Prentsa Oharren banner

Adinekoentzako zentro soziokulturalek gaueko bi zinema saio antolatu dituzte aire zabalean

 

Duela lau urtetik, adinekoentzako zentro soziokulturalek herritar orori irekitako jarduerak antolatu ohi dituzte udan. Aurten, gaueko bi zinema saio antolatu dituzte aire zabalean, uztailean eta irailean egitekokoak.

Lehenengoa datorren astean izango da, uztailaren 23an (osteguna): 22:30ean, Green Book filma ikusi ahalko da Simon Bolibar plazako saskibaloi kantxan.

Viggo Mortensen eta Mahershala Ali dira protagonistak, eta Peter Farrelly  zuzendaria. Piano-jotzaile beltz ospetsu batek eta haren txofer zuriak 1962an Estatu Batuetako hegoalde segregazionistan barrena egindako bidaia eta haien arteko harremana jorratzen ditu filmak.

Udako programa horretako bigarren filma Yesterday izango da. Irailaren 17an (osteguna) eskainiko da, 21:30ean, San Andres plazan (Txagorritxu).

Lily James, Himesh Pattel, Ed Sheeran eta Robert Carlyle dira Danny Boylek zuzendutako komedia musikal horren protagonistak. Musikari bat konturatuko da bera dela mundu osoan Beatles gogoratzen duen pertsona bakarra.

Proiekzioen aurretik sarrera labur bat egingo dute Herrandarren kaleko adinekoentzako zentro soziokulturaleko zinema lantegiko eta Aranbizkarreko adinekoentzako zentro soziokulturaleko ikus-entzunezkoen batzordeko kideek.

Asistentzia librea izango da, lekuak bete arte. Covid-19arekin lotutako hainbat neurri hartuko dira:

  • Segurtasun distantzia.
  • Maskara nahitaezkoa.
  • Gel hidroalkoholikoa erabili beharra.
  • Jende pilaketak eragozteko neurriak.
  • Proiekzioa egiten den gunean jendearen joan-etorriak antolatzea.
Share

Gizarte Politiken Sailak kanal bat ireki du YouTuben, osasun-parkeetako eta erorketen prebentziorako programako adinekoek etxean ariketak egin ditzaten

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak YouTubeko kanal bat sortu du osasun-parkeetako eta erorketen prebentziorako programako adinekoek etxean ariketak egiterik izan dezaten, monitoreen aginduei jarraituz.

“Adinak ez gaitu geldituko” izenez bataiatu dute adinekoentzako zentro soziokulturalek eta aipatutako programetako profesionalek sustatutako ekimena. Izan ere, covid-19a dela eta jarduerak bertan behera utzi behar izan zirelarik, erabiltzaileek ariketa-errutinak etxera egokitzeko gogoa adierazi zuten.

Asteburutik, kanal berriak bideo laburrak eskaintzen ditu, adinekoek indarra, mugikortasuna, erresistentzia eta oreka lantzeko ariketa errazak egiterik izan dezaten. Aurrerago, bestelako gimnastika ariketak eta jokoak biltzen dituzten grabazioak eskainiko zaizkie, etxean egiteko.

Partaidetza handia

Osasun-parkeek eta erorketen prebentziorako programak udalaren gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen parte-hartze handia izan ohi dute.

Udalak 10 osasun-parke ditu hirian barrena, eta 400 pertsonak erabiltzen dituzte urtean beren autonomia eta sasoia hobetzeko, monitoreek markatzen dizkieten ariketak eta errutinak eginez.

Erorketen prebentziorako programan, berriz, 500 adinekok baino gehiagok hartzen du parte urtero, prestakuntza zikloen eta lantegien bidez, zeinetan arriskuak identifikatzen baitituzte, eta sasoia hobetzen; hori oso lagungarria gertatzen zaie erorketak saihesteko.

Share