Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urria 2019 12:53

Gasteizko alkate Gorka Urtaran,Lehendakari Iñigo Urkullu eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte ID Arte goi-mailako arte eta diseinu eskolara joan dira gaur bisitan, zeinak dagoeneko Betoñun baitu egoitza. Erregimen Bereziko Ikasketen ikasturtearen hasierarekin bat egin da ekitaldia.

Zaramagan bi hamarkada eman ondoren, Betoñuko atariko 23.eko instalazioetara aldatu da eskola. Ikastetxeak bost titulazio eskaintzen ditu, eta 343 ikasle eta 46 irakasle ditu. Euskadin goi-mailako diseinuko arte ikasketak egin daitezkeen zentro publiko bakarra da ID Arte.

Beste hauek ere hartu dute parte bisitan: Jon Urresti, Vital fundazioaren lehendakaria; Maite Alonso, Hezkuntza sailburuordea; Olatz Garamendi, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea; Esti Iregi, ID Arteren zuzendaria, eta ikastetxeko zuzendaritza taldea, irakasleak eta ikasleak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 urria 2019 11:09

Tokiko Gobernu Batzarrak APDEMA, ASPACE eta Autismo Araba elkarteekin lankidetza-hitzarmen bana sinatzea onetsi du, kirol jarduera sustatzearren. Horien bitartez, Gasteizko Udalak 60.000 eurotik gora emango die elkarteei, zenbait kirol programa garatzerik izan dezaten; horien artean igeriketarekin eta mantentzearekin lotutakoak nabarmentzen dira.

Zenbateko handiena, 24.759 euro, APDEMA-Adimen Ezintasunena duten Pertsonen Arabako Elkarteari dagokio, 2019-2020an jarduera fisikorako kanpaina gara dezan; besteak beste, aerobika, badmintona, areto-futbola, gimnastika, igeriketa (zenbait maila) eta mahai-tenisa landuko dituzte.

Arabako ASPACE elkarteari antzeko kopurua emango zaio, 24.587 euro, garun paralisia duten pertsonen jarduera fisikorako kanpaina garatzeko. Lau proposamen antolatu dituzte, haurrentzat zein gazte eta helduentzat: uretako jarduerak, boccia, kirolak nahasian eta igeriketa.

Azkenik, Udalak 14.442 euroko dirulaguntza emango dio Autismo Araba elkarteari, eta hitzarmenari esker 25 taldek kirola eta psikomotrizitatea landu ahalko dituzte, ume txikienei arreta berezia eskainiz.

“Zalantzarik gabe, kirola funtsezkoa da bizimodu osasuntsua izateko, eta Gasteizek instalazio eta programen sare osoa eskaintzen du kirola eta osasuna uztartzeko. Gainera, gaur onetsi ditugun hitzarmenen bidez, pertsona asko gizartean guztiz integratzeko oso tresna baliotsua bihurtzen da kirola“, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 iraila 2019 12:43

 

  • Proposamen fiskalak urteko KPIren arabera eguneratu nahi ditu 40 zerga, eta % 4 igo beste 9

 

 

Gobernu Batzarrak 2020rako ordenantza fiskalen proiektua onetsi du, udal-zergei eta tasa eta prezio publiko gehienak dauden-daudenean uztearen aldeko proposamena. Zehazki, % 1 eguneratzea planteatzen da, urteko KPIren eboluzioarekin bat, bai tokiko lau zergen kasuan (OHZ – ibilgailuak – gainbalioa – EJZ) bai eta 22 tasa (besteak beste hirigintza-lizentziak, mahaitxoen tasa eta zentro soziokulturalen erabilerari buruzkoak) eta 14 prezio publikorenean (haur eskolak, Musika Eskola, Folklore Akademia,…). Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren karga-tasa ez da ukituko. Hartara, harmonizatu egin nahi da udal-zerga gehienen bilakaera Gasteizko Udalaren ohiko gastuarenera.

Beste kasu batzuetan % 4ko hazkuntza planteatu da. Hain zuzen ere, hiri-hondakinak bildu eta suntsitzeko lanei dagokien tasa, hondakinak isuri eta tratatzeari dagokiena, hileta-zerbitzuengatikoa, ibilgailuak eraikin partikularretan sartzeagatik eta aldi baterako aparkaleku-erreserbengatik ordaindu beharrekoa, TAO, kirol instalazioak erabiltzeagatikoa, udal zentroetako jarduera eta ikastaroei dagokiena, zenbait ekipamendu erabiltzeagatikoa, eta hilerrian eraikuntzak uzteari dagokiona. Bederatzi zerga horietan nabari da gehien zerbitzuak balio duenaren eta tasa eta prezio publikoen bitartez sartutako kopuruaren arteko aldea.

“Zerga-proposamen honen bitartez arlo horretako gure bi helburu nagusiak betetzen ditugu: batetik zergei eustea, eta, pixkanaka bada ere, tasa eta prezio publikoen bitarteko diru-sarrerak eskaintzen ditugun udal-zerbitzuen kostu errealera hurbilaraztea, hartara Udalaren diru-sarreren eta ohiko gastuen arteko desoreka ekiditeko, horrek kolokan jartzen baitu Udalaren egoera ekonomikoa”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Adibide batzuk ematearren, gobernu-taldeak eginiko zerga-proposamenaren arabera, hobaririk gabeko lau pertsonentzako etxebizitza batek 378,55 euro ordainduko luke, batez beste, datorren urtean; aurten 375,03 euro, hots, eguneratzea 3,52 eurokoa izango da. 12 zaldi fiskaletik 15,99ra arteko turismo batek, egungo 158,79 eurotik datorren urteko 160,38 eurokora eguneratuko luke ordaindu beharreko zerga, hau da, 1,59 euro. TAOren kasuan, datorren urterako erdialdean lehen 59 minututan 2,05 euro ordaintzea planteatzen da, gau egun baino hamar zentimo gehiago. 120 m2-ra arteko lau egoiliar dituzten etxebizitzen zaborren tasa 2,30 eurotan igoko litzateke, gaurko 57,29 euroko tarifatik 59,59ekora. Udal kirol instalazioen urteko kuotaren kasuan, lau kideko familia batentzat, horietako bik 18 urtetik beherakoak, 207,28 eurokoa da gaur egun, eta 215,68ra igoko litzateke 2020an, hau da, 8,4 euro gehiago.

Gurtubaik nabarmendu du gobernu-taldeak fiskalitate progresiboaren ereduarekiko duen konpromisoa, non zerga eta tasak herritarrek jasotako hobekuntzetara egokituko diren. Azpimarratu du, baita, aurreko agintaldian biztanle bakoitzeko ahalegin fiskala 2015ean 640,55 eurokoa izatetik 2018an 620,22koa izatera pasa zela. “Kudeaketa ekonomiko onak udal-zorra murrizten eta inbertsio-ahalegina areagotzen lagundu digu”, beste erakunde batzuen laguntzarekin, baina Udalak arduragabe jokatuko luke urtetik urtera prezioak eguneratzen diren zerbitzuak eman bai, baina horiek ordaintzeko diru-sarrera zuzenak aldaketarik gabe utziko balitu”, amaitu du Ogasuneko zinegotziak.

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 iraila 2019 14:28

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak, Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak eta Gizarte Politiken Saileko zuzendari Sara Buesak harrera egin diote, gaur, Nejapako (El Salvador) alkateari, Gasteizko udaletxean. Nejapak —San Salvadorren metropoli-eremuko udalerria, 40.000 biztanlekoa—, lankidetza-harreman estua izan zuen Gasteizekin 1995etik 2005era bitartean. Horren ondorioz, hainbat proiektu egin ziren —saneamendua, ur-hornikuntza eta ingurumenaren babesa— El Salvadorreko hiri horretan. Udalerriko egungo garapen-planak aurkeztu ditu Nejapako alkateak gaur goizean.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 abuztua 2019 20:11

 

 

 

 

 

 

 

Gaur arratsaldean, jaia lehertu da Gasteizen, suziria jaurti eta Zeledon dorretik jaitsi baita. Aurten, Zeledonen baimenarekin, elkartasuna izan da nagusi ekitaldian. Izan ere, hiriak Imanol Vega traumatologoak, Adela Fonseca erizain eta ebakuntza gelako instrumentistak eta Francisco Granados ortopedistak emandako eredua saritu du, osasun arloko langile horiek urtero aste batzuk igarotzen baitituzte Bolivian eta Benin errepublikan, osasun larriak dituzten eta baliabiderik ez duten biztanleei arreta emateko. Haiek arduratu dira Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko suziria botatzeaz.  “Hiria gaurko egunez ordezkatzeko ez dago hoberik talde hau baino, beren denbora eta dirua ematen baitute sufritzen dutenei eta arazoei aurre egiteko baliabiderik ez dutenei laguntzen. Haien dedikazioa eta eredua hiria harrotzeko modukoak dira”, esan du Gorka Urtaran alkateak ekitaldi jendetsua bukatzean.  “Vitoria-Gasteiz, abierta, solidaria y cooperante” mezua zeraman pankarta jarri da balkoian.

 

 

 

 

 

 

Zakarraren jasotzearen atalean, urrun geratzen da beiraz betetako plazaren irudia. Antzeman da gainera, Udal langileen balorazioen arabera, hondakinen zati handiena plastikozko ontziak izan direla. Ontzi horiek birziklatze plantara bidaliko dira.

 

 

 

 

 

 

Garbiketa arazorik gabe egin dira. Egibideko 44 monitore, garbiketa-kontratako 83 langile eta 24 garbiketa-ibilgailu ibili dira lanean. 18.30tatik aurrera hasi dira eta udal segizioa 19.15ean hasi denean guztiz garbi zegoen guztia. Farolen prozesioa egin arte iraungo dute lanek.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 abuztua 2019 12:28

Gorka Urtaranek “gure hiria distiraraztera eta gure tradizioez eta kulturaz harro agertzera” animatu du, “jai eredugarri batzuetan, azken urteetan izan diren bezala”

Gorka Urtaran alkateak ohiko prentsaurrekoa baliatu du herritarrak Andre Maria Zuriaren jaien atarikoaz eta jaiez gozatzera gonbidatzeko, “pertsonekin eta ingurunearekin dotore jokatuz“. Alkateak “gure hiria distiraraztera eta gure tradizioez eta kulturaz harro agertzera” animatu ditu gasteiztarrak, “jai eredugarri batzuetan, azken urteetan izan diren bezala”.

Pregoia, txosnak, kontzertuak eta jaien atariko jarduerak

Gaur gauean hasiko da jai giroa berotzen, 21:30eko pregoiarekin. Zine-zuzendari, zine-historialari eta irakasle Kepa Sojok emango du; Cortada jaialdiko zuzendaria ere bada. Pregoiaren ondoren, soul, gospel eta rhytm&blueseko kontzertu handia emango du Ele interpretatzaile madrildarrak. Txosnetan ere gaur hasiko da programazioa, eta Blusen eta Nesken taldeek zenbait jarduera antolatu dituzte astebururako. Bihar, larunbata, JL García eta Ramses López DJek “Los 40 sessions – La Blanca” emanaldia eskainiko dute Foru plazan, 23:00etan.

350 jarduera

 Andre Maria Zuriaren jaiak jairik onenetakoak dira hainbat alderdirengatik: giroa, tradizioaren eta dibertsioaren arteko nahasketa, askotariko jarduera eskaintza eta gasteiztarrok ematen diegun kolorea. Hiriaz harro agertu ohi garen egunak dira; tradizioez eta kulturaz harro. Dibertitzeko sasoia da, berriz elkartzekoa”, nabarmendu du alkateak, eta gogorarazi du 350 jarduera baino gehiagok beteko dutela Gasteiz.
Jaietan 350 ekitaldi inguru antolatu dira, dagoeneko identitate-ikur diren hauek barne: tokiko talde ugari izango dira jai eremu guztietan, euskarak presentzia handia edukiko du, eta irisgarritasunaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egingo da.

Jaietan ere libre izan nonahi

Orobat, indarkeria matxistarik gabeko jaiak izan daitezen eskatu du Gorka Urtaranek, horietaz aske eta ahaldunduta gozatzeko.
“Jaietan ere LIBRE izan nonahi! Celebra, Actúa, Responde” lemaren pean, Udalak indarkeria matxista prebenitzeko estrategia prestatu du, bereziki gazteei zuzendua, erantzunkidetasunetik.
Igandean irekiko da informazio-lekua Independentzia eta Posta kaleen arteko bidegurutzean, indarkeria matxista prebenitzeko eta haren aurrean jarduteko, eta prebentzioko lantalde ibiltari bat ere osatu da.

Zeledonen jaitsieran, mezu soziala

Igande arratsaldean, milaka eta milaka pertsona joango dira Andre Maria Zuriaren plazara, Zeledonen jaitsiera ikustera. Aurten Imanol Vega traumatologoa, Adela Fonseca erizain eta ebakuntza gelako instrumentista eta Francisco Granados ortopedista arduratuko dira suziria jaurtitzeaz; osasun arloko langile horiek aste batzuk igarotzen dituzte urtero Bolivian eta Benin errepublikan, osasun larriak dituzten eta baliabiderik ez duten biztanleei arreta emateko. “Keinu horren bidez, haien lana aitortu nahi dugu, eta gure esker ona eta miresmena adierazi, beren familiak eta lana aldi batez uzten baitituzte lan zoragarri hori egiteko; aldi berean, egiten dutena ezagutarazi nahi dugu, hartara pertsona gehiagok har dezaten parte horrelako ekintzetan, leku horietara joanez edo dirua eta materiala emanez. Grina handiz egiten dute lan hori, eta eskertzeko egin dezakegun gutxienekoa da“, azpimarratu du alkateak.

Gasteizek berebiziko ahalegina egingo du garbitzen eta birziklatzen

Bestetik, alkateak aipatu du Udalak berebiziko ahalegina egingo duela hiria garbitzen eta hondakinak biltzen Andre Maria Zuriaren jaietan.

Zeledonen jaitsieraren ondoren 120 langilek garbituko dute plaza, ahalik eta azkarren. Horretaz gain, garbiketa areagotu egingo da Egunsentiko Arrosarioaren aurreko orduetan, baita txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan, azoka arabiarrean eta blusa eta nesken kalejiren ondoren ere.

 Bitarteko berezia jarriko da suziriaren jaurtiketarako: hamar kontrol beirarik, latarik eta bestelakorik sar ez dezaten; gainera, gaur, bihar eta etzi informazio-karpa ipiniko da Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan lantegi eta jarduerak antolatuko dira ume eta gazteentzat.

Alkateak gogorarazi du, halaber, bihartik aurrera 30 establezimenduk baino gehiagok edalontzi berrerabilgarriak eskainiko dituztela Andre Maria Zuriaren jaietan, Vital Fundazioak eta Udalak sustatutako ekimen baten barruan.

Iazko berrikuntza nagusia ere —Edurne eta Zeledon Txiki jaisteko lekuaren aldaketa— mantendu egin da, eta Andre Maria Zuriaren plazan izango da berriro. Haurrentzako programazioan ere berrikuntzak sartu dira.

Andre Maria Zuriaren jaietako azoka lekuz aldatu da, eta 40 saltokiak dagoeneko ireki dira Santa Barbara plaza berrituan.

Beste berrikuntza batek Udaltzaingoarekin du zerikusia; izan ere, Ertzaintzarekin batera jasoko dituzte salaketak, Olagibel kaleko herritarrei laguntzeko bulegoan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 abuztua 2019 14:48

 

Alkate Gorka Urtaran eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González Mariano eta Pablo Bayón arkitektoekin bildu dira gaur, Musikaren ibilbideko lursailean auditoriumaren proiektua garatzeko beharrizanak aztertzearren.

Udaletxean egin den bilkura horretan Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregi eta arduradun teknikoak izan dira halaber.

Ondoren, alkatea, diputatu nagusia eta arkitektoak Senda ibilbidetik gertu dagoen lursailera hurbildu dira, haren ezaugarriak bertatik bertara ezagutzeko.

Bileran, materialei eta oinarrizko alderdiei dagokienez proiektua eguneratzeko beharra jarri dute mahai gainean, baita beste kokaleku baterako diseinatu zen proiektua lursail horretara egokitzeko beharra ere; orobat, proiektuari berriz heltzeko finantzaketa izan dute hizpide.

Alkateak eta diputatu nagusiak duela hilabete batzuk iragarri zuten auditoriumaren proiektua berreskuratzearen aldeko apustua, Gasteizek “kultur ekitaldietarako espazio duin, moderno eta erakargarria izan dezan, eta erdialdea eta lurperatzeak libre utzitako eremua biziberritzeko“, nabarmendu dute.

Musikaren ibilbidean egitekoa den entzunaretoak ia 10.000 m2 eta 1.550 pertsonarentzako edukiera izatea aurreikusi da. Kontzertuak, opera jakin batzuk, biltzar handietako osoko bilkurak, akziodunen batzar orokorrak eta beste zenbait ekitaldi hartu ahalko ditu aretoak.

Bayón arkitektoek Euskaltzaindiaren plazarako diseinatu zuten BAI Centerreko areto sinfonikoaren proiektua —2011n bazter utzitakoa— berreskuratzea proposatzen da.

Aretoaren ezaugarri teknikoek batez ere musika ikuskizunak hartzea ahalbidetzea da asmoa: kontzertu sinfonikoak (baita abesbatzak lagunduta ere), ganbera kontzertuak, kantari handien emanaldiak, piano errezitaldiak, kantautoreak, popa edo rocka, dantza, kontzertu formatuko operak eta abar.  Efizientzia akustiko handia bermatzen duten baldintzak beteko lirateke horretarako. Orobat, biltzar handietako osoko bilkurak eta aurkezpen handiak ere hartuko lituzke, baita akziodunen batzar orokorrak eta formatu handiko proiekzioak ere.

BAI zentroaren proiektua egin zuten arkitektoek, Mariano eta Pablo Bayónek, proiektua guztiz bideragarria dela eta kokaleku berrira aldatzeko modukoa dela egiaztatu zuten duela hilabete gutxi.

Entzunaretoaz gain, atondoa, zerbitzuetarako guneak, harrera, jantzitegia, leihatilak, biltegiak, zamalanetarako eremua, denda, kafetegi-jatetxea, areto teknikoak, itzulpen kabinak eta abar barne hartuko lituzke eraikinak. Orotara 9.688 m2-ko azalera erabilgarri itxia izango luke, eta 11.431m2-ko azalera eraikia. Behar den aurrekontua 24.608.000 euro da, BEZa eta obrarako segurtasun eta osasun plana kenduta eta altzariak eta ikus-entzunezko ekipamendua barne hartuta.

Lehen bileraren ondoren, proiektua egokitzeko beharrak aztertzen jarraituko du Udalak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 uztaila 2019 11:50

 

 

 

 

 

 

 

Edurnek eta Zeledon Txikik badute hezur-haragizko kiderik. Paula Rubiok —Zintzarri taldekoa— eta Gonzalo Araneguik —Bereziak taldekoa— irudikatuko dituzte pertsonaia ospetsuak Andre Maria Zuriaren jaietan, bereziki abuztuaren 7an, umeei eskainitako eguna baita; bigarren urtez jarraian, San Migeleko dorretik jaitsiko dira pertsonaiak Andre Maria Zuriaren plazara.

Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok gaur goizean agurtu dituzte Edurne eta Celedón Txiki udaletxeko harrera aretoan.

Paula Rubiok (10 urte) eta Gonzalo Areneguik (12 urte) abuztuaren 7an erabiliko dituzten euritakoak jaso dituzte. Biak ilusioz eta pozez gainezka agertu dira Gasteizko jaietan umeak ordezkatu ahal izateagatik “hain egun berezian“.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 uztaila 2019 14:05

 

Udaltzaingorako bigarren deialdi bateratuan lortu dute lanpostua, eta Andre Maria Zuriaren jaietan hasiko dira lanean

 

Udaltzaingoan 22 agente berri sartu dira, zeinek gaur diplomak jaso baitituzte Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Euskadiko beste udaltzain batzuekin batera, Udaltzaingorako bigarren LEP bateratuko prestakuntza fasea bete ondoren.

Alkate Gorka Urtaran, Herritarren Segurtasunaren zuzendari Javier Sáez Lanas eta komisario Roberto García Tobalina izan dira diplomak banatzeko ekitaldian; Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da buru ekitaldian.

22 agente horiei oposizio berean lanpostua lortu zuten beste lau gehitu behar zaizkie, zeinak urte hasieratik ari baitira Agirrelandan lanean, beste polizia kidego batzuetakoak izanik gainditua zutelako prestakuntza fasea. Horrenbestez, LEP horri esker 26 agente sartu dira Udaltzaingoan: 6 emakume eta 20 gizon.

Agente berriak bihar joango dira Agirrelandara, eta bertan zuzendariak hartuko ditu; orobat, instalazioak ezagutuko dituzte, eta dotazioko armak zein behar duten materiala emango zaizkie. Abuztuaren 1erako egongo dira prest, eta Andre Maria Zuriaren jaietarako antolaketan hartuko dute parte. Ondoren, irailaren 2ra arteko oporraldiaz gozatu ahalko dute.

Gero, harrera planari ekingo diote, 2 astez. Azkenik, urtebeteko praktikaldia egin beharko dute, tutore batek ebaluatuta, karrerako funtzionario bihurtu aurretik.

Sartu berriak kontatuta, Udaltzaingoaren plantillak 385 agente ditu. Herritarren Segurtasunaren Sailak udaltzain kopurua handitzeko asmoa du, dauden beharrei erantzuteko. Horrekin lotuta, azaroaren 1ean beste 39 agente sartuko dira Arkautiko Akademian, eta 2020ko erdialdera irtengo dira hiriko kaleetara. Izan ere, Udaltzaingorako hirugarren LEP bateratuan hartu dute parte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 uztaila 2019 14:44

 

 

 

 

 

 

 Salvador eta Peru kaleek itxura modernoago, funtzionalago eta erosoagoa dute orain. Izan ere, Udalaren Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak milioi bat euro baino gehiago inbertitu du Pilar auzoko kale horiek eraberritzeko. Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo bertan izan dira gaur goizean. Udal ordezkariekin batera, inguruko bizilagunek eman diote oniritzia obrari, diseinatzen lagundu baitzuten.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkateak Salvador eta Peru kale berrituen itxura “erakargarri eta modernoagoa” nabarmendu du. “Espazio publikoa hobetzen ari gara, oinezko eta txirrindularientzat erosoagoa izan dadin, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planak ezarritakoaren ildotik. Bertan bizi direnen zein lan egiten dutenen eskutik hobetu ere. Lanean jarraitu nahi dugu mugikortasun iraunkorraren alorrean Europako erreferente bihurtuko den superhiria izateko”, azpimarratu du.

 

 

 

 

 

 

 

Salvador kaleko esku-hartzeari buruzko informazioa

 

Peru kaleko esku-hartzeari buruzko informazioa

 

Share

Aurrekoak »