 16 egongo dira —gaur egun 10 ari dira sare osoari arreta emateko lanetan—. Horri esker, zentro guztietara zabaldu ahalko da “Piztu zure auzoa” programa. Programa hori bakardade-egoeran dauden adinekoei zuzenduta dago, eta gaur egun Koroatzean, Landazurin eta Pilarren garatzen da.

Langile gehiago izateak auzoetako erakunde eta elkarteekin lan komunitarioa sustatzea ere erraztuko du; hain zuzen ere, horixe proposatu zioten sailari adinekoek berek iaz zentro soziokulturalen parte-hartze eredua ebaluatu zutenean. “Auzo bakoitzeko sare komunitarioetako lana sustatuko dugu eta belaunaldien arteko jarduera gehiago antolatuko ditugu. Ikastetxeen, goi-mailako eskolen eta unibertsitatearen lankidetza bilatuko dugu, beste adin-talde batzuekin topaketak eta ezagutza-trukeak sustatzearren. Horrek gure hiriko gazteek adineko pertsonei eta zahartzeari buruz duten irudia hobetzen lagunduko digu”.

Zurrumurruen aurkako estrategia bat ere garatuko da, eta esperientzia berri bat abiaraziko da, zeinaren bitartez adinekoek eskainiko baitizkiete ikastaroak, lantegiak eta jarduerak beste adin batzuetako taldeei. Belaunaldien arteko programa horrek hiru lantegi eskainiko ditu zentro bakoitzeko, eta adinekoek beren ezagutzak eta trebetasunak transmitituko dituzte horietan.

Lantegi eta leku gehiago

Urritik aurrera, adinekoentzako zentroek aldatu egingo dute ixteko ordutegia, eta ordu erdi aurreratuko da, hau da, 20:30ean amaituko da jarduera. Izan ere, ordu horretatik aurrera jende gutxi ibili ohi zen zentroetan; horrek baliabideak birbanatzea ahalbidetuko du, beste zerbitzu eta programa batzuk bultzatzeko.

Horrekin lotuta, ikastaro eta lantegien eskaintza 12.812 ordukoa izatetik 14.218 ordukoa izatera igaroko da. Hau da, 30 lantegi gehiago eskainiko dira —319ra iritsi arte—–, eta 450 leku gehiago; beraz, 4.000 adinekok gozatu ahalko dute askotariko jarduerez.

Era berean, osasun-parkeen erabiltzaileentzako arreta 713 ordutan handituko da, eta osasun-parke gehiagotan izango da dinamizazioa, gaur egungo 8etatik 12ra igarota.

Azkenik, Abetxuku, Judimendi eta Sansomendiko zentroek ordubetez luzatuko dute informazio-zerbitzuen ordutegia: egunean 4 ordutik 5 ordura igaroko dira, astelehenetik ostiralera.

Share

Astelehenean irekiko dira berriro adinekoentzako zentro soziokulturaletako bederatzi jantokiak, 566 lekurekin

Datorren astelehenean, ekainak 15, irekiko dira berriro adinekoentzako zentro soziokulturaletako bederatzi jantokiak. Hasteko 566 leku eskainiko dira, segurtasun- eta higiene-neurri zorrotzak hartuta erabiltzaileen osasuna zaindu eta bermatzearren.

Alarma egoerak zerbitzua ixtera behartu aurretik ezarritako neurri berak bete beharko dira. Hau da:

  • Bi metroko tartea mahaien artean.
  • Pertsona bakarra mahai bakoitzeko, edo bi bikotekideak edo elkarrekin bizi diren senideak badira.
  • Sarreran tenperatura hartzea.
  • Eskuak nahitaez garbitzea.
  • Jantziak eta norberaren gauzak poltsa batean gordetzea, ezingo baitira esekitokiak erabili.
  • Zerbitzua amaitutakoan jantokia, mahaiak eta abar garbitu eta desinfektatzea.

Urruntze sozialeko neurriak aplikatu direnez, jantokiek leku gutxiago izango dute. Hori dela eta, bi txanda egingo dira jende gehien joaten den jantokietan: Arana, Koroatzea, Herrandarrak, Txagorritxu, San Prudentzio eta Zaramaga. Lehen txanda 13:00etan izango da, eta bigarrena, 14:15ean. Erabiltzaileek zerbitzua hasi baino 15 minutu lehenago egon beharko dute bertan.

“Beste urrats bat da normaltasunerako bide luzean. Adineko asko zeuden une horren zain, jantoki-zerbitzuak laguntza handia ematen baitie egunerokoan eta, gainera, erlazionatzeko aukera baitute, nahiz eta oraingo egoeran distantzia eta segurtasun-neurriak betez egin beharko duten” gogoratu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Zerbak eta odolkia

Bitxitasun gisa, deseskalatzearen lehen egunean adinekoentzako jantokiek zerbak patata eta azenarioekin eta odolkia tomate eta piperrekin zerbitzatuko dute, San Prudentzioko sukalde zentralean eginak.

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek aire zabalean egiteko udako programazioa landu dute, 83 ikastaro eta lantegik osatua

Informazio liburuxka honetan

Bihar irekiko da izena emateko epea eskaintzen diren 800 lekuetarako

Adinekoentzako zentro soziokulturalak jarduerak eta programak berreskuratzen ari dira pixkanaka. Duela gutxi informazio, podologia eta ile-apainketa zerbitzuak ireki ziren, eta laster udako programazioa jarriko da abian; aurten, osasun-segurtasuna dela eta, aire zabalean egingo da oso-osorik.

Bihar, ekainak 5, irekiko da izena emateko epea, eta orotara 83 ikastaro eta lantegi eskainiko dira ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean. Guztira 800 leku 60 urte edo gehiago dutenentzat. Askotariko jarduerak izango dira: txikung, biodantza, gimnasia, smartphoneen erabilera, internet, ibilaldiak, etab.

Jardueretan 2-6 saio izango dira, 60-90 minutukoak, eta espazio irekietan emango dira: parke eta lorategietan (Zadorra eta Arana), plazetan (Santa Barbara eta Laudio) edo barruko patioetan (Landazuri), besteak beste.

“Koronabirusa dela eta bizitzen ari garen egoera kontuan izanik, programazioa aire zabalean egiteko moldatu dugu, adinekoek segurtasunez parte hartu dezaten. Jarduerak kalean egiteaz gain, beste neurri batzuk hartuko dira osasuna babesteko, hala nola distantziak ezartzea eta espazioak mugatzea”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Jardueretan izena emateko prezioa merkea izango da, saio kopuruaren araberakoa. Esate baterako, bi saioko lantegiek —ordubetekoak— euro 1 balioko dute, eta sei saiokoek —ordu eta erdikoak— 3,50 euro.

Izen-ematea telefonoz

 Izen-ematea telefonoz egin beharko da, zentro hauetako batean: Abetxuku, Arana, Aranbizkarra, Ariznabarra, Koroatzea, Pilar, Lakua-Arriaga, Landazuri, Herrandarrak, San Kristobal, San Prudentzio, Txagorritxu eta Zaramaga.

Udalaren web-orrian eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako sarreran eskuratu daiteke informazio guztia.

Udako programazioaz gain, beste jarduera batzuk antolatu dira bakarrik bizi diren eta ahultasun egoeran egon daitezkeen adinekoentzat.  “Piztu zure auzoa” programak beste pertsona batzuekin biltzeko aukera eskaintzen die, gaurkotasuneko gaiez hitz egiteko eta laguntza eman eta jasotzeko. Harremanak izatea eta bizipenak eta esperientziak partekatzea da helburua.

Interesdunek Aldabe, Pilar eta Landazuriko zentro soziokulturaletara deitu dezakete informazioa eskatzeko.

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek podologia eta ile-apaindegi zerbitzuak irekiko dituzte

Maiatzaren 25ean (astelehena) irekiko dira adinekoentzako zentro soziokulturaletako informazio, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak, itxita egon baitira koronabirusaren pandemia dela eta.

Deseskalatzearen 2. fasearekin batera irekiko dira zerbitzu horiek, behar diren segurtasun-neurriak hartuta eta aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Zentro hauetako ile-apaindegiak irekiko dira: Arana, Ariznabarra, Koroatzea, Pilar, Lakua-Arriaga, San Kristobal, Sansomendi, Txagorritxu eta Zaramaga. Ohi bezala, zerbitzua ematen duen langilearekin zuzenean hartu beharko da hitzordua.

Podologia kontsultei dagokienez, zentro hauetakoak irekiko dira: Arana, Koroatzea, Lakua-Arriaga, San Kristobal, San Prudentzio, Txagorritxu eta Zaramaga. Ekainean, covid-19aren ondorioz hitzorduak bertan behera utzi zitzaizkien erabiltzaileei emango zaie arreta. Uztailaren aurrera emango dira hitzordu berriak.

Hala ile-apaindegian nola podologia zerbitzuan areagotu egingo dira garbiketa eta desinfekzio lanak, eta segurtasun-neurriak hartuko dira, hala nola eskularruak eta maskarak erabiltzea edo lekuak egokitzea itxarongeletan hainbat pertsona elkartu ez daitezen.

Tenperatura hartzea

Zentro soziokulturaletako informazio-zerbitzuak ere berriro hasiko dira lanean: aipatutako zerbitzuetarako sarbidea kontrolatuko dute, eta tenperatura hartuko dute kutsatzerik ez gertatzeko.

Share

Adinekoek eta Santa Maria ikastetxeko ikasleek adore emateko mezuak trukatzen dituzte koronabirusari aurre egiteko

Belaunaldien arteko programan hartzen dute parte, eta egun hauetan bideoak eta marrazkiak landu eta partekatzen ari dira.

Adinekoentzako zentro soziokulturaletako erabiltzaileak eta Santa Maria HLHIko ikasleak adore emateko mezuak trukatzen ari dira covid-19aren pandemiari aurre egiteko.

Batzuek zein besteek Udalak sustatzen duen “Piztu zure auzoa” belaunaldien arteko jardueran hartzen dute parte, eta horren bidez lotura estuak sortu dira ikasleen eta adinekoen artean.

Bazirudien osasun krisiak errotik moztuko zuela harreman hori, baina azkenean mantendu egin da, esperientzian ari diren 22 umeek mezuak, bideoak eta marrazkiak bidali baitituzte. Jardueran parte hartzen ari ziren 25 adinekoak, berriz, esker oneko bideo bat egitera animatu dira.

2018an hasi zen Santa María de Vitoria ikastetxea “Piztu zure auzoa” programan parte hartzen. Adinekoak eta umeak zenbait gai lantzeko elkartzen dira: irakurtzeko laguntza, abegikortasuna hirian, ibilbide seguruak, migrazio esperientziak, eta abar. Belaunaldien arteko lan horretatik harreman ugari sortu dira eta orain, koronabirusaren garai hauetan, bizirik jarraitzen dute, teknologia berriei esker.

Share