Prentsa Oharren banner

Gasteizko Antzerki Jaialdian protagonismo berezia izango dute tokiko konpainiek

Datorren astean jarriko dira salgai abonamenduak

Urriaren 7tik abenduaren 21era bitartean egingo den Gasteizko 45. Antzerki Jaialdirako dituzten proposamenak aurkeztu dituzte tokiko antzerki konpainien ordezkariek, gaur, prentsaurrekoan. Jaialdian 32 ikuskizun izango dira, guztira, eta horietatik 20, euskal taldeenak.

“Aurtengo jaialdia 0 km-koa izango da. Tokiko sortzaileen bandera-ontzia izatea nahi izan dugu. Gure helburua da arlo honetako artista, langile eta ikusleek berriz ere segurtasun- eta normaltasun- sentsazioa izan dezatela antzokietan” adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Horren haritik, antzoki sarearen arduradun Marta Morfortek azpimarratu egin du Gasteizko jaialdian segurtasun-neurri guztiak beteko direla, saio bakoitzean edukieraren ehuneko 50a, eta jendearen artean eserleku bat libre. Artistei bertaratzeagatik eskerrak eman ondoren, hitza eman die, euren proiektuak azal ditzaten.

Lehenik, Zanguango taldeko Miguel Muñozek hitz egin du. Joan den astean kaleko ikuskizun onenaren Max Saria jaso zuen “Al otro lado” lanagatik. Oraingoan, ‘Aquí va a pasar algo’ aurkeztu du, pertsona guztientzat jolasa aldarrikatzen duen umore-ikuskizuna.

Teatro Paraísoko Pilar Lópezek, berriz, Úniko, el Príncipe destronado’ lanaren magiaren lilura sentitzera animatu ditu ikusleak. Etxera beste umetxo baten etorrerak lehentasuna galarazi diola sentitzen duen seme bakar baten istorioa kontatzen du. “Jelosia eta enbidia bezalako emozioen kudeaketaz ari da”.

“Enredados” deialdiaren baitan, beldurrari buruzko “No me toques” Juan 20:17’ lana aurkeztu du Thussiako Miguel Garcések . “Pandemia garaian pasaporte inmunitarioak kudeatzen dituen enpresa bati buruzko da” adierazi du.

Off Local

Ondoren, Off Lokal deialdian aurkeztutako proposamenak azaldu dituzte.

Ekomako Aitor Colladok ‘Con los pies por delante’ lanaren zentzua azaldu du: heriotza desmitifikatzea. Bi pertsonaiak heriotzari aurre egiteko dituzten ikuspuntu ezberdinak deskribatzen ditu umorezko lan honek.

Ondoren, Mananas Fruti Co. konpainiako Jasón Guerrak ‘Acoples & Desacoples lana defendatu du. Bertan, gure familia- eta gizarte-bizitzarekin konpromisoak izateari utziz gero beste mundu bat posible dela ikusarazten saiatzen da coach bat.

Pez Limbo konpainiako Unai López de Armentiak, berriz, ‘Marea baja’ lanaz eta gizonen arteko zainketaz hitz egin du.

Tranpola konpainiako Josune Velezek ‘Txilin Hotsak’ aurkeztu du. Kristalezko ontzi huts batean zer dagoen esango dute lan horretan.

Pizifaktoriako Mikel Ayllón ‘Elkar ezagutu genuen eguna’, lanaz aritu da; internet bidezko harremana duten bi pertsonen arteko istorioa. “Bakoitzak bide desberdina aukeratzen du zoriontasuna bilatzeko” azaldu du.

Amaitzeko, Ypárchoumeko Marina Suárezek hartu du hitza. Existentzia mugimendu gisa aztertzen du ‘Hara Nori’ lanean.

Irailaren 21ean hasiko da antzerki-jaialdirako abonamendu salmenta (abonamendu irekietarako hitz ordua eskatu beharko da aldez aurretik). Sarreren salmenta irailaren 28an hasiko da.

Informazio gehiago

Share

Astelehenetik aurrera, hilak 14, eskatu ahalko da abonamendu irekiak erosteko aurretiazko hitzordua

Osasun-egoera dela eta, hitzordua eskatu beharko da Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdirako abonamendu irekiak erosteko. Hitzordua izan ondoren, leihatilan eta telefonoz erosi ahalko da. Kasu honetan, leihatiletako langileek hitzorduko egun eta orduan deituko dute adierazi den telefonora.

Hitzordua irailaren 14tik 25era bitartean eskatu ahalko da –irailaren 19an eta 20an izan ezik–, telefonoz (945 16 16 telefonora deituta 18 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara), edo udalaren webgunean.

Abonamendu irekiak saltzeko ordutegi berezia hauxe izango da:

  • Irailaren 23an (asteazkena): 10:00etatik 20:30era.
  • Irailaren 24an (osteguna): 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:30era.
  • Irailaren 25ean (ostirala): 18:30etik 20:30era.
Share

Aktore eta antzerkigile handiak Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 45. edizioan

Publikoak 33 ikuskizunez gozatu ahalko du eta, besteak beste, Nuria Espert, Aitana Sánchez Gijón, Carmen Machi, Ernesto Alterio eta Juan Diego Bottoren lanez

 

Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 45. edizioa urriaren 7tik abenduaren 21era arte egingo da. Orotara 33 ikuskizun izango dira, horietako 21 euskal konpainiek eskainiak —bederatzi euskaraz—; lanetako batzuk berriro programatu dira, osasun-krisia dela eta bertan behera geratu ondoren.

Gasteizko publikoak Nuria Espert, Aitana Sánchez Gijón, Carmen Machi, Natalie Poza, Manuela Velasco, Ernesto Alterio, Ramón Barea, Juan Diego Boto eta Sergio Peris-Mencheta aktoreen lanez gozatu ahalko du, besteak beste. Gainera, antzerkigile ospetsuak etorriko dira hirira, hala nola Lluis Pascual eta Andrés Lima.

Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik aurkeztu dute jaialdia prentsaren aurrean.

Gaur jaialdi ezberdina aurkezten dugu, 0 kilometroko jaialdia, tokiko sortzaileen bandera-ontzia izateagatik gogoratuko dena, publikoari, artistei eta alorreko langileei antzokietan segurtasun eta normaltasun sentsazioa itzultzeagatik“, adierazi du Estíbaliz Cantok.

Egitarauak lau erabateko estreinaldi barne hartzen ditu: Proyecto Larruaren ‘Ojo de Buey’ lanaren aretorako bertsioa; ‘Una noche sin luna’, Sergio Peris-Menchetak zuzendu eta Juan Diego Bottok protagonizatzen duen lana, eta ‘Sisiforen paperak/Los papeles de Sísifo’, euskaraz eta gaztelaniaz, Gasteizko Principal antzokiak, Donostiako Victoria Eugenia antzokiak, Bilboko Arriaga antzokiak eta  Centro Dramático Nacionalak elkarrekin ekoitzitakoa. Harkaitz Canok idatzi du lan hori, eta Iñaki Rikarte da protagonista, besteren artean.

Sorkuntza eszenikoa

Antzerki Jaialdiak sorkuntza eszenikoari laguntzeko bi deialdiei eutsi die: ‘Off Local’ eta ‘Enred@dos’. “Off Lokalek hiru proposamen izan ohi zituen, baina aurten zortzi lan ikusi ahalko ditugu, aurkeztutako lanen kalitatea handia delako eta bertako sorkuntzari ikusgarritasuna eman nahi diogulako”, nabarmendu du zinegotziak.

Jaialdiak hizkuntza eszeniko berrien eta programazio ausartenen alde egiten jarraitzen du, bai dantza eta antzerki proposamenetan bai JIM Aktual zikloan, zeinak antzezlan berritzaileenak biltzen baititu.

Gainera, ikuskizun inklusiboak ere programatu ditugu, programazio hori gure agertokietan normalizatu eta ikusarazi behar baita“, nabarmendu du Cantok.

Familia osoarentzako antzerkia

Familientzako lau lan aurkeztuko ditu Gasteizko Jaialdiak, formatu ezberdinetakoak (dantza eta antzerkia).

Kultura zinegotziak publiko horri zuzendutako berrikuntza bat iragarri du. “2020an lehenengo haurtzarorako Mapping europar jaialdian lan egiten hasi gara, zeina Udalaren Antzoki Saretik antolatuko baitugu, Teatro Paraíso taldearen laguntzarekin. Horri esker, Gasteizko publikoak haur txikientzako proposamenez beteriko jaialdi handi batez gozatu ahalko du 2021eko azaroaren 19tik 28ra.”

Aurrekari gisa, 2020an sortzaile, familia eta irakasleen arteko lantegia egingo da, 2021eko Mapping jaialdia diseinatzeko partaidetza-prozesua garatzeko. Horretaz gain, topaketa bat egingo da online, Titulartasun Publikoko Antzoki eta Entzunaretoen Espainiako Sarearen lankidetzarekin, esperientziak partekatzeko eta Gasteizko Antzerki Jaialdiko “Haurtxoak proiektua” programaren ibilbidea laburtzeko, Euskal Herrian aitzindaria izan baita.

Inaugurazioa

Urriaren 7an, 8an eta 9an inauguratuko da Antzerki Jaialdiaren 45. edizioa, euskal sortzaileen zenbait proiekturekin eta estatuan arrakasta handia izaten ari den lan batekin.

Urriaren 7an, Proyecto Larruaren ‘Ojo de Buey’ lana hartuko du Principal antzokiak, eta urriaren 8an, ‘Prostitución’, Carmen Machi protagonista duen dokumentu-antzerki erdiragarria; urriaren 9an, berriz, Zanguazo Teatro taldeak ‘Aquí va a pasar algo’ lan arrakastatsua eskainiko du.

Udal Antzoki Sarearen publikoari berriz ilusioa ekarriko dion programazio gailen baten hasiera baino ez da izango.

Informazio gehiago

 

Share