Prentsa Oharren banner

Gasteizko Emakumeen Etxeak irudia eta web-orria estreinatu ditu, eta presentzia handiagoa izango du sare sozialetan

Jabetze Feministarako Eskolak datorren astean abiaraziko du ikasturtea, arrazakeriari eta emakume beltzen sexualitateari eta identitateari buruzko komedia dramatiko batekin; Hegoalde gizarte-etxean eskainiko da lana.

 

Gasteizko Emakumeen Etxeak irudia eta web-orria berritzeko baliatu du ikasturte hasiera, eta sare sozialetan ere presentzia handiagoa izango du. Hala iragarri dute Berdintasun Zerbitzuko zinegotzi Miren Fernández de Landak eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk Jabetze Feministarako Eskolaren ikasturte berriaren aurkezpenean. Izan ere, datorren asteazkenean, irailak 29, abiaraziko da Emakumeen Etxearen prestakuntza-proiektuaren, hots, eskolaren programazio berria, Silvia Albert aktorearen “No es país para negras” ikuskizunarekin. Hegoalde gizarte-etxeko Jesús Ibáñez de Matauco antzokiak hartuko du inaugurazio-ekitaldia, eta oraindik bada lekurik, edukiera handitu baita covid-aren aurkako neurri berriak direla eta.

Miren Fernández de Landa zinegotziak bereziki azpimarratu nahi izan du Eskolaren proiektua (hamarkada batetik gorako ibilbidea duena) eta Emakumeen Etxea (duela bi urte ireki zena) batzen dituen lotura. “Eskola Emakumeen Etxean txertatzen da, haren prestakuntza-proiektu gisa. Gainera, ahalduntze kolektiborako prozesuak sustatzen dituzten ekimenak hartzen ditu Etxeak, emakumeak beren intereseko gaien inguruan antolatu daitezen eta beren boterea handitu dezaten, alegia, baliabide material eta sinbolikoen erabilera eta kontrola bereganatu dezaten. Azken batean, emakumeek zuzenean haiengan eragina duten erabakietan esku har dezaten da Etxearen helburua, berdintasun-politiketan eta gizarte-aldaketan parte hartuz”. Horrekin lotuta, zinegotziak eskerrak eman dizkie “Gasteizerako Etxea sortzeko prozesu luzean lagundu diguten emakume guztiei eta, bereziki, Sorginenea-Tu Casa Feminista elkarteari, zeinak abiarazi eta lehenengo hamahiru hilabeteetan kudeatu baitzuen”.

Ikasturte berriarekin batera, Emakumeen Etxeak logoa estreinatuko du; horrek proiektua emakumeak “ahalduntzerako espazio gisa” identifikatuko du, “non edukiontzia ez ezik edukia ere garrantzitsua baita. Etxearen siluetaren  bitartez, espazioari berari egiten zaio erreferentzia: topaketarako espazio irekia. Ortzadarraren sinboloak edukiaren garrantzia sinbolizatzen du, kolektibitatea, aniztasuna eta mugimendua. Sinbolo feministaren bitartez, azkenik, proiektuaren indarra, oinarria eta helburu bera identifikatzen ditugu”, azaldu du Berdintasuneko zinegotziak.

Irudia berritzeaz gain, Emakumeen Etxeak www.vitoria-gasteiz.org/emakumeenetxea web orria eguneratu du, Udalaren webgunearen barruan. Proiektuari buruzko informazioa, jardueren agenda, eskaintzen dituen zerbitzuak, talde egonkorrak eta Jabetze Feministarako Eskolaren prestakuntza-jarduerak jasotzen ditu web-orriak.

Bestetik, Emakumeen Etxeak presentzia izango du Instagram sarean (@EmakumeenEtxeaVG), sare sozialak tresna estrategikoa izan baitaitezke zabalkunde lanetan; orobat, feminismoaren inguruko eztabaidak eta gogoetak sustatu nahi dira horren bidez, ahalduntzeko  beste tresna bat izan daitekeen aldetik.

Gazteei irekitako Etxea

 Profil berria irekitzeko beste arrazoi bat Etxearen proposamenak gazteengana hurbiltzea da. Horixe da proiektuak etapa berrian lortu nahi duen erronka nagusietako bat, Jabekuntzarako Eskolak ume eta gazteei begira sortutako #FeminismoanItzel programazioarekin abiarazitako ildoa sendotzeko.

 

Web-orri berritua

 

Jabetze Feministarako Eskola, 2021-2022 ikasturtea 

 

 

 

Share

Hamargarren urteurrena ospatuko du Jabetze Feministarako Eskolak, berdintasunerako kolektibo, erakunde eta elkarteen eginkizun eraldatzailea nabarmenduz

 

Gaur irekiko da epea, 77 jarduera —online, lehen lauhilekoan— eskainiko dituen eskolaren 10. edizioan izena emateko

 

Estatuan urratsak eman zituen lehen eskola feministetako bat da Jabetze Feministarako Eskola, eta hamar urte beteko ditu aurten, programazio sendoarekin, “desberdintasunetan arreta jartzen jarraitzeko akuilu, bereziki azken garaiotan, baita zenbait foro publikotan ere, erdi ezkutuan zenbaitetan, bortizki beste batzuetan, emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen inguruan zalantzak erakutsi dituenik agertu den honetan. Hamar urte hauetan, Berdintasun Zerbitzuak ez du bakarrik egin bidea. Aldean izan ditu kolektibo feministek eta LGTBI-kolektiboak, emakume-elkarteak eta elkarte mistoek, eta hainbat gobernu-talde, zeinek proiektu horren iraunkortasuna bermatu baitute, ikuspegi feministatik”, azaldu dute Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotziak eta Mireia Espiau zerbitzuburuak, ikasturte berriko programazioaren aurkezpenean.

Hamar urte horietan, eskolak bilakaera handia izan du, 2011ko azaroan emakumeei zuzendutako ikastaro eta lantegietatik hasi —gizartean eragina izan zezaten— eta jardueren agenda oso bat edukitzeraino, zein ikuspegia zabaltzen joan baita errealitate gehiagotara. Duela bi urte #FeminismoMola eskola txikia ireki zen, eta hirian Emakumeen Etxea sortzen lagundu, aurrerapen nagusi gisa, besteak beste.

Gaur ireki du Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak izena emateko epea, irailetik maiatzera arteko programazioko 77 jardueretarako. Bi nobedade izango dira ikasturte honetan: feminismo dekolonialari buruzko Herri Handi hitzaldi-zikloa —mundu osoko ekintzaileek emango dituzte hitzaldiak—, eta feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizon eta Emakumeen Berdintasunaren Masterrarekin —berdintasun-agenteak— elkarlanean.

Planetako beste latitude batzuetan sortutako diskurtso eta praktikak ekarriko ditu Gasteizera hitzaldi-zikloak.  ‘Herri txiki, infernu handi’ esaeran oinarrituta dago izenburua. Hori egia izan litekeelakoan, batez ere emakumeentzat eta sexu- eta genero-disidentzientzat, askatasunak aldarrikatzeko orduan ‘herri handiaren’ elkartasuna martxan jartzeko gonbita egingo dute hainbat hizlarik.

Bestalde, “gure eskolan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko helburuarekin jarri da abian ikerketa-lehiaketa. Aurkezten dituenarentzat interesgarri diren gaien ingurukoak izango dira ikerketa-proiektuak, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu beharko dira, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin”, azaldu du zinegotziak. Eskolaren webgunean daude eskuragarri lehiaketaren oinarriak:  www.vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista

Lehen lauhilekoan, jarduerak online izango dira, Covid-19aren komunitate-transmisioari aurre egitea helburu.

Jabetze Feministarako Eskolaren programa, 2020-2021 (pdf)

Share