Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 ekaina 2017 13:48

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalak AENORen ISO 50001 ziurtagiria jaso du udal eraikinen energia kudeaketa dela eta, azken urteetan energia termikoaren kontsumoa % 28 murriztea lortu baita, eta kontsumitutakoaren % 15ek iturri berriztagarria baitu.

“Ziurtagiri horrek bermatzen du gure instalazioetan kontsumitzen den energia zuzen kudeatzen dela, eta lanean jarraituko dugu kontsumoak murrizteko eta erabiltzaileen erosotasuna handitzeko”, azaldu du Udal administrazioaren zinegotzi Carlos Zapaterok. Harekin batera izan dira AENORen Euskadiko ordezkaritzako zuzendari Luz Emparanza eta GIROAko zuzendari nagusi Juan Manuel Tarazena; azken enpresa hori arduratzen da udal eraikinen energia kudeaketaz.

Garatu den metodologiari esker, 2010az geroztik udal eraikinen multzoan energia termikoaren kontsumoa % 28 murriztea lortu da; orotara 350 instalazio dira, gizarte etxeak, kiroldegiak, ikastetxeak, egoitzak, zentro sozialak eta bulegoak barne.

Orobat, % 40 gutxitu da atmosferara isurtzen den CO2 kopurua, energia-eraginkortasunaren hobekuntzari eta energia berriztagarriko iturriei (biomasa) esker. Baso-hondakinak baliatzen dituen energia mota hori 13 instalaziotan ezarri da, besteak beste, zenbait gizarte etxe, kiroldegi eta igerilekutan, Europa biltzar jauregian, eta Gamarrako zentro sozialean.

 

Energia berriztagarriak

Gaur egun, udal eraikinetan kontsumitzen den energia termikoaren % 15ek du jatorri berriztagarria (biomasa eta eguzkia), bat ere karbono emisiorik gabea.

“Datu horiek kontuan hartuta esan dezakegu Gasteiz klima-aldaketaren kontrako borrokaren abangoardian dagoela, Parisko gailurrean ezarritako helburuak betetzen ari baikara, bai eta Euskadiko Energia Estrategian eta udalaren iraunkortasun eta ingurumen plan estrategikoetan ezarritakoak ere”, esan du Carlos Zapaterok.

Giroako zuzendari nagusi Juan Manuel Tarazenak, berriz, Gasteizek duen pribilegiozko lekua nabarmendu du, “ingurumenaren alorrean lehen postuetan baita. Mugarria da udal eraikin guztiak ziurtatzen ditugun lehenak eta Estatuko gainerakoentzat erreferentziazko eredua izatea”.

AENORen Euskadiko ordezkaritzako zuzendari Luz Emparanzak azaldu du, ildo beretik, Gasteizko Udala “nabarmen gainditzen ari” dela “Europar Batasunak ezarritako helburuak. EBren politikak betetzen lagundu du, kontsumoak nabarmen murriztuz”.

Etorkizunari begira, Udal Administrazioaren Sailak biomasa instalazio berriak jartzen jarraituko du, kontsumitzen den lehen mailako energiaren % 50 berriztagarria izan dadin; argi guztien ordez led teknologia jartzen eta energia fotovoltaikoa handitzen ere jarraituko du.

 

 

Share