Prentsa Oharren banner

Ehun ekonomiko lokala bultzatuko du Gasteizko Udalak, Jundizko enpresariekin eta Ajebaskekin hitzarmen bana sinatuta

Gasteizko Udalaren eta ehun ekonomiko lokala bultzatzen duten bi elkarteren arteko lankidetza-hitzarmenak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Zehazki, Maider Etxebarria lehen alkateordea buru duen Ekonomia Sustapenerako Sailak, bi hitzarmen sinatu ditu, Arco Sur N-1 Jundizko Enpresarien Elkartearekin bata, eta AJEBASK-Arabako Enpresari Gazteen Elkartearekin bestea.

Udalak AJEBASK-Arabako Enpresari Gazteen Elkartearekin duen hitzarmena berrituko du, eta 10.500 euro emango dizkio zortzi jarduera profesional dituen proiektu bat gauza dezan. Jarduera horiek Gasteizko ekintzaile gazteen proiektuak abiarazten eta sendotzen lagunduko dute. Horrez gain, Goiuri jauregiko eta Europa biltzar-etxeko aretoak doan erabiltzeko aukera emango zaio, jarduera horiek antola ditzan.

Arco Sur N-1 elkarteari, berriz, 6.500 euro emango dizkio Ekonomia Sustapenerako Sailak, komunikazio-estrategia hobetu dezan. Jundizko industrialdea sustatzeko ekimenak bultzatzeaz arduratzen den elkarte horrek lan egingo du sare sozialetan duen presentzia handitzeko eta hilero albiste-buletin bat argitaratzeko.

“Erakunde hauek enpresa-ehun lokala egituratzeko egiten dute lan, bai eta hiriko enpresari eta enpresei aholku eta laguntza estrategikoa emateko ere. Hitzarmen hauek tresna on bat dira enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko”, adierazi du lehen alkateorde Maider Etxebarriak.

 

 

Share