Prentsa Oharren banner

Urriaren 1etik aurrera, sei erakusketa egingo dira 2020ko Arabaclik topaketaren barruan

Horretaz gain, argazkigintza eta mugikorraren II. topaketak lau lantegi eta bi zabalkunde jarduera proposatzen ditu

 

Arabaclik argazkigintza eta mugikorraren II. topaketak 2020ko ediziorako jarduera-programa aurkeztu du gaur goizean prentsaren aurrean. Ekitaldiari laguntzen dioten hiru erakundeen ordezkariak izan dira aurkezpenean: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Ana del Val, Kulturako foru diputatua, eta Arantxa Ibáñez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendaria.

Bertan izan dira, halaber, Iñigo Antia, Arabacliken koordinatzailea, eta Jose Antonio Eguiara, Fotogasteiz elkartearen ordezkaria. Haiek azaldu dutenez, lehiaketaren aurtengo edizioan 740 argazki jaso dituzte guztira, 50 egilerena.

Arabaclick-ek 230 argazki onenak hautatu ditu, eta horiekin sei erakusketa antolatu. Horietako bost Arabako hiriburuan jarriko dira ikusgai, urriaren 1etik 18ra, eta seigarrena Agurainen, urriaren 12tik 25era.

“Lehiaketa honek adierazteko bide bat eskaintzen du, eta aurten garrantzi handiagoa hartzen du, hala esan badaiteke. Izan ere, itxialdiaren ondoren lozorrotik esnatzen den bizitza harrapatu nahian atera dira argazkilariak kalera. Gasteiztarrak erakusketetara joatera animatzen ditut, eguneroko irudien edertasuna miresterik izan dezaten”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Atarian naturarekin lotutako argazkiak ikusi ahalko dira; Sancho el Sabio fundazioan, Arabako paisaiak, eta Amarika aretoan, zuri-beltzeko argazki urbanoak. Vital Fundazioaren erakusketa aretoan, berriz, koloretako argazki urbanoak jarriko dira, eta El Corte Inglés saltokiko pasabidean, pertsonen irudiak.

Aguraingo ZabalArte zentroan, azkenik, 36 argazki erakutsiko dira (gai bakoitzeko sei onenak). “Lurraldeko gizarte etxe eta kultur zentroei ere eskainiko zaie erakusketa jartzeko aukera, argazkigintzak emozioak transmititzeko duen balioa agerian uztearren“, iragarri du.

Jarduera osagarriak

Erakusketen osagarri antolatu den jarduera-programak lau prestakuntza-lantegi eta bi zabalkunde-jarduera barne hartzen ditu.

Urriaren 3an (larunbata) “Argazkigintza urbanoa smartphoneaz” lantegia emango du Gustavo Bravok, Fotogasteiz argazkigintza eskolan. Hilaren 14an (asteazkena), Javier Berasalucek “Hiru dimentsioko anaglifoak” hartuko ditu gaitzat Amarika aretoan.

Leku berean egingo dira “Lau urratsetan” (Maialen Lacalle) eta “Argazkiak baino gehiago” (Koldo Mendaza eta Piko Zulueta) lantegiak. Biak hilaren 17an (larunbata) izango dira.

Zabalkunde-jarduerei dagokienez, Fotogasteiz argazkigintza eskolako zuzendari Gustavo Bravok hitzaldia emango du Amarika aretoan, urriaren 3an (larunbata), 12:00etan, “Kaleko argazkigintza” hizpide hartuta.

Azkenik, urriaren 21ean (asteazkena), 19:00etan, Arabacliken 2020ko edizioaren amaiera ekitaldia egingo da Vital Fundazioaren kulturunean: Arte eta Lanbide Eskolako irudi saileko ikasle Sebastián Bayo, Pato Furlong eta Raquel Calvoren lanak aurkeztuko dira, eta sail horretako irakasle Koldo Mendaza, Piko Zulueta eta Juan Arrosagarayk gidatuko dute jarduera.

Informazio gehiago

 

 

Share