Prentsa Oharren banner

Asteburuan badmintonik onena izango dugu berriz ere Gasteizen, senior mailako Espainiako txapelketa jokatuko baita

  • Autonomia erkidego guztietako 250 kirolarik hartuko dute parte

Irailaren 24tik 26ra Estatuko badmintonik onena izango da Aranaldeko kiroldegian. Seniorren Espainiako txapelketan autonomia-erkidego guztietako 257 kirolari arituko dira. Txapelketa honek azaroaren amaieran Huelvan egingo den Munduko Txapelketarako balioko du. Datorren asteburuan, kategoria eta modalitate desberdinetako egungo Espainiako txapeldunek ere jokatuko dute.

Hainbat urtez Estatuko badminton-zirkuituetan izandako esperientzien ondoren, Gasteizek lehen aldiz hartuko du txapelketa hau. 50 pertsona inguruk parte hartzen du antolakuntzan, muntatze-lanetan, edukieren kontrolean, arbitrajean, match kontrolean  eta txapelketako epaile lanetan. Arabako Federazioak lan handia egin du partiduetako laguntzaileak prestatzen.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek  aurkeztu du txapelketa, eta berarekin izan dira Arabako Badminton Federazioko lehendakari Angel Ruiz eta erakunde laguntzaileen ordezkariak: Gerardo Escarza, Arabako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko burua, eta Arantxa Ibáñez de Opacua, Vital fundazioaren zuzendaria. Halaber izan dira aurkezpenean Hector Tobar, Aronova klubeko lehendakari eta jokalaria; Dina Abouzeid, Just Bádminton klubeko lehendakari eta jokalaria; eta Gorka Moso, Euskadiko Federazioko ordezkari eta probako epaile arbitroa.

“Aintzatetsi egin nahi dugu Badminton Federazioak eta hemengo badminton klubek egiten duten lan handia, bereziki, pandemiak eragindako murrizketek zaildutako garai honetakoa. Lan horri esker Gasteizek gero eta protagonismo handiagoa du kirol honetan, eta horren adibiderik argiena dugu datorren asteburuko txapelketa“ adierazi du Livia Lopezek.

Gure helburua badminton nazionalean erreferente izatea da, eta hirira datozen jokalari guztiek berriz itzultzeko gogoz alde egin dezaten saiatuko gara” adierazi du Ángel Ruiz Arabako Badminton Federazioko lehendakariak.

Aranalde kiroldegiko zortzi pistetan 180 partida jokatuko dira egunero, irailaren 24an eta 25ean (larunbatean eta igandean) . 21 tantoko 3 setetik onenak pasako dira. 9:00etan hasiko dira partidak. Bi egun horietan, talde-fasea, final-laurdenak eta finalerdiak jokatuko dira kategoria eta modalitate desberdinetan. Kategoriak: bederatzi adin-tarte. Modalitateak: emakumezkoak banaka, gizonezkoak banaka, emakumeak binaka, gizonezkoak binaka, biko talde mistoa. 45 final partidak igandean jokatuko dira, eta sariak eguerdian banatuko. Ez da ikuslerik izango, baina partidak Espainiako Badminton Federazioaren Youtube kanalaren bitartez ikusi ahalko dira zuzenean.

Espainiako senior mailako txapelketako 257 kirolariak —174 gizon eta 83 emakume– 30 urtetik 79 urtera bitartekoak dira. 80 klubetako kirolariak dira eta, horien artean Arabako taldeetako 14 kirolari. Esaterako, egun Espainiako txapeldun diren Dina Abouzeid eta Héctor Tobar. Txapelketa honen historian izan den parte-hartze bolumen handienetakoa izango du Gasteizko hitzorduak.

+info: Campeonato de España Sénior de Bádminton

 

 

Share