Gurasoekin indarkeriaz jokatzen duten nerabeen 38 kasu artatu ditu Gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan esku hartzeko udal programak
Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak duela bi urte jarri zuen abian gurasoen aurkako indarkeria egoeretan garaiz esku hartzeko programa, eta dagoeneko gurasoen kontra indarkeriaz jokatzen duten 38 neraberen kasuak artatu ditu.
Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua 2017an hasi zen baliabide honen bitartez gazteei eta horien familiei laguntzen. Ordura arte ez zegoen arazo indarkeria-egoera horri aurre egiteko halako baliabiderik. “askotan indarkeria ikusezina da, baina igoera nabarmena izan da” adierazi du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek, programa honen emaitzen berri emateko prentsaurrekoan.
López de Munainek adierazi duenez “gurasoen aurkako indarkeria arazo larria da eta salaketak izatera irits daiteke, eta horrek familiaren esparruan arazoari konponbiderik eman ezina islatzen du”. Zentzu horretan, udaltzaingoak 29 kasu erregistratu ditu seme-alabek gurasoekin indarkeria erabiltzeagatik; horietako 8tan, eragileak 18 urtetik beherako gazteak ziren, eta udal programa hau horiek ditu ardatz.
Esku-hartzeko metodologiak hiru maila ditu: seme-alabak, gurasoak eta, azkenik, familiak. Nerabeekin gizarte trebetasunak, autokontroleko jarrerak eta enpatia lantzen dira, indarkeriazko-jarrera horiek saihestea xede. Gurasoei autoritatea berreskuratzeko trebetasunak ematen zaizkie, hartara, seme-alaben jarrera oldarkorrak bideratzerik izan dezaten. Familia-mailan, berriz, harreman positiboak sustatzen dira, errespetuan eta maitasunean oinarritutako familia-giroa sortzeko.
Metodologia hau gida eta kontsultarako balioko duen argitalpen batean jaso da. Oraingoz, 119 pertsonak hartu dute parte: Jokabide oldarkorra duten 38 nerabek -batez besteko adina 14 eta 15 urte-, 62 gurasok eta 19 neba-arrebak. Emaitzak oso positiboak izan dira:
- Gurasoekiko indarkeriazko jokabideak gutxitu egin dira.
- Depresio sintomak gutxitu egin dira bai gurasoen bai seme-alaben artean, eta horrek familia-esparruko egoera zailak kontrolatzeko ahalduntzea dakar.
- Gurasoek bere egoera partekatu dute; hau oso erabaki positiboa da, arazoa ukatuz gero ezin baita laguntza bilatu.
Emaitza hauetaz gain, guraso eta seme-alabek hainbat helburu izan dituzte astero, eta horiek lortuz joan dira:
- Elkarbizitzarako arauak ezartzea.
- Aldeen arteko komunikazioa hobetzea.
- Gurasoen eskumenak hobetzea.
- Seme-alaben autokontrola eta erantzukizuna hobetzea.
Datu hauek programan parte hartu duten 22 familiari egindako 3 ebaluazioren emaitza dira: lehena, esku hartzearen aurretik, bigarrena, amaieran, eta azkena, programan parte-hartzeari utzi eta 6 hilabetera. Balioespen hauek familiek programarekiko duten asebetetze maila ezagutzeko ere balio izan dute, eta oso maila altua izan da.
“Gu ere pozik gaude. Ez genuen arazo larri honi ekiteko baliabide berezirik, eta orain propio dugun honek semen-alaben jokabide oldarkorrak gutxitzen ditu, egoera hobeto kontrolatzeko baliabide eta gaitasunak ematen dizkie gurasoei eta familian elkarbizitza hobetzen laguntzen du. Autoritatea, errespetua eta autokontrola jorratzen ditugu, besteak beste, aurre egin ezean familia-esparrua gaindi dezakeen errealitatea lantzeko. Ezin dugu ahaztu adingabeko erasotzailea heldu biolentoa izan daitekeela, eta hori saihestu egin behar dugu” adierazi du Peio Lopez de Munainek.