Prentsa Oharren banner

Erdi Aroko hiriguneko berdeguneak areagotzeko azterlan bat enkargatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak

Berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udala —auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera— gaur egun lantzen ari den Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

 

Laguntza teknikoa Paisaje Transversal enpresari kontratatzea onetsi du gaur Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kontseiluak, Erdi Aroko hirigunearen naturalizazioan aurrera egiteko, esku hartzea bideragarria den bide publikoko eta ondare eraiki publiko nahiz pribatuko espazioak identifikatuko dituen eta bertan azpiegitura berdeen arloko esku-hartzeak planteatuko dituen lan baten bitartez. Hainbat jarduketa izan litezke posible, hala nola zuhaitzak eta igokariak landatzea, lorategiak eta loreontziak jartzea, besteak beste.

Proiektu honen aurrekontua 37.503,95 eurokoa da eta 9 hilabetetan egin behar da lana.

2004 urtean Gasteizko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia onetsi zenetik, esku-hartze ugari egin dira hiriko natura eta berdeguneak bultzatzeko. “Jarduketa horiei esker, hiriko biodibertsitatea eta horri lotutako ekosistema-onurak handitzea lortzen ari gara: airearen kalitatea hobetzea, klima-erosotasuna, euri-uraren iragazketa areagotzea eta abar. Bertako hirigintza-taxuera berezia dela eta, biztanle bakoitzeko espazio berdeen ratiorik txikiena duen auzoetako bat da Erdi Aroko hirigunea, eta, horregatik, lorategi-eremu txikiek eta beste elementu berde batzuek garrantzi handia dute”, azaldu du IGIko lehendakari Ana Oregik. Hain zuzen ere, berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udalak, auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera, gaur egun lanean diharduen Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

Espazioak eta jarduketak proposatu aurretik, azpiegitura-sareekin, trafikoarekin, eraikitako ondarearekin, hirigintza-bilbearekin, jabetzarekin, zuhaiztiekin eta berdeguneekin lotutako baldintzatzaile fisiko eta legalak aztertuko dira.  Era berean, planteatutako esku-hartzeen onarpen soziala eta horiek garatzeko eta mantentzeko herritarren inplikazio- eta partaidetza-maila hartuko dira kontuan, arrakasta bermatzeko faktore gisa.

Espazioen eta esku-hartzeen hainbat katalogo egingo dira —espazio eta esku-hartze bakoitzeko planoak, zirriborroak eta azalpen-txosten bana—, eta kudeaketa- eta mantentze-beharrak zehaztuko, baita aktore lokalen jarrera eta inplikazio-maila ere.

Azterketarekin batera, auzoa naturalizatzeko egokienak diren landare-espezieen katalogo bat aurkeztuko da, haien mantentze-lanen, etorkizuneko garapenaren eta horrek dakartzan ekosistema-onuren arabera. Halaber, azpiegitura berdearen kudeaketa partekatzeko proposamen bat egingo da.

Share

Mendebaldeko proiektua bisitatzea

Gorka Urtaran alkateak, Ana Oregi IGIko presidenteak, Imanol Zabaleta IGIko zuzendariak eta talde politiko guztietako ordezkariek Mendebaldea proiektua bisitatu dute gaur goizean, Jundizko industrialdearen inguruan degradatutako lurzoruak berreskuratzeko proiektu aitzindaria, Gasteizko Eraztun Berdea osatuko duen korridore berde bihurtzen ari dena.


Proiektu horren hirugarren faseak, zeina gaur egindako bisitarekin jakinarazi baita, esperientzia berri bat aurreikusten du: Ariñezetik gertu dagoen lursail horretako zenbait puntu deskontaminatzea fitorremediazioaren bidez, edo, beste modu batean esanda, landareekin deskontaminatzea.


Kutsatutako lurzoruen fitorremediazioa landareen baterako erabileran, lurzoruaren medeagarrietan eta teknika agronomikoetan oinarritzen da, lurzoruko kutsatzaileen toxikotasuna desagerrarazteko, atxikitzeko edo gutxitzeko. Kutsatutako lur hori atera eta arazoa beste leku batera eraman ordez, ekimen honen bidez toki berean hartzen da erantzukizuna.

Praktika horretatik lortzen diren emaitzak udalerriko beste eremu batzuetara eramango ditu Udalak, hala nola Larragorri, Arkatxa edo Las Neveras parkera. Jundizko korridorearen azken zati horretan, landaredia leheneratu eta birpopulatuko da, eta baso iraunkor bat, soroak eta aintzira bat ere izango ditu.

Share

Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna ospatzeko gonbita egin du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak

Mario Bregaña

Maiatzaren 22an ospatzen da eta biodibertsitateak gizakientzat duen garrantziaz eta biodibertsitate hori etorkizuneko belaunaldientzat zaindu eta babesteko beharraz kontzientziatzea du helburu.

 

Maiatzaren 22an Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da “Konponbidearen parte naiz” goiburupean, itxaropena, elkartasuna eta edozein mailatan elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratzeko asmoarekin, naturarekin orekan egongo den etorkizuna eraikitze aldera. Gasteizko Udalak bat egingo du ospakizunarekin eta berea egin du goiburua, Ana Oregi IGIko presidenteak azaldu duenez: “Aurtengo goiburuak gogorarazten digu biodibertsitatea garapen jasangarriaren erronka askori emandako erantzuna dela, hala nola, naturan oinarritutako irtenbideak, klima, osasun arazoak, elikadura- eta ur-segurtasuna, edo bizibide jasangarriak. Azken batean, biodibertsitatea mundu hobe bat berreraikitzeko oinarria da.

Nazio Batuek Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna izendatu zuten maiatzaren 22a, biodibertsitate gaiak hobeto ulertu eta ezagutzeko. Izan ere, aurrerapen teknologikoak gorabehera, gizakiek ekosistema osasuntsuak behar dituzte, besteak beste, osasuna, ura, elikagaiak, sendagaiak, jantziak, erregaia, aterpea eta energia eduki ahal izateko.

 

Jarduera programa

Efemeride horren harira, Gasteizko Udalak ingurumen alorreko kontzientziazioa, dibulgazioa eta sentsibilizazioa lantzeko hainbat ekintza antolatu ditu ingurumena sustatzeko jardueren barruan. Aste honetan jarduera hauek egingo dira:

Gasteizko biodibertsitatea kontserbatzeko estrategiaren oraina eta etorkizuna” hitzaldia, Agustí Agut eta Luis Lobo Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikarien eskutik. Bertan, 2025. urterako gure udalerriko biodibertsitatearen galera geldiarazteko hartu beharreko neurriak azalduko dituzte. Maiatzaren 20an izango da, ostegunean, 19:00etatik 20:30era, eta Udalaren YouTube kanalean ikusi ahal izango da.

Maiatzaren 22an, larunbatean, 17:30ean, “Hezeguneko biztanle sekretuak” jarduera egingo da familientzat. 6 eta 10 urte bitarteko haurrek ikerlari bihurtzeko aukera izango dute. Ur lagin bat hartu eta lupaz aztertuta, Salburuko hezegunean bizi diren organismoak eta formak behatu ahal izango dituzte.

Ramon Aranbarri

Horrez gain, larunbateko ospakizuna aprobetxatuz, Atariak beste era batean artatuko ditu bertaratutakoak: Salburuk ekosistemei ematen dizkien onurak azalduko dizkiete, bai eta naturan oinarritutako irtenbideen bitartez ematen dituen ingurumen zerbitzu guztiak ere, horretarako duela gutxi argitaratu den parkeko ibilbideen mapa berriaz baliatuta.

Amaitzeko, maiatzaren 23an, 11:00etatik 14:00etara, “Biodibertsitatearen aldeko Herritarren Zientziaren Astea” ekitaldia antolatu da, IGIk parte hartzen duen herritarren zientzia eta biodibertsitatearen aldeko aliantza. Asteak Espainiako flora eta faunarekin zerikusia duten 50 erakunde, elkarte, plataforma eta komunikabide baino gehiago bilduko ditu, indarrak batu eta Estatuko erakunde naturalista guztiak gutxienez urtean behin bilduko dituen espazio bat sortzeko.

 “Udalak antolatutako jardueretan parte hartzeaz gain, norberak ere bere aletxoa jar dezake gure inguruan bizi diren animalia eta landare espezieak zainduz, baloratuz eta babestuz, baliabide naturalak zainduz eta natura errespetatuz, pixkanaka bere oreka berreskura dezan”, azpimarratu du IGIko presidenteak.

IGIk gai interesgarri horri buruzko informazioa partekatzera animatzen ditu herritarrak, eta #biodibertsitatearennazioartekoeguna eta #Dibertsitatebiologikoa etiketak erabiltzea proposatzen du.

Share