Prentsa Oharren banner

Gasteizek Urrezko Erratza saria jaso du gaur

Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoa (ATEGRUS) ingurumenaren aldeko lanean nabarmentzen diren erakundeen lana aintzatesteko ematen duen Urrezko Erratza irabazi du Gasteizek.

Ana oregi alkateordeak saria jaso du gaur “hiriko bilketa eta garbiketaren kudeaketagatik eta hondakinak bildu eta kudeatzeko lanean aritzeko abian jarri dituen tresnengatik”. Tresna horiek birziklapenean zuzenean lan egiteko aukera ematen diete herritarrei, eta hondakin gutxiago sortzen”, nabarmendu du elkarte antolatzaileak.

Gorka Urtaran alkateak gasteiztar guztiekin konpartitu du saria, guztien meritua delakoan. “Gure hiria erreferente izan da, da eta izango da aurrerantzean ere gure bizi-kalitatearen hobekuntzarako praktika egokien alorrean, zenbateraino, eta eredu berde bihurtzeraino, praktika iraungarrien eredu. Sariak garbiketa eta hondakinen kudeaketa aintzatesten baditu, lan horietan konplizea dira, zalantza izpirik gabe, gasteiztarrak; izan ere, gero eta kontzienteago direlarik, gero eta gehiago inplikatzen dira hiri hobe baten alde”, azpimarratu du alkateak.

 

Share

Andre Maria Zuriaren plaza boxeo ring bihurtuko da hiriko klima aldaketaren kontrako borrokan energia herritarra pizteko

Koroatzeko BIZANeko adinekoek eta Egibideko ikasleek estreinatu dute ringa, Gasteizen klima-aldaketari aurre egiten laguntzeko belaunaldien arteko lantegi baten ondorioak alkateari aurkezteko

Herritarrek ohitura jasangarriagoak izateko aholkuak biltzen ditu ringak, eta ekainaren 5ean Alde Zaharreko Azokarentzako atal berezi bat izango du, klima-aldaketaren kontra borrokatzen duten Gasteizko saltokien adibideekin

Ekimena Udalaren “% 100 energia herritarra” sentsibilizazio-kanpainaren parte da, zeinak hirian klima-aldaketa arintzea lortu nahi baitu

 

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi alkateordeak boxeo ring berezi bat inauguratu dute gaur Andre Maria Zuriaren plazan; hurrengo 2 egunetan klima-aldaketaren kontra borrokatzeko gune bat izango da eta herritarren artean ohitura jasangarriagoak sustatuko ditu.

Sentsibilizazio-jarduera hori Udalak apirilaren 16an aurkeztutako “% 100 energia herritarra” kanpainaren barruan egingo da, klima-aldaketa gure inguruan eragiten ari den arazoez eta gure eguneroko bizitzan haren kontra borrokatzeko beharraz pertsona guztiak kontzientziatzeko helburuarekin.

Ringa “eskuoihalez” beteta dago, gure egunerokotasunean klima-aldaketari aurre egiteko aholkuekin, eta Koroatzeko zentroko adinekoek eta Egibideko ikasleek maiatzean elkarrekin egindako lantegiaren ondorioak aurkeztu dira bertan. Haiek aurkeztu dizkiete alkateari maiatzean elkarrekin landutako klima aldaketaren kontrako mezuen kartelak, “esperientzia polit honetan adinekoen esperientziak eta sen onak eta gazteen indarrak eta aldatzeko gogoak bat egin dute, erronka hau guztion ardura dela argi uzteko”, azpimarratu du alkateak.

Horrela, bi belaunaldiek gainerako herritarrak kontzientziatu nahi dituzte, eguneroko bizitzan klima-aldaketaren kontrako “ekintzaile” bihur daitezen, adibidez elikagaiak xahutzea saihestuz, kutsatu gabe mugituz eta tokiko kontsumoa sustatuz. Oso ondo definitu dute mezu batean: “Klima-aldaketarena da gurekin betidanik dagoen pandemia”.

18:30etik aurrera, hiriko “klimaren enbaxadore” batzuk bilduko dira gune horretan. Pertsona horiek haien lanekin edo proiektuekin karbono isuriak murrizten laguntzen ari dira ekonomia eta gizarte berdeago bat sustatuz. Hainbat sektoretako esperientziak dira, hala nola merkataritzakoak, nekazaritzakoak edo berrikuntzari loturikoak, eta haien ekimenak aurkeztu, eta hirian trantsizio ekologiko hori nola bultzatu eztabaidatuko dute. Parte-hartzaileen artean CIC energiGUNE Miñaoko ikerketa-zentroko ordezkari Sara Ortiz eta RE-Utiliza, altzariak birziklatzeko eta berrerabiltzeko Aranbizkarreko dendaren sortzailea izango dira, besteak beste.

Ingurumenaren Mundu Eguna

Bihar, ekainak 5, Ingurumenaren Mundu Eguna da, eta klimaren aldeko ringa Gasteiz ON elkarteak antolatu ohi duen Alde Zaharreko Azokaren bihotz berdea izango da. Gune horren inguruan, hiriko 7 saltokik standak jarriko dituzte, modu batera edo bestera aldaketa globalaren kontra borrokatzen duten produktu eta zerbitzuekin. “Helburua da herritarrei erakustea tokiko merkataritza garrantzitsua dela arazo global hori arintzeko, eta herritarrak animatzea modu jasangarriagoan kontsumitzera”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. Hala, adibidez, Almacenes Caypek karpa bat jarriko du haurrekin lantegi jasangarriak egiteko, baina RE-Read liburudendaren standa, Tierra Viva produktu ekologikoen denda, Luz y Bellezaren kosmetika jasangarria, Eguren upategiaren ardo ekologikoa eta Wilco eta Tribal Area Gasteiz denden jantzi jasangarriak ere izango ditugu.

12:30ean saltokiak ringera igoko dira eztabaidatzeko tokiko merkataritzak nola egin diezaiokeen aurre modu aktiboan klima-aldaketari eta aldi berean komunitatean aberastasuna sortu. Edukiera gehienez ere 20 pertsonatara mugatuko da, bai saio honetan, bai ostiral arratsaldekoan, COVID-19aren aurkako araudia betetzeko. Ring-gunea larunbateko 20:00ak arte egongo da zabalik, herritarrek planetaren egungo erronka handienetako bati aurre egiteko aholkuak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dezaten.

“% 100 energia herritarra” kanpainak ekainaren 16an jarraituko du “Herritarrak eta klima-aldaketa” gaiari buruzko web mintegi batekin. Bertan, karbonoan neutro den hiri baten alde lan egiteko bat egin duten pertsonen esperientziak ezagutzeko aukera egongo da, eta Zaragozako Ecodes fundazioak sortutako Klimaren Aldeko Komunitatearen zuzendaria izango dugu bere esperientzia azaltzeko.

Europako Intensify programak diruz lagundutako kanpaina horren baitan hainbat ekintza egin dira bi hilabetetan zehar, besteak beste: “Klimaren zaindariak” jarduera, Ibiltaria eta Toreatzailea azken 50 urteetan hirian eman den klima-aldaketaren lekuko bihurtu zituena; herritarrak sentsibilizatzeko bi ikus-entzunezko pieza zabaltzea; eta “Klimaren enbaxadoreak” ekintza, zeinaren bidez hiriko 5 pertsonak erakutsi duten nola aurre egin dakiokeen klima-aldaketari hainbat sektoretatik, hala nola ikerkuntzatik, nekazaritzatik, mugikortasunetik, tokiko merkataritzatik edo arkitekturatik. Lantegiak eta topaketak ere egin dira, eta asteburu honetako kaleko ekintza topagune garrantzitsu bat da herritarrei mezu hori helarazten jarraitzeko.

 

 

Share