Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 abendua 2018 13:51

 

Gorka Urtaran alkateak ongietorria egin dio Udalak Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planaren barruan zuzenean kontratatutako pertsonen bigarren promozioari; Eusko Jaurlaritzarekin batera garatzen da plan hori. Gaur hasi dira lanean 67 pertsona horiek, hainbat arlotako zereginak betetzeko, hala nola instalazioak mantentzea, eraikinak birgaitzea edo enplegu berdea.

Bigarren promozio hau Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren bitartez sortutako zuzeneko 163 kontratuen barruan sartzen da, eta horiei tokiko enpresei emandako laguntzei esker egindako 175 kontratazio gehitzen zaizkie. Orotara 338 lanpostu sortu dira enplegua sustatzeko udal ekimen nagusi horren bitartez;  Gazteen Enplegurako Programa Eragileak, berriz, beste 70 lanpostu sortzea ahalbidetu du. Bi ekintza horietan 3,9 milioi euro inbertituta da orotara.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:19

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran audioa

Talde politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik, Gasteizko tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati den elementu horren kontra egindako sabotajea arbuiatu dute

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek irmo eta erabat gaitzetsi du bart gauean Olarizuko gurutzeari egindako erasoa. Talde politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik, Gasteizko tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati den elementu horren kontra egindako sabotajea arbuiatu dute.

“Olarizuko gurutzea ez da erlijio sinbolo hutsa, gure ondarearen, gure tradizioaren, gure kulturaren eta gure historiaren zatia baizik. Pentsaezina eta jasanezina da gutxiengo batek justizia bere esku hartu nahi izatea, eta zerk iraun behar duen eta zer suntsitu behar den erabakitzea. Ez dugu onartuko. Are onartezinagoa da pertsona horiek babes politikoa izatea Udal honetan, horrek iraganeko garaietara eramaten baikaitu, ez hiri honetara ez Euskadira itzultzea nahi ez dugun garaietara”, adierazi du Gorka Urtaranek.

“Sinbolo honek ez du inolako zerikusirik frankismoarekin”, gogorarazi du alkateak. “Herritarren arteko diru-bilketa bidez egin zen, eta Gasteizko ondarearen zatia da. Hiri plural eta askotariko batez mintzo bagara, non giza eskubideak eta adierazpen eskubidea errespetatzen baitira, ezin dira babestu gurutzeak jasan dituen indarkeriazko jarrerak eta ekintzak”, azpimarratu du.

Alkateak erakunde-adierazpena egiteko proposamena helarazi die udal talde politikoei, Udalaren gaitzespena azaltzeko. “Gaitsezpena aho batez eta azkar egin behar zen, baina ez da posible izan, zoritxarrez”, azaldu du alkateak. Azkenean, Alderdi Popularrak, Eusko Alderdi Jeltzaleak, Euskadiko Alderdi Sozialistak, Podemosek eta Irabazik sinatu dute adierazpena. Onetsitako testuak “irmotasunez gaitzesten du bart gauean Olarizuko Gurutzeari egindako erasoa, herritar ororen ondarea den horri kalte handiak ekarri baitizkio”.

Gertaeren berri izan bezain laster, udaltzainak, suhiltzaileak eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuko zein Hiriko Mantentze Lanen Ataleko langileak joan dira bertara, kalteak aztertzera; kalteak handiak dira. Lehenengo azterketaren arabera, konpontzeko lana luzea, konplexua eta garestia izango dela jo da. Hasteko, behin-behineko neurriak hartzea erabaki da, gurutzearen oinarrian hondatu den zatia sendotzeko, eta inguruan perimetro bat ezartzeko, pertsonen segurtasuna babeste aldera.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 abendua 2018 14:10

 

 

 

 

 

 

Alkateak baieztatu du erakundeek hedatzearen alde egindako apustua irmoa dela

“Duela hamarkada bat tranbia Gasteizen ezarri izana inflexio-puntu gakoa izan zen hiriarentzat, modernizatzen eta bizi-kalitatea hobetzen lagundu baitu” adierazi du Gorka Urtaran alkateak; azpimarratu du, halaber, erabilera unibertsala duela, eta erakundeek beste auzo batzuetara hedatzearen alde egindako apustua irmoa dela.

Europa jauregiak Gasteizko tranbiari bereziki eskainitako jardunaldia hartu du gaur, igandean, abenduak 23, hamar urte beteko baititu. Garraio bide horrek urtean 8 milioitik gora bidaiari ditu, eta 10 gasteiztarretako 9k uste dute beren bizi-kalitatea hobetu duela. Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapiak azaldu duenez, 2019. urtean berrikuntzak egingo dira: 44 metro luze diren unitateak jarriko dira oraingo 31 metrokoen ordez, geltoki irisgarriagoak egokituko dira, eta martxan jarriko da sarearen hegoaldeko luzapena, campuseraino.

“Tranbiak bikaintasuna lortu du, eta puntualtasuna da gehien balioetsiko alderdia. Gasteiz hiri modernoagoa da orain, bizi-kalitatea hobetu duen garraiobide bati esker”, adierazi du. Iraunkorra izateaz gain garraiobide moderno eta kalitateko den horren aldeko apustua egiten jarraituko du Eusko Jaurlaritzak.  “Sarea Salburura eta Zabalganera hedatzearekin erabateko konpromisoa dugu”, azpimarratu du sailburuak.

Tranbia hiriko mugikortasunaren egituratzaile gisa. Horixe izan da Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziaren zuzendari Salvador Ruedaren mintzaldiaren ardatza. “Gasteizen mugikortasuna era integralean garatzearen alde egin da, eta bete-betean asmatu da”, esan du. Alkateak, berriz, tranbia pertsona guztientzat diseinatuta dagoela erantsi du, eta mugikortasun segurua eta ingurumena errespetatzen duena bermatzen duela.

Gaurko jardunaldiaren osagarri erakusketa bat jarri da Europa jauregiaren kanpoaldean hilaren 10etik bihar arte. “10 urte bizi-bizi” lemaren pean, tranbiak Euskadiko hiriburuan izan duen bilakaera azaltzen du modu grafiko eta atseginean

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 abendua 2018 13:31

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek “prestutasun handiagoa” eskatuko dio ostiralean Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezi, “Sustapen Ministerioak berehala aurkez dezan Gasteizen trenbidea lurperatzeko behin betiko proiektua“, eta “lanak lehenbailehen lizatatu ditzan. Ez dago aitzakiarik: proiektua euskal erakundeekin landu da, maiatzean aurkeztu zen, eta irailean adostu zen gobernu zentralarekin. Beraz, behin betiko irtenbide teknikoa guztiz itxita dago aspalditik”, gogorarazi du Gasteizko alkateak. Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren  fundazioaren patronatuak ostiralean Madrilen egingo duen bilera baliatuko du Pedro Sánchezi eskaera egiteko, hura ere bileran izango baita.

Alkateak gogora ekarri du trenbidea lurperatzea eta abiadura handia Gasteizen integratzea proiektu “estrategiko, itxaropentsu eta funtsezkoa” dela “datozen urteetarako. Horregatik, ez dago aitzakiarik”. Euskal erakundeek eta Sustapen Ministerioak adostu duten proiektuaren arabera, tren-korridorea 3,6 kilometrotan joango da lurpetik (Salburua bulebarretik Pedro Asua kaleraino); ibilgailuentzako lurpeko bidea eraikiko da, udal gobernuak proposatu zuen bezala (Triana zubitik Gaztelako ateko zubiraino), eta tren-geltoki berria egingo da Dato kalean.

Orobat, Gorka Urtaranek proposatu du geroago “geratzen den zatia lurperatzen jarraitzea, bigarren fase batean, Pedro Asua kaletik Mariturriraino. Ez naizelako Zabalganeko auzokoez ahaztu. Hori bai, oposizioko talde batzuek nahiago dute dena eskatu, ezer egin ez dadin”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:41

Udalak Balgorza enpresari esleitu dizkio lanak, 539.512,57 euroan

Bidenabar, argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetuko dira

 

 

Urtaranen gobernuak 539.512,57 euroko inbertsioa egingo du Salvador kalea eraberritzeko. Lanak lau hilabetetan egingo dira, esleitzen direnetik kontatuta. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanak Balgorza enpresari esleitzea onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak. Kontratuaren lehia-oinarria 714.964,97 euro zen, eta enpresak % 24,54ko beherapena eskaini du.

Salvador kalea (Pilar auzoan) zahartuta geratu da, eta hainbat arazo ditu, besteak beste, galtzada hondatuak, espaloi estuak eta egoera txarrean dauden zoladurak. Auzotarrekin adostutako esku-hartzeari esker, oinezkoentzako lekua irabaziko da, eta espazioa modernizatuko. Halaber, Udalaren Mugikortasun Iraunkorrerako Planak xedatzen duenari eta duela gutxi egindako beste jarduera batzuen ildoari jarraiki, bidegorri bat jarri eta zirkulazio-abiadura “lasaitu” egingo da, orain arte ibilgailuentzako zen erreietako bat kenduta. Horretaz gain, beste lan hauek egingo dira: zuhaitzak landatu, hiri-altzari berriak jarri eta argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetu. “Oso berri pozgarria da gaurkoa. Auzoko biztanleen eskaera historiko eta zentzuzko bati erantzuna ematen baitiogu. Lan hauei esker kaleak hobetuko ditugu, erakargarriagoak eta atseginagoak izango dira. Hobeak. Auzoekin eta herritarrekin agindutakoa betetzen dugu”, azaldu du alkateak.

Gobernu taldeak sustatutako eraberritzeak hainbat jarduera-eremu izango ditu. Ekialdean zabaldu egingo da espaloia —lau eserleku jartzeko tokia geratuko da— eta bateriako aparkamenduak ilarako aparkamendu bihurtuko dira. Mendebaldean ere zabaldu egingo da espaloia, eta bost eserleku jarri eta 17 zuhaitz landatuko dira. Alde horretako aparkamenduek bateriakoak izaten jarraituko dute, baina galtzadaren erdialdera aldatuko dira.

Zirkulazio erreietan aurreikusitako esku hartzeen ondorioz egin ahalko dira aipatutakoak. Desagertu egingo da orain arte hegoaren eta iparraren arteko lotura egiteko aukera ematen duena, eta horren ordez bidegorria margotuko da. Beste erreiak, iparretik hegora doanak, trafiko lasaitua izango du, “30 eremua” izatera pasata. Bidenabar eta ohi denez, Udalak argiteria-, saneamendu-, eta drainatze-sareak hobetuko ditu.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

Balgorza enpresa arduratuko da lanez; bidegorri bat sortuko da, espaloiak zabalduko, galtzada konponduko eta hogei zuhaitz landatuko

Eserleku berriak ere jarriko dira, eta argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetuko

Urtaranen gobernuak 581.033,45 euro inbertituko ditu Peru kalea eta ingurunea eraberritzeko; lau hilabetetan gauzatu beharko dira lanak.  Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanak Balgorza enpresari esleitzea onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak; lanek Costa Rica kalea ere hartuko dute barne. Kontratuaren lehia-oinarria 780.434,44 euro zen, eta enpresak % 25,55eko beherapena eskaini du.

Peru kalea (Pilar auzoan) ezerosoa da, eta hainbat arazo ditu: galtzadak hondatuta daude, espaloiak estuak dira, eta zoladura egoera txarrean dago. Auzotarrekin adostutako esku-hartzeari esker, oinezkoentzako lekua irabaziko da, eta espazioa modernizatuko. Orobat, bidegorri bat sortuko da, zirkulazioaren abiadura motelduko, eta ibilgailu motordunentzako erreiak murriztuko. “Salvador kaleko esku-hartzearen antzekoa da. Honi esker kalea hobetzen dugu, atseginagoa eta erakargarriagoa egiteko. Hiritarrekin agindutakoa betetzen dugu, baita auzoekin ere, eta gainera auzoetatik egiten dizkiguten eskaerei erantzuna ematen diegu”, azaldu du alkate Gorka Urtaranek.

Gobernu taldeak sustatutako eraberritzeak hainbat jarduera-eremu izango ditu. Peru kalearen iparraldean, espaloia metrotik gora zabalduko da, zirkulazio-errei bat kenduta. Espaloia zabalduko denez, hamalau zuhaitz landatuko dira —garatzeko nahikoa leku izango baitute— eta lau eserleku berri jarriko dira. Aparkalekuen kopurua ia ez da aldatuko, baina espaloia zabaldu behar denez, hegoalderantz mugituko dira. Ondo-ondoan bidegorri bat margotuko da, Domingo Beltran de Otazu kaletik Arriagako ateraino, ibilgailu motordunen kontrako noranzkoan. Costa Rica kalearekiko bidegurutzera iristean, bizikletek autoen erreitik joan behar dute, “30eko zona” izango baita.

Peru kalearen hegoaldeko espaloian, berriz, bost eserleku berri jarriko dira. Bateriako aparkalekuak lineako bihurtuko dira. Izan ere, alde horretan bizilekuetako eraikinen fatxadak eta atariak daude, eta baterian aparkatutako ibilgailuek enbarazu handiagoa egiten zuten. Arriagako atearen ondoko zatian zamalanetarako lekuak utziko dira. Peru kalearen erdialdean, bestetik, oinezkoen pasabidea sortuko da, edukiontzien irla dagoen lekuan. Ohikoa denez, Udalak argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sarea hobetzeko baliatuko ditu lanak.

Costa Rica kalean, berriz, esku-hartze soilagoa egingo da, duela hamar urte ere egin baitziren lanak. Divino Maestro ikastetxearen ondoko espaloia metro inguru zabalduko da, eta sei zuhaitz landatuko. Trafiko errei bat ere kenduko da, eta bertan bidegorria margotuko da, Peru kaletik Arriagako Kofradiaren kaleraino.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:56

Tokiko Gobernu Batzarrak Firmes Alaveses enpresari esleitu dizkio Jundizko industrialdeko  Zorrolleta kalea eraberritzeko lanak. Kontratu honen bitartez zoladura oso hondatua duen bide batean esku hartuko da, guztira 12.926 metro koadroko azalera konponduko delarik. Kontratua 165.917,84 eurokoa da, BEZa barne.  2.000 tona inguru asfalto berritzea aurreikusi da.

Industria planak aurrera jarraitzen du Zorrolleta kaleko lanekin. Plana abian jarri zenetik honako kaleetan esku hartu da: Bitoriabidea eta Bitorialanda (Ehari-Gobeu industrialdean), Arkatxa (Oreitiasolo industrialdean) eta Larragana (Gamarra- Betoñu industrialdea). Esku hartze hauek 411.257 euroan egin dira, eta kopuru horri gehitu egin behar zaizkio industrialdetako seinaleztapen horizontala berritzeko kontratuko 283.772 euroak, beraz, ia 700.000 euroko inbertsioa izan da guztira.

“Industrialdeetan egindako urtebeteko lan honi esker nabarmen aldatu ahal izan da urte askoan esku hartzerik gabe zeuden espazioen itxura. Enpresek berek egindako eskaria zen eta, honen bitartez, industrialdeak jarduera berrietarako erakargarriago bihurtzen dira” nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Hurrengo pausua Jundizko industrialdean egingo da, izan ere Jundiz kalearen zoladura berritzeko lehiaketa egingo baita. Lan horietarako 622.518 euroko aurrekontua aurreikusi da Esan beharra dago 2019ko aurrekontuak industrialdeetarako milioi euroko inbertsio-pakete berria hartzen duela barne, eta hori 2018an erabilitakoari gehitzen zaio.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 abendua 2018 14:42

 

 

 

 

 

 

Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzen den urtean, Gasteizko Udalak Evelio Lobera omendu du, ia lan-bizitza osoan (1978-2009) udal langilea izandako horrek gerriko berdearen proiektu esanguratsuenetako batzuk sustatu baitzituen. Haren lana eta ahalegina bereziki garrantzitsuak izan ziren Salburuko eta Zabalganeko parkeak sortzeko.

 

 

 

 

 

 

 

Gaur eguerdian udaletxean egindako harrera-ekitaldian, Gorka Urtaran alkateak zorionak eman dizkio Loberari, “bizitza guztian bere taldearekin egindako lanagatik Gasteizek ingurumenaren eremuan hobera egiteko, batez ere herrietan zehar”. Alkateak, gainera, azpimarratu nahi izan du “Udaletxe honetan arrakastatsu izan den binomioa. Alde batetik, politikaren eremutik ingurumena bultzatzeko eta horrela hiritarren bizi klitatea hobetzeko; baina baita talde teknikotik egindako lana ideia horiek gero ekimen konkretuetan bihurtzeko” .

 

 

 

 

 

 

ACOVI-Gasteizko Kontzejuen Elkartearen lehendakari Miren Fernández de Landa eta José Ángel Cuerda alkate ohia ere izan dira ekitaldian; azken horrek gogoratu du Eveliok animatu zuela Salburuko aintzirak berreskuratzen hasteko, hiriak han zuen altxor ekologikoaz oso jende gutxi jabetzen zen garaian. Gaur, 25 urte geroago, Eraztun Berdeak aitorpenak jasotzen ditu etengabe, esate baterako, joan den astean alkateak jasotakoa, Madrilen egindako Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren barruan.

 

 

 

 

 

 

 

 

Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuko, Ingurumen Saileko zein Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko berrogeita hamar lankide inguru bildu dira Evelio Loberari egindako omenaldian, baita administrazio-batzarretako ordezkariak eta senideak ere. Loberak biziki eskertu du aitorpena, eta adierazi du “talde txiki eta erosoa izan dela beti Nekazaritza Eremuaren Zerbitzua”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:23

 

Gorka Urtaran audioa

 

Hasteko, Bustaldean (Aretxabaleta) eta hiriko beste alderdi batzuetan hutsik dauden 40 etxebizitzatik gora birgaituko dira planaren barruan, gehien bat gazteentzat

 Alokabidek eta 21 Zabalguneak lantalde bat osatuko dute, ekimenaren barruan zein etxebizitza sar daitekeen aztertzeko, fasetan egingo baita

 

Duela bi aste iragarri zen bezala, Alkate Gorka Urtaranek eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak bilera egin dute gaur, Gasteizko Udalak hutsik dauden udal etxebizitzekin lotuta egindako proposamena aztertzeko, horiei irtenbidea eman eta etxebizitza sozialen eskaerari erantzutearren.

Erabiltzen ez diren zenbait etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren esku jartzea proposatu dio alkateak sailburuari, batez ere gazteentzako etxebizitza programetarako baliatu ditzan. Gorka Urtaranen ustez, “oso albiste ona da hiriarentzat” , eta Eusko Jaurlaritzaren harrera eskertu du. “Garai batean sustatu zen etxebizitza politikaren ondorioz, Udalak hutsik eta egoera eskasean dauden hainbat etxe ditu. Ekimen honen bidez, etxebizitza horiek baliatuko ditugu eta, gainera, legez kanpoko okupazioak eragotziko”, azpimarratu du alkateak.

 Hasteko, 40 etxebizitzek baino gehiagok osatutako multzo bat aipatu du alkateak, zeinak Aretxabaletan eta hiriko beste alderdi batzuetan baitaude. Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko gastuak ordainduko ditu, eta inbertsioa alokairuen bidez konpentsatuko da.

Bilera amaitutakoan, sailburuak iragarri du Alokabidek eta 21 Zabalguneak lantalde bat osatuko dutela, ekimenaren barruan zein etxebizitza sar daitekeen aztertzeko, fasetan egingo baita.  Dagozkion hitzarmenak sinatuko dira etxebizitza multzo bakoitzeko. Arriolak bi erakundeen inplikazioa eta konpromisoa nabarmendu du, “lanari ekingo baitiogu epe motzera emaitzak aurkezteko.”

Udal gobernuak sustatu duen Etxebizitza Planaren barruan sartzen da ekimena, behar hauei erantzun nahian:

  • Udalak erantzuteko ahalmen handiagoa izatea  gizarte larrialdietako egoeretan, esaterako genero-indarkeria,  etxegabetzeak, adingabeak dituzten familien bizitegi-bazterketa larria…, edo ostatu emateko edo ostatu berria emateko etxebizitzak behar diren beste egoera batzuk.
  • Udalak bizileku bitartekoak eduki ahal izatea gazteen eskaerei erantzuteko, haien ahalmen ekonomikoariegokitutako alokairuak behar baitituzte.
  • Etxebizitza multzo bat Eusko Jaurlaritzaren esku jartzea, haren etxebizitza planen beharrei erantzuteko.

Proiektuak bat egiten du 3 B-en filosofiarekin —espazio publikoak berpiztea, eraikinak berrerabiltzea, eta bizitza ekonomiko eta soziala biziberritzea—, zeina agintaldiaren hasieratik garatu baitu Urtaran alkateak, eta beste plan batzuetan ere kontuan hartu baita, Erdigunerako Masterplanean, esaterako.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 abendua 2018 13:39

 

 

 

 

 

 

Alkate audioa-1

 

Alkate audioa-2

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Udalbatzak erakunde-adierazpena irakurri du Oihaneder Euskararen Etxean

Gaur banatu dira haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako “Vitoria-Gasteiz” sariak, Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek diploma eman dio Aintzane Atelari, berak irabazi baitu Udalak antolatutako sariaren 15. edizioa. Bide batez, Udalbatzak Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri du.

Aintzane Atelak irabazi du itzulpen sarien gazteentzako kategoria, José Luis López Muñozen ‘Konkorduna’ lanaren egokitzapenagatik; 9.000 euroko saria jasoko du. Haur literaturari dagokion saria eman gabe utzi da.

Alkate Gorka Urtaranek itzultzaileek euskarazko literaturari egiten dioten ekarpena aitortu nahi izan du. “Aintzane Atela bezalako profesionalei esker nazioarteko literaturako lanik onenak gure hizkuntzan, euskaraz, gozatzeko aukera dugu. Zalantzarik gabe, itzulpen hoberenentzako Vitoria-Gasteiz sariak pertsona horien lana aitortzeko balio du, eta euskarazko sorkuntza eta literatura sustatzeko”, azpimarratu du.

Karlos del Olmo Serna, Lourdes Auzmendi Ayerbe, Isabel Etxeberria Ramírez eta María José Ezeizabarrena Segurolak osatu dute epaimahaia.

Adierazpenaren irakurketa

‘Vitoria-Gasteiz’ sariak banatzearekin batera, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri da. Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak eta talde politiko guztien ordezkariek hartu dute parte:  Iñaki García Calvo (PP), Miren Larrión (EH Bildu), Estíbaliz Canto (PSE), Jorge Hinojal (Ahal Dugu) eta Oscar Fernández (Irabazi).

Gorka Urtaranek Euskaraldia ekimena “oso arrakastatsutzat” jo du, eta herritarrak “une oro eta urteko egun guztietan euskara erabiltzen jarraitzera” animatu ditu. Izan ere, “Gasteizen euskara entzun dadin nahi dugu, eta edonon normaltasunez eta erosotasunez erabili nahi dugu”, azaldu du alkateak. Gasteizko alkateak gogorarazi duenez, gasteiztarren % 47 euskaldunen eta ia euskaldunen multzoan daude une honetan. Kaleko azken neurketen arabera, ordea, erabilera % 3,7 da. “Beraz, erronka bistakoa da. Erabilera handitu behar dugu”, laburtu du.

 

 

EUSKARAREN ADIERAZPENA

 

 

Share

« HurrengoakAurrekoak »