Prentsa Oharren banner

Formatu handiko 40 lanek ilustrazio zientifikoa hurbilduko dute Ataria zentrora eta Arabako parketxeetara

“Illustraciencia” erakusketa abenduaren 12ra arte egongo da Salburuko interpretazio zentroan

 

Imanol Zabaleta IGIko zuzendariak, Natividad López de Munain Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko zuzendariak eta José Antonio Morlesin ilustratzaile eta EHUko irakasleak hasiera eman diote gaur goizean Salburuko Ataria Interpretazio Zentroan, 2009an Miquel Baidal Cresporen koordinaziopean jaiotako “Illustraciencia” izeneko erakusketari.

Bertan, Zientzia eta Naturako Ilustrazioaren Nazioarteko Sariaren zazpigarren edizioan aukeratutako 40 lan izango dira ikusgai, formatu handikoak (45×60 cm). 400 ilustrazio baino gehiagoren artean epaimahai profesional batek egindako aukera honetan , landareak, animaliak eta elementu geologikoak ikusiko ditugu. Teknika desberdinak erabili izan dira lanetan, esaterako grafitoa, akuarela edo marrazki digitala, baina akabera estetiko ederrekoak dira den-denak, betiere ilustrazio zientifikoaren diziplinak ezaugarri duen zorroztasun zientifikoaren bidetik.

“Ilustrazio zientifikoari ikusgarritasuna ematea da ‘Illustraciencia’ erakusketaren helburuetako bat, eta hori unibertsitate, museo, liburutegi eta zientziaren dibulgazioarekin konprometituta dauden beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeari esker lortzen da. Horrela, proiektua, ilustratzaileak, erakundeak eta gizartea onuradun izango dituen harremana ezartzen da”, azpimarratu du IGIko zuzendari Imanol Zabaletak.

Bestalde, Hirigintza eta Ingurumeneko foru zuzendariak nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da sormenaren eta artearen bidez herritar guztiengana iristea. Ikerketa zientifikoa funtsezkoa da, baina ezinbestekoa da hura zabaltzea, publiko orokorrarengana iritsi ahal izateko. Izan ere, ezagutza, gure ingurunea zaintzeko beharrezkoa dugun kontzientziazioaren eta sentsibilizazioaren euskarria da.

Erakusketa Ataria interpretazio zentroan izango da lehenik, eta Arabako Parke Naturaletako parketxeak bisitatuko ditu gero. Bertan ikusiko ditugun koadroen artean Elvis Antonio Salazar Jorqueraren Passeriformes de Santiago de Chile eta Paulo Prestiren Threadfin morphology lanak daude, biak sarituak, lehena ilustrazio naturalistako kategorian, eta bigarrena ilustrazio zientifikoko kategorian.

Gainera, aurtengo edizioan euskal artisten lanak ere izango dira, esaterako Amaia Torres Piñeiro donostiar gaztearen Disección de un caqui, eta Mikel Rodríguez Hidalgo arrasatear artistak zelakantoei buruz egin duen infografia.

Illustraciencia MNCN-CSICek eta Kataluniako Komunikazio Zientifikoko Elkarteak (ACCC) koordinatutako proiektua da, Zientzia eta Teknologiaren aldeko Espainiako Fundazioaren (FECYT), Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta La Caixa Fundazioaren laguntzarekin.

Erakusketa abenduaren 12ra arte egongo da zabalik Salburuko Interpretazio Zentroan, asteartetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Datorren urtean Arabako Parke Naturaletako parketxeetara iritsiko da. Horrela, 2022ko lehen hiruhilekoan, erakusketa Valderejon egongo da, ondoren Izkira joango da, eta, amaitzeko, Gorbeiara.

 

 

Aurrekariak

Zientzia eta naturako ilustrazioaren nazioarteko lehiaketan sortzen da “Illustraciencia” erakusketa. Lehiaketa horren edizio bakoitzean 40 lan aukeratzen dira, zientzia gizarteari hurbilduko dion erakusketa ibiltari bat sortzeko. Hautatutakoen artean, eta bere helburua kontuan izanik, ‘Illustraciencia’-k diruz saritzen du irabazlea. Halaber, hautatutako ilustrazioak katalogo ireki, birtual batean biltzen dira, eta webgune honetan deskarga daiteke.

 

 

Share

Atariak Euskal Herriaren ikuspegi ezberdina proposatzen digu intsektuen bidez

Arantza Eziolaza ilustratzaileak “Euskal Herriko historia garraiolariak eta ibiltariak” erakusketa inauguratu du Atarian.

 

Arantza EziolazakHistoria garraiolariak” bere obra eskaintzen digu Atarian, eta ekainaren 20ra arte egongo da ikusgai. Erakusketan, intsektuen siluetak erabili ditu gure ohiturak eta kultura kontatzeko, baita Euskal Herriko zenbait toki garrantzitsu erakusteko ere. Horretaz gain, haien gorputzen zenbait atal marraztu ditu, haien testura bereizgarriak erakusteko.

Halaber, erakusketak badu bigarren atal bat, “Ibiltariak” izenekoa: horretan, “gure” intsektuak gizatiartu, eta, hala, bizitzan zehar dabiltzan benetako ibiltari bihurtu ditu. Horrekin, omenaldia egin nahi izan dio Antonio Machado poeta ospetsuaren poemarik ezagunenetako bati.

Animalia horiek planetako izaki bizidunen % 90 baino gehiago dira, guztira (200 bat milioi intsektu pertsona bakoitzeko); orain dela 550 milioi urte baino gehiagotik daude gure artean, eta posible egin dute gaur ezagutzen dugun bezala izatea bizia. Beraz, gure errespetu osoa merezi du haien kontserbazioak.

Historia pixka bat

Gure historiarik antzinakoen eta borrokalarienaren irudi batek ematen dio hasiera kontakizunari, eta Anthaxia scutellaris “bitxi-kakalardoa” ezin egokiagoa da Euskal Herriko sinbolo eta kondairetako batzuk kontatzeko. Bitxiloreetan eta beste unbelifero batzuetan (perrexila, anis-belarra, ezamihilua…) bizi da, eta arreta handiz begiratu beharra dago bera naturan ikusteko, ñimiñoa baita (5-6 mm luze). Garraiolari honek Gernikako Batzar Etxearen irudiak dakarzkigu: hura 1937ko apirilaren 26an bonbardatu izanak eman zion inspirazioa Pablo Picassori historiako margolanik ospetsuenetako bat sortzeko.

Amaiurko monolitoa ere ageri da kakalardo honen barnean. Monolitoa dagoen tokian, lehen Amaiurko gaztelua zegoen, Nafarroaren defentsaren azken gotorlekuetako bat Gaztelako Koroaren konkistaren aurka (XVI. mendea). Errolan, berriz, bere izena duen “Kantuaren” protagonista da; Orreagako gudukari buruzkoa, ezagutzen den gesta-kantarik zaharrena da, seguruenik. Beste zenbait ikono ageri dira: Arrano Beltza (zeina Antso VII.ak zigilu pertsonala baitzuen), lauburua, eguzki-lorea eta argizaiola, besteak beste.

Euskal Herriko zazpi hiriburuak

Aurkezpen horren ondoren, Arantza Eziolazaren obrak Euskal Herriko zazpi hiriburuak erakusten dizkigu intsektu banaren bidez: Longitarsus melanocephalus urre-koloreko kakalardoa Donostiaren garraiolaria da; Lucanus cervus Europako kakalardorik handienak Maule garraiatzen du, Zuberoako hiriburua; Pyrrhocoris apterus malben izerdiaz elikatzen den zimitzak Baiona irudikatzen du; Psylliodes napi-k metal-tonuak dituen intsektuak Bilboko Guggenheim museoaren fatxadak garraiatzen ditu lepoan;  Anaglyptus mysticus urritzen, pagoen, astigarren, intsusen eta abarren hostoez elikatzen da, eta Gasteiz irudikatzen du; Albana m-griseum otaberaz elikatzen da, eta Iruñearen irudia dakar; eta Neocrepidodera ferruginea urre-koloreko distiraduna, gramineoz eta bitxilorez elikatzen da, eta Donibane-Garaziren garraiolaria da.

Erakusketa Euskal Herriaren etengabeko alegoria da: euskal kirolak (esku-pilota, estropadak, sokatira, herri-kirolak, eta abar), mus jokoa, musika-tresnak… erakusten dizkigu. Halaber, ondo antolatutako ibilbide batean, kultura gastronomikora eroaten gaitu, zer jan eta edaten dugun, zer ekoizten dugun berezi eta ezberdin, edo zer delicatessen ekoizten diren gure herrietan.

 

Share

Francisco J. Hernandez naturalista eta ilustratzailearen “Lehoi artean marrazten” erakusketa inauguratu du Atariak

 

Marrazkiaren artea eta Afrikako naturarik basatiena uztartu egin dira martxoaren 21era Atarian ikusgai izango den erakusketan.

Erakusketa honekin Atariak Afrikako natura hurbilduko digu, 34 olio eta egilearen landa-koadernoen 22 erreprodukzioren bitartez.

Atarian “Lehoi artean marrazten” erakusketa izango da ikusgai, otsailetik aurrera. Erakusketa Francisco J. Hernandez natura-artista eta ilustratzaile sevillarrak 2015an Namibiako Etosha parke nazionalean bizitako abentura artistikoaren isla da.

Egileak Afrikako natura basatienaren egunerokotasuna islatu du, eta gasteiztarrentzat ikusgai jarri du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eskutik. “Lehoi artean marrazten” esperientzia haren erakusleihoa da, in situ egindako edo une haietan inspiratutako marrazki, zirriborro eta pinturen bidez erakutsia herritarrei. Egilearen hitzetan, “ natura oraindik gordin dago bertan”. Guztira, 34 olio eta egilearen landa-koadernoen 22 erreprodukzio ditu erakusketak.

Egileak dioenez, helburu zehatza izan zuen Etosharako bidaiak: “Afrikako naturan murgiltzea eta bertako fauna eta flora marraztea”. Garai horretako elementu baliotsuenaren, hau da, uraren bila ari ziren milaka ugaztunen joan-etorriek liluratu egin zuten egilea. Elefanteak, gazelak, canis mesomelas txakalak eta gepardo egarrituak dira erakusketako grabatuen protagonistak.

Landa-koadernoetako ilustrazioak liburu formatuan ere argitaratuta daude — Rodeno argitaletxea, “Etosha. Namibia. Dibujando la Naturaleza Africana”– , eta ingeleseko bertsioa ere badute.   

 

Share

Atariak “Ura eta Natura” argazki-erakusketa jarriko du ikusgai, zeinak ura eta basoa baititu protagonista

Urriaren 27tik abenduaren 13ra arte ikusi ahalko da Kaiko argazkilari valentziarraren erakusketa.

 

Kaiko argazkilari valentziarraren erakusketa berritzailea ikusteko parada emango digu Atariak. Ataria zentroko zenbait aretotan banatu da ‘Ura eta Natura’ argazki-erakusketa, herritarrei penintsulako naturgune batzuen edertasuna ezagutarazteko asmoz, gure udalerritik oso gertuko hezegune jakin batzuei arreta berezia eskainita.

Lan panoramiko erraldoiak dira, 5 metrotik gorako luzera eta 2,70 metroko zabalera dutenak, eta zeta erdi-gardenean inprimatuak; hori dela eta, ikusleak naturaren erdian dagoelako sentsazioa du. “Zetan inprimatuta dagoenez, lana aske geratzen da, eta mugitu egiten da pertsonak hurbil igarotzean, ikusizko efektu ikaragarria sortuz”, azaltzen du Kaikok. Lan horietaz gain, oihalean inprimatutako beste hamabi panoramika daude, 140 x 70 zentimetrokoak, eta 40 x 30 zentimetroko argazki-paper laminatuaren gaineko beste irudi batzuk, euskarri bertikalen gainean.

Ura eta basoa dira nagusi irudietan, baina izakien kontserbaziorako funtsezkoak diren beste alderdi batzuk ere agertzen dira, hala nola klima-aldaketarekiko erlazioa edo haien etorkizuna.

Alcoin jaioa, egilea txikitatik bizi izan zen mendiz inguratua, eta oso barneratuta du natur ingurunearekiko errespetua. Nerabea zela piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina. Hala ere, urte batzuk beranduago ekin zion bere amets handiari, Mundo ibaiaren iturburuan bizi zela: Iberiar penintsulako baso guztiak bisitatzea. “Bi urte ahaztezin igaro nituen, joritasun iberiarrarekin zuzeneko harremanean, eta 30.000 kilometrotik gora egin nituen autoan basoz baso”, kontatzen du.

Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harreman estuaz hausnarrarazi zuen esperientzia horrek. “Gure arbasoak zuhaitzetan bizi ziren, eta basoak elikatzen zituen. Pixkanaka erlazio hori galtzen joan gara, eta nire helburu profesional bihurtu nuen berreskuratzea”, azpimarratzen du.

 

 

Share

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko ingurumen-jardueretan izena emateko epea ireki du Udalak


Urriko jarduera-agendak 91 jarduera eskaintzen ditu Atarian eta Olarizuko lorategi botanikoan.

 

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) ingurumenaren arloko 91 jarduera antolatu ditu urriko egunetarako. Jarduera horietako 89 Atarian izango dira, eta gainerakoak, Olarizuko lorategi botanikoan. Kopuru hori iaz garai bererako programatutakoa baino handiagoa da.

Erakusketak, lantegiak, ikastaroak, hitzaldiak, familientzako jarduerak eta natura ibilbideak izango dira orain ere ardatz nagusi, herritarren artean zein zaletu eta adituen artean ekologiarekiko kontzientzia eta zaletasuna sustatzeko. Jarduera horietako batzuetan parte hartu ahal izateko izena eman behar da, oso eskari handia dutelako. Dagoeneko udalak ireki du izena emateko epea, eta udalaren webgunean, 010 telefonoan, gizarte etxeetan edo Atarian egin daiteke.

Udazkenerako programatutako ekintza berrien artean honakoak nabarmentzen dira: goizetan, marrualdira joatea oinez zein bizikletaz; eta “Vital abenturazaleak” programa. Azken hau animalien eta landareen behaketak eta azterketak erakartzen dituen gazteei zuzenduta dago.

IGIk udazken hasierarako aurkeztutako jardueren % 90a ekipamendu propioekin programatu da. Hala ere, oraindik ere garrantzitsua da gure inguruko ingurumenari zabalpena ematen eta natur ondarea zaintzen inplikazio handia duten udalaz kanpoko elkarte eta taldeek antolatutakoen kopurua.

Share

Bihar inauguratuko da Atarian EAEeta Nafarroako ondare naturala argazkitan jasotzen duen Euskal Herria Nature erakusketa

 

  • Click Taldeak egin du erakusketa, inguru naturalak sustatzen dituen sentsazioak dibulgatu eta ezagutarazteko asmoz

 

Bihar hasita, eta irailaren 6ra arte, ikusgai izango da Atarian Euskal Herria Nature erakusketa, Click Taldeak osatua. Egileek beraiek diotenaren haritik, erakusketaren jatorrian izadia eta argazkigintzarekiko maitasuna daude, eta EAE eta Nafarroako lekurik berezienetako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du.

Naturako argazkilaritzaren zaleen kolektibo horretako hamabi argazkilarik hartu dituzte astearte honetatik aurrera Atariako areto ibiltarian ikusgai izango diren berrogeita hamar irudiak. Click kolektiboaren asmoa Euskadiko txoko askotan aurki daitezkeen ingurune naturalak, paisaiak, faunak eta florak eragiten dituzten sentsazio eta sentimenduak ezagutaraztea da.

Atariatik diotenez, “erakusketako argazkiek ingurune naturalean argia harrapatzeko artea deskubritzen dute; ikuslea liluratzeko gai dira, inguratzen gaituen paisaian, faunan edo floran harrapatutako une paregabeak transmititzen baititu. Gure izadian bizitako uneak direnez gero, gure ondare naturalaren ikuspegi hurbil eta eguneroko hori transmititzen dute“.

Click Taldeko kideen ezaugarri konpartitua da argazkilaritzarekiko grina eta naturarekiko errespetua, erakusketa zaindu eta eder honetan islatuko den bezala.

Share