Prentsa Oharren banner

Udalak proba pilotua egingo du, karraskari izurriak tranpa adimendunen bidez kontrolatzeko

  • Horrek ahalbidetuko du estolderian dabiltzan arratoiak desagerraraztea mantentze- eta lekualdatze-kostuak aurrezten

 

Duela gutxi, Gasteizko Udala arratoiak kontrolatzeko metodo berria probatzen hasi da: tranpa adimendunen sistema bat. Automatikoki funtzionatzen duten gailuak dira, eta horiei esker ez da errodentizidarik erabili behar, orain arte ohikoa zen bezala. Desinfektatzeko eta intsektu zein arratoiak desagerrarazteko zerbitzuen kontratuaren titularrak, EZSA enpresak, diseinatu du tranpa modelo berria; horrek ez du konexio elektrikorik behar, eta funtzionamendu-gorabeherak denbora errealean jakinarazteko aukera ere badu.

Blokeo-sistema batek eta tranpa mekaniko batek osatzen dute probatzen ari den irtenbideak. Oraingoz, hiru lekutan jarri dira gailuak, Adurtza, San Kristobal eta Arantzabelan, eta geroago beste 23 lekutan banatzea da asmoa.

Tranpa adimendunak eragin handi/ertainekotzat jotako kontrol-eremuetan jarriko dira lehentasunez, hau da, egunean ale bat baino gehiago harrapatzen diren lekuetan, eta bertan utziko dira kontrolgune horretan batere edo ia eraginik ez izan arte gutxienez bi astetan jarraian. Probako lehen urtea bukatzen delarik, tranpen jardueraren azterketa egingo da lekuen arabera, intzidentzia handiena duten eremuak sailkatzeko.

Estoldetan jarriko dira, arratoiek gustukoen duten habitata baitira, animalia horien ugalketa prebenitzeko eraginkortasunik handiena lortzearren. Gainera, tranpa modelo berriak autonomia handia du: igorgailuen bateriak bost urteko bizitza baliagarria du, eta gailua automatikoki berraktibatzen da eliminazio baten ondoren; matxurarik dagoen ere monitorizatu daiteke, eta horrek mantentzea errazten du, eta beharrik gabeko joan-etorriak saihesten.

“Aurrera egiten jarraitzen dugu karraskarien populazioa kontrolatzeari dagokionez. Batetik, lur azaleran lan egiten, hondakinak metatzen diren lekuak ahalik eta gutxienak izan daitezen, haiek erakartzen baitituzte. Eta bestetik, estolda-sarean probatzen ari garen tranpa adimendunen sistema berriarekin, eraginkortasuna handitzeko eta orain arte erabili ohi diren produktu kimikoak murrizteko pentsatutako sistema baita“, azaldu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Sistema berria baliatzen duten lehen hirietako bat da Gasteiz.

Share