Prentsa Oharren banner

Eraztun Berdeko garbiketa indartuko du Udalak, asteburuetan

Eraztun Berdeko garbiketa arrunta kontratatzeko lehiaketa onetsi du gaur udal gobernuak, eta aurki egingo du 6 hilabeteko errefortzua

 Hurrengo bi urteetarako Gasteizko Eraztun Berdeko garbiketa arrunta kontratatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur, 143.581 euroko aurrekontuarekin.

Garbiketa-zerbitzu arrunt horrek Eraztun Berdeko parkeetako garbiketa orokorra egiten du: sarbideak, aparkalekuak eta piknik eremuak; bideak eta ezpondak; espazio irekiak (belardiak, zelaiak, baratzeak, lursailak eta aintzirak); parkeetako ekipamendua (panelak eta seinaleak, eserlekuak eta mahaiak, behatokiak, igarobideak, etab.); ibaien ibilguak zati urbanoetan; baso inguruak (heskaiak, birlandaketak eta zuhaizti sendotuak), eta parkeen eta hiriko alderdi urbanoen eta industrialdeen arteko mugak eta, oro har, Eraztun Berdea osatzen duten parkeen (Salburua, Armentia, Zabalgana, Olarizu eta Zadorra) muga guztiak, Mendizabala gaina eta ibai eta erreken ertzetako berdeguneak barne.

Eraztun Berdea osatzen duten parkeei dagokie jarduera-eremua, hau da: Salburua, Armentia, Zabalgana, Jundiz-Mendebaldea, Olarizu eta Zadorrakoak, barne harturik, gainera, Mendizabelako muinoa, Las Neveras eta Salburua eta Zadorra arteko Alegria ibaiaren korridoreko berdeguneak, Perretxin-Ehari eta Zarauna errekak —Zabalgana auzotik igarotzean—, Torroguico erreka —Zabalgana eta Zadorra artean—, Errekaleor eta Santo Tomas errekak —Salburua auzotik igarotzean—, Olarizu erreka, Los Molinos erreka —Olarizuko parketik igarotzean— eta Batan erreka —hirigunean—. Ez da zerbitzuaren xedea parkeetako instalazioak garbitzea, hala nola komunak, aldagelak, tailerrak, biltegiak eta aisialdiko baratzeetako bulegoak, ez eta harrera- eta informazio-zentroak ere, hala nola Ataria.

Alkateak jakinarazi duenez, asteburuetako errefortzu bat gehituko zaio zerbitzu arrunt horri aurki, 6 hilabetez, aisialdi-leku horietara jende gehien joan ohi den sasoian.

Konfinamenduaz geroztik izan den bisitari-kopuruaren gehikuntzari erantzuten dio kontratazio horrek, hondakinen bolumena handitzea ekarri baitu berekin, batez ere asteburuetan. Hain zuzen ere, handitu egin da azken hilabeteetan parke-sarreretan dauden edukiontzien kopurua.

Share

IGIk European Photographer of the Year 2019 erakusketa inauguratu du Atarian

 

– Lehiaketa ospetsu horretan iazko edizioan sariak eta aipamen bereziak lortu dituzten 80 lanek osatzen dute erakusketa.

– Hemen dago eskuragarri informazio guztia: www.ataria.es

IGIk European Photographer of the Year 2019 erakusketa inauguratu du Atarian; asteburu honetatik 2021eko urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai, doan. Asteartetik igandera bitartean ikusi ahalko da, 11.00etatik 13.00etara zein 16.00etatik 19.00etara; astelehenetan itxita egon ohi da zentroa.

GDT-Gesellschaft Deutscher Tierfotografen elkarteak (Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartea) antolatzen du erakusketa, 2001az geroztik. Gaur egun, 18.000 argazki inguru jasotzen dituzte lehiaketan, Europako 30 herrialdetatik iritsitakoak. Bai lehiaketa bai Atarian jarritako erakusketa bederatzi ataletan daude banatuta, eta horietako bakoitzean irabazlea, finalista eta zortzi ohorezko aipamen ikus daitezke, Argazkilari Gazteak atalean izan ezik, horri lau argazki baitagozkio, bi azpiataletan banatuta (14 urte artekoak eta 15-17 urtekoak). Gainera, epaimahaiaren ustez ororen arteko argazki onena denari European Wildlife Photographer of the Year saria ematen zaio. Aurten Eduardo Blanco Mendizábal argazkilari espainiarraren ‘Mamua’ argazkiak irabazi du saria. Katamotz iberiar bat da protagonista, eta gutako ia inork ezin izango du horrelakorik ikusi, katamotza oso herabea izateaz gain oso bakana baita. Erakusketako lan guztiek ere baduten maila teknikoaz eta adierazkortasunaz gain, argazkiak aparteko une bat jasotzen du: ilunabarra. Gogoratu beharra dago habitataren zatiketa dela ugaztun horren banaketa eta populazioen arteko trukea mugatzen duten faktore nagusietako bat, eta mehatxu horrek katamotzari ez ezik beste espezie askori ere eragiten diela, esate baterako, basakatuari eta igarabari.

Pazientzia eta ahalegin handia behar izan dira lehiaketara aurkeztutako argazkiak hartzeko. Naturaren, landareen eta animalien aparteko edertasuna erakusten dute; gertakari deigarriak erakusten dituzte, eta haien argitasunak edo dinamikak harritzen gaituzte. Berriro ere, argazkilariek beren iaiotasuna eta gaien funtsezko alderdiak harrapatzeko begi ona erakutsi dute, direla paisaiak direla espezie jakinen xehetasunak. Baina begi zolia eta pazientzia handia ez dira argazkilarien ezaugarriak bakarrik: naturaren behatzaile orok behar ditu dohain horiek. Ezaugarri horiexek dituzte populazioak monitorizatu eta zenbatzeko programetan laguntzen dutenek, zeinek biodibertsitatearen eta habitaten kalitatearen berri ematen baitigute.

Horregatik, Ataritik espero dugu argazki indartsu hauek inspirazio iturria izatea askorentzat, naturara gehiago irteteko eta begiak eta belarriak erne izateko. “Pertsonek ezagutzen dutena baino ez duten babesten” leloa aintzat harturik, horixe izan liteke abiapuntua naturaren zaintzan parte hartzen hasteko. Espezieen gainbehera etengabea ikusirik, inoiz baino urgenteagoa da.

 

 

Share

Atariaren Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sareak hegaztien jarraipena egiteko 297 estazio aztertu ditu 2020an, eta emaitzak positiboak izan dira

Oscar Valencoso-CC BY-NC 2.0.

14 partaidek eskuzabalik egindako lanari esker, 18 hegazti-espezieren populazioetan aldaketa esanguratsuak detektatu dituzte eta haietako bat, gainera, igoera handia ari da izaten: gerri-txori arrunta.

 

Dagoeneko ondo sendotuta dagoen programa da eta duela gutxi aurkeztu ditu udalerriko hegaztien jarraipena egiteko boluntarioek egindako lanaren ondorio nagusiak. Atariak kudeatzen duen Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarearen baitan dagoen Gasteizko Hiri Hegaztiak Kontserbatzeko Programak balio positiboak lortu ditu zuhaixka-formako, basoko eta hiriko inguruneetan bizi diren hegazti guztien kasuan; aldiz, nekazaritza-inguruneetako hegazti-taldeen kasuan, balioak negatiboak izan dira. Emaitza horiek bat datoz Euskadiko eta Estatu mailako eskalan talde horientzat erregistratutakoekin. Salbuespen bakarrak dira hauek: zuhaixka-espezieena, autonomia mailan joera egonkorra baitute, eta hirikoena, Estatuko eskalan beherakada nabaritu baita.

Erroldako 297 estaziotan laginketa-lana egin ostean aurten jaso diren datuetan 63 hegazti-espezietako 9.916 banako erregistratu dituzte. Lortutako datuen azterketak agerian utzi du 18 hegazti-espezieren (% 29) populazioetan aldaketak esanguratsuak izan direla 2007. urtetik. Haietako batek, gainera, igoera handia izan du: gerri-txori arruntak, basoko giroetan ohikoa den eta enborretan gora eta behera ibiltzen den hegazti txikiak.

Beste hamarrek, aldiz, igoera txikiagoa izan dute: hegatxabal arrunta, txepetxa, amiamoko zuria, galeper arrunta, miru beltza, zozo arrunta, pagausoa, pitxartxar burubeltza, usapal turkiarra eta sorbeltz arrunta; eta beste lauk beherakada jasan dute eta haietako batek nabarmena: kutturlio arrunta. Aldiz, gailupak, enara arruntak eta sasi-txori arruntak jaitsiera txikia izan dute. Amaitzeko, joera ezezaguneko 45 espezie (% 71) detektatu zituzten, eta beste hiru joera egonkorrekoak: belabeltza, txinbo kaskabeltza eta etxe-txolarrea.

Laginketak batez ere Gasteizen egin dituzten arren (horrek berekin dakar hiriko presioaren eragina handia izatea eta espazioak proportzio handiko hiri-ingurutzat hartzea), bigarren azterketa bat ere egin da hegazti horiek  batez ere bizileku dituzten giro tipikoen arabera zer populazio-joera duten jakiteko.

Hegaztiak, ekosistemen kontserbazioaren adierazle

Hegaztiak ekosistemen kontserbazioaren adierazle bikaina dira eta, horrenbestez, baita ingurunearen osasun onarena ere. Hori dela eta, Europa Batasunak hegazti-populazioen egoera Europako bizi-kalitatearen indizetzat hartzen du. Hain zuzen ere, Europako estatistika-bulegoak, Eurostatek, hegazti-populazioen jarraipena jasotzen du jasangarritasuna eta gizarte-ongizatea neurtu ahal izateko indize garrantzitsuenen artean.

Hegazti-populazioen bilakaera oinarritzat hartuta lortutako indizea, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen (IUCN, ingelesez) irizpideek eskatzen duten balioetako bat izateaz gain, klima-aldaketak bioaniztasunean duen eraginaren adierazle bikaina da. Ondorioz, jasotako datuek espezieen egoeraren berri izateko aukera emateaz gain, haietako bakoitzerako egin beharreko kontserbazio-ahalegina ezagutzea ahalbidetzen du.

Gasteizko Bioaniztasuna Kontserbatzeko Estrategiaren garapenari zentzua ere ematen dion informazio hori eskuratu ahal izateko, Udalak hegazti arrunt ugaltzaileen jarraipena egiteko programa jarri zuen abian 2007an. Gerora, estrategia horri Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarearen Hiri Hegaztiak Kontserbatzeko Programa eta gure hiriko lorategi eta parkeetan hegaztiei egindako jarraipena gehitu zitzaizkien.

 

 

 

 

 

Share