Prentsa Oharren banner

AMVISAk 16 kilometro hodi berritzeari ekingo dio laster Txagorritxu auzoan

AMVISAk hornidura eta saneamendu sareak berritzeari ekingo dio laster Txagorritxu auzoan. Udalaren ur-enpresak ia 16 kilometro hodi eta kolektore aldatuko ditu; lanek bi urtetik gora iraungo dute, eta 3,9 milioi euroko inbertsioa eskatuko. Balgorza-Arana ABEEa arduratuko da lanez.

Proiektuan kale hauetako sareak ordeztea aurreikusi da: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Argentina, Ekuador, Jose Atxotegi, San Viator eta Don Bela Kondea.

Edateko uraren sareari dagokionez, 7,6 kilometro hodi berrituko dira, fibrozementuzkoen ordez burdinurtuzkoak jarrita. Sareko 0,9 km berritzeko polietilenozko hodiak jarriko dira barrutik.

Saneamenduari dagokionez, 6,8 km berrituko dira barruko estalki batez, eta 0,5 km-tan PVCzko kolektore berriak jarriko dira.

Nabarmendu beharra dago obraren erdian ia ez dela zangarik irekiko, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izan dezan.

 

Fibrozementu gutxiago

Txagorritxuko sareak berritzeko lanez gain, iaz beste batzuk egin ziren Lakua Arriaga auzoan eta hiriko zenbait kaletan (San Ignazio Loiolakoaren kalea, Eskalmendi, Bergarako atea, Gaztelako atea, etab.), baita hegoaldean ere, tranbia luzatzeko lanak baliatu baitziren hodiak berritzeko.

Kasu horietan ere fibrozementuzko kondukzioak ordeztu ziren eta, beraz, “une honetan Gasteizko hornikuntza sarearen % 14 besterik ez da material horretaz egindakoa. Izan ere, AMVISAn 2025erako fibrozementuzko hodiak desagertzeko helburua dugu, hausturak eta isuriak eragotziko baitira horrela, eta hornikuntza sarearen errendimendu handiagoa izango baita”, azaldu du udalaren ur-enpresaren lehendakari Marian Gutiérrezek.

Aurten ere Bake kaleko hodiak aldatu dira, Olagibel eta Errioxa kaleen artean, eta BEAk eragindako kaleetan horniketa eta saneamendu sarea berritzen jarraituko da.

Orobat, Ramon y Cajal, Louis Heintz eta Adriano VI.aren kaleak zeharkatzen dituen kolektore berria instalatzeko lanak amaituko dira; iaz hasi ziren lan horiek, eta une honetan Lovaina plazari baino ez diote eragiten.

Gaur egun, Gasteizko hornikuntza sarea 738 kilometro luze da; saneamendu sarea, berriz, 1.002 kilometro.

 

Obrak Gamarran

Bestetik, AMVISAk tramitazioa hasi du Gamarrako industrialdean saneamendua berritzeko lanak kontratatzeko, Larragana kalearen eta Gamarrako atearen inguruetan. Proiektua gauzatzeko 1.108.706 euroko inbertsioa beharko da.

 

Share

AMVISAk aurrez aurreko arreta emateari ekin dio Antilletako pasabideko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta

Gaurtik aurrera, AMVISA bezeroentzako aurrez aurreko arreta ematen hasiko da berriro Antilletako pasabideko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Kontratu bati alta edo baja eman, titularitatea aldatu edo beste edozein izapide egin nahi dutenek web-orrian eska dezakete hitzordua, Arreta presentziala / Aurreko hitzordua atalean, edo 945 16 10 00 telefonora deitu. Ordutegia 08:30etik 14:00etara da, eta adinekoek lehentasuna izango dute 10:00etatik 11:00etara.

Tramite bakoitzerako zer agiri eraman behar den jakiteko, Bezeroarentzako informazioa / Izapideak atalean kontsultatu daiteke, edo 945 16 10 00 telefonora deitu.

AMVISAk gogorarazten du ordainketak banku txartelaren bidez baino ez direla onartuko, inoiz ez eskudirutan.

 

Share

Ur-eteteak Erdi Aroko hiriguneko zenbait kaletan

Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruan egiten ari diren lanak zein San Frantzisko kalea urbanizatzeko lanak baliatuz, AMVISA fibrozementuzko hodiak aldatzen ari da; hori dela kausa, bihar 4 orduz etengo da ur-hornidura Erdi Aroko hiriguneko zenbait kaletan, eta horrek Barnekale Berriari eragingo dio bereziki.

Bihar, maiatzak 12, 08:00etatik 12:00etara etengo da hornidura, kale eta atari hauetan:

San Frantzisko kalea, 7 eta 9.
Barnekale Berria, 1, 3, 5, 5A, 7, 8, 11, 12, 13, 14, 15, 19, 20, 25, 27, 28, 29, 30, 31, 32, 33, 33A, 35, 37, 38, 39, 43, 44, 45 eta 47.
Kanpokale Berria, 3, 23 eta 25.
San Prudentzio Ikastetxeko kalea, 2.
San Frantzisko Xabierkoaren kantoia, 10.

 

 

Share