Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2019 14:12

Urriaren 24ko 20:30ean Europa biltzar jauregian egitekoa den estreinaldira joan nahi dutenek astelehenetik aurrera eman ahalko dute izena, udalaren webgunean, 010 telefonoan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan. Parte-hartzaileek datu hauek eman beharko dituzte: izen-abizenak, NAN edo AIZ zenbakia, posta elektronikoa eta telefonoa. Doako pase bikoitz horiek eskuratu ahal izateko 18 urte baino gehiago izan beharko da, eta Herritarren Udal Txartela eduki.

Urriaren 7tik (astelehena) 13ra arte (igandea) eman ahalko da izena sarreren zozketarako. Zeledonen jaitsiera dela eta abuztuaren 4an San Migeleko balkoira sartzeko erabiltzen den zozketa-metodo bera izango da. Alde txiki bat izango da: bi sarrera eskuratzen dituztenek aldez aurretik jakingo dute zein besaulki esleitu zaien, sarrera zenbakidunak izango baitira.

“Herritarrek ekitaldi horretan parte har dezaten nahi dugu, mugarria izango baita Gasteizentzat ikus-entzunezkoen ekoizpenari laguntzen dion hiri gisa. Zozketaren bidez, gure hirian filmaketa posible bihurtu zuten pertsona ugarien inplikazioa eta laguntza eskertu nahi dugu” , nabarmendu du Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Estreinaldian bertan izango dira honako hauek: filmeko zuzendari Daniel Calparsoro, Belen Rueda eta Javier Rey protagonistak, Mercedes Gomero eta Joaquin Padró produktoreak ( Atresmediakoa  eta Rodar y Rodar-ekoa hurrenez hurren) eta liburuaren idazlea bera, Eva Garcia Sáenz de Urturi. Autografoak izenpetuko dituzte eta zaletuengana hurbilduko dira, emanaldiaren aurretik, Europa biltzar-jauregiaren kanpoan jarritako alfonbra berdean.

Gainera, urriaren 24an, goizean, emanaldi berezia egingo da filmaketan parte hartu duten figurante, estra, talde, ekoizle eta gainerako laguntzaileentzat.

Udalak deituko die zozketan irabazle gertatzen direnei, eta Turismo Bulegoan (Espainia plaza) jaso ahalko dituzte doako gonbitak. Zozketatzen diren sarreren kopurua emanaldia baldintza egokienetan emateko behar teknikoak aztertu eta gero zehaztuko da.

 

Share