Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 uztaila 2018 11:54

 

Udalak 330.000 euro inbertituko ditu hiru kale horiek eraberritzen, trafikoa lasaitzeko eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko neurriak barne

 DOSIERRA BIDEGORRI LEGUTIANO-ZUAZO-LEZA eusk

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Legutianoko atea, Zuhatzuko atea eta Leza kalea eraberritzeko asmoaren berri eman du gaur goizean. Hiru esku-hartze horiei esker,  ia 2 kilometro bidegorri gehiago izango du hiriak. Lanen aurrekontua 330.000 euro da, eta trafikoa lasaitzeko eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko neurriak barne hartuko ditu. “Mugikortasun Iraunkorrerako Planean oinarritutako esku-hartzeak dira, ibilgailu pribatuaren ordez bizikletaz eta oinez ibiltzea lehenestearren. Gainera, hainbat talderen eskaerei erantzuten diete proiektuek”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. Aipatutakoekin lotuta bi dosier onetsi ditu gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, bata Leza kalean (Zabalgana) egitekoak diren lanak kontratatzeko, eta bestea Zuhatzuko ateko eta Legutianoko ateko lanetarako.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak Leza kalerako (Zabalgana) diseinatu duen proiektuak Mariturri HLHIko guraso elkarteak egindako eskaerari erantzuten dio, oinezkoentzako pasabidea jartzeko galdatu baitzuten. “Harago joatea erabaki dugu”, azaldu du alkateak. Izan ere, Leza kaleak 4 metroko zabalerako espaloiak ditu, 17 metroko galtzada, hiru zirkulazio-errei, eta aparkalekuak, linean zein baterian. “Hori guztia dela eta, trafikoaren abiadura oso handia da”.

Proposatzen den esku-hartzean, oinezkoentzako pasabidea egingo da kalearen erdialdean, bizikletentzako bidea eraikiko da kale osoan (iparralderik joango da 310 metroko bidea, erdiko aldearen ondotik), bizikleten aparkalekuak jarriko dira, eta oinezkoek erabiltzeko espazio zabala sortuko da. Bolardoak jarriko dira eremu hori ibilgailu motordunetatik banatzeko, eta bizikleta-aparkalekuz zein eserlekuz hornituko da. Trafikoa orduko 30 kilometrora motelduko da, eta errei bakarra utziko. Gainera, oinezkoentzako pasabide berria lanparaz argiztatuko da, segurtasuna hobetzearren. Aparkalekuak baterian jarriko dira, kalearen zabalera estutzeko.  Lanak egiteko epea bi hilabetekoa izango da, eta aurrekontua, 65.775,93 eurokoa.

Gaur abiarazi den bigarren eraberritzea Legutianoko atean egitekoa da, Nafarroako Errege-Erreginen kaletik Zuiako Taldearen kaleraino. Esku-hartzearen helburuak antzekoak dira: trafikoa moteltzea, oinezkoen mugikortasuna hobetzea, garraio publikorako irisgarritasunaren hobetzea, eta bidegorria jartzea. Kale horretatik ibilgailu ugari zirkulatzen dira, eta horretarako dago diseinatuta. Zehazki, 3,75 metroko zabalerako espaloiak ditu, bateriako aparkalekuak bi aldeetan, hiru zirkulazio-errei noranzko bakoitzean, eta bi metroko erdibitzailea. Kaleak merkataritza-jarduera garrantzitsua du. “Disenuak ez dio jarduera horri laguntzen, espaloiak estuak baitira, eta trafikoa, azkarra eta dentsitateko handikoa”, azaldu du alkateak.

Udalaren proiektuaren arabera, galtzadan bi bidegorri jarriko dira, 2,40 metro zabal izango direnak, bereiziak eta bi noranzkorekin. Iparraldetik zein hegoaldetik (Burgos kaleraino) joango dira. Orobat, baterian aparkatzen duten gidarientzako espazioa ere utziko da horien ondoan. Horretarako, zirkulazio-errei bat kenduko da alde bakoitzean. TUVISAren geltokiak ere egokituko dira, nasa irisgarriagoak eraikita (autobusarekiko desnibela murrizteko). Bidegorria 330 metro luze izango da iparraldeko zatian, eta 350 metro luze hegoaldean.

Azkenik, Espazio Publikoaren Zerbitzuak Zuhatzuko aterako ere antzeko esku-hartzea proposatu du. Kale horrek 7 metroko espaloiak ditu, 16,50 metroko galtzada, bi zirkulazio-erreitan banatuta, eta bateriako aparkalekuak bi aldeetan. “Esku-hartzearen bitartez trafikoa moteldu eta mugikortasun aktiboa sustatu nahi da. Bereziki, inguruan Zabalganeko gizarte etxea zabaldu dela kontuan hartuz”. Proiektuaren arabera, galtzadan bidegorri bat jarriko da, bereizia eta bi noranzkorekin, UNICEFen hiribidea eta Sofia Erreginaren hiribidea Mariturri bulebarrarekin lotzeko. Orain dagoen bateriako aparkalekua baliatuko da 2,40 metroko bidegorria sortzeko, 0,80 metroko babesarekin eta 2,5 metro hartzen duen bateriako aparkalekua utzita. Zirkulazio-erreia estutu egingo da, halaber.

Sofia Erreginaren hiribidean eta Mariturri bulebarrean badira bi noranzkoko bidegorriak, espaloian. Sofia Erreginaren hiribidetik Juan Gris kaleraino, bizikleta bidea iparraldeko espaloiaren ondotik joango da. Juan Gris kaletik aurrera, hegoaldetik. Oinezkoentzako pasabide jaso baten ondotik gurutzatuko da. Orobat, oinezkoentzako bi pasabide egingo dira. Bata Moreda ibilbidean eta bestea Salvador Dalí kalean. Trafikoa lasaitzeko eta oinezkoak hobeto ikusteko hainbat neurri ere hartuko dira.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 ekaina 2017 11:09

Urtaranen gobernuak Txile kaleko bizikletentzako bidea luzatu du. Orain bidegorri hori Gasteiz hiribidetik hasi eta Argentina kaleko bidegurutzeraino iristen da. Obrak egin ondoren, bidea Mexiko kaleraino luzatuko da. Gutxi gorabehera, 260 metro gehiago. Eginda dagoen bide-zatian bezala, bi noranzko dituen bidegorria izango da, ibilgailuen trafikotik bereiz. Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horien kontratazio-dosierra, 89.455,20 euroko aurrekontuarekin.

“Hiriko bizikleta sarea hobetzen jarraitzen dugu urrats txikiak emanda, bizikletaren erabiltzaile eta taldeek hala eskatuta. Kasu honetan, gainera, bizikleten mugikortasunerako osatu beharra geneukan puntu estrategiko batean. Bizikletak eta oinezkoak ibilgailu pribatuaren aurrean protagonismoa hartzen duten mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren eredu baten alde egitea da Gasteizen garatzen ari garen estrategia bat”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako proiektuaren arabera, bidegorria zenbaki bakoitien espaloiaren ondoan eraikiko da eta 2,6 metroko zabalera izango du. Txirrindulariek erabiltzeko espazio horren ondoan 1,50 metroko oinezkoentzako ibilbidea ezarriko da autoetako erabiltzaileak espaloira segurtasunez iristeko. Eta zati horri erantsita lerroko aparkalekuen errei berria kokatuko da, 2,25 metroko zabalerarekin. Bestalde, zirkulazio-erreietan ere bakoitza 3 metroraino estutu beharko da. Bidegurutzeek eragindako eremuak (‘belarriak’) kendu egingo dira (Jose Migel Barandiaranen kasuan) edo aldatu (Argentinarekin eta Mexikorekin dauden bidegurutzeetako kasuetan).

Lanak bi hilabeteko epean egingo dira. Eta barne hartuko dute obrek eragindako seinaleak eta altzariak kentzea. Ondoren egingo dira eraisketak eta beharrezko betelanak. Hustubide batzuk ere aldatuko dira eta euri-urak biltzeko hodia jarriko da.  Halaber seinaleztapen bertikal eta horizontal berriak jarriko dira.

 

Share