Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 abuztua 2017 09:07

Urtaranen gobernuak Betoñuko kirol lurren kalifikazio juridikoa aldatzea onetsi du gaur goizean, ondarezko ondasuntzat jotzeko eta, beraz, besterentzeko aukera izateko. Udalaren Kirol Zerbitzuaren txosten baten eta idazkaritza teknikoak egindako legezkotasun txosten baten oniritzia du erabakiak, eta Udalaren ondasunen inbentario orokorreko bi lursaili eragiten die, zeinek orotara 103.909 metro koadroko azalera baitute; horien hirigintza kalifikazioa ez da aldatutako.

Udalak badaki kirol arloko ekimen pribatuak instalazio horiek erosteko interesa duela, eta eragiketa horren bidez diru-ekarpen garrantzitsua lortzea aurreikusten da; horretaz gain, bada Betoñuko lurrak besterentzeko erabakian eragin dueen beste arrazoi bat: udalaren kirol sistemaren iraunkortasuna ahalbidetzea.

Gaur egun, udalaren kirol-instalazioen sareak 43 kirol zentro ditu, eta 244 ekipamendu guztira, horietako 24 futbol edo errugbi zelaiak. Zelai horiek hobetzeko plan bat landu da, belar artifiziala berritu beharra baitago, azalera horien bizitza baliagarria amaitu dela ikusirik. “Neurriak hartu behar ditugu kontrako egoera ekonomiko batean. Udalak ez du nahikoa finantza-indarrik horren beharra duten 17 futbol-zelaietako azalerak berritzeko inbertsioei aurre egiteko. Horretara jarriko bagina, bazter batean utzi beharko genituzke kirol-instalazioen sare publiko osoa mantendu eta hobetzeko premiak. Beraz, udalaren kirol ekipamenduen iraunkortasuna bermatzen duen aparteko diru-ekarpena behar dugu. Gure konpromisoa da Betoñuko lurrak besterenduz lortzen ditugun baliabide guztiak hiriko kirol-instalazioak hobetzen inbertituko ditugula”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Beste arrazoi ekonomiko bat da Betoñuk Udalari dakarkion kostua. Izan ere, zelaien neurriak, antzinatasuna eta tipologia direla kausa, instalazioen erabilera ratioak eta sortzen duten gastua (kontrol zerbitzuak, ohiko mantentzea, energia, etab.) ez  dira eraginkorrak. Belar naturaleko hiru zelai dira, eta instalazioak zahar eta hondatu batzuk.

Lurrak besterentzeko prozesua abiatzeak Betoñuko zelaiak berritzeko aukera emango du, duten azalera ahalik eta gehien aprobetxatuz eta orain dituzten gabeziak konponduz; Udalak ezin dio aurre egin proiektuari bere baliabideekin, kostua 6.000.000 euro dela kalkulatu baita.

Betoñuko instalazioen titulartasunaren aldaketaren ondorioz, orain zelai horiek erabiltzen ari diren kirol entitateak beste udal instalazio batzuetara mugitu beharko dute. “Esku hartu ezean, lehenago edo geroago talde horiek arazoak izango zituzten Betoñun jarraitzeko. Instalazio horiek besterentzeak hiriko auzoetako futbol zelaiak berritzeko programa bati ekitea ahalbidetuko du eta, hartara, Betoñun jokatzen zuten taldeek beste instalazio batzuk erabili ahalko dituzte”, erantsi du Gorka Urtaranek.

Kalifikazio juridikoaren aldaketa ALHAOn argitaratu ondoren, hilabeteko epea irekiko da jendaurreko erakustaldirako. Ondoren, behin betiko onetsi beharko da, eta lurrak besterentzeko lehiaketa egin.

Share