Prentsa Oharren banner

Ekonomia-Sustapeneko Sailak hitzarmena sinatu du Gamarrako Ostalaritzako Eskolarekin, harategiko langileak prestatzeko  

Gasteizko Udalaren eta bGamarrako Ostalaritzako Bigarren Hezkuntzako Institutuaren arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du uztailaren 30ean (ostirala) Tokiko Gobernu Batzarrak

Zehazki, lehen alkateorde Maider Etxebarriak zuzentzen duen Ekonomia-Sustapeneko Sailak Gamarrako lokaletan, betako irakasleek udal-ikastaro bat emateko hitzarmen bat abiarazi du, zeinaren bidez harategietako laguntzaileak prestatuko baitira.

Ikastaro berrian 12 leku daude, 2021eko urria eta azaroa bitartean egingo da, eta udal-sailak 18.426 euroko dirulaguntza emango du.

“Merkatariek langile kualifikatuak eskatzen dizkigute janari freskoen saltokietarako. Hala eskatzen dute, profil oso espezializatua delako, merkatuan nekez aurkitzen dena. Hitzarmen honen bidez sektorearen eskaerei erantzuten diegu; Araban lanbide horretarako ikasketa progesionalen gabezia ordeztu nahi dugu”, azaldu du Ekonomia-Sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak.

Share

Udalak Gabonetako argiztapenaren osagarri, bola argitsu handi bat jarri du Andre Maria Zurian

  • Gasteiz ON elkartearen eskutik, erdiguneko plaza 12 metroko apaingarri batekin dekoratuko da

12 metroko diametroa duen gabonetako bola batek apainduko du Andre Maria Zuria plaza Gabonetan. Gasteizko Udalak Gasteiz ON merkatarien elkartearen eskutik eta Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean bultzatutako argi-egitura originalak aurtengo Gabonetako argiztapena osatuko du, Gasteizko zentro neuralgikoa apainduz.

“Une egokia da jendea tokiko eta hurbileko merkataritza aukeratzera bultzatzeko, gainerako kontsumo-aukeren aurrean. Horregatik, Gabonetako kanpaina hau bereziki dinamizatuko dugu, sektorearen beraren eskutik, besteak beste, argiztapenean inbertituz”, adierazi du Maider Etxebarria alkateorde eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.

Udal Sustapen Ekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak Gabonetako argiztapena hobetzeko ahalegina egin du aurten. Izan ere, herriko merkataritzak fakturaziorik handiena izan duen garaietako bat izan da abendua, eta pandemia hasi zenetik behera egin du kontsumoak. Argi-kontratuaren esleipenduna Iluminaciones Ximenez izan zen, Vigo, Madril, Malaga eta Iruñea bezalako hirietako Gabonetako dekorazioaren ardura duen enpresa bera. Andre Maria Zuriaren Gabonetako bolaz gain, eta Gasteiz On elkartearen eskutik, pinu itxurako beste argi-egitura bat izango du aurten Gasteizek Arka plazan. Argiak abenduaren 4an, ostiralean, piztuko dituzte.

Share

Udalak koronabirusari aurre egiteko materiala erosteko laguntza berriak eskatzeko epea ireki du

 

Gelak, maskarak eta manparak erosteko deialdiak 200.000 euroko aurrekontua du, eta malgutu egin dira betekizunak, saltegi eta enpresa gehiagotara iristea xede.

 

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenerako Sailak ireki egin du saltegi eta enpresei osasun larrialdiak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko laguntza berriak eskatzeko epea. Bigarren deialdi honek 200.000 euroko aurrekontua du babes- eta higiene-materiala eskuratzeko. Urriaren 2an bukatuko da eskabideak aurkezteko epea. Programa Ekonomia Suspertzeko Planean sartuta dago, COVID-19ak tokiko sare ekonomikoan duen eragina arintzeko laguntza eta ekimenen multzo handian.

Honelakoak erostearekin zerikusia duten gastuetarako emango da dirulaguntza, besteak beste: maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatzen dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere. Jarduera eten zelarik, ekipoak eta makinak martxan jartzeko beharrezko gastuak ere barne hartzen ditu. Aurkezten diren proiektu guztiek gutxienez 500 euroko inbertsioa izan behar dute merkataritza, taberna, jatetxe eta ile-apaindegiak badira, eta 1.000 eurokoa, gainerako sektoreetakoek.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira hiriko sektore ekonomikoen eskari nagusietako bati erantzuten baitiote. Lehen deialdian 300 eskaeratik gora jaso ziren eta orain malgutu egin ditugu betekizunak, dirulaguntzak merkatari, ostalari eta enpresari gehiagorengana irits daitezen. Lagundu egin behar diegu, bete-betean ari baitira krisiaren ondorioak pairatzen”.

Sektorearen iradokizunek hainbat betekizun egokitzeko balio izan dute. Horrenbestez, bigarren deialdian 50 langile baino gutxiago (lehen deialdian 10 langile baino gutxiago) eta urteko negozio-bolumena 10 milioitik beherakoa duten enpresak aurkez daitezke (aurrekoan 2 milioitik beherakoa izan behar zuen). Halaber, ezabatu egin  negozioaren antzinatasunaren muga (lehen bi urtekoa).

Laguntzarako 200.0000 euroak bi zatitan banatzen dira: Lehena, txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu pertsonalen sektorerako; bigarrena, lehenengo puntuan sartzen ez diren sektoreetarako.

Ekonomia Sustapenerako Sailak irekia du  enplegua mantentzeko laguntzak eskatzeko epea, osasun-krisiak eragin dien hamar langiletik beherako enpresentzat.  Dirulaguntza 2.000 eurokoa da egindako lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 6.000 eurokoa enpresa bakoitzeko. Kasu honetan, aurrekontua 450.000 eurokoa da, eta eskabideak hilabete honen 11ra arte aurkez daitezke.

Share