Prentsa Oharren banner

Onetsi da ASPANAFOA elkartearekiko hitzarmena, minbizidun haurrak dituzten familiei laguntzeko

Gaur onetsi du Udal Gobernuak Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Sailaren eta ASPANAFOAren (minbizia duten haurren gurasoen Arabako elkartea) arteko lankidetza-hitzarmena, minbizia duten adingabeko umeen familiei laguntzeko programa garatzeko. Ekimen horri Udalak egin dion ekarpena 5.711,18 eurokoa da.

Programaren helburu nagusia tratamendu onkologikoa jasotzeko Euskal Herriko eta bertatik kanpoko ospitaleetan dauden haurren senideen ostatu-arazoa konpontzen laguntzea da. Halaber, dietak eskaintzen zaizkie familiei, dituzten diru-sarreren arabera, joan-etorriei loturiko gastu osagarriei aurre egin ahal izateko.

Batez beste, familia horiek 500 eta 900 euro inguruko galera izaten dute hilero diru-sarreretan minbizidun adingabeari laguntzeko, aldi berean 500 eta 1.000 euro artean igotzen direlarik gastuak. Kasu gehienetan amak uzten du lana egoerari aurre egiteko.

Gaur onetsitako hitzarmenaren bidez, Udalak arazo onkologikoak dituzten haurren eta horien senideen bizi-kalitatearen hobekuntzan laguntzan du, gaixotasunak familia-errentari eragiten dizkion ondorio negatiboak arintzen baititu.

 

 

Share

Europa jauregian moda-desfile inklusibo bat izango da larunbatean, Gorbeia kaleko Merkatarien elkarteak antolatuta

 

  • Ongintza-xedea du desfileak, ASPANAFOA erakundearen alde

Europa biltzar-jauregian izango da datorren larunbatean, urriaren 7an, moda-desfile inklusibo eta ongintzazko bat, Minbizia duten Haurren Gurasoen Arabako Elkarteari (ASPANAFOA) laguntzeko asmoz. Gorbeia kaleko Merkatarien elkarteak jarduera bat antolatu du, Gasteizko Udalak lagundua, entitate horrekin duen lankidetza-hitzarmenaren bitartez.

Elkartasunezko desfileak aukera emango du Gorbeia kaleko arropa-saltzaileen jantziak ezagutzeko, eta dendetako bezeroak eta ASPANAFOAko bazkideak arituko dira modelo, horiek aurkezten. “Bertaratzen direnek moda-desfile inklusibo, errealista eta gertua ikusiko dute, ukitu sozialez jantzia. Horrenbestez, Gorbeia kaleko dendetako azken joerak erakutsi nahi ditugu, eta badela edonoren gustuak asetzeko moda”, esan du Gorbeia kaleko Merkatarien elkartea presidente Víctor Manuel Ibáñezek.

“Merkataritza dinamiko eta gertuagoa bezeroei pertsonak bezala begiratzen dien hura da, ez soilik kontsumitzaile gisa, eta herritarrak salmenta hutsetik harago doazen ekintzetan inplikatzen saiatzen dena. Asteburuan Europa jauregian egingo denaren antzeko ekimenak dira modurik onen Gorbeia kaleko merkatariek egunero burutzen duten lana sentsibilitate sozialaz aberasteko”, esan du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

“Talde politikoak elkar ulertzen saiatzen direnean, desberdintasun eta aldeak bazter utzita, gauza onak egiten dituzte. Gauza bera gertatzen da Udala tokiko merkataritzarekin elkartzen denean, eta tokiko merkataritza elkartasunarekin. Beste behin ere, eskertu egin nahi dugu Gorbeia kaleko merkatarien elkarteak aurrekontuetan txertatu ahal izan genuen diru-partidarekin egiten duen lana, eta deia egin nahi diegu gasteiztar guztiei desfilera joan daitezen eta kausa on horretan parte har dezaten”, azpimarratu du Podemoseko bozeramaile Jorge Hinojalek. “Gure haurrak dira etorkizuna. Izan gaitezen arduratsu, eta egin diezagun gure apurra ASPANAFOAko familien etorkizuna bermatzeko”, esan du amaitzeko.

Moda-desfile inklusibo eta solidarioa Europa jauregiko Green Capital aretoan izango da, eta sartzeko 2 euroko laguntza-bono bat ordaindu beharko da; sarreren irabaziak ASPANAFOAri emango zaio oso-osorik, urteko jarduerak ordaintzeko erabili ditzan.

Share