Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 maiatza 2019 11:56

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du gaur, asteroko ohiko bilkuran, hitzarmen bat sinatzea Gasteizko Udalaren eta APASOS-SOS Vitoria animaliak babesteko elkartearekin, animaliak adoptatzearen aldeko eta abandonatzearen kontrako jarrerak sustatzeko

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 15.000 € bideratuko ditu kolektibo horrentzako, aurten sentsibilizazio-jarduera jakin batzuk gara ditzan, betiere animaliak babesa, horiekiko errespetua eta horien ongizatea sustatzera begira.

Hitzarmenaren xedea da APASOSi Armentian dagoen Animaliak Babesteko Zentroan egiten dituen jarduerak ekonomikoki estaltzea, eta zentroan sartzen diren animalien gastuei aurre egiteko, abandonatuta egon izanaren ondorioz ebakuntzak edo bestelako albaitari-arreta behar dutenean.

Jarduera hauek estaltzen ditu hitzarmenak:

  • Abandonatzearen ondoriozko arazoei aurre egiteko albaitaritza-arreta
  • APASOSeko boluntario-taldearen lana ABZn bertan eta kanpoan, udal langileekiko lankidetzan.
  • Harrera Etxeak programa, osasun arrazoiak direla eta zainketa bereziak behar dituzten animaliak aldi baterako hartzeko, adoptatzeko moduan egon arte.
  • Sentsibilizazio jarduerak.
  • Harremanak animaliak babesteko beste elkarte batzuekin.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 azaroa 2015 13:29

“Udal baliabide horrek Arabako lurralde osoari ematen dio zerbitzu, eta nola kudeatu nahi dugun hausnartzeko unea iritsi da”, nabarmendu du Ingurumen koordinatzaile Álvaro Iturritxak

Gasteizko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile Álvaro Iturritxak Urtaranen gobernuak Armentiako Animaliak Babesteko Zentroa hobetzeko duen proposamena aurkeztu du gaur goizean. Instalazioak nabarmen modernizatzeko eta bertan hartutako txakur eta katuen ongizatea bermatzeko neurriak jasotzen ditu planak. “Udal baliabide horrek Arabako lurralde osoari ematen dio zerbitzu, eta urteak daramatza inbertsiotik gabe, beraz, merezi duen hobekuntza egiteko une aproposa dela uste dugu. Animaliak Babesteko Zentroa nola kudeatu nahi dugun hausnartzeko unea iritsi da”, azaldu du Iturritxak.

Funtsean, Udalaren planak baliabidea kokatuta dagoen eraikina datorren udarako handitu eta eraberritzea aurreikusten du, eta bertako langileei baliabide material gehiago ematea. Armentiako zentroko langileek Udal gobernuari helarazi dizkioten proposamenak proiektuaren  txosten teknikoan jaso dira; horien arabera, instalazioetan hainbat hobekuntza egin beharra dago: bulegoak, lanabesak eta animalientzako espazioa. Zehazki, gaur goizean Álvaro Iturritxak aurkeztutako proiektuak ekintza hauek barne hartzen ditu:

– ABZren kudeaketa integralerako informatika programa berria.

– Zentroak duen dokumentazioa digitalizatzea.

– Bulegoak handitzea eta espazioak berregituratzea.

– Albaitaritza kontsulta eta ebakuntza-gela bereiztea, bi ekintzak aldi berean egiterik izan dadin.

– Komunak hobetzea.

– Altzariak berritzea.

– Bi sarrera bereiz jartzea.

– Txakur eta katuentzako koarentena esparrua jartzea, kutsatzerik izan ez dadin.

– Alikatatuak jartzea, higiene eta osasun baldintzak hobetzeko.

– Txakurrak paseatzeko eremu berriak sortzea.

– Argiztapena hobetzea.

– Material kirurgikoa modernizatzea.

Berritzeaz gain, lurralde osorako zerbitzu integral bihurtzea da asmoa. Izan ere, udal gobernuak Arabako Foru Aldundiarekin batera lan egingo du ematen den arreta hobetzeko, azken bi hamarkadetan Animaliak Babesteko Zentroak probintzia osoari eman baitio zerbitzu. EAEko Animaliak Babesteari buruzko  6/1993 Legearen 15. artikuluaren arabera, udalei eta aldundiei dagokie abandonatutako animaliak jasotzea, eta ABZ arduratzen da horretaz, Arabako Foru Aldundiarekiko aldian aldiko hitzarmenen bidez.

Udal baliabidea, aldundiko Nekazaritza Sailarekiko lankidetzan, mikrotxipak jartzeko eta erroldatzeko kanpaina intentsiboak egingo ditu lurralde osoan, horrek abandonatutako animalien kudeaketak bi administrazioei eragiten dizkien gastuak gutxitzea ahalbidetuko baitu. Hartara, animalien jabeak identifikatu ahalko dira, erantzukizuna beren gain har dezaten. “Nekazaritza Sailak eta Abeltzaintza Zerbitzuak bezala, Animaliak Babesteko Zentroa berritzeko beharra dagoela uste dugu, eta herritarrei kontzientzia harrarazi behar zaiela bertatik igarotzen diren animaliek tratu duina merezi dutela; horregatik, proiektua gauzatzeko lehen elkarrizketei ekin diegu, eta sintonia ona dagoela egiaztatu ahal izan dugu”, nabarmendu du Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaileak. Hirigintza Saileko Arkitektura Zerbitzua proiektuaren behin betiko idazketa lantzen ari da.

Gasteizko Udaleko Animaliak Babesteko Zentroa (ABZ) bide publikoan galdu, abandonatu edo istripua izandako animaliei arreta emateko zentro berezia da. Gasteiz ez ezik, Araba lurralde osoa hartzen du bere jarduera esparruak. Zerbitzuak, besteak beste, zeregin hauek ditu: animalien jabeen eta maskoten artean erantzukizun harremana sustatzea; bide publikoan galdu, abandonatu edo istripua izandako animaliak hartu eta arreta ematea; animaliei bizileku duinak bilatzea, eta animaliak eduki eta babesteari buruzko araudia betetzen ez dutenen kontra dosier zigortzaileak abiaraztea. Ingurumenaren eta Osasun Publikoaren Saileko zuzendari Ainhoa Etxeandiak ABZko langileen lana goraipatu du, bai eta ApaSOS elkarteko boluntarioena ere. “Haiek gabe oso zaila litzateke zentroak eskaintzen dituen goi mailako kalitate estandarretara iristea”, esan du.

 

 

Share