Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 urtarrila 2020 13:36

 

 

 

 

 

 

 

Arabako hiriburua IFEMAn egiten ari den Turismo Azokaren erakusleiho itzela aprobetxatzen ari da, nazioartean iraungarritasunaren alorreko ikono gisa duen ospea berresteko. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak Gasteizek Biosphere turismo-helmuga gisa dituen dohainak aurkeztu ditu gaur zigiluak azokan duen standean.

Gasteizek 2016tik dauka Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria. UNESCOk babesturik 1995ean egindako Turismo Iraunkorraren Mundu Konferentzian sortu zen estandar horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio Arabako hiriburuari nazioarteko turismoaren merkatuan, eta elementu bereizgarria da, gero eta kontzientziazio handiagoa duen bisitaria erakartzeko.

Aurkezpenean, Etxebarriak Gasteizek ingurumenarekin eta klima-aldaketaren kontrako borrokarekin duen konpromisoa azpimarratu ditu: “Iraungarritasunak arlo guztietan dituen inplikazioak ulertzen Espainiako lehen hirietakoa izan ginen, baita arlo turistikoan ere. Eta orain ez gara soilik hiri berde bat, baizik eta benetan iraungarria izan nahi duen eta norabide egokien urratsak ematen dituen hiria, turismoaren sektorea inplikatuz, eta besoak irekitzen dizkielarik bisitari kontziente eta izadiaren babesarekin kontzientziatuenei”.

Horrez gain, Gasteiz ‘Biosphere Destinations Community’ko kidea da, hots, klub batekoa zeinetako helmugen iraungarritasuna UNESCOk eta TMEk babestutako konferentzietan globalki adostutako irizpideen bidez bermatzen den. ‘Biosphere Destination’ helmugek Nazio Batuen Erakundeko Garapen Iraunkorreko 17 Helburuei eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioari egiten dieten ekarpenaren neurketa integrala egiten dute, Turismo Iraunkorraren Gutunean adierazitako zuzentarauen bidez.

Arabako hiriburuak Turismo-Helmuga Adimentsu gisa aurkeztu du bere burua

Horrez gain, Gasteizek txosten-diagnostiko bat egingo duela iragarri du gaur goizean, zenaren helburua hiria aztertzea eta Turismo-Helmuga Adimentsua zigilua lortzeko asmoz eman behar dituen urratsak zehaztea den. Gasteiz Basquetourren (Turismoaren Euskal Agentziaren) eta Segitturren (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren mendeko sozietatea da, Espainiako turismoaren alorrean berrikuntza (I+G+b) sustatzeaz arduraduna) eskutik arituko da lanean.

Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek Turismo-Helmuga Adimentsuen sarera atxikitzeak Gasteizentzako aukera dela azpimarratu du. “Gasteizek helmuga turistiko gisa duen erakargarritasuna sustatzeko asmoz, berrikuntzaren bidetik jarraitu behar dugu, abangoardiako azpiegitura teknologikoak finkatzen, herritarrentzat zein bisitarientzat erraz erabiltzekoa eta lagungarria izango direnak, bisitariaren inguruarekiko interakzioa eta integrazioa hobetuko duena, bai eta helmugan izango duen esperientziaren kalitatea ere, aldi berean bertan bizi direnen bizi-kalitatea ere hobetzen delarik”.

Iragarri berri da Gasteizen hautagaitza, baina sarera atxikitako beste hiri batzuen berrikuntza neurtzeko adierazleen artean ondoko hauek daude, besteak beste: turismo-bulegoetako edo gune turistikoki interesgarrietako wifi sareen konektibitatea, bisitarien eskariak eta tokiko enpresarien gogobetetasun-maila ezagutzeko inkestak egitea, helmugetako web-atarien funtzionamenduaren neurketa, sare sozialen interakzioaren kalitatea, baliabide turistikoen edo gune interesgarrien online geolokalizazioa, aplikazio mugikor propioak ezartzea, edo marketinaren eta online posizionamenduaren hobekuntza.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 urtarrila 2020 18:13

 

  • Udaleko Turismo arduradun Maider Etxebarriak BHrekiko proiektua aurkeztu du, Euskadik IFEMA feria-lekuan jarri duen standean.

Araba helmuga ezin hobea da zikloturismoa praktikatzeko eta era askotako bizikleta-bidaiak egiteko. Halaxe azaldu du Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak Fitur turismo azokan, zeina Madrilen egiten ari baita egunotan.

Arabako Lautadako Ibilbide Zikloturista Handiak dituen alde onak aletu ditu Etxebarriak, Grupo BH enpresako zuzendari nagusi José Antonio Gómez Damborenearekin batera, Euskadik IFEMA feria-lekuan duen standean.

“Lurralde aproposa dugu: bertako orografia erraza da; zidor eta errepide sareko trafikoaren intentsitatea, txikia, eta askotariko natura eta kultura baliabideak bisitatu daitezke. Horretaz gain, Gasteiz eta bertako ondare eta kultura harribitxi guztiak ongi konektatuta daude Arabako gainerako aldeekin“, adierazi du Etxebarriak aurkezpenean. “Proiektu honek mugikortasun iraunkorraren alde egiten du, eta lurraldea egituratzen, hiriburuarekin konektatuz; hiriburuak, gainera, turismo-helmuga iraunkorraren Biosphere zigilua du”.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak sustatu du Arabako Lautadako Ibilbide Zikloturista Handia, zeinak zikloturismoa eta natura eta familia turismoa batzen baititu. 2018an hasi zen proiektu lantzen zenbait eragileren artean: Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Arabako Foru Aldundia, Ataria eta BH bikes enpresa. Azken horrek 10 bizikleta elektriko laga ditu ibilbidea egiteko. Ataria zentrotik abiatzen da, non aholkularitza eskaintzen baita, eta ibilgailuak alokatzeko aukera. Asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Prezioa, alokairuko hiru orduengatik 12 euro eta egun osoagatik 22 euro bitartekoa da, eta bizikletak ere hainbat egunetan erabil daitezke. Atariara zuzenean joateko aukera dagoen arren, bizikletak aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen da,  Capital Bikes enpresara deituz (telefonoa: 635360181).

Ibilbidea 112 km luze da, eta 800 metroko desnibel positiboa du. Bizpahiru egunetan egin daiteke. Bidea erraza da, desnibelik eta zailtasun tekniko handirik gabe; beraz, bizikleta mota ezberdinez egin daiteke: hibridoak, legarrerakoak, MTB, etab.

Besteak beste, baliabide turistiko hauek bisitatu daitezke ibilbidean: Ataria eta Eraztun Berdea, Garaioko parkea —bertako bainuguneak bandera urdina du—, Mendixurreko hegazti-behatokia, Aguraingo hirigune historikoa, Alaitza eta Gazeoko pintura gotikoak eta Estibalizko Andre Mariaren basilika erromanikoa. Gasteiz hiriaren eta ibilbideak zeharkatzen dituen nekazaritza eremuen arteko lotura, bestalde, bikaina da errepidez zein trenez, eta erraz eta azkar irits daiteke edozein lekutara.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 abendua 2019 12:08

 

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gorka Urtaran alkatea eta Maider Etxebarria lehen alkateordea pozik agertu dira Elkarrekin udal taldearekin lortu duten akordioarekin, horri esker Gasteizek aurrekontua izango baitu 2020an. “Indar batasun honek gehiengoa edukitzea ahalbidetzen digu, ezinbestekoa baita hiriak datorren urterako aurrekontua izan dezan. Etapa berria irekitzen da Gasteizentzat, Agenda gasteiztarrak barne hartzen dituen etorkizuneko proiektu handiei aurre egiteko behar den bermearekin. Garai berri baterako akordioa”, azpimarratu du alkateak.

EAJ-PNV eta PSE-EEk Elkarrekin taldearekin lotu duten aurrekontu itunak datorren urterako proiektu ekonomikoan ezarritako lehentasunetako bat berresten du: agintaldiko inbertsio handiak abian jartzea. Beste bi lehentasunak, kalitateko zerbitzu publikoen aldeko apustua eta Gasteiz ekonomia berdearen alorrean erreferentea bihurtzea, indartuta geratu dira Elkarrekin-ek 2020rako aurrekontu-proiektuari egindako zuzenketak txertatuta.

“Bat etorri gara funtsezko bi printzipiotan: herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta hiri are jasangarriago baterantz aurrera egitea. Helburuetan bat etortzeak eta Elkarrekin-ek asmo positiboz egindako proposamenak txertatzeak erraztu dute tokiko politikan dinamika berria ekarriko duen akordio hau. Hiria alderdien interesen gainetik jartzeak hau bezalako albiste onak dakartza beti”, erantsi du Gorka Urtaranek.

“Akordio garrantzitsua da, agintaldiko lehen aurrekontua onestea ahalbidetuko duelako. Gasteizek ezin zuen jasan hirugarrenez jarraian aurrekontua luzatzea etorkizunari bermearekin begiratu nahi bazion. Agiri ekonomiko berriak ekonomia, gizarte eta ingurumen garapenean jartzen du indarra, baita berdintasunean ere. Eta, gainera, itunen kulturaren adierazlea da, hain beharrezkoa dena duela bi hamarkadatatik gobernuak gutxiengoan izatera abonatuta zegoen udal batean. Dena eman behar dugu batzeko, lankidetzan aritzeko, aliantzak lotzeko eta elkarrekin arraun egiteko”, adierazi du Etxebarriak.

2020rako aurrekontu-proiektuak 392,6 milioi euro barne hartzen ditu orotara (438,7 milioi udal sozietateen aurrekontuak gehituz gero). Asteazkenean hasiko da zuzenketen eztabaida eta bozketa batzordean, eta Udalbatzak abenduaren 20an onestea aurreikusi da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 azaroa 2019 14:12

 

 

 

 

 

 

 

 

Audioa Gorka Urtaran

 

  • Kalitatezko zerbitzu publikoak sustatuko dira, herritarren eskakizun nagusiei erantzuteko, 148,3 milioi euroko injekzioa bitarte
  • Enplegua sortzearen aldeko erronkari, Gasteiz ekonomia berdearen alorrean nazioarteko erreferente bihurtzera bideratutako proiektuak gehituko zaizkie

 

Udal gobernu taldeak hiru helburu finkatu ditu 2020rako aurrekontu-proiektua definitzerakoan: etorkizuneko inbertsio handiak ekonomikoki babestea, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea, eta enplegua sortzea, Gasteiz ekonomia berdearen alorrean nazioarteko erreferente izan nahi duela aintzat hartuta. Irizpide horietan oinarrituta, guztira 392,6 milioi euroko programa ekonomiko bat osatu da (238,7 milioi eurokoa, baldin eta udal-aurrekontuari AMVISA, TUVISA, Zabalgune 21eta GILSArena gehitzen bazaio). 19,02 milioi eurotan gaindituko da 2019ko aurrekontu luzatuaren zenbatekoa (hots, % 5 gehiago izango da), hartara azken bederatzi urteetako zenbatekorik handiena izango delarik.

Gorka Urtaran alkateak, Maider Etxebarria alkateordeak eta Iñaki Gurtubai Ogasuneko zinegotziak aurkeztu dute proposamen ekonomikoa, non langile-gastuak alde batera utzita, hiru sailek 40 milioi euroko kopurua gainditzen dute:Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza (48,9 milioi euro), Ogasuna (46,1 milioi euro) eta Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak (42,6 milioi euro). Udal Administrazioa eta Eraldaketa Digitaleko arloak ia 30 milioi euroko kopurura helduko da (29,96 zehazki), eta Mugikortasuna eta Espazio Publikoarena 25 milioikora hurbiltzen da (24,9). Kultura eta Hezkuntzaren Saila 12,4 milioiko aurrekontura iritsiko da, eta Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailari 11,9 milioikoa esleitu zaio. Kirol eta Osasun Sail sortu berriak 10,06 milioi euroko aurrekontua izango du.

“Zifra hauei buruzko bi ezaugarri nabarmentzeko, esan behar da, batetik, datorren hamarkadarako nahi dugun Gasteizi begiratzen diotela, eta bestetik oso kontuan dituztela gure bizi-kalitatea bermatzeko udal-jardueraren zutabeak. Orain arte ez bezalako ahalegina egingo dugu jendearen egunerokoan zerikusirik gehien dituzten zerbitzuak indartzeko, dela garbiketa, dela segurtasuna. Baina, horrez gain, inbertitu egingo dugu superhiri europarra bihurtzen lagunduko digun agendaren elementuetan, esaterako mugikortasun iraunkorrean eta kultur eta kirol azpiegitura berrietan”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak pozik agertu da, sozialisten eskua nabari delako, zertan, eta aurrekontu-proiektuak ardatz gisa ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-garapena hartzean. Plan ekonomiko hau etorkizunari begiratzen dion eta pertsonak udal-jardunaren muinean kokatzen dituen hitzarmen baten emaitza da Mundu zabalean ekonomia moteltzen ari dela argi erakusten duten datuak ditugun une batean, oso argi dugu bizi-kalitateari dagokionez erreferentetzat jotzen den hiri honek bere politika sozial eta ekonomikoen oinarrian dauden egiturei eutsi egin behar diela”. Ildo horretatik, zinegotziak azpimarratu du Gizarte Politiken Sailak 42,6 milioi euroraino igoko dula aurrekontua. Horrez gain, Ekonomia-Sustapenekoak ere eskainiko ditu  “6,8 milioi euro enplegu-politika aktiboetara, hau da, aurrekontu osoaren erdia baino gehiago”. Zinegotziak eskua luzatu die gainerako taldeei “adostasun bidetik”, hartara urtea amaitu baino lehen udal-kontuei lehen onespena eman ahal izateko.

Etorkizunerako proiektu handien hasiera

Gaur aurkeztutako aurrekontu-proiektuak Udalbatzaren onespena lortzen badu, 2020 erreferentziako urtea izango da agintaldi honetarako gobernu-programan ezarritako proiektu handientzako. Horretarako, lau eremu estrategiko zedarritu dira, zeinetan inbertsio horiek sartu.

Kultura

  • Gasteiz Antzokia: 2.600.000 euro, Ruiz de Bergaratarren jauregia birgaitu eta erabilera berrira egokitzeko.
  • Principal antzokia eraberritzea: 530.000 euro 2020an eraikuntza-proiekturako, eta beste 3 milioi euro 2021ean eta 2020an, beste erakunde batzuen ekarpenak kontuan hartu gabe.
  • Entzunareto berria: 250.000 euro 2020an, eta beste 8.000.000 hurrengo urteetan, gainerako erakundeen ekarpenak kontuan hartu gabe.

Kirola

  • Kirol-zelaien zaharberritzea: 800.000 euro 2020an, eta AMVISAk jarriko dituen beste 1.500.000 euro, aurreko agintaldian lortutako hitzarmenari esker. Instalazioak zaharberritzeko planean –zein hiriaren kirol-ehunarekin koordinatzen baita–, 2021-2023 aldiko hurrengo urteetan xede horretarako milioi bat euro inbertitzea aurreikusten du.
  • Mendizorrotzeko estadioa zaharberritu eta handitzea: 304.000 euro 2020an, eta beste 8.000.000 hurrengo urteetan, gainerako erakundeen eta Deportivo Alavésen ekarpenak kontuan hartu gabe.
  • Beti Jai pilotalekuak zaharberritzea: 1.000.000 euro, aurtengo udan hasitako zaharberritze-lanei jarraipena emateko.

Espazio Publikoa

 Espazio Publikoaren Gida-planak 2.500.000 euroko zuzkidura jasotzen du, Gasteziko zenbait auzotan obrak egiteko. Zenbateko horri berariazko zuzkidura duten beste proiektu batzuk batu behar zaie, esaterako Ariznabarreko lurrazaleko aparkalekua (350.000 euro bideratu dira horretarako).

Aurrekontu-proiektuak aintzat hartzen du baita datorren urtean Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko obren bigarren faseari ekiteko aukera (lehen faseko obrak orain ari dira egiten). Horretarako, 1.400.000 euroko diru-partida sortu izan da.

Horrez gain, Gasteiz Hobetuz programaren azken edizioan aintzat hartutako proiektuak burutzera bideratuko dira beste 600.000 euro. 2021-2023 aldiko hurrengo urteetan 1.500.000 euro konprometitu dira xede horretarako.

Erdi Aroko hiriguneak, 493.000 euroko inbertsioa jasoko du berariaz, bertako ondare historiko eta kulturala babesteko, jarduera sozial eta ekonomikoa sustatzeko eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko. Udalerriko 63 menpeko toki-erakundeek 1.935.000 euro jasoko dituzte.

Udal instalazioak

Zenbait udal-eraikin eta -instalazio hobetzeko plana aurreikusten da, Jasangarritasun Energetikoari buruzko euskal lege berrira eta barruan hartzen dituzten zerbitzuetara egokitu daitezen. Xede horretara 2.572.500 euro bideratuko dira 2020an, eta beste 5.290.000 euro hurrengo urteetan.

Kalitateko zerbitzu publikoak

Aurrekontu-proiektuaren beste ezaugarrietako bat zerbitzu publikoen alorreko apustu handinahia da, batez ere herritarrengandik gertuen daudenei dagokienez. Bereziki lau multzo handi hauetan handitu da zuzkidura ekonomikoa:

  • Hiri garbiketa / hondakinen bilketa / tratamendua / birziklatzea: 41.703.000 euro; garbiketa-kontrata berria martxan jartzea, tamaina handiko gauzen bilketaren kalitate-jauzia eta gaikako bilketan egitekoak diren aldaketak nabarmentzen dira aurreikusitako jardueren artean.
  • Herritarren segurtasuna: 35.361.401 euro, besteak beste, auzoko polizia, Genero Indarkeriaren Atala eta Adingabeen Atala sendotzeko eta agente kopurua handitzeko.
  • Inbertsioak auzoetan. 24.800.000 euro, eraikinak birgaitzeko eta energia eraginkortasuna hobetzeko, hiria biziberritzeko eta espazio eta ekipamendu publikoak hobetzeko erabiliko direnak.
  • Berdeguneak mantentzea: 4.408, 00 euro
  • Garraioa: TUVISAren gastuen aurreikuspena datorren urterako 27.083.382 euro da. Udalak 24.800.000 euro jarriko ditu sozietatea finantzatzeko.

Gizarte politiken alorrean —Gasteizen ezaugarri behinenetako bat eta aurrekontu handiena dutenen arteko bigarrena— Etxez Etxeko Zerbitzua eta adinekoentzako zentro soziokulturalen kudeaketa gailentzen dira: lehenengoari 12.276.837 euro esleitu zaizkio; bigarrenari, 3.097.986 euro. Haurtzaro Zerbitzuarekin lotutako partidak, berriz, 1.821.037 eurora iritsiko dira.

Erreferentea ekonomia berdearen alorrean

2020rako aurrekontu-proiektuaren hirugarren ekintza arlo handia ekonomia berdearen alorrean enplegua sortzearekin eta Gasteiz erreferentziazko lekuan jartzen saiatzearekin lotuta dago. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, prestakuntza eta laneratze plan berriak jarriko dira martxan, Eskualdeko VII. Enplegu Planaren bitartez, zeinak 3.947.195 euroko inbertsioa izango baitu 2020an.

Horretaz gain, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak ia 2 milioi euro jarriko ditu lanpostuak sortzeko eta Gazteen Enplegurako Programa Eragilerako. Aurretik dauden prestakuntza-baliabideak indartzeaz gain, hezkuntza eragileekin batera prestakuntza-plan dualak landuko dira; 635.000 euro erabiliko dira horretarako.

Datorren urtean, bestetik, Toki Garapeneko Bulegoa jarriko da abian, enpresa-proiektu berriei lagundu eta lehendik daudenak sustatzeko, 660.000 euroko zuzkiduraz. Gasteiz turismoaren jomuga gisa promozionatzeari, aldiz, 743.300 euro esleituko zaio orotara.

Ekonomia berdearen alorrean, mugikortasun iraunkorrari dagokionez lidergoa lortzea izango da lehentasunezko jarduera-ildoa. Udalak 14.500.000 euro jarriko ditu autobus elektriko adimentsua ezartzeko lanak —hasiak dagoeneko— eta tranbia hegoalderantz eta Salbururantz luzatzeko lanak egiteko. Etorkizuneko mugikortasunerako hiru proiektu estrategiko horiek burutzeko Udalak 83.000.000 euro jarriko ditu orotara.

Ekonomia berdearen sektorea indartzeko inbertsioen artean sartzen dira halaber 60.000 euro taxi elektrikoak erosten laguntzeko, eta 280.000 euro bizikleta-bideak hobetzeko.

Eraztun Berdea mantendu eta hobetzeko partidek 1.200.000 euro hartzen dute, eta Gasteizen marka “berdea” kokatzeak —Ingurugiro Gaietarako Ikastegia arduratzen da horretaz— 2.802.635 euro.

Zorroztasun ekonomikoa

Beste urte batez, kudeaketaren zorroztasuna da aurrekontu-proiektuaren ezaugarrietako bat. Azken lau ekitaldietako zulo ekonomikoaren murrizketari eta lortu den aurrezpen garbiari esker, aurten 10.950.000 euroko partida aurreikusi da mailegu-amortizaziorako. Iazko ekitaldian 18.232.050 euro zituen partida horrek, baina zenbait mailegu ordaindu direnez, amortizazio beharrak gutxitu egin dira.

Aurrekontuan jasotako diru-sarrerei dagokienez, administrazio zentralaren 459.389 euroko ekarpena nabarmendu beharra dago. Eusko Jaurlaritzak, berriz, 22.643,981 euroko transferentzia aurreikusi du. Mugikortasun iraunkorrarekin lotutako inbertsioak gehitu behar zaizkio horri. Arabako Foru Aldundiak, azkenik, 188.342.138 euroko ekarpena egiten dio udal aurrekontuari, gehien bat Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsetik datorrena.

Genero-ikuspegia duten lehen aurrekontuak

Ogasun arloaren gobernu-programan iragarri zenari jarraituz, genero-ikuspegia kontuan hartzen duen lehen aurrekontu-proiektua izango da hau. Izan ere, kontuen zirriborroak partida ekonomikoek gizon eta emakumeengan duten eragina bereiz aztertzeko konpromisoa barne hartzen du. Gainera, berariaz hartu da kontuan generoa zenbait partidatan, alor hauetan: Enplegua, Giza Baliabideak, Kirola, Lurraldea eta Espazio Publikoa.

Orobat, zerbitzu jakin batzuek gizon nahiz emakumeengan eragin handiagoa duten aztertuko da aurrekontua gauzatu ahala. Diagnostiko hori funtsezkoa izango da gerora berdintasunean oinarritutako jarduera-ildoak ezartzeko.

Datorren urterako aurrekontu-proiektuaren aurkezpena amaitzeko, alkateak azpimarratu du: “hau da gure proposamena, baina, jakina, gainerako talde politikoei irekita dagoen proposamena da. Izan ere, 2020rako aurrekontu proiektua partekatua izatea nahi dugu, eta beste talde politikoek eta beste kolektibo batzuek tramitazioan egiten dituzten iradokizun eta ekarpenez aberastea”.

Tokiko Gobernu Batzarrak aurrekontu-proiektua onesteak eman dio hasiera prozesuari, eta abenduaren 20an jarri da muga-eguna Udalbatzak behin betiko onets dezan.

2020 AURREKONTUAREN DOSIERRA

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 abuztua 2019 14:37

 

Lehen alkateorde Maider Etxebarria eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto Haurren ezkontzak erakusketaren inaugurazioan izan dira gaur, ‘Kazetaritza, bertatik bertara’ jardunaldien VII. Edizioaren barruan. Duela bi aste paratu zuten erakusketa Gasteiz hiribidean, baina gaurko ekitaldian Pedro Armestre prentsa-argazkilari izan da, eta bisita gidatua egin du, eta bere lanaren zenbait gako azaldu ditu. Paneletan Sierra Leonan nahitaezko ezkontzei buruzko argazkiak erakusten dira.

Maider Etxebarriak txalotu egin du prentsa-argazkilariaren lana, zeinen irudiek islatzen duten “zeinen zaila eta nekeza den kamera aurrean irribarre egitea, haurtzaroa lapurtu dizutenean”. Erakusketaren esperientziak barruak ukitzen dituen arren, alkateordeak azpimarratu du erakusketa hau dela “beharrezkoa bezain latza”. Estíbaliz Cantok zerbait gehitu du: “Sierra Leonan neska asko esklaboen pare bizi dira. Gizonezkei emanak, gizonezko horiek mendean hartuak, baldintza zinez gogorretan erditu beharra… Bakarrik sentitzen dira, benetako amesgaizto baten erdian”.

‘Derecho Humano al Agua’ (“Ura eskura izateko giza eskubidea”) Izeneko hitzaldia eskainiko du gar arratsaldean pedro Armestrek Europa jauregian, horixe ere jardunaldien baitan. Hitzaldian, Armestrek hausnar egingo du Erdialdeko Amerikaren kasuario buruz, non eskubide hori kolokan baitago, kudeaketa txarraren eta multinazionalen interesen ondorioz.

Erakusketa Gasteiz hiribidean egongo da, Europa jauregiaren aurrean, irailaren 1era arte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 abuztua 2019 12:46

 

 

  • La Txurreria Films, IXA Taldea eta Amania Films bertako ekoiztetxeek beren proiektu berriak aurkeztuko dituzte FesTValen.
  • Ion Aramendi izango da aurtengo amaiera ekitaldiko aurkezlea; Juan Luis Iborrak eta Alberto Maesok zuzenduko dute ekitaldia, eta Humberto Gutiérrez izango da gidoilaria.

  

Luxuzko boskote bat omenduko du aurten FesTValek, kameren aurrean egiten duten lana saritzeko. Juan y Medio, Juanra Bonet eta Jon Sistiaga omenduko ditu aurtengoan Joan Ramón Mainat sariak, zein ekoizle katalan gogoratuaren ohorez sortu zen.

Rosa María Calaf erreportari mitikoak Constantino Romero saria jasoko du, Albaceteko komunikatzaile ospetsuaren ohorezkoa, eta Itziar Ituño antzezleak -besteak beste La casa de papel serieko protagonistak- irabazi du AISGEk denboraldiko interpretazio nabarmenenari ematen dion saria jasoko du.

Aintzatespen horiek guztiak Gasteizko XI. Telebista Jaialdiaren amaiera ekitaldian banatuko dira, hiriburuko Principal antzokian, datorren irailaren 7an, berrikuntza nabarmen bat izango duen ekitaldi batean.

Hitzordu hori hamar urtez xarma handiz zuzendu eta aurkeztu ostean, Luis Larroderak Ion Aramendi euskal komunikatzaileari emango dio txanda. EITBko ¡Qué me estás contando! saioaren aurkezleak ikuskizun desberdin baten alde egingo du, zeinaren gidoia Humberto Gutiérrez komikoak idatzi duen. Juan Luis Iborrak eta Alberto Maesok zuzenduko dute hiriburuko Principal antzokira bertaratzen direnei ezusteko ugari emango dizkien ekitaldia.

Maider Etxebarria alkateordeak ezagutaraziu ditu gaur goizean sariak eta aurkezle berriaren identitatea, alboan zituela FesTValeko zuzendari Joseba Fiestras eta Ion Aramendi berbera. Ekonomia Sustapeneko zinegotziak nabarmendu egin du zergatik babesten duen Gasteizko Udalak FesTVal ekimena: “Gasteiz ikus-entzunezkoen mapan kokatzeaz gain, erreferentzia garrantzitsu bihurtu da herrialde osoko ekoizleentzat”.

Tokiko ekoizpenak, agertokira

Hasieratik beretik ohi bezala, FesTValek ikus-entzunezkoen sektoreko profesional garrantzitsuenak bilduko ditu beste behin ere Gasteizen, PROFESTIVAlen egitarauaren inguruan.

Testuinguru horretan, Arabako ekoiztetxeek berebiziko protagonismoa izango dute, ikus-entzunezko proiektu berriak aurkeztuko dituztelarik. Hartara, La Txurreria Films, IXA Taldea eta Amania Films ekoiztetxeak PROFESTIVALeko topaketa baten protagonista izango dira, irailaren 6ko (ostirala) 17:00etan, Europa biltzar-jauregian.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 uztaila 2019 14:17

Alkateordeak bere taldea lantzen ari den hamar neurri aletu ditu, besteak beste, laneratzeko planak, San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturalaren obrak, eta familientzako liburutegi berria Arriagan

 

 

 

 

“Ez da minutu bat ere galdu behar”. Maider Etxebarria alkateordeak, Gizarte Arloaren, Ekonomia Sustapenaren, Herritarren Segurtasunaren eta Kulturaren arduradunak, sail horiek agintaldia abiatzean lantzen ari diren hamar ekintza aurkeztu ditu gaur, “Gasteiz dinamikoagoa izan dadin laguntzeko, pertsonak udal kudeaketaren erdigunean egon daitezen eta bizi-kalitatearen erreferentzia izaten jarrai dezan”.

Alkateordeak azaldu duenez, ekimenak garapen fase ezberdinetan daude. Batzuk “dagoeneko abian dira“, beste batzuk laster gauzatuko dira, eta besteek, “hilabete batzuk” beharko dute. Horien artean daude enplegu-plan berriak, erreklamazio historikoak —San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala egitea, esaterako—, Arriagako familientzako liburutegia handitzea edo Europa jauregia promozionatzeko jarduera irekiak antolatzea, 30 urte bete berri baititu.

Hamar ekintza

1.- Enplegua. Etxebarriak enplegua aipatuz ekin dio agerraldiari, arlo horretan “azeleragailua sakatzea erabaki baitugu”. Udala Lanbideren hiru deialditara aurkeztu dela iragarri du, eta horien bitartez 510 pertsonari eman liezaiekeela enplegu, hau da, aurreko ikasturtean baino 108 gehiagori. Bi motatako kontratazioak sustatzea da helburua: enpresek egindakoak eta Udalak berak egindakoak. Lehen kasuan, langabeak lan-munduan txertatzeko balioko dute laguntzek; bigarrenean, aldiz, onuradunek esperientzia har dezaten.

2.- Ekonomia zirkularra. Alkateordeak azaldu duenez, IHOBE sozietate publikoaren bi laguntza lortu dira ekonomia zirkularrarekin lotutako udal proiektuak gauzatzeko; 2020ko amaierara arte garatuko dira, eta 50.000 euroko laguntza ekonomikoa izango dute. Lehen programaren xedea tamaina handiko hondakinetako materialak baliatzea izango da, esaterako, koltxoien malgukiak, “tratatu eta produkzio prozesuetan berriro sartzeko, eta haien bizitza erabilgarria luzatzeko“. Bestean, Gasteizko saltoki eta lantegietako bizikleta-pneumatiko erabiliak aprobetxatuko dira, obra publikoetan berrerabiltzeko. Partaidetza mistoa izango dute plan horiek: udal teknikariek gidatuko dituzte, eta enpresa espezializatuek gauzatuko.

3.- Europa jauregiaren urteurrena. Europa jauregiak 30 urte bete berri ditu, eta modu ezin hobean ospatu du. Izan ere, Biltzar Jauregien Elkartearen batzar nagusiak APCEren XVII. Biltzarra egiteko hautatu du ekipamendua; 2020ko uztailean izango da hori. Ekitaldia “biltzarren biltzarra” dela esan ohi da, eta estatuko biltzar jauregi garrantzitsuenen arduradunak bilduko ditu: “aukera handia izango da gure hiria eta gure probintzia promozionatzeko“, esan du Etxebarriak. Ildo horretatik, irailean zenbait ekitaldi egingo dira eta, berritasun gisa, Europa jauregiko zenbait gune “ihes gela” bihurtuko dira. Orobat, bisita gidatuak antolatuko dira, eta teilatuko terraza handia ere bisitatu ahalko da.

 4.- Adinekoentzako udal bulegoa. Gizarte Politiken Saila adinekoentzako udal bulegoa izango denaren definizioa taxutzen ari da. Jon Armentia buru duen arloa edukia lantzen ari da, kokalekua zehaztu aurretik. Baliabide berriak lau behar hauei erantzun nahi die: arrisku-egoerak eta eskubideen urraketak antzematea; adinekoentzako udal baliabide, programa eta jarduerez informazioa, orientabideak eta aholku ematea; partaidetza sustatzea, eta udal jarduera edo baliabideen funtzionamenduari buruzko iradokizunak jasotzea.

5.- San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala. Maider Etxebarriak iragarri du “hil honen amaieran” hasiko direla San Martineko adinekoentzako zentroaren obrak. Sei hilabete iraungo dute lanek, eta 823.050 euroko inbertsioa eskatuko dute. Ekipamenduak 1.300 metro koadroko azalera erabilgarria izango du.

Alkateordeak esan duenez, Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zerbitzuaren obrak ere “laster” hasiko dira, eta urte erdia iraungo dute. Udalak eta enpresa adjudikaziodunak joan den astean sinatu zituzten eraberritzeko lanen aurreko agiriak. Instalazio horrek 500 metro koadro hartuko ditu, eta 30 adinekori emango die zerbitzu.

6.- Udaltzain eta suhiltzaileen plantilak sendotzea. Herritarren Segurtasunaren alorrean, lehen urratsak egin dira udaltzain eta suhiltzaileen plantilak sendotzeko. Hutsik dauden lanpostuak betetzea da helburua, Udaltzaingoan bakarrik “30 inguru” izan baitaitezke, lehen kalkuluen arabera. “Zerbitzurik onena emateko behar diren giza baliabideak eduki nahi ditugu”, esan du Etxebarriak.

7.- Haurrak babesteko kanpaina. Alkateordeak abian jarriko dituzten beste neurri batzuk aipatu ditu, “neurri txikiak izan arren, lasaitasuna ematen baitute, eta emaitza handiak segurtasunaren alorrean“.  Zehazki, Udaltzaingoak haurrak babesteko kanpaina bat jarriko du abian, oso sinplea baina eraginkorra: haurrak identifikatzeko 10.000 eskumuturreko banatzea, doan.  Helduek Andre Maria Zuriaren jaien aurretik jaso ahalko dituzte gizarte etxeetan eta Turismo Bulegoan —oraindik ez da zehaztu zein egunetan hasiko diren banatzen—, eta telefono mugikorraren zenbakia idatzi horietan; hartara, umea jaietako jendetzaren artean galtzen bada errazago aurkitu ahalko dute.

8.- Herritarren Udal Txartela (HUT). Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak Herritarren Udal Txartela (HUT) gailu mugikorrekin ((iOs eta Android) lotzeko bide emango du, abonatuek telefono mugikorra erabiliz sartzerik izan dezaten udal instalazioetan eta gizarte etxeetan.

9.- Liburutegiak. Gizarte Etxeen Zerbitzua zenbait aukera aztertzen ari da Arriagako gizarte etxeko familientzako liburutegia handitzeko, “ez baita nahikoa auzorako, ez delako 40 metro karratura ere iristen“, deitoratu du Maider Etxebarriak. Baliabidearen “azalera hirukoiztea” da helburua, “material bibliografiko gehiago edukitzea eta liburutegi sarearen programazioa hartu ahal izatea“; azken hori ezinezkoa da orain, ez baita lekurik.

10.- GO Kultura. Kulturak komunikazio digitalerako estrategia berria jarri du abian aste honetan, baita identitate korporatibo eta web-orri berriak ere, hiriko kultur ekitaldi guztien edukiontzi bihurtzeko asmoz. Estrategia berriaren xedea da “espazio komuna sortzea, agente, proiektu eta espazio publiko zein pribatuak ikusarazteko, eta Gasteizen kulturan interesa duten pertsonen komunitatea sortu eta sendotzea“.

Amaitzeko, Maider Etxebarriak adierazi du hamar neurri horiek “pertsonak udal jardunaren erdigunean jartzen” dituztela, “eta gure taldearentzat oinarrizko diren zenbait helburu betetzen: enplegua sustatzea, zerbitzu publikoak hobetzea, adinekoen partaidetza bultzatzea eta Gasteizek ekitaldiak egiteko duen potentziala baliatzea“.

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 uztaila 2019 14:06

 

Gaur goizean izan da atzo jokatu zen Gasteizko Ironmaneko sariak banatzeko ekitaldia, Europa jauregian. Irabazle izan dira Eneko LLanos gasteiztarra gizonezko profesionalen sailean, eta Heather Jackson estatubatuarra emakumezkoen artean.

Gorka Urtaran alkatea eta Maider Etxebarria alkateordeak hartu dute parte –beste agintari eta erakunde-ordezkari batzuekin batera– 53 herrialdetako 2.100 atleta baino gehiago biltzea lortu duen kirol probako sariak banatzeko ekitaldian.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 uztaila 2019 11:39

Gorka Urtaranek eta Maider Etxebarriak helburu komuna dute: proiektuak batzea Gasteiz hiri erakargarriagoa eta bizi-kalitate handiagokoa izan dadin.

 Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

UDAL GOBERNUKO ORGANIGRAMA ARLOKA

Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak agintaldi honetarako gobernu hitzarmena sinatu dute gaur. Akordioak pertsonak jartzen ditu gobernu-ekintzaren epizentroan. Alkate Gorka Urtaranek eta PSE-EEren bozeramaile Maider Etxebarriak poza agertu dute lortutako itunagatik, eta helburu komuna dutela azaldu dute: proiektuak batzea Gasteiz hiri erakargarriagoa eta bizi-kalitate handiagokoa izan dadin.

Bi alderdiek lortutako akordioak Gasteizko herritarren pluralitatea islatzen du. Testuak azpimarratzen du desberdinen arteko zeharkako akordioa dela, jomugan hiria eta pertsonak dituena. Orobat nabarmentzen du azken lau urteetan fideltasunean oinarrituz elkarrekin egindako lanak emaitzak izan dituela, eta herritarren bultzada jaso duela.

Horren ildotik, Araba Buru Batzarreko lehendakari José Antonio Susok poza adierazi du, akordioaren oinarria “bi alderdiek azken urteetan elkarrekin egindako bidea” baita, “hiriarentzat eta bertan bizi garenontzat proiektu komun bat gauzatzeko. Gaur hiri hobea dugu. Eta gasteiztarrek berretsi egin dute esperientzia positibo hori hautestontzietan”.. Arabako EAJko lehendakariak eskua luzatu die Gasteizko Udalean ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoei, akordioa handitzeko. Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa izango dira gehien erabiltzen ditugun lanabesak, sustatzen jarraitu nahi dugun hiri baten mesedetan”, adierazi du.

Arabako PSE-EEren izenean, idazkari nagusi Cristina Gonzálezrk adierazi du…

Alkate Gorka Urtaranek nabarmendu du sinatutako agiriaren helburua dela Gasteiz superhiria izatea, erreferente europarra bizi-kalitateari, lehiakortasun ekonomikoari eta iraunkortasunari dagokienez. “Akordio honen arrakastaren bermea da hiriaren indarguneetan oinarritzen dela, eta batzeko helburua duela, proiektuak batzea, borondateak batzea”. Era berean, gobernu pluralen aldeko apustua berretsi du, sentsibilitate desberdinak barne hartzen baitituzte eta, beraz, erantzun hobeak eman baitiezazkiekete herritarren eskariei.

Urtaranek agintaldi honetan garatzekoak diren proiektuen garrantzia azpimarratu du, Gasteizko Agenda osatzen baitute, “Gasteiz eta gure etorkizuna muinean dituen agenda. Ez dugu ahaztu behar oso une garrantzitsua bizitzen ari garela, gure hiriaren bilakaera markatuko duten proiektu ugari baitugu”.

Lehen alkateorde eta PSE-EE taldearen bozeramaile Maider Etxebarriak adierazi duenez, “akordio honek sinesmen osoa dugun proiektu bat gidatzen du. Proiektu honen bidez, nahi duen guztia lor dezakeela pentsatu eta sentitu ahalko du Gasteizek, eta horren uste osoan bizi. Eta bi alderdik aurkezten dugun arren, irekia dago gurekin bat egin nahi dutenei. Batzea da baldintza bakarra. Horixe delako Gasteizerako nahi duguna: batuketak, eta ez kenketak. Batzea, gure asmoak errealitate bihurtzeko: hiri ahaltsua izatea, aukera gehiago, erakargarri gehiago eta bizi-kalitate hobea dituena”.

Etxebarriak erantsi du: “berriro erakutsi dugu gure ezadostasunen gainetik —logikoa dena— nahi eta interes bera dugula, Gasteiz hiri hobea bihurtzea. Hemen bizi diren pertsonek hazkunde pertsonal eta profesionalerako aukera berak izatea”.

Ituna sinatu duten alderdiek erronka hauek dituzte udal mailan: zerbitzu publikoak eta bizi-kalitatea mantentzea, segurtasuna, garbiketa, auzoetan eta industrialdeetan inbertsioak egitea, prestakuntza duala, kalitateko enplegua sortzea, abiadura handiaren etorrera eta integrazioa, bizikidetza, kultura integratzailea, eta partaidetza.

Horren haritik, gobernu akordioa sei ardatzetan egituratu da, bizi-kalitatetik eta kohesiotik hasita. Besteak beste, adinekoentzako zentro soziokultural berriak aurreikusi dira San Martin eta Judimendirako, Lakua-Arriagakoa handitzea, eta Santa Luzian beste bat sortzeko azterlana. Orobat, adinekoentzako udal bulegoa sortuko da eta haiei arreta emateko zerbitzu berriak, haur eta nerabeen bizi-kalitatea hobetuko da, Udalak eta Aldundiak arlo sozialean dituzten eskumenak berrantolatuko dira, Udaltzaingoaren Genero Indarkeriaren Atala eta Adingabeen Taldea sustatuko, eta gazteei etxebizitza lortzeko irtenbideak eskainiko zaizkie, besteak beste.

Konektagarritasunak eta mugikortasunak osatzen dute oinarrizko ardatzetako bat. Horren barruan sartzen dira abiadura handiaren etorrera eta lurpeko integrazioa, Forondako aireportua sendotzea, Jundizko plataforma intermodala garatzea, autobus elektriko adimentsua ezartzea, tranbia hedatzea, bide-segurtasuna areagotzea, eta super-etxadiak garatzea.

Ekonomia eta enpleguari dagokienez, neurri hauek nabarmentzen dira: Tokiko Garapenerako Agentzia eta Berrikuntza eta Enplegu Zentroa sortzea, administrazio izapideak arintzea, II. Tokiko Industria Plana, prestakuntza eta enplegu plan berriak, auzoetako azokak eta hutsik dauden merkataritza-aretoak biziberritzea, Turismoaren Plan Estrategikoa garatzea, eta Miñaoko parke teknologikoa udalerriko gainerako industrialdeekin lotzea.

Hiri berde eta iraunkorra izenburupean ekintza hauek sartu dira: Salburua-Zabalgana ekobulebarra egitea trenbidea lurperatzeak libre uzten dituen lurretan, auzoetako inbertsioak, Eraztun Berdea sendotu eta osatzea, eta udalerria osatzen duten 63 herrien landa-garapenaren aldeko apustua.

Gasteiz nortasun propioa duen, munduari irekita dagoen eta harrotasuna sortzen duen hiri gisa agertzeko, ekimen hauek bultzatuko dira, besteak beste: Gasteiz Convention Bureau sustatzea, Kultura Plan Estrategikoa garatzea, Senda ibilbidean entzunaretoa eraikitzea, Principal antzokia eraberritzea, Iradier Arena hobetzea, Mendizorrotzeko estadio berria eraikitzea, kirol instalazioak berritzeko plana, kirola eta ohitura osasungarriak sustatzea, Erdi Aroko hiriguneko inbertsioak, eta udalaren eraikinak eta instalazioak berritzeko eta onik zaintzeko plan gidaria.

Azkenik, kudeaketa arduratsu, eraginkor, hurbil eta gardenaren aldeko apustuak konpromiso hauek barne hartzen ditu: Mejorando Vitoria-Gasteiz hobetuz eta Herritartasunerako Eskola Irekia programak hobetzea, Herritarren Partaidetzaren Plan berria, agintaldirako plan estrategikoaren kontu ematen jarraitzea, gardentasuna areagotzea, eta datu irekien programa herritarren esku jartzen jarraitzea.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 uztaila 2019 16:34

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak Power Our Future 2019 biltzarra inauguratu du gaur arratsaldean Europa jauregian. CIC Energigunek antolatu du biltzarra, eta ostiralera arte iraungo du. Hainbat herrialdetako ehun aditu eta ikerlarik baino gehiagok energia biltegiratzearen alorreko aurrerapenak aztertuko dituzte.

Etxebarriak horrelako ekitaldi bat Gasteizen egitea nabarmendu du, “egun batzuetan ezagutzaren nazioarteko gune bihurtuko baikara, erreferentzia oso arlo zehatz batean, energiaren alorreko ikerketa eta aurrerapenean hain zuzen, baina baita oso unibertsala den zerbaitean, iraunkortasunean, eta gure hiria eredugarria da horretan. Espainiako hiri industrialenetako bat gara, eta egunez egun lan egiten dugu ingurumena eta herritarrak errespetatzen dituen garapen iraunkorraren alde”.

Share

Aurrekoak »