Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urtarrila 2019 13:57

 

 

 

 

 

 

– Txirrindulariek eta oinezkoek Natura 2000 Sareko natura gune den Zadorra ibaiaren ertzetatik doan kilometro eta erdiko ibilbide hori egin dezakete hemendik aurrera. Esku hartze horri esker, gainera, lurrazal andeatu zaharrak itxuraberritu ahal izan dira ingurumen aldetik.

– Proiektuaren bukaeran, Zadorraren ibilbide berdeari esker Gasteiz eta Iruña Oka lotuko dira bizikletaz egiteko 16,2 kilometroko tartean

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea lagun, gaur goizean inauguratu dute Arabako hiriburuko eraztun berdea eta Jundizko industrialdea eta Krispiña lotzen dituen Zadorraren ibilbide berdearen tarte berria.

Mugikortasun jasangarriko igarobide berri hori egokitzeko hainbat esku hartze egin da, hala nola zorua egokitu bizikletak, gurpildun aulkiak eta haurrentzako gurditxoak igaro daitezen; seinale berriak jarri, eta andeaturiko lurrazal zaharrak berreskuratu, zikin eta isurketekin egon baitira, eta orain natura gunean bertan txertatuak daude.

Txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbidea da, hari esker herri guneak lotu ditzakegu, baita hobeto ezagutu ere gure natura balioak eta aurrerapausoa eman mugikortasun jasangarriaren alde esanez poztu da Ramiro González, eta dioenez ibilbide berde berri honek jarraitzaile asko izango ditu: ez bakarrik aisialdi osasuntsu baten alde oinez eta bizikletaz ibiltzera zaletuak direnak, ezpada beste aukera bat ere izango dute industrialdean lan egiten dutenek, bizikleta erabili ahalko baitute garraiobide beren lanetara joateko.

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esku hartze hori kokatu du eraztun berdearen etengabeko hobekuntzan, hura ingurumen, gizarte eta turismoko lehen mailako baliabidea baita, zeinak 2018an 25. urteurrena bete baitu asmo askorekin eta erreferente berriekin; hain zuzen ere, Olarizuko parke botanikoa. Gasteizko alkateak gogorarazi duenez erakundeetan lan egiten ari gara hiri inguruetako parkeen sarea zabaldu, hobetu eta finkatzeko. Eta Zadorraren ibilbide berdearen tarte berri hori lankidetza horren ondorio da. Hiriko txirrindularientzako eta oinezkoentzako loturak hobetzeko modua ere bada, baita hirian eta lurraldean oinez eta bizikletaz ibiltzen laguntzeko modua ere azaldu du. Alkateak, era berean, esan du erakundeen arteko koordinazioa Gasteiz eta Araba hobetzeko tresna dela.

Izan ere, Gasteizko Udalak dozenaka jardun dauzka aurreikusiak eraztun berdea finkatzeko datozen urteetan. Hain zuzen ere, Larragorri parkea atontzea, Áncora irin lantegia zaharberritzea, Zadorra hidraulikoki egokitzea Gamarra eta Abetxuku artean, edo Armentiako basoa eta Zabalgana lotzea igarobide garai baten bidez.

Lotura jasangarria Krispiña, Margarita eta Lermandarako

Gaur goizean inauguratu den tartea proiektu handiago baten zati da, hari esker 16,2 kilometroko ibilbidea egin ahalko baita Gasteiz, Tresponde, Billoda eta Iruña Oka artean, eta Iruña Veleiako aztarnategira ere iritsi ahalko da. Gainera, ibilbideak –Zadorraren ur ibilgua du erreferentzia– berariazko bideak ditu Santa Katalinako lorategiraino eta Jundizko muinoraino; hau da, interes historiko eta ekologikoa duten toki horietaraino.

Ibilbide berde berriak jada irteera atsegina eta bizikletaz eta oinez ibiltzeko konexioa eskaintzen die Krispiñako herritarrei, eta ibilbide osoa amaitzen denean, Margarita eta Lermandakoei eskainiko die, zeinei Jundizko industrialdea hazteak eragin baitie; izan ere, Gasteiz eta Iruña Okarekin loturik egongo baitira Zadorraren ibilbide berdearen bidez.

Hain zuzen ere, ibilbidearen lehenengo zatia, Billoda eta Iruña Oka lotzen dituena, 2017ko uztailean jarri zen martxan, eta horretarako, 4,7 kilometro atondu ziren. Guztira, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak ia 300.000 euro inbertitu ditu ibilbide horretan, eta hartarako, guztira 850.000 euroko inbertsioa aurreikusten da. Esku hartze guztiak % 50ean finantzatuta daude Europako EGEF funtsekin.

Ibilbide berdeen 1.080 kilometroko sarea

Diputatu nagusiak garrantzia eman die Arabako ibilbide berdeei, eta gogorarazi duenez, gure ibilbide berdeak estatuan ondoen kontserbatuak daudenak dira, eta elkarri guztiz konektatuta dauden bakarrak; guztira, 1.000 kilometro baino gehiago dituzte. Irmoa da mugikortasun jasangarriaren eta ez motorizatuaren aldeko gure apustua. Gainera, ibilbide berdeen bidez, herriak elkarrekin lotzea lortzen dugu, bai eta gure lurraldearen oreka sendotzea ere, gure kultura eta historia balioak indartuz.

Horretarako, agintaldia bukatzen denean, foru gobernuak 3,8 milioi euro inbertitu izango ditu azpiegitura estrategikoetan, esaterako: Vasco-Navarroren ibilbide berdearen bidea, Antoñanara doana; Amurrio eta Nerbioiko parke lineala lotzea; ibilbide berriak, hala nola Zadorraren ibilbide berdea edo etorkizunean egingo den harriaren ibilbidea, zeinaren bidez Santa Maria katedrala eta Axarteko harrobiak (Trebiñu) lotuko baitira, eta proiektu horrek Erdi Aroko antzinako bidea, 14 kilometrokoa, berreskuratuko du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 iraila 2018 13:22

 

  • Gasteizko alkateak eta Arabako diputatu nagusiak zentro horren ezaugarriak zehaztuko dituen azterlana egiteko hitzarmena izenpetu dute.
  • 2025 Estrategiako proiektu estrategikoetako bat da.

 

Alkatearen adierazpenak Future Logistic & Mobility Lab 

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Future Logistic & Mobility Lab zentroren diseinu eta garapenari buruzko azterlana egiteko izenpetutako hitzarmen hau nazioartean erreferente izan nahi duen proiektu baten lehen pausua da. Gorka Urtaran alkateak eta Ramiro González ahaldun nagusiak izenpetutako hitzarmen hau tarteko, 150.000 euro inbertituko dira zentro hau diseinatzeko. Zentroak laborategi bizi eta berrikuntza-kluster gisa funtzionatuko du, etorkizuneko mugikortasuneko sistema eta zerbitzuak jorratzeko.

Gasteizko Udalaren eta aldundiaren nahia da Gasteizek pertsonen garraioren zein logistikaren alorretan etorkizuneko mugikortasun-sistemak benetako ingurunean probatzeko leku bat izan dezala. Munduko neurri ertainen artean erreferentziazko lekua lortu nahi da, horretarako lehen mailako bazkide globalen eskutik soluzio berritzaile eta iraunkorrak erabilita. Hain zuzen ere, onetsitako azterlan honen funtsezko helburuetakoa da sektore publiko eta pribatuen lankidetzaren aldeko ekimen batean parte hartuko duten bazkideak identifikatzea, tokiko zein nazioarteko enpresak, erakundeak, entitateak, ikerketa-zentroak eta proiektuak.

Future Logistic & Mobility Lab probetarako espazio fisiko gisa sortuko da, logistika eta mugikortasun arloko berrikuntzak benetako egoeretan garatu eta probatzeko aukera emango duen espazio gisa. Horretarako, laborategiak, hitzaldi- eta erakusketa-aretoak eta proiektu eta lankidetza berritzaileetarako espazioak izango dituen ekosistema gisa diseinatuko da.

Future Logistic & Mobility Lab lekurik onenean sortu dela nabarmendu du Gorka Urtaranek, ingurumenaren arloko politiketan erreferente den hiri batean, udalak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiten duen hirian, eta horren emaitza positiboak dira bizikletaren eta garraio publikoaren erabileraren igoera, esate baterako.

“Osagai guztiak ematen dira Gasteizek dituen indar guztiak hartuta hiria laborategi batean bihurtzeko. Laborategi horretan etorkizuneko mugikortasun sistemak egiazko inguruan probatu eta sustatu ahalko dira, pertsona eta salgaien garraioari erantzuna emateko”, azpimarratu du Urtaranek.

Gasteizko alkateak gogorarazi duenez, Future Logistic & Mobility Lab 2025 Estrategiaren baitako proiektuetako bat da. Horrek bost aukera-esparru zehazten ditu Gasteizentzat, eta horietako bi hiri laborategi  honekin lotuta daude: ongi konektatutako hiriarena, eta hiri industrial eta logistikoarena. “Hainbat alderdiren aldeko apustua egina dugu –edukiera handiko garraiobidea, autobus flotak emisioak gutxitzeko irizpideak kontuan hartuta berritzea, Vitoria-Gasteiz Smart&Green City  plana edo Forondako aireportua hub logistiko bihurtzea—, eta Future Logistic & Mobility Lab horien jarraipen logikoa da. Etorkizunera begira, ekimen horien guztien artean sinergiak ezartzeko nahiaren emaitza izan da proiektu estrategiko hau” gaineratu du.

Urtaranek azpimarratu egin du Arabako erakundeek honelako proiektuak gauzatzeko elkarrekin egindako lanaren balioa. “Batu, lan egin eta elkarlanean aritzearen aldeko apustua egiten dihardugu, hiriak bizi duen une hau aprobetxatzeko. Beraz, funtsezkoa da udalaren eta aldundiaren aliantza”.

Ramiro Gonzalez bat dator lankidetzaren ideia horrekin. “Mugikortasunaren arloko beste mugarri batzuekin egin dugun bezala, Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiaren laguntza izango du berriz ere etorkizuneko Gasteiz arabar guztiek nahi eta behar dutena izateko erronka honetan” adierazi du.

“Gaur abian jartzen dugun azterlan honek proiektuaren kokapena bilatzeko balioko digu, hiriak ezarrita dituen mugikortasun-sistemak direla eta, Gasteiz osoa berez laborategi bikaina dela jakinda. Azterlanaren emaitzak kontuan hartuta, etorkizuneko logistika eta mugikortasuna ikertzeko erreferentziazko gune bat sortzea proposatuko da, hori guztia lurraldeko eta atzerriko bazkideen laguntzaz (publiko zein pribatuak, ikertzaileak, ikerketa zentroak zein goraka-fasean dauden startup-ak eta erabiltzaileak)” gaineratu du.

Gonzalezek Arabak automozio, ingeniaritza eta logistikaren arloetan duen enpresa-ehuna eta prestakuntza zentroak nabarmendu ditu, horrek  Future Logistic & Mobility Lab zentroa bultzatzeko aukera bikainak ematen baitizkieo lurraldeari.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 martxoa 2018 12:38

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek Gasteizko lurraldean eragina izango duten inbertsioak finantzatzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Horri esker, Gasteizko Udalak 2,5 milioi euro jasoko ditu Foru Aldunditik, bigarren urtez jarraian, erabilera publikoko zenbait azpiegitura eta proiektu estrategiko sustatzeko.

Gorka Urtaranek nabarmendu du euskal erakundeen arteko lankidetzak udalerriari mesede egiten diola, eta akordioak lotzeko borondateari eta gaitasunari esker izan dela posible. Alkateak diputatu nagusiak Gasteizeko proiektu estrategikoekin duen inplikazioa eskertu du, eta bereziki Santa Barbara plaza eraberritzeko lanak eta Gasteiz Antzokia aipatu ditu.

 

Jarduera horietaz gain, 2,5 milioi euroko aparteko ekarpen ekonomikoaren zati bat kirol-ekipamenduak eraberritu eta hobetzeko eta espazio publikoko azpiegituretarako erabiliko da. Aurtengo hitzarmenean, gainera, iazkoan ez zeuden beste bi inbertsio sartu dira: Basaldea proiektua eta handizkako azoken eraberritzea.

Share