Prentsa Oharren banner

Gasteizek sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoei buruzko aurtengo txostena aurkeztu du

 

Maiatzaren 17aren harira, Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko behatokiak sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoei buruzko txostena aurkeztu du gaur; txostenak 2020ko maiatzetik 2021eko apirilera bitarteko datuak jasotzen ditu.

Txosten hori IKUSGUNEk Berdintasunerako Zerbitzuaren bitartez Udalarekin lankidetzan kaleratzen duen bigarrena da, eta laugarrena Lumagorri ZAT elkarteak 2017an datuak biltzen hasi zenetik.

Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak eta Ikusguneko ordezkari Amets Martínez de Herediak 2020ko datu esanguratsuenak aurkeztu dituzte: “2020. urteak zeharo aldatu ditu gure bizitzak. COVID-19aren pandemiak eta ezarritako osasun neurriek eragina izan dute LGTBI+ pertsonengan. Ikusezintasunak eta armairura bueltatzeak protagonismoa hartu dute berriz ere defentsa-mekanismo gisa, 2020ko martxoan, apirilean eta maiatzean etxean konfinatuta egon ginenean etsaitasunezko giroetan itxita bizi behar izan zutelako. Ikusezintasun hori oztopo handia da LGTBI+fobia hautemateko orduan, oro har, giro horiek ez direlako ez salatzen, ez eremu publiko eta ekintzailean ezagutzera ematen”, nabarmendu du Berdintasuneko zinegotziak.

Bestalde, Amets Martínez de Herediaren esanetan, “transen aurkako gorroto hitzek protagonismoa hartzen jarraitu duten azken urte honetan. Premiazkoa da diskurtso hori moztea. Zentzu horretan, txostenean transfobiaren egoera eta transen aurkako indarkeria desagerrarazteko politika publikoak sortzeko beharra aztertzen dituen atal berezi bat ere badago.

Horrez gain, txostenean LGTBI+fobiaren inguruko egungo egoeran eta antzemandako erasoetan sakontzen da, datuak aztertzen dira, emaitzak eztabaidatu, eta, berriz ere, gorroto-delituak eta -diskurtsoak desagerrarazteko gomendioak ematen dira.

Ikusgune txostena

 

 

Share

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak pandemia garaian emakumeek egunerokoa hobetzeko egiten duten lana azpimarratu nahi dute

 

“Bizitzarako FUNTSEZKOAK? Aitorpenak, Duintasuna, Erantzukidetasuna” lemaren pean, bi erakundeek herritarren, erakundeen eta entitate pribatuen arreta erakarri nahi dute martxoaren 8an

 

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak indarrak batu dituzte aurten martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeari begira, eta kanpaina bateratu baten bidez, pandemia garaian emakumeek gizartearen egunerokoa hobetzeko egiten duten lana azpimarratu nahi izan dute.

Berdintasun foru diputatu Ainhoa Campok eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak gaur goizean aurkeztu dute kanpaina, aldundiaren jauregian. Aurtengo lema “Bizitzarako FUNTSEZKOAK? Aitorpenak, Duintasuna, Erantzukidetasuna” da.

“Osasun-krisialdi honetan agerian geratu da emakumeen egitekoa bizitzaren sostenguan, aparteko egoera sanitarioak nabarmen handitu baitu zaintzen beharra. Emakumeek zaindu dute gizartea pandemian zehar. Profesional soziosanitarioen artean eta funtsezko beste lanpostu batzuetan duten pisu handiagatik ez ezik, baita emakume horiek berek eta beste askok etxeetan eta beste espazio informalago batzuetan egin duten zaintza-lanagatik ere. Kutxazainak, nekazariak, garbitzaileak, zaintzaileak, erizainak… lehen lerroan egon dira. Baita ikertzaile, zientzialari eta politikariak ere. Baina leku ez hain ikusgarri batetik ere egin diote mesede gizarte osoari, etxeetatik”, nabarmendu du Ainhoa Campok.

Bestalde, Miren Fernández de Landak azaldu duenez, “kanpainaren helburua du gizartearen, erakunde publikoen eta entitate pribatuen arreta erakartzea, emakumeen lanak bizitzaren sostenguari egiten dion ekarpena aitor dezaten, gauza jakina izan arren are ageriago geratu baita covid gaixotasuna agertu denetik. Emakumeen lanaren zati handi bat ez da ikusten, eta ez da zenbatzen. Horrek esan nahi du, batetik, gutxietsi egiten dela etxeetan ekoizten diren ondasunen eta aberastasunaren balioa. Bestetik, gehien bat emakumeek egiten dituzten orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatzen eta ikusezin bihurtzen dira, eta jendarteak zaintza, osasun, gizarte eta babes zerbitzuetan egiten duen aurrezpen itzela ere ikusezin bihurtzen du. Gizarteak aurrezten duen hori emakumeok gure garapen profesional eta pertsonalean inbertitzen ez dugun denboran oinarritzen da, eta oztopo handia da berdintasunaren helburuan aurrera egiteko”.

Berdintasunaren arloko bi arduradunek azpimarratu dute pandemian agerian jarri dela gure gizartearen funtzionamendurako ezinbestekoak diren lan askoren feminizazioa, horietako asko zaintzarekin edo ugalketa-lanarekin lotutakoak izanik.

“Ez da ahaztu behar lan horiek gabe ezinezkoak liratekeela gizarteak balioesten dituen beste jarduera profesional eta ekonomiko batzuk. Hortik kanpainaren lema, egunotan puri-purian dagoen hitza baita: ‘funtsezko’. Gizarte matxista batean bizi gara, non funtsezko lanak ez baitira halakotzat jotzen”, nabarmendu du Ainhoa Campok, eta erantsi du: “horixe da gure sentsibilizazio-kanpainaren helburua: funtsezko lan horiek aitortu, duindu eta birbanatu daitezen.  Aitorpena bilatzen dugu, emakumeen lanak bizitzaren sostenguan duen garrantzia ikusarazi eta aintzat hartzeko. Lan horiek gabe, bizitza gelditu egingo litzateke. Gizartean eta soldaten ikuspuntutik aitorpenik ez duten edo gizonek egiten dituztenak bezainbeste aitortzen ez diren lan batzuen duintasuna bilatzen dugu.  Eta lan horien ordain ekitatiboagoa bilatzen dugu. Herritarrek oro har eta gizonek bereziki beren gain har dezaten emakumeok egin ohi ditugun zeregin horiek betetzeko erantzukizuna. Horrek lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioan berdintasun handiagoa izatea ahalbidetuko luke”.

Testuinguru horretan, bi erakundeek arreta berezia eskaini diete baliabideak eskuratzerakoan askotariko oztopoak aurkitu ohi dituzten taldeei, enplegua berdintasunean lortzerakoan, kasu honetan. Izan ere, emakume migratzaileen kasuan, generoagatiko bazterkeriari beste faktore batzuk gehitzen zaizkio: gizarte eta familia sare baten falta, irregulartasun-egoera, erregularizazio-prozedura luzeak, eta enplegua eskuratzeko betekizunak betetzeari dagokionez abiapuntuko egoera desberdina, besteak beste. Oztopo horietaz gain, pandemiak beste batzuk sorrarazi ditu, emakume askok familietatik bakartu behar izan baitute gizartearen osasuna hobetzen laguntzearren.

Kanpaina bi erakundeen ohiko komunikazio-euskarrien bitartez zabalduko da, baita sare sozialetan eta hedabideetan ere. Sentsibilizazio-mezuak ez ezik, Aldundiak eta Udalak hainbat jarduera antolatu dituzte hirian zein lurraldean; www.araba.eus eta www.vitoria-gasteiz.org web-orrietan eskura daitezke programazioak.

Martxoaren 8, Gasteizen

Share

Udalak Gasteizko gazteen konplizitatea lortu nahi du indarkeria matxistaren prebentzioan

Berdintasun Zerbitzuak “Libre Izan Nonahi” kanpaina jarriko du abian udazken honetan; besteak beste, kaleko hezitzaileen talde bat asteburuetan gazte gehien dabiltzan inguruetara hurbilduko da.

 

Udalarentzat, Gasteizko gazteak dira aliatu onenak indarkeria matxistaren prebentziorako. Hori dela eta, “Libre Izan Nonahi” kanpaina jarriko du abian udazken honetan. Besteak beste, kaleko hezitzaileen talde bat gazte gehien dabiltzan inguruetara hurbilduko da urriko, azaroko eta abenduko asteburuetan eta data berezietan, hala nola Halloween edo Inauterietan.

Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak aurkeztu du kanpaina, zeina bihar, ostirala, hastekoa baita. Kanpainaren bidez gazteengana “era dinamikoan” iritsi nahi da, “indarkeria matxistari eusten dion balio eta sinesmenen sisteman eragiteko; indarkeria matxista identifikatzen eta prebenitzen eta horretaz ez baliatzen eta ikusmolde sexistak eraldatzen laguntzen duten mezuak azpimarratzeko; eredu sexual hegemonikoaz eta sexu harremanetako genero-rolez ohartarazteko, eta gazteek gizon eta emakumeen arteko indarkeria matxistaren aurrean jarrera aktiboa izan dezaten sustatzeko. Azken batean, ikusarazteko zein garrantzitsua den haiek indarkeria matxistaren kontra jarrera argia hartzea, ez onartzea portaera eta jokabide matxistarik, edo horrela ez jardutea. Orobat, emakume gazteei eta LGTBI multzoko gazteei informazioa eta tresnak eman nahi dizkiegu indarkeria matxista identifikatu eta prebenitzeko eta horri aurre egiteko“, azaldu du Miren Fernández de Landak.

 Indarkeria matxista prebenitzeko “Libre Izan Nonahi” programa beste baliabide bat da hirian indarkeria matxista prebenitzeko estrategiaren esparru orokorraren barruan. 2020ko azken hiruhilekoan beste prebentzio-jarduera batzuk landuko dira estrategia osatzeko. Horiek guztiek, aurrekoetan bezala, HARA! Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planari (2018-2021) jarraitzen diote, programa honen planteamenduen eta gainerako jardueren arteko koordinazioa eta koherentzia hobetzearren.

 

“MaitEZmindu”

Hezitzaile bikotearen lanaz gain, Berdintasun Zerbitzuak 25 lantegi eskainiko ditu DBHko eta LHko ikasleentzat, indarkeria sexista (emakumeen aurkakoa) eta beste indarkeria matxista batzuk (LGTBIfobia, esaterako) gertatzea eragin duten faktoreez hausnartzera bultzatzearren, eta begirunean, askatasunean eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzearren. “MaitEZmindu ViolenciaNoesAmor” izeneko lantegien bitartez, partaidetza-prozesuak sustatu nahi dira ikasleen artean, “banaka etan taldean hausnar dezaten eta, hartara, indarkeria matxista identifikatu ahal izan dezaten, eta horri aurre egin diezaioten, beren jarrera eta jokabideak eraldatuz”, nabarmendu du zinegotziak.

 

Mezu positiboa eta gazteentzako keinua

“LIBRE IZAN NONAHI ” lemak —2019ko Andre Maria Zuriaren jaietan ere erabilia— pertsona orok askatasun osoz agertu eta adierazteko duen eskubidea jarri nahi du agerian, eta jasaten edo ezagutzen dituen eraso sexista eta matxistei erantzuteko duen eskubidea/betebeharra.

Logoak aniztasuna islatu nahi du, koloreak eta tipografia gazte, atsegin eta irakurterraza baliatuz, gazteekin errazago konektatzearren, haiek baitira kanpainaren xede-publikoa. Eztanda bat ere gogorarazten du, askatze eta ahalduntze eztanda. Harridura markak, berriz, programa abian jartzeko beharra eta horretarako indarra adierazten du, bai Udalaren aldetik bai “Libre Izan Nonahi” kanpainaren hartzaileen aldetik. “L” letraren goialdeko formek, azkenik, bi beso zabalik irudikatzen dituzte, alegia, mezu positibo bat emateko gogoa, aske jokatzeko gogoa eta premia, inplikatzeko eta indarkeria matxistari aurre egitekoa.

Share

Jabetze Feministarako Eskolaren ikasturtearen  inaugurazioa, bere  hamargarren urteurrenean

Gorka Urtaran alkateak eta Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak eman diote hasiera lehen lauhilekoan 77 jarduera online eskainiko dituen eskolaren 10. edizioari

Gorka Urtaran alkateak eta Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak hasiera eman diote gaur arratsaldean Jabekuntza feministarako Eskolaren 10. edizioari. Horretarako, Beñat Etxepare antzokiak A Panadería konpainiaren “Elisa y Marcela” antzezlana hartu du.

Estatuan urratsak eman zituen lehen eskola feministetako bat da Jabetze Feministarako Eskola, eta hamar urte beteko ditu aurten, programazio sendoarekin, “desberdintasunetan arreta jartzen jarraitzeko akuilu, bereziki azken garaiotan, baita zenbait foro publikotan ere, erdi ezkutuan zenbaitetan, bortizki beste batzuetan, emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen inguruan zalantzak erakutsi dituenik agertu den honetan. Hamar urte hauetan, Berdintasun Zerbitzuak ez du bakarrik egin bidea. Aldean izan ditu kolektibo feministek eta LGTBI-kolektiboak, emakume-elkarteak eta elkarte mistoek, eta hainbat gobernu-talde, zeinek proiektu horren iraunkortasuna bermatu baitute, ikuspegi feministatik”, azaldu du Miren Fernández de Landa.

Gorka Urtaranek eskerrak eman dizkie “gure gizartea eraldatzen urteak daramatzazuen emakume guztiei. Gasteiz berdintasunezkoago eta inklusiboago baterantz bultzatuz, non aukera-berdintasuna errealitate bihurtzen hasiko den gero eta eremu gehiagotan. Gaur, Eskolaren hamargarren urteurrenean, denok berresten dugu berdintasunarekiko konpromisoa, emakumeen mugimendu feministaren eta elkarte-mugimenduaren borroka eta aldarrikapenei esker lortutako oinarrizko eskubideen atzerapausoen eta mehatxuen aurrean. Maila indibidualean hainbeste pertsonarena eta eskaera horiek beren agendan berdintasuna jarriz txertatu ditugun erakundeena ere”.

Share