Prentsa Oharren banner

Antonio Resines aktorea, Gasteiz eta Arabako turismoa sustatzeko bideo baten protagonista

Bideoa kanpaina indartsu baten bidez zabalduko dute sare sozialetan

Maider Etxebarria: “Gasteizen eta Araban ondarea, natura eta gastronomia ez ezik, lasaitasuna eta segurtasuna ere baditugu”

Cristina González: “Ekintza honen bitartez, estatuko merkatuko bisitarien arreta eta bisitariak beraiek erakarri nahi ditugu”

Antonio Resines aktorea da Gasteiz eta Araba turismo-helmuga gisa sustatzeko bideo baten protagonista; ibilbide ikusgarri baten bitartez bertako erakargarri nagusiak erakusten ditu bideoak. Ikus-entzunezkoa gaurtik aurrera zabalduko dute sare sozialetan, kanpaina indartsu baten bitartez. Hainbat artisten eta komunikabideetako profesionalen babesa du hanpaina horrek eta, haiek, guztira, milioi bat jarraitzaile baino gehiago dituzte.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatu dute kanpaina, estatuko merkatuko bisitarien arreta piztu eta bertara erakartzeko.”Antonio Resines oso aktore ezaguna da eta publikoak oso maite du, eta ziur gaude uda berezi honetan gure turismo baliabideak ezagutarazten lagunduko digula”, azaldu du Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatu Cristina Gonzálezek.

Lehenengo alkateorde eta Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak ziurtatu du Gasteiz eta Arabak oso eskaintza erakargarria dutela, natura, ondarea, gastronomia eta turismo aktiboa baitituzte, eta honako hau nabarmendu du: “Eskaintza hori are erakargarriagoa da orain, une honetan jende askok nahi dituen beste gauza batzuk ere baditugulako: ingurune zabalak, lasaitasuna eta segurtasuna. Eta horren berri eman nahi dugu”.

Turismoa sustatzeko proiektu horrek hainbat tresna ditu ikus-entzunezko ekoizpena ‘biralizatzeko’ eta, era horretan, ahalik eta pertsona kopuru handienarengana iristeko. Besteak beste, kanpaina indartsu bat jarriko dute abian sare sozialetan. Hainbat artistek eta komunikabideetako profesionalek hartuko dute parte kanpaina horretan eta, haiek, guztien artean, milioi bat jarraitzaile baino gehiago dituzte.

Ibilbide osoa

Ikus-entzunezkoa Gasteizko Andra Maria Zuria plazan hasten da eta Erdi Aroko Almendrako txokorik ospetsuenetako batzuk erakusten ditu ondoren, esaterako, Otxanda Andrearen dorrea edo Montehermoso jauregia; horren ostean, Gasteizko pintxo famatuak dastatzen ditu eta, gero, Santa Maria katedralaren sekreturik ezkutuenak erakusten. Ikusleek tenpluaren zorupea ikusi ahal izango dute, nabe nagusia, triforioa eta dorrea.

Arabako Errioxa da Araban zeharreko bidaiaren bigarren etapa. Bertan, upategi ezagunenetako batzuk ikusten dira, eta ondoren, mahastien artean afari erromantiko batez gozatu, eta Guardiako kaleetan barna ibiliko da ikuslea. Handik, Gesaltza Añanara egiten du salto bideoak, Gatz Harana erakusteko: Michelin izarrak dituzten sukaldari entzutetsu askok erosten duten gatza egiteko erabiltzen diren larrainak, ur gazia garraiatzen duten kanalak eta gatz spa.

Ikus-entzunezkoa irudi karrusel batekin amaitzen da, eta Arabako eskualdeetako baliabide nagusietako batzuk erakusten ditu, bata bestearen atzetik azkar-azkar: Nerbioi ibaiaren jauzia, Kexaako monumentu multzoa, Landako eta Garaioko barrualdeko hondartzak, Zabalateko gaztelua, Santa Katalina lorategi botanikoa, Varonatarren dorrea, Vasco-Navarro bide berdea, Izkiko golf zelaia, Alaitzako eta Gazeoko eliza margotuak, parke naturalak etab.

Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia sustapen estrategia integral eta koordinatua garatzen ari dira aurten, hiru ardatzen inguruan: barne turismoa sustatzeko “Geldi zaitez” kanpaina, oraindik garatzen ari dena; Antonio Resines protagonista duen sare sozialetako kanpaina, batez ere merkatu nazionalari zuzendua, eta hirugarren kanpaina bat, datozen egunetan argitaratuko dena, eta hurbileko turismoa erakartzea helburu duena.

Share

Ekonomia berpizteko laguntzetara 775.000 euro bideratzea onetsi du Gasteizko Udalak

Ostalaritzarako, saltoki txikiak digitalizatzeko eta enpresa lokal txikietan enplegua mantentzeko laguntza-partida bana onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak proposaturik. Maider Etxebarria lehen alkateordeak maiatzaren 20an aurkeztu zuen Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira laguntza horiek.

Onetsi den lehenengo partida hiriko ostalaritza-establezimendu txikiei zuzendutako laguntzetarako izango da. Zenbatekoa bikoiztu egin da, 62.500 eurotik 125.000 eurora pasatu baita. 50 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikiak ezartzeko, eraberritzeko, ekipamendua erosteko eta modernizatzeko laguntzak izango dira.

Bestalde, merkataritza txikiari —126.000 euroko partida bat bazen lehendik— eta ostalaritzari ematen zaion laguntza osatzeko, hirugarren neurri bat bultzatuko du Udalak, digitalizazioa eta internet bidezko merkataritza sustatzeko, “ez baita epe ertaineko aukera bat, ezpada aurrez aurreko salmentaren alternatiba, gero eta gehiago eskatzen dena”, azaldu du Maider Etxebarria lehen alkateordeak.

Gasteizek abian jarriko dituen digitalizaziorako laguntza berriek 100.000 euroko zuzkidura izango dute, hau da, dirulaguntza horiek lantzen ari zirenean —osasun-krisia baino lehen— aurreikusitakoaren bikoitza. Eraldaketa digitalerako dirulaguntzak telelanarekin, webgune korporatiboaren egokitzapen edo garapenarekin edo online merkataritza sartzearekin lotutako ekipamendu eta software informatikoko inbertsioak ordaintzeko erabiliko dira.

“Digitalizazioa inoiz baino presenteago dago, eta inoiz baino premiazkoagoa da. Tokiko saltoki txikiekin eta ostalaritzarekin egoteko eta eraldaketa horren aldeko apustuan laguntzeko unea da. Konfinamenduarekin baieztatu ahal izan dugu laguntza berri horien beharra, eta bikoiztu egin ditugu, ekimenak hobeto bultzatzeko”, zehaztu du Etxebarriak.

Enplegurako laguntzak gora

Azkenik, Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, enplegura bideratutako partida bat onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Laguntza horiek birformulatu egin dira, lanpostuak mantentzera bideratu. 450.000 eurotik gora izango dira —iaz baino 50.000 euro gehiago—, eta helburua da alarma-egoera deklaratu aurretik zegoen enplegua berreskuratzeko pizgarriak ematea 10 langile edo gutxiago dituzten enpresei, langile kontratatuak dituzten autonomoak barne, egoitza Gasteizen dutelarik.

Erantzunkidetasun publiko-pribatuko mekanismo gisa egituratuko da laguntza hori. 2.000 euro emango dira berreskuratutako lan-kontratu bakoitzeko, eta gehienez 6.000 euroko laguntza emango da enpresa bakoitzeko. Horren truke, alarma-egoera amaitzen denetik edo enpresa ERTEtik ateratzen denetik 4 hilabetez bermatu beharko da plantillari eustea. Gainera, balioespen-irizpide gisa, kontuan hartuko dira lan-kontratuaren kalitatea eta hobekuntza, eta lan-merkatu sartzea zailen duten kolektiboek enplegua berreskuratzea, hala nola 55 urtetik gorakoek edo emakumeek.

Deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Share