Prentsa Oharren banner

Neutraltasun klimatikoaren europar misioaren parte izan nahi duten hirien foroan posizionatu da Gasteiz, Sevillan

Hiri-azpiegitura berdeen eta mugikortasunaren arloko estrategiak azaldu ditu Ana Oregi alkateordeak, eta zirkulartasunaren, auzoak eraberritzearen eta nekazaritzako elikagaien inguruko proiektuak

 

I Foro Urbano foroan izango da Gasteiz aste honetan, Sevillan, non, besteak beste, neutraltasun klimatikoaren europar misioa osatu nahi duten hiriek parte hartuko baitute.

Ana Oregi alkateordeak parte hartuko du bertan; zehazki, “Perspectiva de las ciudades de mediana y pequeña escala frente a la Misión Europea de Ciudades” izeneko lantaldean.  Gainera, CitiEs 2030 ekimena bilduko da foro horretan, europar misioaren ispilu den taldea, zeini Gasteizek hainbat proiektu aurkeztu baitizkio: Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia, mugikortasun iraunkorreko politikak eta ekonomia zirkularreko ekimen aitzindariak, hala nola auzoak energia-eraginkortasunaren ikuspegitik birgaitzea edo nekazaritzako elikagaien estrategia, besteak beste.

“2012an, Europako Batzordeak European Green Capital saria eman zion Gasteizi, ingurumen- eta hirigintza-politikei gorazarre egineko; bereziki, klima-aldaketaren, mugikortasun iraunkorraren, airearen kalitatearen, kalitate akustikoaren, uraren kudeaketaren eta natura eta biodibertsitatea babestearen ingurukoei. 2019an, NBEk sustatutako Global Forum on Human Settlements organizazioak Global Green City izendatu zuen Gasteiz, garapen iraunkorreko helburuak (GIH) eta 2030 Agenda betetzeko egindako ahaleginengatik eta lorpenengatik, bereziki mugikortasun iraunkorrari, energia-efizientziari, hiri inteligenteari, zaborrik ez sortzeari, espazio publikoko politikei, lurzoruaren erabilera iraunkorrari, urari, ingurumen-kalitateari eta oinarrizko zerbitzuei dagokionez”, nabarmendu du Ana Oregik.

Arazo globalei aurre egiteko erronken artean, Ana Oregik nabarmendu du klimari dagokionez neutralak izango diren Europako lehen 100 hirietako bat izan nahi duela Gasteizek, “Europako Batzordeak eta Parlamentuak 2030ean Europako 100 hiri klimari dagokionez neutralak izan daitezen finkatutako bost misioetako baten parte izan. Misio horrek eraldaketa babestu nahi du, Parisko Akordioa eta 2030 Agenda azkarrago betetzeko. Hautagai bikaina da Gasteiz, europar misio horretan parte hartzeko. Karbonoa murrizteko konpromiso argiak burutzeko oinarriak jarri ditugu, hainbat arlotako proposamen ausartak tarteko —hiri-mugikortasuna, hiri-plangintza, hiri-azpiegitura berdeak, karbono-hustubideen sorkuntza eta lurzoruak berreskuratzea, natura-tratamenduen bidez, besteak beste—, planetarekiko konpromiso horretan gure udalerriak nazioarteko abangoardian jarrai dezan garatu eta bultzatuko ditugun beste politika batzuez gain”.

 

 

 

 

Share

Gaurtik aurrera, udalerriko etxebizitzari eta lurzoruari buruzko mapak, adierazleak eta datu estatistikoak kontsultatzeko online plataforma bat izango du Gasteizek

 

Webgune berria Etxebizitzaren Behatokiaren euskarria da, zeina udal gobernuak eta Elkarrekin taldeak adostu baitzuten

 

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik eta Elkarrekin-eko bozeramaile Oscar Fernándezek udalerriko etxebizitzaren egoerarekin lotutako datu, mapa eta adierazleak biltzen dituen web-plataforma berria aurkeztu dute gaur.

Etxebizitzaren Behatokiaren euskarri nagusia izango da, zeina udal gobernuak eta Elkarrekin taldeak adostu baitzuten. Tresna berria “etxebizitzaren arloko informazioa eskuratu eta transferitzen laguntzeko” sortu da, “eremu publikoan erabakiak hartzeko prozesuan eta etxebizitza eskuratzeko eskubide unibertsala betetzen laguntzeko“, nabarmendu du alkateorde Ana Oregik.

Horrekin lotuta azaldu duenez, “mapa tematiko, grafiko, taula eta txostenen bidez erakutsitako eduki interaktibo eta multimediak era arin eta intuitibo batean lagunduko du informazioa estamentu interesatu guztiei helarazten, herritarren, ordezkari publikoen, gizarte-eragileen eta sektoreko profesionalen informazio-eskaerei erantzunez, eta gure hirian etxebizitzaren errealitatea zein den gardentasun handienaz erakusteko xedez”.

Elkarrekin taldeko bozeramaile Oscar Fernándezen iritziz, berriz, “neurri horrekin Gasteizko pertsona guztiei etxebizitza duina bermatzeko bidean aurrera egiteko tresna berri bat jartzen da martxan. Etxebizitzaren Udal Behatokiari esker, hiriko alokairuaren prezioen errealitatea ezagutu ahal izango dugu, gaur egun herritarren parte handi batentzat eskuraezinak baitira, eta gehiegikeriak ekidin eta etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu”.

Behatokiak hainbat iturritatik jasoko du informazioa: Gasteizko Udala bera, EUSTAT, Etxebizitzaren Euskal Behatokia, Erregistratzaileen Elkargoa, higiezinen merkatuari buruzko zenbait webgune, eta 21 Zabalgunearen datu propioak. Informazio hori guztia aztertu eta bereiztu egiten da ingurune sinple eta erakargarri batean erakustearren, xehetasun handiagoz.

Izan ere, GIS teknologia eta tresnek gaur egun eskaintzen dituzten diseinu gaitasunak eta errendimendua baliatzen dituen web-atari baten bitartez garatu da Behatokia. Atal eta funtzionalitate hauek ditu atariak:

  • Sarrera eta Gasteizko Etxebizitzaren Behatokiaren aurkezpena.
  • Gaikako mapen galeria:

 

  • Zoruaren erabilgarrritasuna
  • Etxebizitza parkea
  • Alokatzeko etxebizitzak
  • Etxebizitza berriak eta erabiliak
  • Egoera sozioekonomikoa
  • HAPO
  • Adierazleen atala. Etxebizitzaren Behatokian jasotako datu estatistiko garrantzitsuenak (egungoak eta historikoak).
  • Albisteen atala. GASTEIZKO UDALAK eta 21 ZABALGUNEAK etxebizitzaren arloarekin lotuta argitaratu dituzten albisteekiko estekak.
  • Kontaktua.

 

Sei mapa tematiko

Plataformak sei mapa tematiko barne hartzen ditu, nabigatzeko eta maneiatzeko aukera ematen dutenak, informazioaren kontsulta arina era erraza izan dadin. Hiriko 31 auzoei buruzko banakako datuak eskaintzen ditu. Lortutako datuak elkarren artean alderatzeko aukera ere ematen du. Mapa guztiek “Info” botoia dute, zeinak informazio-iturriei eta eguneratze-datei buruzko metadatuak erakusten baititu.

Hauxek dira mapak:

  1. Lurzoruaren erabilgarrritasuna.

Hirian erabilgarri dagoen lurzoru eraikigarria erakusten du, eta informazio hauek, besteak beste: kokapena, titulartasuna, eraiki daitezkeen etxebizitzen tipologia, aprobetxamenduko metro karratuak (bizitegietarako zein sektore tertziariorako), obrarik egiten ari den…

  1. Etxebizitza parkea.

Udalerriko eraikinen ezaugarriak: antzinatasuna, etxebizitza kopurua, eraikinen ikuskapen teknikoa eginda duten, igogailurik duten….

  1. Alokatzeko etxebizitzak.

Gasteizen alokatzeko etxebizitzen merkatuaren egoera zehazten du, batez besteko prezioei buruzko informazioa eskainiz, bai indarrean dauden kontratuei buruzkoa bai egiten diren eskaintzena, auzoz auzo. Eskaintzaren kasuan, m2-ko batez besteko prezioak ere ezagutu ahalko ditugu, etxebizitzak duen logela-kopuruaren arabera.

  1. Etxebizitza berriak eta erabiliak.

Higiezinen merkatua ezagutzeko bide ematen du mapa horrek, etxebizitza berriak zein bigarren eskukoa bereizita. Metro kuadroko prezioen datuak erakusten dira, bai azken hiruhilekoan saldutako etxebizitzak bai salgai daudenak kontuan hartuz. Saldutako etxebizitzen alorrean, sinatutako hipoteka-kredituen ezaugarriak ere ezagut daitezke, hiri osoa kontuan hartuta edo auzoz auzo.

  1. Egoera sozioekonomikoa.

Etxebizitzaren merkatua, salmentan edo alokairuan izan, estuki lotuta dago gure auzoetako bizitza eratzen duten aldagai sozial eta ekonomikoekin. Biztanleriak, langabezia-indizeak, errenta-mailak eta beste adierazle batzuek erakusten digute errealitate hori.

 

  1. Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra.

Gasteizko HAPOa hiriaren garapena arautu eta antolatzen duen dokumentu bizia da. Hiriaren hazkundea orekatzeko helburua du, auzoen artean hirigintza-ezberdintasunik sor ez dadin eta biztanle guztiek bizi-kalitate egokia izan dezaten. Indarrean dagoen plan orokorra osatzen duten mapak eskuratu daitezke, hala nola lurzoruaren sailkapenari, kalifikazio globalei eta kalifikazio xehatuei buruzkoak.

Adierazleak: egungo datuak eta datu historikoak.

Atal horretan Etxebizitzaren Behatokian jasotako datu adierazgarri eta garrantzitsuenak ikus daitezke zuzenean, egungoak zein historikoak. Koloretan nabarmendutako balio bakarrak erakusten dira, edo estatistikak eta grafikoak. Informazioa hiri osoari lotutakoa izan daiteke, edo auzoz auzo bereizita, erabiltzaileak eskatzen duenaren arabera.

2021eko lehen hiruhilekotik aurrera jasotako datu historikoak ere ikusteko aukera ematen du, etxebizitzaren merkatuaren eboluzioa kontsultatzeko, bai salerosketari bai alokairuari dagokienez; merkatua osatzen duten etxebizitzen kopurua islatzen du, baita bi aldagai horien batez besteko prezioak ere. Gasteiz osoko zein auzoz auzoko datuak hautatu daitezke.

Gasteizko etxebizitzaren behatokia

 

 

Share

Gaurtik aurrera, gazteek eta gizarte eta ekonomia eragileek Klimaren eta Energia Iraunkorraren Planerako egiten dituzten ekarpenak jasoko ditu Gasteizek

Udalak parte hartzeko zenbait bide ireki ditu, udalerriko herritarrek, enpresek eta entitateek esku har dezaten Udalak zehaztuz joan diren sektoreetan krisi klimatikoari aurre egiteko ekintzarik egokienak zein diren erabakitzeko

 

Gaurtik aurrera, gazteek eta gizarte- eta ekonomia-eragileek Klimaren eta Energia Iraunkorraren Planerako egiten dituzten ekarpenak jasoko ditu Gasteizek. “% 100 energia herritarra” lemaren pean, Gasteizko Udala udalerriko klima- eta energia-politiken definizioan parte hartzeko eskatzen ari zaie herritarrei, hau da, PACES 2030 hirirako Klimaren eta Energia Iraunkorraren Planaren definizioan.

Estrategia bat prestatu dugu Gasteizen klima-aldaketaren kontrako borrokari heltzeko, PACES 2030 izenaren pean, denon partaidetza funtsezkoa baita trantsizio energetikoan eta klima aldaketarako egokitzapenean aurrera egiteko“, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik prentsaren aurrean.  Estrategiak bi ekintza-plan barne hartzen ditu: trantsizio energetiko integratuko plana (PATEI) eta klima-aldaketara egokitzeko ekintza (PAAC).

Une honetan, udal sailek, gizarte- eta ekonomia-eragileek eta herritarrek PATEIaren aurrerapenari ekarpenak egiteko aukera dute, eta ekintza ildoak hobetzeko.

INTENSIFY proiektu europarraren barruan, Udalak animatu egin nahi ditu udalerriko herritarrak, enpresak eta entitateak esku hartzera PATEI 2030 eraikitzearekin batera egin den partaidetza-prozesuan zehaztuz joan diren sektoreetan krisi klimatikoari aurre egiteko ekintzarik egokienak zein diren erabakitzeko eztabaidan.

Gasteiz iraunkorrago baten aldeko 41 ekintza, 5 sektoretan

Hasteko, 41 ekintza proposatzen dira estrategia horretan, 5 sektore hauetan banatuta:

  • energia berriztagarria sortzea,
  • industria- edo bizitegi-eraikinak zein hirugarren sektorekoak birgaitzea,
  • mugikortasun iraunkorra,
  • gobernantza eredu berriak,
  • udal ekipamendu eta zerbitzuak.

 

Vitoria Gasteiz Green Deal

Ekintzok, eta horien finantzaketa, gako izango dira hiriaren etorkizunean, gasteiztar belaunaldi berrien bizitzan eta planetaren etorkizunean, trantsizio ekologikorako prozesu horretan“, azaldu du alkateordeak. Ildo horretatik, Ana Oregik azpimarratu du: “Vitoria-Gasteiz Green Deal itunean lanean jarraitu nahi dugu, gure hiriburu berdea nazioarteko erreferente bihurtu duten jarraibideei lotuz: etorkizunerako ikuspegi partekatua, ausardia politikoa, udal taldearen lidergoa, enpresa eta eragile ekonomikoen inplikazioa eta energia % 100 herritarra“.

 

Herritarrek bide hauetatik hartu ahalko dute parte eraikuntza partekatu horretan:

1)  PATEIarekin lotutako ikuspuntuak, ekarpenak eta iradokizunak transicionenergetica@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora helaraziz:

2) PATEIari buruzko eztabaida-espazio irekietan parte hartuz.

  • Gasteizko gazteak. Ekainaren 29an, asteartea, 17:00etatik 19:00etara, Zabalganeko gizarte-etxeko plazan. Taldean hausnartu ondoren, gazteenen nahiak eta beldurrak adierazteko horma-irudia margotuko da.
  • INGURUMEN ELKARGUNEA, uztailaren 30ean, asteazkena, 17:00etaik 20:00etara,  Montehermoso jauregian eta bertako lorategian.

3) ETORKIZUNEKO IBILALDIA: Nolakoa izango da gure auzoa 2030ean? Adituen eta auzoko bizilagunen eskutik, espazio publikoan barrena ibiliko gara, trantsizio energetikoaren erronkei aurre egiteko eta klima-aldaketari egokitzeko gure kale eta plazetan zein gure etxeetan zein aldaketa egin behar dugun identifikatzeko.  2021eko iraila.

4) PAAC- klima-aldaketara planari buruzko partaidetza-prozesua. 2021eko iraila.

Antolatutako ekintzetan parte hartzeko, 609039939 telefonora deitu, edo transicionenergetica@vitoria-gasteiz.org helbidera idatzi.

PATEI 2030

 

Share

Klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako zenbait irtenbide jarri ditu abian IGIk

Txagorritxuko haur-eskolak eskoletako patioak naturalizatzeko proiektua estreinatuko du, hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren barruan.

Germoplasma-bankuak flora autoktonoaren berariazko bilduma osatuko du, lurzoru kutsatuak lehengoratzeko.

 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ikerketa eta esperimentazioa baliatuz klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako zenbait irtenbide onetsi ditu gaur, eta horrek berrikuntza berdearen alorrean erreferentziazko zentro gisa duen lekua berretsiko du.

Batetik, Txagorritxuko haur-eskolako patioa naturalizatzeko kontratua Construcciones Arana enpresari esleitzea onetsi du IGIk, 26.544 euroko aurrekontuarekin, 4 hilabetetan gauzatzeko. Gasteizek azpiegitura berdea era partekatuan eraikitzeko aurkeztutako programen artean Udalsareak aukeratu duen proiektuetako bat da hori; horri beste proiektu gehituko zaio: Urarteko udal baratzeetan (Abetxuku) ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategia sortzeko proiektua, Itxaropena elkartearena.

IGIren lehendakari Ana Oregik IGIk sustatuko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barruan txertatu ditu hiru ekimen horiek. Estrategiaren helburua da “hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, parke, lorategi, kale, plaza zein erreketan esku hartuz, baita beste aukera-espazio batzuetan ere, hala nola eraikinak eta erabiltzen ez diren orubeak. Ekintza horien guztien xedea da biodibertsitatea handitzea, uraren kudeaketa hobetzea, CO2aren eta beste kutsatzaile batzuen xurgapena handitzea, eta funtzio soziala hobetzea, besteak beste. Esku-hartze horiei guztiei esker, Azpiegitura Berdearen Sistema osatzen ari da, eta hori, era berean, hiriak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko duen ahalmena hobetzen ari da, baita herritarren osasuna eta ongizatea ere.”

Orain arte Gasteizko Udalak sustatu eta gauzatu ditu jarduera horiek, berdegune eta espazio publikoetan. Baina ekipamendu pribatuetan ere garatu daiteke azpiegitura berdea, esaterako, auzo-komunitateetako patioetan, ikastetxeetan edo osasun eta asistentzia zentroetan. “Orain ikastetxe batean ekin diogu proba-proiektuari, hain zuzen ere, horrelako ekimenak eredugarri izan daitezen eta ingurumen eta gizarte onurak ekar ditzaten, Gasteizko eta beste udalerri batzuetako espazioetan errepikatzerik izan dadin” azpimarratu du Ana Oregik.

 

Bertako landareen katalogoa lurzoru hondatuak lehengoratzeko

Bestetik, germoplasma-bankuan flora endemikoaren bilduma bat osatzeko laguntza teknikoa kontratatzea erabaki du IGIko kontseiluak, horren  bitarteaz lurzoru hondatuak berreskuratzeko asmoz, Mendebaldea proiektuan —Phy2SUDOE proiektu europarraren barruan— egiten ari den bezala. 18.000 euro bideratuko dira katalogoa osatzera.

Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma-bankua arduratuko da Mendebaldea proiektuko kokapenetan flora fitorremediatzailea bilatu eta kontserbatzeko ekintzak abian jartzeaz, eta laguntza teknikoa behar du horretarako.

Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma bankuak ekarpen handia egiten dihardu Gasteizko, Arabako eta Euskal Herriko biodibertsitatea zaintzen eta bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzen, mehatxatutako flora espezieak –horietako batzuk desagertzeko arriskuan– iraunaraztea bermatzen baitu“, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Esperientzia pilotua baso-sail batean

Naturan oinarritutako irtenbideen esperientziaren barruan, orobat, Gamiz herriko (Gasteizko udalerria) baso-sail batean esperientzia pilotu bat egitea onartu du IGIk, BC3-BasqueCenter zentroarekiko lankidetzan.

Proiektu horren bidez klima-aldaketak erkameztien heriotzan duen eragina hobeto ezagutu nahi da, eta basoen kudeaketarako neurriak eta estrategiak proposatu kudeaketa jarduerak etorkizuneko agertokietara egokitzearren, aldaketa globalaren aurrean erresilenteagoak izango diren basoak lortzeko xedez. Hori dela eta, ezagutza horiek baso-kudeatzaileei zein basoen jabeei jakinaraztea da proiektuaren oinarrizko helburuetako bat. 15.000 euroko aurrekontua du ekimenak.

 

 

Share

Gasteiz etorkizunean nolakoa izango den finkatzen duen hiri-eredua onetsi du Udalak

2006az geroztik eguneratu gabe dagoen planeamendua baldintzatuko duen dokumentu teknikoa onetsi dute EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeek.

Urbanizatu gabeko lurzorua zaintzera, finkatutako auzoak biziberritzera, herriak babestera, oreka ekonomikora eta osasuna eta ingurumen-kalitatea hobetzera bideratuko du bere hirigintza-eredua Gasteizek. Hala erabaki dute EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeek, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazteko oinarri izango den irizpide eta helburuen dokumentua onetsi dutelarik gaur batzordean —2006az geroztik eguneratu gabe dagoen hiriko planeamendua aldatuko da hartara—.

Alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik eskertu egin du “Elkarrekin taldeak eredu partekatuaren alde egin izana, gure arteko diferentziak gorabehera”, eta EH Bildu Gasteiz eta PPri dei egin die hurrengo osoko bilkuran “bat egin dezaten proposamenekin, eta babesa eman diezaioten batzuek eta besteek aldezten ditugun politika urbanistiko, sozial, ekonomiko, enpresarial eta kulturalak gauzatzea ahalbidetzen duen tresna nagusiari”.

Etorkizuneko Gasteizen eredua markatuko duten helburu nagusi eta irizpideak biltzen ditu gaur onetsi den testuak, 2030 Agendaren eta garapen iraunkorreko helburuen ildotik.  “Hiri trinko, konplexu eta kohesionatu bat definitzen du hiri-eredu berriak, landa-ingurunea bultzatu eta herriak babesten dituena, kultur, natura- eta paisaia-ondareari balioa ematen diona. Hiri iraunkor eta energetikoki eraginkorra, baliabideak eraginkortasunez kudeatzen dituena, emisioetan neutro izatea lortzeko, bere burua energiaz eta elikagaiz hornitzeko gai izateko. Jarduera ekonomikoa lehen sektorearen, hirugarren sektorearen eta industria-jardueraren arteko oreka koordinatutik bultzatuko duen eredua. Azken batean, Gasteizen bizi garenon bizi-kalitatea hobetuko duen eredu bat, planeamenduaren irizpideei orientazio berria emanez eta eguneroko bizitza aberastuko duten dinamikak ahalbidetuz”, azaldu du Ana Oregik. 

Dokumentua (pdf)

Share

Udal lizentzien tramitazioa hobetzea eta arintzea adostu dute udal-talde guztiek

Ana Oregi alkateordeak eskerrak eman dizkie talde guztiei  hobekuntza-estrategia babesteko prest agertzeagatik. Estrategia hori legegintzaldi honetan abiarazia da, barne-prozedurak berrikusi eta LEPerako baliabideak berrantolatu eta indartuta.

 

Gasteizko udalbatzak aho batez onetsi du udal lizentzien tramitazioa eta administrazioaren erantzuteko gaitasuna hobetu eta arintzeko tresna eta ekimen guztiak bultzatu eta babestea.

Ana Oregi alkateordeak eskertu egin die talde guztiei hobekuntza-estrategia babestearen alde agertzea. Estrategia hori legegintzaldi honetan abiarazi zen; batetik barne-prozedurak berrikusteari ekin zitzaion (aurreratua dago) eta LEParekin baliabideak berrantolatu eta indartu ziren. “Guztiok partekatzen dugun diagnostikoa dugu abiapuntua, berria ez den eta administrazio honi bakarrik ez dagokion arazo bat, baina gaurkoa oso egun positiboa da, talde guztiok lan garrantzitsu bati babesa ematea adostu dugulako, abiarazita egon arren denbora eta baliabide ugari beharko dituen lan bati” nabarmendu du Ana Oregik.

Ildo horretan, arauen analisia babesteko konpromisoa hartu dute alderdi guztiek, honakoak xede: udal lizentzien modalitate guztietan hobekuntzak eta aldaketak proposatzea; eta plan bat proposatzea, udal arauak errazteko, tramiteak eta epeak laburtzeko, burokrazia gutxitzeko eta amaitu gabe dauden dosierrak bideratzeko, inplikatutako sektoreen laguntzaz.

Horretaz gain, talde guztiek lizentzien arloa indartzen eta berrantolatzen  laguntzeko konpromisoa hartu dute, lizentzien tramitazioarekin lotutako jarduerako beharrezko langileak jarrita. Hori guztia, lizentziak ebazteko denbora nabarmen murriztea xede, administrazio-prozesuaren, epeen eta prozeduren segurtasun juridikoa kontuan hartuta.

Osoko bilkurak baliabide telematikoen planean hasitako hobekuntza babestu du, nahi gabeko burokrazia ezabatzeko eta espedienteen jarraipena denbora errealean egiteko tresna digitalak ezartzeko, ebazpenen izapideak arindu daitezen.

Share

Gasteiz energia-eraginkortasunerako eta klima-aldaketaren kontrako politiken eta neurrien eragin anitzak balioesteko Europako proiektu baten hiri-pilotu bihurtu da

MICAT (Multiple Impacts Calculation Tool) proiektu europarraren parte izango da. Ikerketa- eta berrikuntza-proiektu hori Europako Batzordearen “Horizontea 2020” programak finantzatzen du eta 2 milioi euro inguruko aurrekontu osoa izango du

 

Gasteiz hiria MICAT (Multiple Impacts Calculation Tool – Eragin Anitzak Kalkulatzeko Tresna) proiektu europarraren barruan hiri-pilotu gisa parte hartzeko hautatu dute. Ikerketa- eta berrikuntza-proiektu hori Europako Batzordearen “Horizontea 2020” programak finantzatzen du eta 2M€ inguruko aurrekontu osoa izango du.

Epaimahaia txundituta geratu zen hiriak MICAT proiektuan parte hartzeko aurkeztu zuen hautagaitzaren anbizio eta gogoarekin, eta onura handiak aterako dizkiola uste du. Izan ere, aktiboki hartuko du parte tresna elkarrekin garatzeko prozesuan, energia-eraginkortasunaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren plangintza-prozesuen barruan.

MICAT proiektu europarra Alemaniako Sistemetarako eta Berrikuntzarako Fraunhofer Institutuak (Fraunhofer ISI, ingelesez) koordinatzen du, eta bertan beste sei kidek hartzen dute parte: ICLEI Europe eta Wuppertal Institutua, Alemaniakoak ere bai; Politika Energetikorako eta Klimatikorako Europako Institutua (IEECP, ingelesez), Herbehereetakoa; Poloniako WiseEuropa; Sistema Aplikatuen Analisirako Nazioarteko Institutua (IIASA, ingelesez), Austriakoa; eta Erresuma Batuko E3 Modelling.

“Proiektu honen helburua da ikuspegi integral bat eta online tresna erabilerraz bat garatzea, energia-eraginkortasunaren eta klima-aldaketaren alorretan hartutako politiken eta neurrien eragin anitzak eta/edo onurak balioesteko”, azaldu du Ana Oregik, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak.

Halaber, MICAT proiektuak hiru gobernantza-mailatan (tokikoa, nazionala eta Europar Batasunekoa) analisi sinplifikatuak egiteko aukera emango du —hainbat datu eta agertoki politikotan oinarrituta—, eragin anitzek hartutako politikei dagokienez duten garrantzia alderatzeko eta ebaluatzeko. Maila anitzeko ezaugarri horri esker, interesa duten eragile gehiagorengana iritsi ahalko da.

Gasteiz, 2008an Alkateen Ituna sinatu zuen hiria izanik eta 2020an bere konpromisoa berritu ondoren, lanean ari da 2020ko ekainean tokiko kontseiluak hartutako erabakia hartu eta bi urteko epean Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana aurkezteko; plan horretan, hiriak 2050ean edo lehenago neutraltasun klimatikoa lortzeko hartuko dituen funtsezko ekintzak jasoko dira.

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana emisioak murriztearen eta klima-aldaketara egokitzearen gaiak jorratuko ditu. Alde batetik, trantsizio energetiko integratuko ekintza-plan bat izango du, zeinak erreferentziazko emisioen inbentario bat izango duen murrizte-ekintzen jarraipena egiteko; eta, bestetik, klima-aldaketara egokitzeko ekintza-plan bat, zeinak udalerriaren kalteberatasunaren eta klima-arriskuen ebaluazio bat izango duen, erresilientzia hobetzeko ekintza-multzo batekin batera.

2019ko irailaren 6an “Global Green City” izendatu zutenetik, eta, gero, Europako Itun Berdera eta Hiri Berdeen Hitzarmenera batu zenetik, Gasteizek berriz ere sendotu ditu klima-aldaketaren kontrako borrokan eta hiriaren eta planetaren bizi-kalitatearen hobekuntzan dituen jarrera eta erantzukizuna.

 

Share

[Audioarekin eguneratua] Etxe Berdeak programa Gasteizera itzuli da, tailer praktiko berritzaileekin eta saio irekiekin

Bihar irekiko da izena doan emateko epea eta maiatzaren 2ra arte egongo da horretarako aukera.

Ana Oregiren adierazpenak

Etxe Berdeak programa udaberri honetan Gasteizera itzuliko da, programa berrituarekin eta tailer praktiko berritzaileekin, parte hartuko duten familiei zuzenduta, honako gai hauek jorratzeko asmoz: energia, ura, mugikortasuna, kontsumoa eta hondakinak. Gainera, programak saio irekiak eskainiko ditu publiko orokorrarentzat kontsumo energetiko, birziklapen, konpostatze eta abarri buruz, baita bizikletak konpontzeko tailerrak ere, besteak beste.

CEAren presidenteak, Ana Oregik eta Fundación Vital Fundazioaren zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacuak (duela 7 urtetatik programa horren sustatzaile diren erakundeak), nabarmendu dute ekimen horren helburua hiriko familien artean jarrera ekologikoagoa sustatzea dela, uraren eta energiaren kontsumoa aurreztea sustatuz eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten lagunduz.

Programa doakoa da eta ekologikoago eta jasangarriago izan nahi duten Gasteizko familiei zuzenduta dago. Hala, hiria gero eta berdeago izan dadin lagunduko dute.

2015ean hasi zen Etxe Berdeak programa Gasteizen, 25 familiarekin. Programaren arrakasta ikusita 50 familiatara zabaldu zen. Familia kopuru hori egokitzat jo zen programa behar bezalako arreta- eta xehetasun-mailarekin gauzatu ahal izateko. 2019an kopurua 55 familiatara zabaltzea erabaki zen, eta iaz 75 familiatara iritsi zen.

“Eguneroko keinuetan aldaketa txikiak egitea, adibidez, argia itzaltzea, txorrota ixtea, termostatoa graduatzea, etxeko hondakinak kudeatzea edo hiritik ibiltzea, lagungarri izan daitezke aurrezteko eta inguruarekiko errespetu gehiagoz jokatzeko. Tailer praktikoen eta aholkularitza pertsonalizatuaren bidez, inguruarekiko errespetu gehiagoz jokatu eta etxea eremu ekologiko bihurtu nahi duten familia eta pertsona horiei gauzak erraztu nahi dizkiegu. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan ekarpena egin ahi duten familiak dira horiek”, CEAko presidenteak, Ana Oregik, nabarmendu duenez.

Bestalde, Arantxa Ibañez de Opacuak, Fundación Vital Fundazioko zuzendariak, Etxe Berdeak proiektu “dagoeneko Gasteizen finkatuta egotea” nabarmendu du, “etxearen kudeaketa arduratsuagoa lortzeko aldaketa-prozesua dagoeneko errealitate baita Gasteizen, eta epe luzera, gure inguruneko ingurumenaren onurarako izango da. Vital Fundaziorako lehentasunezko helburua da eta, aurten lehen aldiz, Etxe Berdeak programa Arabako gainerako kuadrilletako 120 familiatara zabaldu izana ekarri du”.

 

Zer eskaintzen du Etxe Berdeak programak?

  • Bisita bat etxera, etxeko kontsumoak aztertzeko.
  • Aditu baten aholkularitza urtebetez zalantza guztiak argitzeko.
  • Bost tailer tematiko (energia, hondakinak, ura, mugikortasuna eta kontsumoa) eta horietan etxeko fakturetan aurrezteko aholku erraz eta praktikoak
  • Tailer praktikoak: energia eta ura aurreztea, gidatze ekologikoa, bizikletak, kontsumoa eta erosketak, plastikoak eta konpostatzea
  • Etxean errazago aurrezteko elementu ugari.
  • Kontsumoaren eta mugikortasunaren inguruan ohitura iraunkorrak hartzea

 

Izen-emateak:

Maiatzaren 2ra arte, udalaren webgunean Herritarren Arretarako Bulegoetan.

 

Informazioa emateko hitzaldia:

Asteartean, martxoaren 23an, 18:30ean, Vital Fundazioko Kulturunea aretoan, Dendaraba merkataritzaguneko 1. solairuan.

 

Share

Iraunkortasunerako Gobernu Lokalen Sarearen erabaki-organoetan sartu da Gasteizko Udala

ICLEIko batzorde betearazleko aholkulari izendatu dute Ana Oregi, eta Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat izango da

Iraunkortasunerako Gobernu Lokalen Sarearen erabaki-organoetan sartu berri da Gasteizko Udala. Izan ere, ICLEIren Batzorde Betearazleko iraunkortasun-konponbideen ikerketa urbanoaren arloko aholkulari izendatu dute Ana Oregi alkateordea, eta orobat izango da Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat.

Joan den astean aurkeztu ziren gobernu lokalen sare horren zuzendaritza-organoak hautatzeko prozesuaren emaitzak. 1990ean sortua, 1.700 kidetik gora biltzen ditu sareak, 100etik gora herrialdetakoak, hainbat arlotan proiektu berritzaileak garatzeko elkarlanean —biodibertsitateari eta ekosistemei buruzko zerbitzuak, klima-aldaketa arindu eta hartara egokitzea, energia, elikadura, azpiegiturak, kontratazioa, mugikortasuna eta ura, besteak beste—.

“Erakunde horrek pisu handia du nazioartean, eta estu lan egiten du Nazio Batuekin eta Europako hainbat erakunderekin, gobernu lokalen iritzia aintzat hartzen dela ziurtatzeko. Gainera, sare tematikoen eta proiektu zehatz oso interesgarrien bidez esperientziak trukatzeko aukera ematen du”, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak.

Share

Ana Oregik tokiko hiri-estrategiak defendatu ditu Gijonen, hala nola Gasteizko eredua, klima-krisiaren aurkako aldaketa-prozesuan

Ana Oregi alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arduradunak Gasteizko eredua defendatu du gaur Gijonen, tokiko hiri-eredu gisa, klima-krisiaren aurkako aldaketa-prozesuan.Eredu lokalak dira, aldaketa-prozesu progresibo eta sakonetan lagundu behar dutenak, nazioartean indar handiz planteatzen ari den bezala. Eztabaidarik gabeko apustua hiri jasangarri eta erresilienteen aldekoa da, pertsonak – Osasuna, segurtasuna eta ongizatea – beste gogoeta batzuen gainetik jartzen baitituzte”.

Ana Oregik Cabueñeseko 38 Nazioarteko Topaketetan parte hartuko du asteburuan, Gijonen, larrialdi klimatikoari buruzko mintegian.

Cabueñesko Gazteen Nazioarteko Topaketak gazteentzako, elkarteentzako, teknikarientzako eta gazte-politiketako arduradunentzako topaketa- eta eztabaida-foroa dira, eta 1983az geroztik egiten dira. Gazteen Topaketa hauek Estatuko gazteentzako topagune eta eztabaida foro nagusietako bat dira.

Share