Prentsa Oharren banner

APASOS elkartearekiko lankidetza amaitzea erabaki du Udalak

Hurrengo egunetan, Gasteizko Udalak amaitu egingo du APASOS elkartearekiko lankidetza. Orain arte hitzartutako jarduerak egiteko urtarrilaren 1etik aurrera izandako gastuak konpentsatuko dizkio kolektiboari, eta, aurrerantzean, baliabide propioekin beteko ditu Udalak lan horiek. Horrenbestez, Udalak ez du asmorik, oraingoz, aurtengo lankidetza-hitzarmena sinatzeko.

Elkartearekiko desadostasunak daude APASOSekiko lankidetza amaitzearen oinarrian, bai Animaliak Babesteko Zentroa hobetzeko 2019an hasitako prozesuari dagokionez, bai harrezkeroztik egiten ari den prozesu berrien ezarpenari dagokionez. Txosten tekniko batek eta txosten juridiko batek babesten dute lankidetza amaitzeko erabakia.

Hobetze-prozesu horren barruan daude instalazioak berak eraberritzea eta Animaliak Babesteko Zentroari esleitutako profil profesionaletan zenbait aldaketa egitea, eta barne-funtzionamenduko jarraibide, metodo eta modu berriak ekarri dizkio berekin zentroari. Horrekin guztiarekin, honako helburu hauek lortu nahi dira: osasun-segurtasuna handitzea, langileentzako zein erabiltzaileentzako osasunaren eta segurtasunaren arloko arriskuak gutxitzea, bertan ostatutako animalien ongizatea hobetzea, eta herritarrei zabalik dagoen antolaketa eraginkorrago bat ezartzea.

Aldaketa horiek abian jarri zirenetik desadostasun ugari egon dira APASOSen eta Udalaren artean. Elkartea uzkur agertu da barne-antolakuntzako arauak onartzeko. Halaber, desadostasunak erakutsi ditu Udalaren eskumeneko zenbait kontu teknikoren, animaliei ematen zaizkien albaitaritzako tratamenduen eta Udaleko langileek ezarritako animalien elikaduraren arloetan. Horretaz gain, kolektiboa zentroaren biosegurtasun-arauak betetzearen aurka egon da, horiek murrizketak ezartzen baitituzte berrogeialdian edo gaixorik dauden animalien eremura sartzeko. Zentroan jarraituz gero erraz adopta litezkeen animaliak etxeetan aldi baterako hartzeko eraren inguruan ere badira irizpide-desadostasunak.

“Animaliak Babesteko Zentroa hobetzeko prozesuak dakarren guztiari etengabe aurre egite horren eraginez, ezinezkoa da lankidetzan jardutea animalien eta herritarren interes orokorraren alde. Udalak proposamenak egin ditu, eta jarrerak hurbiltzeko borondatea erakutsi du, baina horrek ez du egoeraren hobekuntzarik ekarri. Horregatik, oraingoz lankidetza etetea beste biderik ez zaigu geratzen. Espero dugu etorkizunean berriro ekitea elkarlanari, baina gaur egun ezinezkoa da”, adierazi du Kirol eta Osasun Saileko zinegotzi Livia Lopezek.

Lankidetza amaitu ondoren, baliabide propioekin helduko die Udalak orain arte APASOSek egindako zereginei. Esaterako, aurrerantzean, Osasun Publikoaren Zerbitzuak egingo ditu albaitaritza-tratamendu eta antzutze guztiak. Harrera-etxeak bilatzea eta adopzioak sustatzea, berriz, udal-langileek zuzenean kudeatuko dute. Animaliak Babesteko Zentroko plantilla indartu eta berrantolatzeak aukera emango du animalien paseoak eta sozializazio-uneak ere udal-langileek egin ditzaten. Eta, azkenik, albaitaritza-zerbitzuaren ordutegia indartuko da.

“Planteamendu hori berehala ezarriko dugu, baina aldi baterako izan dadin nahi dugu. Horrela jardungo dugu lanean aldi batez, Zerbitzuak egoeraren bilakaera aztertzen duen bitartean”, zehaztu du Kirol eta Osasuneko zinegotziak. “Nolanahi ere, Animaliak Babesteko Zentroaren kudeaketan elkarteen munduarekin eta boluntarioekin lankidetzan aritzeko helburuari eusten dio Udalak. Betiere, animalia guztiei arreta eta ongizatea bermatzea oinarri hartuta”, esan du amaitzeko Livia Lopezek.

 

 

 

Share