Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 abuztua 2019 13:49

Gaur goizean hasi dira Beti Jai pilotalekuen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak. Obrak 1.104.954 euroan esleitu ziren, bost hilabeteko epean gauzatzeko. Zehazki, lan hauek egingo dira: esparrua sektoretan banatu, publikoa ebakuatzeko bideak hobetu, suterik izanez gero kea kanporatzeko bideak berritu, suteen kontra babesteko instalazioak indarrean dagoen araudira egokitu, komunen kopurua handitu eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat irisgarriago bihurtu.

Orobat, larrialdietako irteerak egingo dira eraikinaren ekialdean zein mendebaldean, eta harmailak eta goiko solairuak ebakuatzeko eskailerak jarriko. Gaur bertan ekin zaio Lasarteko atera ematen duen fatxadako lanak prestatzeari, eskailera egitekoa den lekuan bi zuhaitz kendu baitira.

Kirol Zerbitzuak Lakuako pilotalekua irekiko du abuztuaren 19tik 31ra arte, 08:00etatik 22:00etara, herritarrek pilotan jokatzerik izan dezaten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 abendua 2018 13:07

1,1 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, eta sei hilabeteko epea

Beti Jai pilotalekuetako irisgarritasun-baldintzak eta suteen kontrako babesa egokitzeko obrak kontratatzeko dosierra onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 1.149.499,53 euroko aurrekontuarekin eta obrak gauzatzeko sei hilabeteko epearekin, zuinketa egiaztatzeko aktan finkatzen den egunetik.

1979an inauguratu zen Beti Jai pilotalekuen eraikina. Gerora, hainbat eraberritze-lan egin izan dira barruan, hala nola barruko igogailua instalatzea eta beste moldaketa txikiren bat. 2008an estalkia konpondu zen.

Duela urte pare bat, Arabako Joko eta Ikuskizunen Lurralde Bulegoak txosten bat egin zuen, non ebakuazioari eta irisgarritasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betetzearen inguruko zenbait gabeziaren berri ematen baitzen, eta ebakuazio-bideetan eta seinaleztapenean jarduera-sorta bat planteatzera eraman zuen horrek, baita suteen kontrako babesa eta irisgarritasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko ere.

Zehazki, erabiltzaileak ebakuatzeko elementuetan hainbat hobekuntza egitea planteatzen da, segurtasun-betebeharrak direla eta, barne harturik espazioak sektoretan banatzea, suterik gertatuz gero kea kanporatzeko bideak hobetzea, suteen kontrako babesaren instalazioak egokitzea, komunen kopurua handitzea, eta horiek mugikortasun murriztua dutenentzat irisgarri bihurtzea.

Premia horiei erantzuteko, eraikinaren gaineko hainbat jarduera aurreikusten ditu proiektuak, bai barruan, bai kanpoan, hala nola larrialdietarako irteerak egitea. Guztiarekin, erantzun bat emango zaie irisgarritasunaren, ebakuazioaren eta elementu sanitarioen dotazioaren arloko eskakizun nagusiei.

Beti Jai pilotalekuetan egin nahi den esku-hartzeak aukera emango du hainbat alderdi nabarmen hobetzeko: sute kasuetarako ebakuazio-baldintzak, instalazioak erabiltzeko segurtasuna eta irisgarritasuna. Horretarako, eraikina berrantolatu eta zenbait sektoretan banatuko da, leku batean suterik izanez gero beste leku batzuetara hedatu ez dadin eta ebakuazio-lanak zaildu ez ditzan.

Horretaz gain, iparraldeko horman konpartimentuetan banatutako bi eskailera berri jarriko dira, eta sute-sektore mugakiderako hiru igarobide. Irteera berriak ere egingo dira, harmailen eremuan zein eraikinetik kanpora ateratzeko. Azkenik, entrenatzeko frontoietan suteen keak kontrolatzeko instalazioa ipiniko da, aireztatzaile naturalen bidezkoa, eta suteen kontrako babeserako instalazioei dagokienez behar diren betekizun guztiak beteko dira.

Kirol-instalazioetan agintaldi honetan dagoeneko egin diren edo lizitatu diren inbertsioei gehitzen zaie Beti Jai pilotalekuen berrikuntza. Zentzu horretan, nabarmentzekoak dira Lakua 03ko zelaiaren berrikuntza integrala eta Aranbizkarreko eta Aranbizkarreko aldagelena.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urria 2018 13:57

Ogasun Batzordeak ontzat eman du EAJ-PNV, PSE-EE eta EH-Bildu taldeek lortutako akordioa, Adurtza, Abetxuku eta Astronomoetako futbol-zelaiak zein Beti Jai pilotalekuak eraberritzeko. 2019ko aurrekontuan 2.500.000 euro sartzea ahalbidetuko duen zuzenketa adostu bat bozkatu dute, lan horiek konpromiso-kredituaren bidez gauzatu ahal izateko. Datorren urteko lehen hiruhilekoan idatziko dira lanak kontratatu ahal izateko proiektuak; kirol taldeek berek erabakiko dute horien garapena eta lehentasuna, horretarako sortu den jarraipen-batzordean, lehiaketei albait gutxien eragiteko moduan.

“Hiriak aurrera egin dezan akordioak lortzeko gauza garela erakutsi da berriro. Duela egun gutxi, zerga-ituna lotu genuen borondate horri esker, eta gaur beste akordio bat onetsi dugu, zeinak bultzada handia emango baitio kirol-instalazioetan egiten ari garen inbertsio-ahaleginari. Agintaldi honetan dagoeneko hiru milioi eurotik gora erabili dugu xede horretarako, aurreko gobernuak baino gehiago. Akordio honen bidez, abiadura handiagoa hartuko  dute Gasteizen ezaugarri behinenetakoa den ekipamendu-sarea eguneratzeko lanek”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok ere positibotzat jo du gaur Ogasun Batzordean emandako pausoa. “Gobernu honek akordioak lotzen ditu, eta lan egiten du halaber; izan ere, bultzada ekonomikoa ahalbidetzen duen itun hau bi urteko geldialdiaren ondoren instalazioetan egiten ari ginen inbertsioari gehitzen zaio, beraz, poztu besterik ez dugu. Lehen urratsa da kirol politikan urratu nahi dugun bidean, Gasteiz kirolaren hiriburua bihurtzeko”, azpimarratu du.

Udalak AMVISA udal sozietatearen bitartez handituko ditu hiru futbol-zelai eta Beti Jai pilotalekua eraberritzeko plana abian jarri ahal izateko behar diren diru-sarrerak.

 

Share