Prentsa Oharren banner

Gasteizko Emakumeen Etxeak irudia eta web-orria estreinatu ditu, eta presentzia handiagoa izango du sare sozialetan

Jabetze Feministarako Eskolak datorren astean abiaraziko du ikasturtea, arrazakeriari eta emakume beltzen sexualitateari eta identitateari buruzko komedia dramatiko batekin; Hegoalde gizarte-etxean eskainiko da lana.

 

Gasteizko Emakumeen Etxeak irudia eta web-orria berritzeko baliatu du ikasturte hasiera, eta sare sozialetan ere presentzia handiagoa izango du. Hala iragarri dute Berdintasun Zerbitzuko zinegotzi Miren Fernández de Landak eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk Jabetze Feministarako Eskolaren ikasturte berriaren aurkezpenean. Izan ere, datorren asteazkenean, irailak 29, abiaraziko da Emakumeen Etxearen prestakuntza-proiektuaren, hots, eskolaren programazio berria, Silvia Albert aktorearen “No es país para negras” ikuskizunarekin. Hegoalde gizarte-etxeko Jesús Ibáñez de Matauco antzokiak hartuko du inaugurazio-ekitaldia, eta oraindik bada lekurik, edukiera handitu baita covid-aren aurkako neurri berriak direla eta.

Miren Fernández de Landa zinegotziak bereziki azpimarratu nahi izan du Eskolaren proiektua (hamarkada batetik gorako ibilbidea duena) eta Emakumeen Etxea (duela bi urte ireki zena) batzen dituen lotura. “Eskola Emakumeen Etxean txertatzen da, haren prestakuntza-proiektu gisa. Gainera, ahalduntze kolektiborako prozesuak sustatzen dituzten ekimenak hartzen ditu Etxeak, emakumeak beren intereseko gaien inguruan antolatu daitezen eta beren boterea handitu dezaten, alegia, baliabide material eta sinbolikoen erabilera eta kontrola bereganatu dezaten. Azken batean, emakumeek zuzenean haiengan eragina duten erabakietan esku har dezaten da Etxearen helburua, berdintasun-politiketan eta gizarte-aldaketan parte hartuz”. Horrekin lotuta, zinegotziak eskerrak eman dizkie “Gasteizerako Etxea sortzeko prozesu luzean lagundu diguten emakume guztiei eta, bereziki, Sorginenea-Tu Casa Feminista elkarteari, zeinak abiarazi eta lehenengo hamahiru hilabeteetan kudeatu baitzuen”.

Ikasturte berriarekin batera, Emakumeen Etxeak logoa estreinatuko du; horrek proiektua emakumeak “ahalduntzerako espazio gisa” identifikatuko du, “non edukiontzia ez ezik edukia ere garrantzitsua baita. Etxearen siluetaren  bitartez, espazioari berari egiten zaio erreferentzia: topaketarako espazio irekia. Ortzadarraren sinboloak edukiaren garrantzia sinbolizatzen du, kolektibitatea, aniztasuna eta mugimendua. Sinbolo feministaren bitartez, azkenik, proiektuaren indarra, oinarria eta helburu bera identifikatzen ditugu”, azaldu du Berdintasuneko zinegotziak.

Irudia berritzeaz gain, Emakumeen Etxeak www.vitoria-gasteiz.org/emakumeenetxea web orria eguneratu du, Udalaren webgunearen barruan. Proiektuari buruzko informazioa, jardueren agenda, eskaintzen dituen zerbitzuak, talde egonkorrak eta Jabetze Feministarako Eskolaren prestakuntza-jarduerak jasotzen ditu web-orriak.

Bestetik, Emakumeen Etxeak presentzia izango du Instagram sarean (@EmakumeenEtxeaVG), sare sozialak tresna estrategikoa izan baitaitezke zabalkunde lanetan; orobat, feminismoaren inguruko eztabaidak eta gogoetak sustatu nahi dira horren bidez, ahalduntzeko  beste tresna bat izan daitekeen aldetik.

Gazteei irekitako Etxea

 Profil berria irekitzeko beste arrazoi bat Etxearen proposamenak gazteengana hurbiltzea da. Horixe da proiektuak etapa berrian lortu nahi duen erronka nagusietako bat, Jabekuntzarako Eskolak ume eta gazteei begira sortutako #FeminismoanItzel programazioarekin abiarazitako ildoa sendotzeko.

 

Web-orri berritua

 

Jabetze Feministarako Eskola, 2021-2022 ikasturtea 

 

 

 

Share

Gaur irekiko da Jabetze Feministarako eta haur eta gazteentzako Eskoletako ikasturte berriko jardueretan izena emateko epea

 77 proposamen eskainiko dira datorren ikasturteko programazioan, eta, berrikuntza gisa, streaming bidez jarraitu ahalko dira hainbat jarduera

 

Udalak feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa deitu du bigarren aldiz.

 

Informazio liburuzka (pdf) 

Gaur irekiko da Jabetze Feministarako Eskolako ikasturte berriko jardueretan izena emateko epea. 77 proposamen eskainiko dira datorren ikasturteko programazioan, eta, berrikuntza gisa, streaming bidez jarraitu ahalko dira hainbat jarduera

“Jabetze Feministarako Eskolak, orain arteko hamaika edizioetan, feminismoa hedatu du gure udalerrian, ordutik hona antolatutako ehunka prestakuntza- eta kultura-proposamenen bidez. Horien bitartez,  urtero-urtero, milaka emakume jabetu dira genero arrazoiengatik bizi duten zapalketa-egoeraz, baina baita beren gaitasun eta interesez ere.  Horretaz gain, bertatik bertara ezagutu dituzte bestelako zapalkuntza-motek –hala nola sexu-orientazioak eta genero-identitateak, kultura-testuinguruak, dibertsitate funtzionalak, adinak edo gizarte-mailak – eragindako pertsonen errealitateak. Halaber, emakume askok erreferenteak eta lankide inspiratzaileak aurkitu dituzte eskolan, eguneroko liberazio txikien edo erresistentzia latzen protagonistak, esaterako aurtengo  Herri Handi zikloan ezagutuko ditugunak” adierazi du Berdintasuneko  zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Eskolak Emakumeen Etxean du egoitza, Etxanobe jauregian. Bertan, gainera, jabetze kolektiborako prozesuak sustatzeko ekimenak egiten dira, emakumeak beren intereseko gaien inguruan antola daitezen eta beren boterea areagotu dezaten, hau da, emakumeek baliabide material eta sinbolikoak erabili eta kontrolatzeko. Horren adibide dira Eleen ganbara, Sorgineneako liburutegia eta eskolan denbora igaro ahala egonkor bihurtu diren taldeak.  “Azken finean,  Emakumeen Etxeak helburu du emakumeek beraiei zuzenean eragiten dieten erabakietan zeresana izatea, berdintasun-politiketan eta gizartearen eraldaketan parte hartzea dela medio. Eskerrak eman nahi dizkiegu Gasteizko Etxe hau sortzeko prozesu luzean lagundu ziguten guztiei eta, bereziki, Sorginenea-Tu casa feminista elkarteari, Emakumeen Etxean abian jarri eta lehen hamahiru urteetan kudeatzeagatik” nabarmendu du zinegotziak.

Aurten, 11. ikasturtea egingo du Eskolak, eta programazio anitza eta berritzailea prestatu du.

  • Herri Handi. Herri handiaren hitzaldiak infernu txiki baterako

Zikloaren bigarren edizioa erresistentzian ari diren herriei eskainita dago. Nikaraguako, Saharako, Palestinako, Erdialdeko Amerikako eta Ekuadorreko aktibista feministek hainbat arlotan dituzten borrokak azalduko dituzte, testuinguruen arabera: ekonomiaren eta ingurumenaren arloko justizia; gorputz-lurraldearen eskubidea; abortuaren zigorgabetze soziala eta legala; egia-, justizia- eta erreparazio prozesuak eta berriz ez errepikatzeko bermea; sistema sionistaren aurreko erresistentzia, palestinarren kasuan; edo Edo Estatu baten eraikuntza, sahararren kasuan.

  • Feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Masterrekin lankidetzan: EHUko Berdintasun Eragileak.

Udalak bigarren aldiz jarri du martxan lehiaketa hau,  eskolan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko. Aurkezlearentzat interesgarri diren gaien ingurukoak izango dira ikerketa-proiektuak, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu beharko dira, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin.

Lehiaketaren oinarriak helbide hauetan eskura daitezke:

  • vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista (euskaraz)
  • vitoria-gasteiz.org/escuelafeminista ( gaztelaniaz)

Aurten hiru ikerketa-proposamen aukeratuko dira (iaz bakarra izan zen). Hautatutako hiru proiektuek 4.800na € jasoko dute (iaz 4.500 euro) Ikasturtean zehar ikerketa-lanak garatu ondoren, hitzaldi batek emango dio hasiera lanak aurkezteko ekitaldiari:  “La transversalidad del principio de Igualdad en la investigación”. Asun Ventura Franch-ek emango du (Zuzenbideko doktorea, Valentziako Unibertsitatean).

Baietz ulertu

Proposamenen % 33,77 euskaraz dira, hau da, % 9,1 igo da aurreko edizioaren aldean. Halaber, Baietz Ulertu zigilua sortu da, eta euskaraz diren hainbat jardueren ondoan ageri da liburuxkan. Zigiluak adierazten du jarduera horretan ez dela jendaurrean euskaraz hitz egin beharko, baina bai ulertu.

Berrikuntza hauek ere izango dira aurten:

  • Aurrez aurreko hitzaldiak streaming bidez ere jarraitu ahalko dira, horretarako egokitutako webgunearen bidez: vitoria-gasteiz.org/EEF-endirecto (gaztelaniaz) eta www.vitoria-gasteiz.org/JFE-zuzenean (euskaraz).
  • COVID-19aren transmisioa prebenitzeko, pandemia aurretik irekiak ziren jardueretan parte hartzeko –antzerkiak, kontzertuak, hitzaldiak, dokumentalak, zineforumak, inaugurazio- eta amaiera- ekitaldiak) gonbit-txartelak beharko dira. Ikastaro, lantegi eta irakurketa klubetarako ere izena eman beharko da.

Irekiak diren jardueretarako gonbit-txartelak ekitaldi bakoitzaren data baino 20 egun lehenagotik erreserbatu ahalko dira, webgune hauetan:

  • vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista (euskaraz)
  • vitoria-gasteiz.org/escuelafeminista (gaztelaniaz)

 

Share

Udalak Emakumeak hezkuntzan eta historian ikusgai jartzeko I. Jardunaldiak babestuko lituzke

EHUk antolatutako zikloak 4 topaketa antolatu dituzte, azaroaren 3tik 26ra bitartean

Gasteizko Udalak  babestu egingo ditu Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Emakumeak hezkuntzan eta historian ikusgai jartzeko I. Jardunaldiak. Gaur hasita, eta azaroaren 26ra arte, lehen mailako profesionalek 4 topaketa antolatuko dituzte Internet.

Programak hausnarketa kritikoak hartzen ditu baitan testuliburuen inguruan, emakumeek zeregina eragile historiko gisa, Artearen mundua eta emakumeen inguruan, eta aplikazio mugikorrek tresna hezigarri eta inklusibo gisa duten balioaren inguruan.

Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotziak hitz egin du topaketaren hasieran, eta adierazi du Udal Gobernuak uste osoa duela “berdintasuna udal politika publiko gisa onartu behar dela, sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko bidean aurrera egiten duen politika gisa, giza eskubideen ikuspegi baten esparruan. Paradigma feministak emakumeek historian egin duten ekarpenik garrantzitsuena ekarri du, feminismoak eragin handiena izan duen gizarteetan gertatzen baitira genero-harreman berdintasunezkoenak eta bidezkoenak. Mugimendu feminista aktiboena den lekuetan, politika publiko aitzindari eta aurreratuenak daude “, azpimarratu du.

Arabako Foru Aldundiak ere laguntzen du ekimen honetan. Antolatzaileek zein erakunde biek jardunaldi hauek datozen urteetan segida izan nahia adierazi dute, bai eta akuilu izatea Udalak zein Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin duten lankidetza indartzen.

Informazio gehiago

Share

Oñatiko Udala Emakumeen Etxearen proiektua ezagutzera etorri da Gasteiza

Oñatiko Udaleko ordezkaritza bat, Izaro Elorza alkatea buru dela, Gasteizen izan da gaur goizean, hiriko Emakumeen Etxea eraikitzeko eta parte hartzeko proiektua ezagutzeko.
Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotziak eta zerbitzuko teknikariek Gasteizen lehen urtea bete duen proiektuaren xehetasunak azaldu dituzte.

Share

Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko programa udazkenean hasiko da  

Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko programa esleitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, udazkenean hasiko dena. EMARALDA S.C. (ERROTIK) enpresak egingo du idazkaritza teknikoa Libre Izan Nonahi! udal-estrategia abian jarri eta kudeatzeko. Kontratua 72.588,98 eurotan esleitu da.

“Xedea indarkeria matxista zenbait esparrutan prebenitzeko jarduerak koordinatuko dituen estrategia bat egituratzea da, batez ere estrategiaren jarduerak garatzeko unean Gasteizen dauden (bertan bizi diren edo ez inporta gabe) 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta: Gasteizen ikasten edo lan egiten duten gazteak… Koordinazio hori bereziki bizia izan behar du Berdintasun eta Gazteriaren zerbitzuekin”, azaldu du Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetzaren eta Aniztasunaren saileko zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Gazteei zuzenduriko indarkeria matxista prebenitzeko Libre Izan Nonahi! Udal-estrategiak udazkenetik aurrera egingo diren jarduerak bilduko ditu. Indarkeria matxistaren aurkako prebentzio eta jarduera alorretan Gasteizko Udalak duen politika hartuko da proposamenaren oinarri gisa, zein HARA! Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planean eta bereziki gazteei zuzenduriko Indarkeria matxista prebenitzeko udal-estrategian jasotzen baita.

Share