Prentsa Oharren banner

 

 

 

 

 

  • 360º-ko tour birtualek atxikitako establezimenduen ikusgarritasuna handitzen dute, eta lehiakorrago bihurtzen

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Aenkomerreko zuzendari-kudeatzaile Edurne Parrok bisita birtualak baliatuz merkataritza sektorea digitalizatzeko programaren balantzea egin dute; Gasteizko Udalak laguntza eman dio programa horri azken urteetan. Gaur egun, tokiko 126 saltoki daude digitalizatuta Gasteizen (169 Araba osoan), establezimenduaren barnealdearen 360º-ko ikuspegiak online eskaintzen dituen tour bat egitea ahalbidetzen duen teknika baten bidez. Bisitak ordenagailutik zein gailu mugikorretatik egin daitezke, Google bilatzailearen eta saltokien web-orrien bitartez. Gasteiz buruan da Euskadi osoan hobekuntza teknologiko horren ezarpenean.

Gasteizko denden % 55ek du bisita birtuala udalaren laguntza ekonomikoari esker. Aurten, zehazki, hamasei establezimendu digitalizatuko dira, Udalaren  eta AENKOMER-Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuen elkartearen arteko lankidetza-hitzarmenaren bitartez. Tour birtual bakoitza saltokiari aholkularitza eman, edukiak sortu eta plataforman ezartzeko prozesu baten emaitza da; ondoren, emaitzaren jarraipena egiten da.

“Bisita birtualak lehen urratsa dira tokiko saltokien bezero potentzialak hara fisikoki joatera animatu daitezen. Sektorearen digitalizazioa ez da bakarrik online denda martxan jartzea. Badira beste tresna batzuk, bisita birtualen programa hau, esaterako, zeinen bidez kontsumitzaileen esperientzia aberasten laguntzen baitugu, eta establezimenduei promozionatzeko era berria eskaintzen”, azaldu du Nerea Melgosa zinegotziak. “Are gehiago: saltoki batzuk espazio fisikoa antolatzeko modu berriak aurkitzen ari dira bisitek ematen duten informazioari esker”, erantsi du.

 

Abantaila horietaz gain, 360º-ko birek interneten txikizkako denden ikusgarritasuna handitzen dute, bilatzaileetan duten kokapena hobetzen baita, eta espazio fisikoa eta espazio birtuala (web-orria, sare sozialetako profilak, etab.) lotzeko ere balio dute.

“Ekimenaren helburua da Arabako merkataritza eta zerbitzuen enpresen lehiakortasuna hobetzea, enpresaren estrategiarekin eta haren komunikazio-profilarekin bat egiten duen bisita birtualen programa bat ezarriz. Era berean, merkataritza sektorea digitalizatzeko abiapuntua da, saltoki askok oraindik ez baitu web-orririk ez online estrategiarik”, azaldu du Edurne Parrok.

Bisita birtualen bidezko digitalizazio programa tokiko saltoki guztiei zuzenduta dago, ez bakarrik Aenkomerren kide direnei, eta tokiko saltoki txikiak birmoldatzeko egiten ari den prozesuan laguntzeko ekintza da. Nerea Melgosa eta Edurne Parrok sektorea indartzeko, lehiakorrago bihurtzeko eta kontsumitzaileen eskaera berriei egokitzeko proposamen horietan parte hartzera animatu dituzte dendak.

Gasteizko Udalaz gain, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere eman diote laguntza tokiko saltokien bisita birtualen programari.

360º-ko bisita birtualen adibideak:

Delicatessen La Blanca

Boutique Kets

Saracibar Interiores

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share