Prentsa Oharren banner

‘Tetrapack 2021’ erakusketa hartuko du Amárica aretoak, maiatzaren 21etik ekainaren 27ra bitartean

Maitane Campos, Asier Corredera, Liam Mcdonnel eta María Fariñas artisten sorkuntza-lanak erakutsiko dira

 

Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako ‘Gazte Klik Klak 2020’ argazki eta bideo digitalen lehiaketan hautatutako pieza artistikoak biltzen dituen ‘Tetrapack 2021’ erakusketa hartuko du Amárica aretoak, maiatzaren 21etik ekainaren 27ra bitartean. Sorkuntza artistikoa bultzatu nahi da ekimen horrekin, erakusketa-aretoetan 14 urtetik 25era bitarteko sortzaile lokalen lana erakutsiz.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val eta Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landa izan dira erakusketa aurkezteko prentsaurrekoan.

“Sorkuntza artistikoaren sustapenean erakundeen arteko lankidetzak —sortzaile gazteei beren lana ezagutzera emateko espazio eta tresnak eskaintzeak, Amárica aretoa, kasu— nolako garrantzia duen azpimarratu nahi nuke”, adierazi du Ana del Valek.

Miren Fernandez de Landak, berriz, ‘Tetrapack’en bitartez Gasteizko artista berrien lana bultzatu nahi dela nabarmendu du, haien lana erakusketa-aretoetara eramanez bultzatu ere.

Maitane Campos, Asier Corredera, Liam Mcdonnel eta María Fariñasek erakutsiko dituzte beren lanak ‘Tetrapack’en hamaikagarren edizio honetan. “Bultzada” kontzeptua baliatu dute beren inspirazioa gidatzeko, lehiaketan proposatu bezala.

Prestakuntza-prozesu batean parte hartu dute artistek, eta, horri esker, erakusketa-proposamen partekatu bat egin ahal izan dute beren obra erakusteko, argazkigintzaren, bideo-sorkuntzaren eta arte plastikoen arloko adituen laguntzarekin. Prozesu horren guztiaren emaitza da ‘Tetrapack’ erakusketa.

Bai ‘Gazte Klik Klak 2020’ lehiaketan, bai ‘Tetrapack 2021’ erakusketan, argazkilaritzan, bideogintzan eta Gasteizko kultur kudeaketan eskarmentu handia duten Sara Berasaluce eta Alane Payuetak osatzen duten Artgia taldea aritu dira komisario lanetan. Yone Estivarizek lagunduko die zeregin horietan.

 

 

 

 

Share