Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 urtarrila 2019 11:49

 

Horrekin lotutako bideo bat landu da ferietan, profesionalen topaketetan eta hiria promozionatzeko kanaletan zabaltzeko, zeinaren aurkezpenean alkateak eta hainbat ekitalditako ordezkariek (Ironman, Michelin, Magialdia, Martin Fiz, Ardoaren Ibilbidea, Araski, Jazzaldia, FesTVal, Azkena Rock, Baskonia) parte hartu baitute.

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizek harro erakutsiko du lehen mailako ekitaldien agenda 2019an zehar, hiria promozionatzeko bideo baten bitartez, zeina gaur goizean aurkeztu baita udaletxean. Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkie hirian aurten egingo diren ekitaldi nagusien protagonistei, “guztion artean Gasteiz distirarazteko izandako inplikazioagatik. 2019. urtea zirraragarria izango da gure hiriarentzat, eta elkarrekin bihurtuko dugu errealitate. Indargune asko ditu Gasteizek eta dana elkarrekin joaten baldin bagara,  erakutsiko dugu Gasteizen  kapaz gaudela lehen mailako ekitaldiak ospatzeko”.

Bideoa ferietan, profesionalen topaketetan eta hiria promozionatzeko kanaletan zabalduko da, eta horren aurkezpenean udal ordezkariek eta hainbat ekitalditako ordezkariek (Ironman, Michelin, Magialdia, Martin Fiz, Ardoaren Ibilbidea, Araski, Jazzaldia, FesTVal, Azkena Rock, Baskonia) parte hartu dute, besteak beste. Lehen hitzordua FITUR azoka da, datorren astean.

Bideoa

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 urtarrila 2019 14:37

 

 

 

 

 

Gorka Urtaranek erakunde, federazio eta kluben artean  txapelketa antolatzeko izandako lankidetza nabarmendu du, eta “hiriak dena emango” duela.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek emakumeen saskibaloiko Erreginaren Kopa  jaso du gaur, Espainiako Saskibaloi Federazioko lehendakari Jorge Garbajosaren eskuetatik. Gasteiz izango da txapelketaren egoitza, otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean. Udaletxeko harrera aretoan egin da ekitaldia, eta Gasteizko alkateaz eta Federazioko lehendakariaz gain bertan izan dira Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, Estíbaliz Canto; Euskadiko Saskibaloi Federazioko lehendakaria, Germán Monge; Arabako Saskibaloi Federazioko lehendakaria, Luis Miguel Corres, eta Araski emakumezkoen saskibaloi-klubeko lehendakaria, Livia López.

Gorka Urtaranek erakunde, federazio eta kluben arteko lankidetza nabarmendu du, “lan egiteko modurik onena baita. Denok elkarrekin batu egiten dugu”.  Gasteizko alkateak gogoratu du, halaber, “Gasteiz hiri zoragarria [dela], eta kirola gustuko [dugula]. Gustuko dugu kirola egitea, eta gustuko dugu Erreginaren Koparen antzeko ekitaldiak gure udalerrian egitea. Hiriak dena emango du hitzordu horretan, aurten aurreikusita dauden beste batzuetan bezala, urte biribila izango baita“. Eta erantsi du: “Estatuko gainerakoei, Europari eta munduari erakutsiko diegu lehen mailako ekitaldiak har ditzakegula, bikaintasunez“.

Jorge Garbajosa presidenteak esan du “saskibaloiaz hitz egitean Gasteizen pentsatzen duzu” eta “Kopa honi esker, gero eta gehiago identifikatuko da hiria emakumeen saskibaloiarekin”. Garbajosak espero du “guztion oroimenean” geratuko dela kopa hau.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 abendua 2018 22:42

Ospakizun-sorta bati egin dio San Prudentzio kaleko antzokiak; hilaren 18an joko du goia, 100 urte beteko dituen egunean

Datorren asteartean, abenduak 18, ehun urte beteko dira Gasteizko Nuevo Teatro antzokia —gaur egungo Principal antzokia— inauguratu zenetik, Garnieri-Marchetti opera- eta opereta-konpainiaren “La corte de Napoleón” lanarekin.

Mendeurrena ospatzeko, gala bat izan da gaur. Antzokia goraino beteta zegoela, Gorka Urtaran alkatearen hitzak entzun dituzte lehenik herritar eta agintariek, eta azken aldian San Prudentzio kaleko antzokiko agertokira igo izan diren hainbat artistaren bideoa ikusi dute ondoren.

“Cienycientas” obra eskaini da gero; ehundik gora pertsona agertu dira agertokira, Mikel Gómez de Segurak zuzendutako emanaldi dibertigarrian. Gure irrati publikoaren partaidetza izan du, zeinek Principal antzokiaren historiaren 100 urte horietako ehunka oroitzapen eta sentipen helarazi baitizkigu. Topa egin da galaren bukaeran, baina ez antzokiaren 100 urteengatik bakarrik, baita antzezte-arteen eta kulturaren alde ere.

Hainbat agintari izan dira galan. Gorka Urtaran alkateak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok egin diete harrera guztiei ere. Talde politiko guztietako zinegotzien ordezkariekin batera, bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria, Estefanía Beltrán de Heredia eta Maria Jesús San José sailburuak, Ramiro González ahaldun nagusia, Igone Martínez de Luna eta Cristina González foru-diputatuak, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejería, Batzar Nagusietako lehendakari Pedro Elosegi, Kultura Ministerioaren ordezkari eta INAEMeko zuzendariorde nagusi Fernando Cerón eta beste zenbait agintari, eta hiriko kulturaren arloko jendea.

Gala horrekin, nahiz eta 2018 urte osoan beste ospakizunik ere izan den, mendeurrena ospatzeko ekitaldi sorta bati egin zaio. Abenduaren 22ra arte iraungo du, eta hilaren 18an joko du goia, Lola Herrera handiak “Cinco horas con Mario” antzezlana eskainiko duelarik. Larunbatean, ihes-areto handi bihurtuko da antzokia; hilaren 16an, “Gizon Zoriontsuaren Alkandora” antzeztuko du Teatro Paraíso taldeak; hilaren 17an, “Intxaur-hauskailua” Eguberrietako ipuina antzeztuko du Moskuko XXI. Mendea Ballet Klasikoak, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko ikasleak dantzari. Azkenik, hilaren 21ean eta 22an ,“Al calor del invierno” Eguberrietako kontzertua eskainiko du Arkék. Astelehen honetan bertan egingo da horren aurkezpena prentsaurrekoan.

 

Egitarau aberatsa, hainbat formatutakoa, ikusleengandik gertukoa, horiekin partekatu nahi baita ospakizuna. Ildo horretatik joan da gaurko gala ere, herritarren festa, 100 urteko historia hori haiekin batera errepasatzeko asmoz antolatua.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:01

 

Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren amaiera gisa, alkateak proiektu bat iragarri du, Olarizuko lorategi botanikoa “Euskadiko lorategi botanikoa handia” bihur dadin, eta “gasteiztarrak elkartu eta gozatzeko gunea” 

IGIk datozen bi urteetan Eraztun Berdea “hobetu eta sendotzeko” egin dituen hamar proiektu aletu ditu

Proiektuaren aurkezpena esteka honetan jaitsi daiteke

 

Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren amaiera gisa, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gerriko berde hori hobetu eta sendotzeko helburua duten hamar proiektu aurkeztu ditu. Horien artean, etorkizuneko Olarizuko parkea nabarmentzen da. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren planen arabera, jendeari arreta emateko leku berria jarriko da bertan, labirinto natural bat, tirolinak, jolas naturalizatuak eta landarez hornitutako harmailak, aire zabaleko kultur jarduerez gozatu ahal izateko. “Olarizu Eraztunaren harribitxia izatea espero dugu, gure asmoa baita edukiz eta erakargarriz hornitzea, bai aisialdirako bai zabalkunderako. Euskadiko lorategi botaniko handia izateaz gain, gasteiztarrak elkartu eta gozatzeko gunea izango da Olarizu, eta udalerriaren zinezko erreferentea. Azken batean, hirirako sustatzen ari garen 2025 Estrategiaren zutabe bat”, azaldu du Gasteizko alkateak.

2018an bete dira 25 urte Eraztun Berdearen proiektua abiatu zenetik. Denbora horretan, hiriaren periferia ingurumen eta gizarte aldetik berreskuratzeko jarduera ugari egin dira, eta horiei esker, oso hondatuta zegoen espazio bat balio ekologiko handiko parkeen multzoa bihurtu da (horietako batzuk Natura 2000 Europar Sarearen barruan sartuta daude), baita hiriko aisialdirako gune nagusia ere. Gaur egun, Eraztun Berdea  hiriaren ezaugarri behinenetako bat da, eta lehen mailako ingurumen, gizarte eta turismo baliabidea. “Hala ere, zabaldu, hobetu eta sendotu egin nahi dugu” laburtu du alkateak.

Olarizuko etxaldean egin den prentsaurrekoan, Gasteizko alkateak datozen urteetarako aurreikusi diren hamar jarduera aletu ditu, munta handikoak zein txikikoak. Udalak zein beste eragile batzuek sustatutako ekimenak dira, Eraztun Berdea hobetzeko balioko dutenak.

– Larragorri parke berriaren lehen fasea. 2019rako aurrekontu-proiektuan 450.000 euro sartu dira desjabetzeak aurrera eramateko, eta URArekin hitzarmena egin da, Batan eta Zapardiel ibaietan uholdeetatik babesteko proiektua gauzatzeko.  Parke berriak era guztietako erabilerak izango lituzke: uretako jarduerak, turismo aisialdirako gunea, kirol espazioak, nekazaritza parkea…

Hegoaldeko ibilbidea. Jundiz eta Estibaliz muinoen artean orain dagoen lotura hobetu nahi da, inguru hori hondatuta baitago. Vasco-Navarroaren bide berdean barrena joango litzateke ibilbidea,  Olarizu, Larragorri eta Armentiako parkeak lotuz, baita Donejakue bidea ere.

Armentiako basoa eta Zabalganekoa lotzea. N-102 errepidearen gainetik oinezkoentzako pasabidea jartzea planteatzen da, Mariturriko biribilgunetik Gometxako errepideraino. Proiektu hori “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” aurrekontu parte-hartzaileetan sartu zen.

-Vasco-Navarroaren bide berdea, Eraztun Berdea eta Krispiña lotzeko. Aldundiak sustatutako proiektua da.

-Áncora errota zaharberritzea, Abetxukuko nekazaritza ekologikoko parkeko interpretazio zentroa jartzeko.

-Zadorra ibaiaren egokitzapen hidraulikorako proiektua, Gamarra eta Abetxuku artean. 2. fasea. URAk egingo du.

-Salburuko parkea hedatzea, hezegunearen ondoko bi nekazaritza funts gehituz, zeinek orain kudeaketa pribatua baitute. Administrazio-batzarrekin negoziatzen ari da, IGIk bere gain hartzerik izan dezan horien kudeaketa naturalistikoa.

-Iragazki berde berria sortzea, Arkautiko nekazaritza eskolako hondakin-urak arazteko. Eskolak finantzatuko du proiektua.

– Egurrezko pasabidea trenbidearen gainetik, Eraztun Berdea Nebera gainetik Errekaleor ibairaino lotzeko. Proiektua lantzen ari da. Iliada ibilbidea eta Arkaiatik Gasteizerako bidea lotuko ditu.

 

 

 

 

 Olarizuko lorategi botanikoa

Gaur goizean aurkeztutako proiektuen arteko deigarriena da. Eraztun Berdearen hegoaldean sortu zen lorategi botanikoa, tokiko, eskualdeko, Europako eta munduko landare-biodibertsitatea kontserbatu, ezagutarazi eta agerian jartzeko asmoz. Arboretoak Europako baso mota nagusiak biltzen ditu, eta landare erabilgarrien espazioa ere nabarmentzekoa da. Ez da ahaztu behar Olarizu aisialdirako gunea eta herri-erromeriak ospatzeko tokia ere badela, baita Gasteizko Mendietara eta natur intereseko beste lekuetara sartzeko bidea ere. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Ingurumen Sailak irudikatutako parke berriak izaera hori areagotuko du, eta zenbait berrikuntza ere egingo dira:

-Sarbide berria. Adurtzako futbol-zelaien atzealdean, Jauregilanda kalean barrena, aparkaleku txiki bat proiektatu da, parkera sartzeko ere balioko duena.

– Pasabidea. Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko egurrezko pasabidea jartzea aurreikusi da. “Hartara, parkearen sarrera ikusgarriagoa izango da”, azaldu du alkateak.

– Haztegia. Kotxetegi berriak eraiki ondoren, udal haztegia Olarizura aldatzea aurreikusi du Udalak. “Gainera, herritarrek bisitatu ahalko dute haztegia”, iragarri du Gasteizko alkateak.

-‘Hortus conclusus’ edo landare erabilgarrien lorategi berria. Olarizuko baratzeen zati bat dagoe lekuan jarriko da.

-Landarez hornitutako harmailak. Etxaldearen ondoan, “‘antzoki berdea’ jartzea proposatzen da, herritarrek aire zabaleko kultur jarduerez gozatu ahal izan dezaten, ingurune paregabe batean. Lurra mugituz eskailera-maila moduko batzuk egingo dira, eta esertzeko egurrezko elementuak ere izango ditu”, esan du Gorka Urtaranek.

– Informazio bulegoa. Parkeko interpretazio zentroa Olarizu hiribideko sarbidean jarriko da. Duela urte batzuk EEEren mugikortasun elektrikorako eraikina  izandako egitura jarriko da bertan, orain ez baita erabiltzen —Jose Mardones kalean dago—. EEEk duela bi urte laga zion espazio hori Udalari. 2019an Olarizura aldatuko da, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko gunea izan dadin. Parke berriko aisialdiko jarduerak kudeatzeko lekua ere izango da; horretaz gain, bizikletak alokatuko dira (orain etxaldean egiten da) eta erakusketetarako zona txiki bat egokituko da.

-Landarezko labirintoa. Europako lorategi eta parke botaniko askotan egon ohi den jolasa proiektatu da: 5.000 metro koadro inguruko labirintoa, bi sarrerarekin. Kanpoaldetik ikusi ahalko dira barruan dabiltzan pertsonak, gorago egongo baita.

– Tirolina eremua. Harrera zentroaren eta labirintoaren ondoan, tirolinak dituen jolas-eremua sortuko da, zuhaitzez zuhaitz “hegan” egiteko.  Jolas, kirol eta turismo jarduera izango da, haurrei zein helduei zuzendua.

-Jolas naturalizatuak. Natur osagai handiko umeentzako jolasgunea gehitzea da asmoa. “Txikienen artean sorkuntza, irudimena eta askatasuna sustatu nahi ditugu, baita naturaren  eta paisaiaren gozamena ere”, alkatearen hitzetan.

– Kafetegia. Etxaldean kafetegia handia jartzea ere aurreikusi da proiektuan.

Alkateak iragarri du proiektuak datorren urtean sustatzen hasiko direla, EEEren eraikina lekuz aldatzetik hasita. Proiektua fasetan egingo da.

Plan horiek guztiak “GASTEIZ BERDEAGOA, HIRIA – NATURA SARE BIZIA.  2018-2030 PLANA” agirian jaso dira, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi  duena, Eraztun Berdea hobetu eta osatzeko bide-orri gisa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 abendua 2018 12:25

 

 

 

 

 

 

  • Abenduaren 29an Jaiotzaren Gaua ospatuko da: gaueko bisitak egingo dira Floridako jaiotzara, Farolen Museora eta Gurutze Santuaren komentura, eta Pintore kaleko zenbait aretotan jaiak egingo dira
  • Abenduaren 22an (larunbata) gabon kantez lagundutako jaiotza eramangarrien tradizioa berreskuratuko da hiriko kaleetan
  • Jaiotzen ibilbideak 24 geldialdi ditu, eta aurten ibilbide birtuala egingo da erakusleihoetan, Gasteiz On-en eskutik

Aurtengo Eguberrietan, Gasteiz harro agertuko da bertako jaiotzen tradizioaz: erakusketa berriak antolatu dira hiriko leku berezietan, baita bisita gidatuak ere (telefonoz erreserbatuta), eta jaiotza tradizionala berreskuratuko da. Askotariko jarduerek hurbilduko diete gasteiztar zein bisitariei hiriaren ezaugarri behinenetako bat den hori, zeinaren alerik preziatuena Floridako jaiotza baita.

Alkate Gorka Urtaranek, Vital Fundazioaren zuzendari Josune Albizuk eta Arabako Jaiotzazaleen Elkarteko kide Iñigo Bastidak eta Alfonso Ruiz de Arcautek aurkeztu dituzte gaur goizean aurtengo berritasunak. Osmako San Pedroren kaperan egin dute aurkezpena, Pintore kalean, bertan udaletxearen fatxada agertokitzat  duen jaiotza jarri baitute aurten, Justo Antonio Olagibelen omenez, haren bigarren mendeurrenean. Izan ere, haren aitak eraiki zuen hirigune historikoko kapera hori.

“Belaunaldiz belaunaldi igaro den tradizioa gordetzen du Gasteizek, eta jaiotzazaletasun horrek eraman gaitu jaiotza monumental bakana izatera; hain zuzen ere, hiriko hainbat lekutan barreiatutako jaiotzen erakusketa da inguruko hirietatik bereizten gaituzten altxorretako bat”, nabarmendu du alkateak.

Arabako Jaiotzazaleen Elkarteko kide Alfonso Ruiz de Arcautek, berriz, hau azpimarratu du: “jaiotzazaletasuna —UNESCO kultura ondare ez-materiala izendatzeko prozesuan da— duela zortzi mende sortu zen, eta artea, kultura, tradizioa, folklorea eta memoria batzen ditu, baita erlijio-sentipena ere herritar askorentzat. Babestu eta zabaldu beharra dago”.

Vital Fundazioaren zuzendari Josune Albizuren ustez, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak antolatutako jarduerek kultura eta ondare balio handia dute, eta horregatik, “jaiotzaren tradizioa berreskuratzearen eta herritarren partaidetzaren alde egiten dugu. Eguberriak poz eta elkartasun garaia dira, familiaz eta lagunez gozatzeko garaia, eta balio horiek Vital Fundazioaren jarduera inspiratzen dute egunero”.

Jaiotzen mapa  (2)

24 jaiotza ikusteko ibilbidea

Jaiotzen Ibilbidea  (pdf-arekiko esteka) aurkeztu da halaber, zeinak leku hauek barne hartzen baititu: Karmengo eliza eta klaustroa; Floridako jaiotza monumentala; Turismo bulegoa; Santa Maria katedrala; Santa Maria, San Migel, San Bizente eta San Pedro parrokiak; Farolen Museo Etxea; Gurutze Santuaren komentua; Jaiotzazaleen Elkartea; San Antonioren komentua; Katedral Berria; Babesgabetuen Andre Maria,  Aingeruen Andre Maria, San Andres, Araneko San Jose eta Esperanza elizak, eta  Francisco de Asís Fundazioaren bilduma.

Sendotutako ibilbide horri beste leku batzuk gehitu zaizkio aurten: Osmako San Pedroren kapera, Olagibelen omenez; San Ildefontsoren kapera, non Kristoren irudi bat gordetzen baita; Gasteizko lehen santa eta Jesusen Zerbitzarien Fundatzaile Santa María Josefaren Museo Etxea, eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren bisitarien harrera.

24 leku horiek barne hartzen dituen Jaiotzen ibilbideak, gainera, ibilbide birtuala izango du hiriko erakusleihoetan, Gasteiz On-en eskutik.

Azkenik, Arabako Jaiotzen XXXI. Erakusketak abenduaren 21ean irekiko ditu ateak, arratsaldeko bostetan.

 

Jaiotza eramangarriak

Abenduaren 22an (larunbata)gabon kantez lagundutako jaiotza eramangarrien tradizioa berreskuratuko da hiriko kaleetan.  Blusak eta neskak, eskaut taldeak, txistulariak eta abesbatza bat kalez kale ibiliko dira, Euskal Herriko hainbat leku musikaz betetzen duen tradizio hori berreskuratuz.

 

Gaueko bisitak, txokolate beroa eta gabon kanten lehia

Abenduaren 29an, berriz, Jaiotzaren Gaua ospatuko da: jaiotzak ohiko ordutegitik kanpo irekiko dira, eta jarduera osagarriak izango dira. Floridako jaiotzan gaueko bisita egingo da; Zabaltegin txokolate beroa banatuko da, eta gabon kanten lehia ere antolatu da. Farolen Museoan antzinako argazkiak  proiektatuko dira, eta Gurutze Santuaren komentuan otoitz egiteko bijilia izango da.

Pintore kaleko hainbat aretok bat egingo dute gau berezi horrekin: Jaiotza-zaleen Elkartearen egoitzan ardo beroa emango dute; Anglo di Trastevere jatetxean panetone italiarra salduko dute; Merlín kafetegian, gaboneteko infusioa eta jengibrezko pastak, eta Dolce Vita eta Cacao P’al mono tabernetan, gabonetako koktela.

Berritasun horietaz gain, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak betiko jarduerak antolatu ditu, hala nola hitzaldiak, lantegiak, solasaldiak, ikasleentzako jaiotzen lehiaketa, Jesus Haurraren bedeinkapena eta Eguberrietako Pregoia; azken hori gaur bertan izango da, eta katolikoak, ortodoxoak, anglikanoak eta ebangelikoak bilduko ditu.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 abendua 2018 12:27

 

 

 

 

 

Alkateak zorionak eman dizkie Gasteizko 38 hotel establezimenduri, PET ontzien erabilera gutxitzeko, erabiltzen dituzten ontziak bildu eta birziklatzeko eta horiei bizitza berria emateko konpromisoa hartu dutelako 

Udalaz gain, Ihobe, Aclima, Ecoembes eta Amvisak sustatzen dute kanpaina, zeinean 400 kristalezko pitxar, 2.100 gourmet box, 2.100 poltsa, 40 tapiz, ateen eskutokietarako 900 zintzilikario, 25 edukiontziak eta informazio-orriak banatuko baitira

Udalak eta hiriko 38 turismo ostatuk indarrak batu dituzte PET plastikozko ontzien kontsumoa murrizteko, erabiltzen direnak bildu eta birziklatzeko, eta bizi-zikloa bete duten ontziei bizitza berria emateko (tapiz edo ate-zintzilikario gisa). Gaur goizean aurkeztu du Udalak udalerriko ostatuetan (hotelak, hotel-apartamentuak, gazteentzako aterpea eta 4 nekazaritza ostatu) zabaltzekoa den branding eta komunikazio kanpaina; Ihobe, Aclima, Ecoembes eta Amvisak ere hartzen dute parte proiektuan.

 

Alkate Gorka Urtaranek eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eskerrak eman dizkiete Gasteizko ostatu establezimenduei, “Biosphere turismo-helmuga gisa hiriak dituen estrategien barruko ekintza esanguratsu batean inplikatu eta konpromisoa hartzeagatik. Gure ustez, ekonomia zirkularra haien negozioak hobetzeko tresna da, aurrezten eta ingurumen aztarna gutxitzen lagunduko baitie.  Garrantzitsua da administrazioak eta sektoreak —hotelak, landa-turismoko etxeak, turismo gidariak, bidaiariak garraiatzeko enpresak, ostalaritza eta zerbitzuen hornitzaileak— indarrak batzea, helmuga iraunkor gisa. Gasteiz Euskadin Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria  lortu duen lehen euskal udalerria da, eta horrek ikusgarritasun handiagoa ematen digu nazioarteko turismoaren merkatuan, eta galdu ezin ditugun aukera berriak zabaltzen“, gogorarazi du alkateak.

 

 

 

 

 

 

 

 

Kanpaina eta udalerriko ostatuetan abian jarriko diren ekintzak Europa jauregian aurkeztu dira.

Esate baterako, plastikozko ontzi arinen erabilera murrizteko, 400 kristalezko pitxar banatu dira PET botilen ordez erabil daitezen, eta txorrotako uraren balioa nabarmentzeko.

Gainera, janari zerbitzuak dituzten ostatuetan 2.100 gourmet box banatu dira. Material konpostagarriz eginak dira, eta PET janari-ontzien ordez erabiltzekoak, janari-xahuketaren kontrako borrokan.

Plastikozko ontzien birziklatzea hobetzeko, hondakin ugari sortzen dutenentzako atez ateko bilketa-sistema antolatu da, eta zenbait formatutako edukiontziak banatu, hondakinak sortzen diren lekuetan bereizketa errazte aldera. Orobat, ontzi arinak biltzeko zaborrontziak jarriko dira ostatuetako espazio komunetan, turistak sentsibilizatu eta inplikatzearren.

Azkenik, zikloa ixteko, hotel eta ostatuetan ohiko diren zenbait osagarri plastiko birziklatuz egingo dira. Zehazki, % 100ean PET birziklatuz eta Euskadin egindako 40 tapiz (espazio komunetarako) eta ateetarako 900 zintzilikario banatu dira parte hartzen duten ostatuetan.

 

 

BIDEOA

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 abendua 2018 14:25

Zabalganeko osasun-zentroan martxan jarri den proiektuak 65.000 pertsonari eskainiko die zerbitzua, kirol-jardueren udal-programarekin koordinaturik

Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko —kasu honetan  osasuna— tresna bikaina dela Osakidetzaren eta Udalaren arteko lankidetza, nabarmendu du alkateak

 

Jon Darpon Osasun Sailburuak Araba Erakunde Sanitario Integratuan martxan jarri den lehen mailako arretaren esparruko fisioterapia-proiektu pilotua aurkeztu du gaur goizean. Lepoko, bizkarreko eta sorbaldako minak jotako pazienteak osasun-zentroetatik bertatik tratatzea da proiektuaren helburua.

Hezur-giltzaduretan mina duten herritarrentzako artapena hobetzeko estrategia berria da, eta berari esker, osasunaren sustatzaile gisa bultzatuko da lehen mailako arreta. Estrategiak, halaber, pazienteak ahaldundu nahi ditu norberaren zainketaren ikuspuntutik, beren baliabide propioak eta udalerrikoak baliatu ditzaten.

Jon Darponek adierazi bezala, “programa honek pazientearen susperketa erraztu, berriz ere gaixotzeko aukerak murriztu, eta errehabilitazio eta fisioterapiako arreta-zirkuituak ordenatu nahi ditu, atzerapenak murrizteko eta paziente guztien irisgarritasuna hobetzeko”.

Familiako medikua izango da lehen miaketaren ondoren eta paziente bakoitzaren historialaren arabera diagnostikoa egingo duena. Aurrez definitutako protokoloari jarraituta, beharrezko tratamendu farmakologikoaren ostean beti ere, eta behin baztertuta ospitale-arretaren beharraren seinaleak, paziente bakoitza osasun-zentroko fisioterapiako profesionalengana desbideratuko da, Errehabilitazio Zerbitzuak gainbegiratutako tratamendua ezar dakion.

Pazienteak 8-10 laguneko taldeetan antolatuko dira bakoitzaren patologiaren arabera, eta 60-90 minutuko 10 saiotan, beren minari egokitutako jarrera-higienearen eta ariketen inguruko ezaguerak bereganatuko dituzte.101 m2ko gimnasio bat izango dute gainera, beharrezko diren baliabide materialekin.

Gasteizko Udalaren kirol-ekintzen programarekin lankidetzan prestatu da proiektua, zirkuitu bat sortzeko lehen mailako arretaren esparruko fisioterapiatik udal-jarduera fisiko eta kirol-ekintzetara, orientazio- eta jarraipen-zerbitzu bat dela medio.

Pilotaje fasea azaroan abiatu zen Zabalganako osasun-zentroan, eta Sansomendiko eta San Martineko osasun-zentroei dagokien biztanleria ere hartzen zuen barne, 65.000 pertsona guztira. Aurreikuspenen arabera, urtero 500 paziente inguru artatuko dira Zabalganan.

Sailburuak eskertu egin dio lankidetza Gasteizko alkate Gorka Urtarani, eta bizi-kalitatea hobetzea xede duten gisa horretako programak martxan jartzeko emandako laguntza. Alkateak, bere aldetik, azpimarratu du proiektu berritzaile hori Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatu dela. “Hauxe da agintaldi osoan jorratu dugun bidea: erakundeen ahaleginak batzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko; kasu honetan, osasuna. Horregatik, proiektu horretarako eta zerbitzua hobetzeko antzeko proiektuetarako behar duen lankidetza eskaintzen diogu Osakidetzari”, adierazi du.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 azaroa 2018 20:16

2018ko Ingurumenaren Biltzar Nazionalak (CONAMA) aitorpena adierazi dio Gasteizko Udalari, Eraztun Berdearen 25 urteak direla eta. Gaur arratsaldean, alkate Gorka Urtaranek sari bat -“minilorategi” bertikal bat- jaso du CONAMA fundazioaren zuzendari Gonzalo Echagüenen eskuetatik, biltzarrak Gasteziko Udalari egindako omenaldiaren erakusgarri. Gorka Urtaran alkateak, hiri guztiaren izenean, saria eskertu du “hain garrantzitsu eta erreferente den proiektuagatik. Udalbatza guztiei esker egin da proiektua 25 urteetan zehar, eta batez ere talde tekniko ikaragarri honi esker”.

 

Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren amaiera-ekitaldian eman diote saria alkateari; Gasteizko Udala ez ezik, beste hauek ere omendu dituzte: Empresa y Clima fundazioa (10 urte bete ditu), Ecovidrio, (20 urte) Biodiversidad fundazioa (20 urte), Joaquín Araujo kazetaria (50 urte), Espainiako WWF (50 urte) eta Parke Naturalen Sarea (100 urte).

 

Udalak protagonismo berezia izan du gaur CONAMAn. Eraztun Berdearen 25 urteengatik aitorpen hori jasotzeaz gain, Gasteizko Udalak hirigintza plangintza iraunkorraren aldeko apustua berretsi du. Izan ere, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentzia sustatutako Hirigintza Ekosistemikoaren Gutuna sinatu du alkateak. Estatuan etorkizuneko hiriak eraldatzeko estrategia horrekin bat egiten duten lehen hirietako bat izan da Gasteiz. Arabako hiriburuak bere hirigintza plangintza aztertuko du, arlo hauetako 44 adierazleak egiaztatuz: lurzoruaren okupazioa, espazio publikoa, mugikortasuna, espazio berdeak, gizarte-kohesioa eta hiri konplexutasuna.

Orobat, areto baten protagonista izan da Udala arratsaldean: hamar udal teknikarik Eraztun Berdearen 25 urteak laburtu dituzte, eta Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 2030ra arte landu duten estrategia azaldu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:28

Gasteiz izan da nagusi gaur arratsaldean Ingurumenaren Biltzar Nazionaleko (CONAMA) areto dinamikoan. Bertan, Gasteizek bere ingurumen eredua aurkeztu du, eta Erazten Berdearen 25 urteak aztertu, 10 minutu inguruko hainbat hitzaldiren bitartez. Ekitaldian Gorka Urtaran alkateak eta udaleko teknikariek hartu dute parte, eta Eraztun Berdean lehen lanak egin zirenetik gaur arte igarotako 25 urteen laburpena egin dute, eta udalak etorkizunerako duen estrategien ildo nagusiak jorratu dira. Izan ere, Gasteizko ordezkariek Eraztun Berdea sendotu eta hobetzeko 2030era arteko bide-orria erakutsi dute: Vitoria-Gasteiz berdeago, hiri-natura sare bizia”.

Eraztun Berdeak 25 urte bete ditu, eta lehen mailako ingurumen, gizarte eta turismo baliabide bihurtu du Gasteizerako. Udalerri iraunkorra gara, European Green Capital gara, eta harro gaude gure bizilagunak sentiberak direlako ingurumenarekin, eta konpromisoa dutelako harekin”, adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Alkateak gogorarazi duenez, “Eraztun Berdea hiriaren ezaugarri behinenetako bat da, eta gune narriatuak naturarako eta aisialdirako berreskuratzeko egindako erronka eder baten emaitza da“. “Hiriaren inguruko parkeen sarea gauzatzea erabateko arrakasta izan da, ekologia eta paisaia aldetik balio handiko hainbat gune ditu, eta orain zaintzea eta hobetzea dagokigu” adierazi du alkateak. Ildo horretatik, etorkizuneko hainbat erronka aipatu ditu, esaterako “Larragorri parkea sortzea, udal gobernuak sustatutako 2025 estrategiaren baitako ekimen nagusietako bat, edo Olarizuko parke botanikoaren ingurua sendotu eta hobetzea, zeinari datozen hilabeteetan eduki gehiago eman nahi zaion, eta ikusarazi. Horretaz gain, Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak burutzen dituzten gainerako proiektuak ere badira“.

Areto dinamikoan udaleko hainbat teknikarik eta alkateak hartu dute parte: Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zuzendari Ainhoa Etxeandia; Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko buru Fernando de Juana, IGIko Iraunkortasunerako Informazio eta Berrikuntza Arloko buru Juan Carlos Escudero, IGIko sentsibilizazio arloko buru Roberto Gonzalez Argote, IGIko ikasketa arloko buru Ane Velasco, IGI Green Labeko koordinatzaile Juan Vilela eta Olarizuko lorategi botanikoko koordinatzaile Agustí Agut. 2030ra bitartean Eraztun Berdea sendotzeko eta hobetzeko estrategia azaldu dute guztien artean. Plangintza horrek —hamabost puntu estrategikotan laburtu da— garrantzi eta garapen-maila ezberdinetako ekintzak barne hartuko ditu, etorkizunetan hainbat eskalatan aplikatzekoak: auzoa, hiria eta lurraldea. Naturan oinarritutako irtenbideak bilatuko dira.

Hitzaldietan, gai gako hauek ukitu dira: biodibertsitatea, ura, energia, mugikortasuna, sozioekonomia, espazio publikoa eta elikadura. Udal teknikariek zenbait proiektu aurkeztu dituzte: Eraztun Berdea eta haren etorkizuna; hiriko errekak; Salburua; Olarizu eta bertako lorategi botanikoa; egitekoa den Larragorri parkea; Gasteizko hiri-azpiegitura berdea, auzoen eta mikropaisaien bidez; oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna; ibilbide berdeak; parke agroekologikoak eta hiri baratzeak; konektagarritasun ekologikoa; hondatuta dauden lurzoruen berreskurapena, eta lurraldeko azpiegitura berdea. Eraztun Berdea sendotu eta hobetzeko ekimen ugari, ekonomia berdea eta garapen iraunkor sustatzeko aukera bikaina.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 azaroa 2018 14:48

 

 

 

 

 

Udalak bat egin du, lore-eskaintza eginez eta Forondako ateko monumentuan falta ziren 24 xaflak jarrizGaur goizean omenaldia egin zaie biktimei eta Agustín Ibarrola artistari Forondako ateko terrorismoaren biktimen monumentuan, COVITEren XX. urteurrena dela eta. Elkarte horrek antolatu duen ekitaldian hartu du parte Gasteizko Udalak, lore-eskaintza eginez eta falta ziren 24 xaflak jarriz —2001etik 2010era arte hildako biktimenak— .

Gorka Urtaran alkateak zorionak eman dizkio COVITEri urteurrena dela eta; orobat, gogoratu du: “Gasteiz biktima guztiekin dago, eta beti adierazi nahi izaten diegu aitorpena, hurbiltasuna eta oroitzeko sostengua, historia errepikatu ez dadin”. Agintaldi honetan biktimei egindako omenaldiak ere aipatu ditu. “Ez da biktimak aitortzeko hainbeste ekitaldirik egin duenik aurretik, ETAk udalerrian hildako guzti-guztiak, baita hiriarekin zerikusia zutenak, aitortzeko”. Monumentua diseinatu zuen artista ere, Agustín Ibarrola, aipatu du Urtaranek, eta haren biktimekiko konpromisoa goraipatu.

Artistaren seme José Ibarrolak aitak diktaduraren eta terrorismoaren kontra izandako papera nabarmendu du. “Elkartasuna, justizia eta duintasuna bere bizitzaren erreferente bihurtu ditu”, adierazi du.

COVITEko kide Javier Urquizak, berriz, eskerrak eman dizkio alkateari monumentua biktima guztien izenez osatzeko egindako lanagatik. “Guztiz bidezkoa zen. Aurreko agintaldietan eskatua genuen, baina alkate honek egin du, eta eskertzen diogu”. Gainera, biktimentzat “justizia, egia eta memoria” eskatu ditu.

Mintzaldien ondoren, COVITEren lehendakari Consuelo Ordóñezek eta alkateak lore batzuk jarri dituzte terrorismoaren biktimen monumentuaren ondoko eskulturaren oinetan; Eusko Jaurlaritzaren, Estatuko gobernuaren, Aldundiaren eta beste erakunde batzuen —Fernando Buesa fundazioa— ordezkariak ere izan dira lore-eskaintzan.

 

 

Share

« HurrengoakAurrekoak »