Prentsa Oharren banner

Iradier Arenak hartuko du kultur programazioa 2022ko urtarrilera arte

Kultur Bizia ekimenak espazio seguru hori kudeatzen jarraituko du, Udaleko eta Foru Aldundiko Kultura sailen laguntza eta koordinazioarekin

 

Gasteizko Udalak, proiektuan laguntzaile diharduen Arabako Foru Aldundiarekin koordinaturik, aldatu egin du Kultura Bizia elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Iradier Arenan kultura-jarduerak antolatzen jarraitzerik izan dezan, 2022ko urtarrilaren 10era arte.

“Hasiera batean, urrian bukatzekoa zen Kultura Bizia programa, baina pandemiaren bilakaera dela eta, beharrezkotzat jo dugu hiriko kulturaren sektoreari laguntzen jarraitzea, bere jarduna espazio seguruetan gauzatzen jarraitzerik izan dezan, herritarrengan ahalik eta oihartzun sozialik handiena sortuz. Iradier Arenan ekitaldiak sustatzeko formula arrakastatsua izan da, eta urtarrilera arte jarraitzearen aldeko apustua egin dugu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Hain zuzen ere, elkarte horri 50.000 euroko dirulaguntza ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur egindako bilkuran, Iradier Arenaren akustika hobetzeko eta espazioak egokitzeko, Kultura Bizia programaren esparruan sustatutako ekitaldiak bertan egin daitezen.

Kultura eta Kiroleko foru-diputatu Ana del Valek, berriz, honela adierazi du: “Bistakoa da espazio hori funtzionatzen ari dela; asmatu genuen horren aldeko apustu egin genuelarik, eta komeni da beste hilabete batzuez jarraitzea, Iradier Arenak eskaintzen dituen aukerak behar dituzten agenteen jarduera publikoa nahiz pribatua programatzen jarrai dezan. Ildo horretatik, Foru Aldunditik, Udalarekin koordinatuta, Kultura Bizia bideragarri egiteko elkarlanean jarraituko dugu urtarrilera arte, eta kultur eragile lokalei babesa ematen”.

Gogoratu beharra dago “Espacio Kultura Bizia Gunea” joan den apirilaren 12an aurkeztu zela eta maiatzaren 1etik aurrera hartu izan dituela jarduerak, eta lurraldeko kultur eragileek, Kultura Bizia elkartean antolaturik, era guztietako kultura-ekitaldiak programatu ahal izan dituztela bertan, Gasteizko Udalaren, Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, besteak beste, une bakoitzean beharrezko izan diren neurri sanitarioak hartzen zirelarik.

 

Share

‘Tetrapack 2021’ erakusketa hartuko du Amárica aretoak, maiatzaren 21etik ekainaren 27ra bitartean

Maitane Campos, Asier Corredera, Liam Mcdonnel eta María Fariñas artisten sorkuntza-lanak erakutsiko dira

 

Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako ‘Gazte Klik Klak 2020’ argazki eta bideo digitalen lehiaketan hautatutako pieza artistikoak biltzen dituen ‘Tetrapack 2021’ erakusketa hartuko du Amárica aretoak, maiatzaren 21etik ekainaren 27ra bitartean. Sorkuntza artistikoa bultzatu nahi da ekimen horrekin, erakusketa-aretoetan 14 urtetik 25era bitarteko sortzaile lokalen lana erakutsiz.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val eta Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landa izan dira erakusketa aurkezteko prentsaurrekoan.

“Sorkuntza artistikoaren sustapenean erakundeen arteko lankidetzak —sortzaile gazteei beren lana ezagutzera emateko espazio eta tresnak eskaintzeak, Amárica aretoa, kasu— nolako garrantzia duen azpimarratu nahi nuke”, adierazi du Ana del Valek.

Miren Fernandez de Landak, berriz, ‘Tetrapack’en bitartez Gasteizko artista berrien lana bultzatu nahi dela nabarmendu du, haien lana erakusketa-aretoetara eramanez bultzatu ere.

Maitane Campos, Asier Corredera, Liam Mcdonnel eta María Fariñasek erakutsiko dituzte beren lanak ‘Tetrapack’en hamaikagarren edizio honetan. “Bultzada” kontzeptua baliatu dute beren inspirazioa gidatzeko, lehiaketan proposatu bezala.

Prestakuntza-prozesu batean parte hartu dute artistek, eta, horri esker, erakusketa-proposamen partekatu bat egin ahal izan dute beren obra erakusteko, argazkigintzaren, bideo-sorkuntzaren eta arte plastikoen arloko adituen laguntzarekin. Prozesu horren guztiaren emaitza da ‘Tetrapack’ erakusketa.

Bai ‘Gazte Klik Klak 2020’ lehiaketan, bai ‘Tetrapack 2021’ erakusketan, argazkilaritzan, bideogintzan eta Gasteizko kultur kudeaketan eskarmentu handia duten Sara Berasaluce eta Alane Payuetak osatzen duten Artgia taldea aritu dira komisario lanetan. Yone Estivarizek lagunduko die zeregin horietan.

 

 

 

 

Share

(audioaz gaurkorua) Amaitu dira Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurua eraberritzeko obra, zeina erakundeen arteko lankidetzaren emaitza baita

Gorka Urtaran audioa

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurua eraberritzeko lanak abendutik daude amaituta. Gaur goizean bisitatu dute ingurua proiektua sustatu duten erakundeek. Espazio publikoa berrantolatu eta hobetzea, irisgarritasuna bermatzea, instalazioak berritzea eta, azken batean, ingurua biziberritzea izan da lanen helburua.

 Lanek urtebete baino gehiago iraun dute, eta 2,1 milioi euroko inbertsioa egin da: Barne Ministerioak 1,7 milioi jarri ditu, eta gainerakoa, Gasteizko Udalak. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Barne Ministerioko idazkariorde Isabel Goicoecheak hartu dute parte bisitan.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val ere izan da, haren sailak 84.055 euro inbertitu baititu inguruan aurkitutako hondar arkeologikoak musealizatzen, duten balio nabarmenarazteko. Orobat, Opacua SA enpresa esleipendunaren ordezkariak eta udal teknikariak izan dira ekitaldian.

“Proiektu honek hainbat hobekuntza ekarri ditu hainbat arlotan, hala nola irisgarritasunean, kaleen modernizazioan, gure ondarea berreskuratzean… Eta erakundeen arteko lankidetzari eta elkarlanari esker egin dugu. Aurten, gainera, lanen bigarren faseari ekingo diogu, plaza berri bat eta estalitako aparkaleku berri bat sortzeko “, azaldu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Lan hauek administrazioen arteko lankidetzaren eredu ezin hobea dira, herritarren onura helburu. Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren inauguraziorako abiapuntu ere badira; zentroa bakearen kulturaren alorrean nazioarteko erreferente bihurtzera deituta dago, eta Gasteiz gizarte eta kultura erakargune gisa sustatzen lagunduko du“, azaldu du Barne Ministerioko idazkariorde Isabel Goicoecheak.

Foru diputatu Ana del Valen hitzetan, “erakundeen arteko lankidetza zein garrantzitsua den berriro erakutsiz, Foru Aldundiak zenbait arkeologia eta zaharberritze lan egin ditu, eta arkitektura zaintzekoak, gure ondarearen kontserbazioarekin konprometitu baikaude.” Eta erantsi du: “Gainera, lan honek memoria historikoarekiko sentiberak diren herritarren zati baten eskaerari erantzuten jakin du, eta arabarren memorian zegoen bidegabekeria historikoa berdintzen du nolabait”.

Eraberritzea

Egindako lanen bitartez, bost kaletako espazioa berrantolatu da, zoladura —leku askotan zaharkitu eta narriatuta— aldatu da, instalazio eta zerbitzuak berritu, hala nola argiteria eta saneamendua; orobat, oinezkoentzako lekua irabazi da, eta Alde Zaharreko irisgarritasuna hobetu, igogailu bat eta eskailera mekanikoak direla medio.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak erredaktatutako proiektuak berekin ekarri du lehen Arkupeen albotik zihoan trafikoaren desagerpena. Gune hori guztia oinezkoentzat da orain, halako moduan non are gehiago nabarmentzen den Justo Antonio Olagibel arkitektoaren lana, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortu da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortu da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik.

San Frantzisko kalean ere lan garrantzitsuak egin dira, zegoen zoladura erabat aldatu baita, eta inguru horretako aparkalekuak desagerrarazi. Nabarmen handitu da hego aldeko espaloia, eta ipar aldekoan, zeharkako malda handia baitu, zabalera aldakorreko terraza bat sortu da, luzean. Bilketa pneumatikorako buzoiak ere berritu dira. Zehazki, aldatu egin da bilketa pneumatikorako sarearen trazadura, eta beira, kartoia eta ontziak biltzeko edukiontziak lurperatu, lehen zuten inpaktu bisuala desagerrarazteko. Horretaz gain, zuhaitz berriak landatu dira, eta bi eserleku luze jarri.

Era berean, aldaketa handia egin da Gernikako Estatutuaren kalean: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu erantsi dira bertan. Batetik, edukiera handiko (1.500 kg / 20 pertsona) igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Igogailuaren alboan, berriz, eskailera mekanikoak instalatu dira, igotzeko zein jaisteko atal banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna du.

Mateo Moraza kalearen galtzada luzatu egin da, bide berriarekin lotzeraino. Lan hori funtsezkoa da eraberritzearen bigarren faseari heltzeko, Postetxearen eta Oroimenezkoaren artean plaza bat sortzea aurreikusi baita.

San Bizente aldapatik jaisten zen bidearen trazadura aldatuta, Olagibel kaleko trafikoa kendu ahal izan da Agirre Lehendakariaren kalearen eta Gernikako Estatutuaren kalearen artean. Hain zuzen ere, espazio horretan sortuko da plaza. Horren azpian, bizikleten lurpeko aparkalekua jarriko da. Ordura arte, bizikleta-aparkaleku ugari instalatu da Olagibel kaleko zati horretan.

Oroimenezko Zentroaren, San Frantzisko aldaparen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko hirukian dagoen erdialdeko parterrean ere nabarmena da aldaketa. Bestetik, bizikleta mugikortasuna hobetu da, bidegorri berriak jarri baitira Gernikako Estatutuaren kalean (1,10 metro zabal) eta Mateo Moraza kalearen luzapenean, Oroimenezko Zentroaren ondoan (1,40 metro zabal). Hartara, nabarmen hobetu da Olagoibel kaletik datorren bidegorriaren jarraikortasuna. San Frantzisko kalean ere osatu da bidegorri bat, 1,5 metro zabal dena.

Bigarren fasea, aurten

Udala ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasearen kontratazioa lantzen ari da dagoeneko; 2,2 milioi euroko aurrekontua izango du horrek, eta Estatuko Gobernuak 800.000 euro jarriko ditu. Proiektu horretan aurreikusi da plaza berri bat sortzea postetxearen eta Oroimenezko zentroaren artean, zeina espazio gardena, berritua eta oinezkoarekin adeitsua izango baita, berdegunez hornitua, eta Oroimenaren plaza deituko; bizikleta- aparkaleku estalia ere egingo da, bost ehun bizikletatik gora hartuko dituena.

Aztarna arkeologikoak

Obrak egiten ari zirela, zenbait hondar arkeologiko aurkitu ziren, garai bateko San Frantzisko komentuarenak, baita haren aurreko egitura arkitektoniko eta hilobienak ere; hori dela kausa, lanek ukitutako aztarna guztien indusketa arkeologikoa egin behar izan zen. Gainera, aurkitutako egituretako batzuen interes historikoa ikusirik, beharrezkotzat jo zen bertan kontserbatzea bermatuko zuten jarduerak martxan jartzea, hiriaren Erdi Aroko iraganaren lekuko ikusgarri bihur zitezen. Udalak eta Aldundiak erabaki zuten elkarrekin lan egitea ingurune osoaren balioa nabarmenarazteko, zabalkunderako espazio erakargarri bat sortuz.

Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren mendeko Museo eta Arkeologia Zerbitzua eta Ondare Historiko, Artistiko eta Arkitektonikoaren Zerbitzua arduratu ziren San Frantzisko komentuaren hondarrak ikertu, dokumentatu eta kontserbatzeko lanen zati bat zuzenean egiteaz, 84.055,78 euro inbertsioa eginda. Gainerakoa obra-kontratu nagusiaren kontura finantzatu da.

Oro har, San Frantzisko komenturako sarrera nagusia izandakoaren hondarrak kontserbatu dira.  Komentuaren jatorria XIII. mendekoa den arren, badirudi agertutako hondarrak elizaren atarikoak direla, zeina XVI. mendean eraiki baitzen, eta XIX. mendean aldaketa txiki batzuk jasan baitzituen, eraikina desamortizatu eta kuartel bihurtu zenean.

Eraikuntza-elementu garrantzitsuenak fatxada markoztatzen zuten bi zutabe handiren oinarriak dira, eta arkupearen jatorrizko zorua osatzen zuen enkatxo-zoladuraren zati bat.  17 metro karratu inguruko zoladura zati bat da, errekarriekin eta zeramikazko materialarekin egina, forma geometrikoak eta sei petaloko loreak osatuz.

Bestetik, plazaren gainerako zatian, zoruan irudikatu da indusketan aurkitutako hormen trazadura, zoladura bereizi batekin (ilunago batekin). Horma horiek eraikineko beste elementu batzuei dagozkie, eta askoz ere kota baxuagoan kontserbatu dira, zimendatze-mailan soilik.

Zenbait kartel jarri dira egindako indusketa arkeologikoan lortutako emaitzen berri emateko; horien artean, bereziki, agertutako hobiratzeak nabarmentzen dira —Erdi Aroko kronologia bati dagozkionak, baina komentua eraiki aurretikoak—, eta eraikinaren beraren egituren hondakinak. Orobat, eraikinaren gorabehera historiko nagusiak azaltzen dira, hasieratik 1930ean eraitsi zen arte.

 

Share

(PDF-z gaurkotua) “Jazz uhinak hirian barrena” programak XV. urteurrena ospatuko du

“Gasteiz, hiri hezitzailea” jarduera-programaren barruko zikloa azaroaren 24tik 2021eko maiatzaren 18ra arte egingo da

 

Jesus Guridi musika kontserbatorioan egingo da “Jazz uhinak hirian barrena” programaren XV. edizioa, azaroaren 24tik 2021eko maiatzaren 18ra arte. “Gasteiz, hiri hezitzailea” jarduera-programaren barruko zikloa da, Hezkuntza Zerbitzuak sustatu eta Jazzargia elkarteak antolatzen duena.

“Hamabosgarren urteurrena beste zirkunstantzia batzuetan ospatu ahal izatea nahiko genuke, baina egoera hauxe da. Aintzat hartzen dugu Jazzargiak programa mantentzeko eta indarrean dauden osasun-neurriei egokitzeko egindako ahalegina“, goretsi du Estíbaliz Cantok zikloaren aurkezpenean.

Zinegotziarekin batera, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek, Laboral Kutxako komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbinak eta Jazzargiko ordezkari Joseba Cabezasek parte hartu dute gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

Ana del Valek, berriz, zorionak eman dizkio elkarteari XV. urteurrena dela eta. “Zer une hoberik Foru Aldundiaren eta “Jazz uhinak hirian barrena” programaren arteko lankidetzari ekiteko hamabosgarren edizioa bezalako urtemuga bat baino. Izan ere, ongi betea du jazzaren historia eta protagonistak ehun urtetik gorako musika horrekiko interesa duten guztiei hurbiltzeko helburua. Jazza dute lanbide, musika ez ezik mundua ere ulertzeko modu eder hori, dagoeneko Araba osoaren ondarea dena Jazzargiari eta beste batzuei esker”.

Cabezasek azaldu duenez, ‘Le retour du Jazz’ da 2020-21eko ‘Jazz uhinak hirian barrena’ programaren lema, eta zazpi kontzertu barne hartzen ditu:

  • Azaroak 24: NoQuestion (Peio Martínezez boskotea)
  • Abenduak 15: Nico & Eolo Quartet
  • Urtarrilak 26: Lara Vizuete
  • Otsailak 23: David Cid Quartet + Perico Sambeat
  • Martxoak 16: Iñigo Peña Quintet
  • Apirilak 20: Konboak (Luis Aranburu eta Jesus Guridi)
  • Maiatzak 18: Big Bandak (Luis Aranburu eta Jesus Guridi)

Maiatzaren 18an, zikloa amaitzeko ekitaldian, Ohorezko Makila emango zaio Ricard Mirallesi, jazz munduko erreferentea baita.

Saioak 19:00etan hasiko dira; sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte. ‘Jazz uhinak hirian barrena’ programak unean-unean indarrean dauden segurtasun-arauak beteko ditu. “Kultura segurua dela gogorarazi nahi dugu; beraz, jazzaren zaleak zein musikaren zaleak oro har ‘Jazz uhinak hirian barrena’ programara hurbiltzera animatzen ditugu, oso kontzertu mamitsuak izaten baitira, eta musika horri buruzko irakaskuntza ugari eskaintzen baitituzte“, azpimarratu du Cantok.

 “Jazz uhinak hirian barrena” programa

Informazio gehiago 

 

 

 

Share

‘Florida 200 urte’ izeneko erakusketa aurkeztu du Udal Artxiboak

Erakusketa urtarrilaren 30era arte izango da ikusgai Ignacio Aldecoa kultura etxean

 

Florida parkearen bigarren mendeurrenaren harira, Florida 200 urte izeneko erakusketa antolatu du du Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboak, ikusgai egongo dena urtarrilaren 30era arte Ignacio Aldecoa kultura etxean. Proiektu berri hau Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren kultura sailen arteko lankidetzaren emaitza da.

 Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok esan duenez, “Erakusketa honen bidez omendu nahi ditugu: parkea egin eta gaur egundaino onik zaindu dutenak; egunez egun bizitzez bete dutenak, direla landare, animalia zein pertsonak; izaera eman dioten eraikin eta ekimenak; eta erretratutan hartzen jakin izan duten argazkilariak.”.

Hauxe gehitu du Ana del Val Kultura diputatuak: “Floridaren bi mendetako biziaren egunerokoan, Arabako Foru Aldundiak ere badu zerikusirik –behinik behin 1976tik aurrera–, parkearen sinboloetakoa den Ignacio Aldecoa kultura etxearen bitartez. Bertako liburutegia, liburu-aurkezpenak, Hirugarren Adinekoen Gelak, kultur jarduerak, irakurketa-klubak… Jarduera horiek guztiak leku magiko honen biziaren osagarri dira; horregatik, erakusketa eder honen proposamena egin zigutenean, data ipini besterik ez genuen behar izan. Horra gure apurra mendeurren esanguratsuari”.

Erakusketak Artxiboaren funtsetan hautatutako 20 argazkia erakusten ditu, argazkalari hauenak: Santiago Arina Albizu, ARQUÉ (Federico Arocena Andrés eta Gregorio Querejazu García de Madinaveitia), Fernando Ascacíbar Urrutia, José Luis Barroso Ruiz de Trocóniz FOAT (Fotografía Aérea y Terrestre), Enrique Guinea Maquíbar, Balbino Sobrado Cobas eta Ceferino Yanguas Alfaro. Horiez gain, Manuel Ángel Chávarrik diseinatutako bi plano ere erakusten dira.

Argazkigintzako profesionalek inspirazio-iturria aurkitu dute Floridan, betiere errepikatzen diren gaien iturri eta horrek irudi-sorta zabala izateko aukera eman digu. Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboak argazki horien arteko hautaketa-lana egin du, irudi esanguratsuenetakoak erakusteko. Benetako omenaldia hiriaren erdiko arnas-gune eder horri”, amaitu du Cantok.

Erakusketako argazki guztiak 3 €an erosi ahalko den katalogo batean bildu dira. Horrez gain, Internet bidez ere gozatu ahalko da erakusketa, bi webgune hauetan:   https://www.vitoria-gasteiz.org eta www.araba.eus.

Argazki-erakusketaren osagarri, Floridari buruzko beste 38 argazkiren sorta proiektatuko da Ignacio Aldecoa kultura etxean.

LA FLORIDA-katalogoa

 

 

Share

Pixkat proiektuaren bosgarren edizioa aurkeztu du Pez Limbok

13 emanaldi izango dira urtarrilera bitartean, gazteei antzerkia hurbiltzea xede.

Gaur aurkeztu da gazteen eta horien kultura-ingurunearen arteko bitartekaritzako Pixkat proiektuaren bosgarren edizioa. Pez Limbok antolatutako proiektu honek Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du. Proiektuak ikusle berriak hurbildu nahi ditu arte eszenikoetara, bereziki 16 eta 20 urte bitarteko gazteak, institutuetan mikro-antzerkien emanaldiak eginez.

Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Gasteizko Udaleko Kultura zuzendari Paco Galvek, Arabako foru diputatu Ana del Valek, eta Pez Limboko Eduardo Hernandok. Gasteizko udalak 7.500 euroko laguntza ematen dio, eta foru aldundiak 5.000.

Programak 13 emanaldi ditu, eta urtarrilera bitartean emango dira. Hauxe da egutegia (data batzuk zehaztu gabe daude):

Gasteiz:

Share

Urriaren 1etik aurrera, sei erakusketa egingo dira 2020ko Arabaclik topaketaren barruan

Horretaz gain, argazkigintza eta mugikorraren II. topaketak lau lantegi eta bi zabalkunde jarduera proposatzen ditu

 

Arabaclik argazkigintza eta mugikorraren II. topaketak 2020ko ediziorako jarduera-programa aurkeztu du gaur goizean prentsaren aurrean. Ekitaldiari laguntzen dioten hiru erakundeen ordezkariak izan dira aurkezpenean: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Ana del Val, Kulturako foru diputatua, eta Arantxa Ibáñez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendaria.

Bertan izan dira, halaber, Iñigo Antia, Arabacliken koordinatzailea, eta Jose Antonio Eguiara, Fotogasteiz elkartearen ordezkaria. Haiek azaldu dutenez, lehiaketaren aurtengo edizioan 740 argazki jaso dituzte guztira, 50 egilerena.

Arabaclick-ek 230 argazki onenak hautatu ditu, eta horiekin sei erakusketa antolatu. Horietako bost Arabako hiriburuan jarriko dira ikusgai, urriaren 1etik 18ra, eta seigarrena Agurainen, urriaren 12tik 25era.

“Lehiaketa honek adierazteko bide bat eskaintzen du, eta aurten garrantzi handiagoa hartzen du, hala esan badaiteke. Izan ere, itxialdiaren ondoren lozorrotik esnatzen den bizitza harrapatu nahian atera dira argazkilariak kalera. Gasteiztarrak erakusketetara joatera animatzen ditut, eguneroko irudien edertasuna miresterik izan dezaten”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Atarian naturarekin lotutako argazkiak ikusi ahalko dira; Sancho el Sabio fundazioan, Arabako paisaiak, eta Amarika aretoan, zuri-beltzeko argazki urbanoak. Vital Fundazioaren erakusketa aretoan, berriz, koloretako argazki urbanoak jarriko dira, eta El Corte Inglés saltokiko pasabidean, pertsonen irudiak.

Aguraingo ZabalArte zentroan, azkenik, 36 argazki erakutsiko dira (gai bakoitzeko sei onenak). “Lurraldeko gizarte etxe eta kultur zentroei ere eskainiko zaie erakusketa jartzeko aukera, argazkigintzak emozioak transmititzeko duen balioa agerian uztearren“, iragarri du.

Jarduera osagarriak

Erakusketen osagarri antolatu den jarduera-programak lau prestakuntza-lantegi eta bi zabalkunde-jarduera barne hartzen ditu.

Urriaren 3an (larunbata) “Argazkigintza urbanoa smartphoneaz” lantegia emango du Gustavo Bravok, Fotogasteiz argazkigintza eskolan. Hilaren 14an (asteazkena), Javier Berasalucek “Hiru dimentsioko anaglifoak” hartuko ditu gaitzat Amarika aretoan.

Leku berean egingo dira “Lau urratsetan” (Maialen Lacalle) eta “Argazkiak baino gehiago” (Koldo Mendaza eta Piko Zulueta) lantegiak. Biak hilaren 17an (larunbata) izango dira.

Zabalkunde-jarduerei dagokienez, Fotogasteiz argazkigintza eskolako zuzendari Gustavo Bravok hitzaldia emango du Amarika aretoan, urriaren 3an (larunbata), 12:00etan, “Kaleko argazkigintza” hizpide hartuta.

Azkenik, urriaren 21ean (asteazkena), 19:00etan, Arabacliken 2020ko edizioaren amaiera ekitaldia egingo da Vital Fundazioaren kulturunean: Arte eta Lanbide Eskolako irudi saileko ikasle Sebastián Bayo, Pato Furlong eta Raquel Calvoren lanak aurkeztuko dira, eta sail horretako irakasle Koldo Mendaza, Piko Zulueta eta Juan Arrosagarayk gidatuko dute jarduera.

Informazio gehiago

 

 

Share

Gasteizek Cabaret Festival jaialdia hartuko du abuztuaren 1etik 12ra

 

 

Besteak beste, David Bisbal, Pablo López, Ara Malikian, Hombres G, Dúo Dinámico eta India Martínez arituko dira Arabako hiriburuan.

Abuztuaren 1etik 12ra bitartean, Cabaret Festival jaialdia hartuko du Gasteizek, Iradier Arenan. Musikari ezagunen kontzertuak, umore emanaldiak eta txikienentzako ikuskizunak eskainiko dira.  Radio Gorbeak antolatu du, Televitoriaren laguntzarekin.

Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatu Ana M. Del Val,  Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Goyo Zurro eta Nervión Flyn-en zuzendari David Camín izan dira jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan. Bertako zenbait artistak ere hartu dute parte: Gatibuko kide Álex eta Haimar, Huntza taldeko kide Josune, eta Maribel Salas eta Gorka Aguinagalde aktoreak.

Cabaret Festival jaialdi kontzeptu berria da, intimo, dotore eta esklusiboa, Parisko kabaretetan inspiratua eta 20ko hamarkadako estetikan girotua. Herritarrek goi mailako ikuskizunez gozatu ahalko dute, leku ireki batean —Iradier Arenan— eta leku-kopuru mugatuaz, 1.000 pertsona gehienez, osasun arloko agintarien irizpideak betez.

“Eskerrak eman nahi dizkiot Nervión taldeari, ekitaldi hori egiteko Gasteizen aldeko apustua egin dutelako udan zehar Espainiako hainbat hiritatik egingo duen biran. Pandemiak guztiok geldiarazi gaitu, arlo askotan. Egoera berri honetan, Gasteizko kultura suspertu nahi dugularik, pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzen dituzten ekitaldiak lehenesten ditugu“, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Jaialdiak maila handiko figurak eta taldeak aurkeztuko ditu: David Bisbal, Pablo López, Ara Malikian, Hombres G, Dúo Dinámico, India Martínez, Gatibu, Omar Montes, Natalia Lacunza, Izaro, Antonio José, Zea Mays eta Huntza. Goyo Jiménez, Carlos Latre, Los Morancos, Luís Piedrahita, Gorka Aguinagalde, Gurutze Beitia, Maribel Salas eta Óscar Terol, berriz, umore ukitua jartzeaz arduratuko dira.  Hiriko  haurrek, azkenik, Cantajuegos eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunez gozatu ahalko dute. Izen horiei beste batzuk ere gehituko zaizkie, baieztatu ahala.

“Gasteizko Cabaret Festival jaialdiaren kartelean bertako artistak Estatuko beste batzuen ondoan agertzen dira, eta horrek tokiko ehunaren balioa nabarmentzen du; izan ere, haiekin eskuz esku aritu gara lanean covid-19a gure hirira iritsi zenetik”, azpimarratu du Cantok. “Gasteiztarrak zein bisitariak ekimen berri horrekin bat egitera animatzen ditugu, Gasteizko uda kolorez beteko baitu. Zain gauzkazue”, erantsi du.

Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 12:00etan, www.nervionentradas.com eta www.cabaretfestival.es webguneetan, baita Kutxabanken web-orrian ere.

 

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

Share

Azkena Rock jaialdiaren Sofa Edition-ek kontzertu esklusiboak, elkarrizketak eta jaialdiaren historiako emanaldirik onenak izango ditu

2021eko kartelean The Offspring, Turbonegro, Los Zigarros, Drive-By Truckers, The Steepwater Band, The Wildhearts, Dewolff  eta Ray Collins Hot Club taldeak ere izango dira.

 

Gaur goizean aurkeztu dute Azkena Rock jaialdiaren Sofá Edition on line prentsaurrekoan, eta bertan parte hartu dute Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek eta Last Tourreko CEO Alfonso Santiagok.

COVID-19aren ondoriozko osasun-krisia zela eta jaialdia atzeratu ondoren, Azkena Rock jaialdiak online edizio berri bat iragarri zuen joan den astean, eta streaming bidez jarraitu ahalko da webgunean eta jaialdiaren YouTube kanalean, ekainaren 19an eta 20an,

Gauero, rock’n’rollik onena bost orduz, jaialdiaren 19 urteetan grabatutako kontzertu historikoen aukeraketa batekin (orain arte ikusi gabeak). Orobat, taula gainean izan diren emanaldi legendarioak, jaialdiaren jarraitzaileek gehien gogoratzen dituztenak, esaterako Turbonegro edo The Screamin’ Cheetah Willies (biak 2004ko edizioan) eta The Soundtrack Of Our Lives (2009koan). Azkena Rock jaialdiaren Sofa Edition  honetarako  bereziki grabatutako kontzertu esklusiboak ere entzungo dira.

“Mendizabalean ez da orrorik entzungo asteburuan; Andre Maria Zuriaren plazan ez dira bertara gonbidatutako banden akordeak entzungo, baina jakin badakit ahal duzuen guztia egin duzuela rock zaleen pena arintzeko, bizi dugun egoera honekin bat datorren egitaraua prestatuta. Mundu guztian internet bidez ikusi ahalko den egitaraua” adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. “Izan ere, Internet gure salbatzaileetako bat izan da osasun-krisian. Kultura izan da beste bat. Zuek Kultura eskaintzen duzue interneten eta gu, Gasteizko Udala, zuekin egongo gara” gehitu du.

  1. edizioa

Azkena Rock Jaialdiaren antolakuntzak gaur adierazi duenez, 2021eko kartelak mantendu egiten ditu honakoak, besteak beste: Drive-By Truckers, The Steepwater Band, The Wildhearts, Dewolff eta Ray Collins Hot Club. Horretaz gain, hiru berrikuntza gehitu zaizkio: Offspring, Turbonegro eta Los Zigarros.

Aurretik iragarritako taldeei –Iggy Pop, Patti Smith, Brian Wilson, Social Distortion, Suzi Quatro, L7, besteak beste– zortzi talde berri gehituta, 2021eko jaialdia, 20. urteurrena ospatuko duena, luzeena izateaz gain (hirugarren egun bat ere izango du), berezienetakoa eta zaleek gogoratuenetakoa ere izango da.

Argibide gehiago

 

 

 

Share