Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 abuztua 2018 13:40

Enplegurako prestakuntzako udal eskaintzari beste ikastaro bat gehituko zaio aurtengo udazkenean, autobus-gidari emakumeak, prestatzeko, guztira 15 leku eskainiko dituelarik. Ekimen horren bidez emakumeak garraio kolektiboko ibilgailuak gidatzeko nahitaezkoa den D mailako gidabaimena eskuratzeko prestatzea nahi da. Hartara, handitu egin nahi dugu emakumeen presentzia batez ere gizonezkoak aritzen diren lan-eremu batean.

Ikastaroak 182 ordu iraungo du, betiere goizez. Baldintzak 24 urte betetako emakumea izatea eta, aukeran 30 urtetik beherakoa, hartara enplegu gaztea ere sustatzeko asmoz. Horrez gain, indarreko B mailako gidabaimena eduki behar da, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza titulua edo horren parekidea. Ikastaroaren prezioa 40,28 eurokoa izango da, prestakuntza mota horretan ohikoa dena baino dezente murritzagoa.

“Autobus-gidari lanpostua eskuratzerakoan benetako berdintasuna egon dadin, nahitaezkoak dira udazkenean abiaraziko dugunaren antzeko ikastaroak. Kontuan izan behar da TUVISAren kasuan emakume gidarien portzentaia oso urria dela, plantilla osoaren % 12 baino ez. Portzentaia hori handitzeko konpromisoa dugu gure gain, eta horretarako beharrezkoa da prestakuntza eskaintzea”, jakinarazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gaur egun ia 400 pertsonek osatzen dute TUVISAren plantilla (urte-sasoiaren arabera aldakorra da kopurua), horietatik 41 emakume dira gidari, hots, kolektiboaren % 12 (duela bi urte kuota % 10ekoa zen). TUVISAren beste profil profesional batzuetan emakumeen presentzia handiagoa da: % 20 ingurukoa garajeko gidarien kasuan, % 40koa aparkalekuko zaindarien kasuan, eta % 80koa administrazioan.

 

Share