Prentsa Oharren banner

Aurrera doaz Gasteizko Auzoen Planeko obrak

 

Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurunea, autobus elektriko adimentsua eta Olarizuko lorategi botanikoa dira proiektu nagusietako batzuk

 

Oinezkoentzako pasabide berria egin du Udalak Burgos kalean, auzotarrek eskatu bezala

 

Iraila hastearekin batera espazio publikoaren eremuko Auzoen Planeko hainbat proiekturi atzera ekin zaiela azaldu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean, uda garaian ere hainbat lan egin badira ere.

Normaltasunera itzultzearen erakusgarri da Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruneko obra. Azken fasean sartua da, astelehenetik. Hurrengo asteetan, lan-kargarik handiena berdeguneetan izango da —erdiko parterrea, landaketak—, eta orobat Arkupeetako espaloian eta San Frantzisko kalearen hegoaldeko espaloian, eta aztarna arkeologikoak bistaratzeko lanetan.

Era berean, aurrera doaz autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeko lanak. Hain zuzen ere, proiektuko 23 obra-lekuetatik 12tan lanean dihardute gaur egun. Esaterako, Esmaltazioetako biribilgunean —ia bukatua; lorezaintza- eta margotze-lanak eta markesina jartzea falta—, Zumakadi pasealekuan, Salbatierrabiden, Fontetxako Gazteluaren kalean, Arabako Unibertsitate Ospitalearen ondoko biribilgunean —Donostia kalearekiko bidegurutzeraino— edo Madril kalean.

Mugikortasunaren arloko beste inbertsio garrantzitsu bat Salburura tranbiarena da. Obrak Uda honetan hasi dira. Legealdiko inbertsio garrantzitsuenetakoa da hau eta Gasteizentzat oinarrizko proiektua.

Olarizuko lorategi botanikoaren proiektua ere ez dago geldirik. Izan ere, dagoeneko ikus daiteke antzoki begetalaren egitura —bukatua, ureztapen-sistema eta ereite-lanak izan ezik—, eta egunetik egunera forma hartzen ari da parkera sartzeko harrera-zentroa. Olarizuko hiribidearen muturrean dagoen ingurune horretan, oinarriaren urbanizazioa egina dago jada, eta bulegoaren egitura jartzen ari dira orain.

Gainera, bide-segurtasunaren arloko hainbat esku-hartzeri ekin dio Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Ariznabarra eta Aranzabaleko oinezkoentzako sei pasabide berritzeko lanak egiten ari dira. Zehazki, Luis Heintz eta Micaela Portilla kaleen arteko bidegurutzean, Micaela Portilla eta Bizenta Mogel kaleen artekoan, Micaela Portilla kalean —Gaztelako ateko 10.eko zerbitzugunearen ondoan—, Etxezarra kalearen eta Gaztelako Atearen arteko bidegurutzean eta Etxezarra kalearen eta Kexaako Gazteluaren kalearen artekoan —trenbidearen azpiko pasabidea—.

Horrez gain, Burgos kalean zebra-bide berria jarri da, Jose Pablo Ulibarri zidorreko 1. atariaren ondoan. Auzotarrek eskatua zuten pasabide hori, 600 sinadura baino gehiago bildu baitzituzten horretarako.

Gainera, azken aste hauetan, zorua sendotu eta hobetzeko kanpaina gauzatu du Udalak hiriko kale nagusietako batzuetan. Ekimen horren barruan, 180.000 euro inbertitu dira, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea hobetzeko, besteak beste.

“Funtsezkoa da auzoak berritu eta berriro aktibatzea, Gasteizek aurrera egin dezan. Inbertsioak egiten jarraituko du udal-gobernu honek, oinez ibiltzeko gero eta erosoagoa izan dadin hiria, iraunkorragoa, erakargarriagoa. Hobeto bizi ahal izateko eta gure kaleen dinamizazio komertziala ahalbidetzeko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

LANAK dossierra

 

 

Share