Prentsa Oharren banner

Udalak beste bideo bat kaleratu du klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta 2070eko Gasteizera bidaiatzen du fenomenoaren ondorioak ikusteko  

 

Bideoa Udalaren “% 100 energia herritarra” kanpainaren parte da, zeina Gasteizko Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana lantzeko azken fasearekin batera egiten ari den

 

Gasteizko Udalak beste bideo bat kaleratu du gaur bere plataforma digitalen bitartez, herritarrak klima-aldaketak hirian dituen ondorioez sentsibilizatzeko eta mundu mailako erronka horren aurka “borrokatzera” animatzeko. Ikus-entzunezko proposamena joan den apirilean abiarazitako “% 100 energia herritarra” kanpainaren parte da; kanpaina horrek 2070eko Gasteizen kokatzen du ekintza eta erakusten du bero-boladak dauden egun kopurua aurreikusi bezala handitzeak “arriskuan” jarriko duela pertsona zaurgarrienentzat eguneroko ohiko ekintzak egin ahal izatea, hala nola, pintxo-potea edo Eraztun Berdean barrena paseatzea. “Pertsona guztiak konturatu behar dira klima-aldaketa gure udalerrian dagoeneko eragina duen errealitatea dela, eta, azkar erantzuten ez badugu eta erantzukizuna denon artean partekatzen ez badugu, ondorioak itzulezinak izan daitezkeela”, adierazi dute Gasteizko Udaletik.

´

Bideoak azpimarratu egiten ditu klima-aldaketa arintzen lagundu dezaketen hainbat ohitura, hala nola, ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoa erabiltzea, energia berriztagarriak erabiltzea, edo hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea. Berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten laguntzen duten eguneroko ekintzak dira eta ezinbestekoak dira gure hiriaren iraunkortasuna hobetzen jarraitzeko. Bideo hori Udalaren webgunean  eta Udalaren YouTube kanalean dago ikusgai, eta sare sozialen bidez ere partekatuko da.

 

Ekintzailetza eta belaunaldien arteko lana klima-aldaketa gelditzeko

 

“% 100 energia herritarra” kanpainak maiatzean zehar ere jarraituko du; bihar, hilak 5, “Ekin Breakfast” bat egingo da, Araba Ekinean ekimenaren online topaketa, ekintzailetzari eta klima-aldaketari buruz hitz egiteko. Hitzordua doakoa da eta edonork eman dezake izena esteka honen bidez; Ekin Breakfast horrek hiriko 5 ekintzaileren ekimenak eta klima-aldaketa arintzen laguntzeko burutzen dituzten proiektuak ezagutzera emango ditu. Enpresa hauen kasuak azalduko dira: “Eraman” bizikleta bidezko banaketa-kooperatiba, “Ig Karratu” arkitektura estudioa, “RE-utiliza” altzari birziklatuen denda, “Hobeen” startupa eta “Bodegas Ostatu”. Adibide horiekin, sektore desberdinetatik klima-aldaketaren kontra borrokatu daitekeela erakutsi nahi da.

 

Datorren astean, maiatzaren 12an, belaunaldien arteko lantegi bat egingo, gure hirian klima-aldaketaren arazoari aurre egiteko herritarrek izan ditzaketen irtenbideak lantzeko. Hitzordu horretan Koroatzeko Adinekoen Zentroko erabiltzaileek eta Egibideko ikasleek hartuko dute parte. Lanaren emaitzak ezagutarazteko kaleko ekintza bat egingo da ekaineko lehen astean, eta kanpainako elementu nagusietako bat izango da.

 

Gasteiz da klima-aldaketaren aurrean kaltetuen gerta litekeen euskal hirietako bat. Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Autonomia Erkidegoko Estrategian jasotako aurreikuspenen arabera, mende honetan, gure ingurunean, batez besteko tenperatura 2,5 gradu igo daiteke neguan, eta 5,5 eta 7 gradu inguru udan. Era berean, bero-boladen iraupena % 150 luza daiteke mende-bukaerarako.

 

Share

Olentzerok eta Mari Domingik Eguberrietako zorion-agurra helarazi diete Gasteizko umeei, bideo sinpatiko baten bitartez

Pandemia gorabehera, pertsonaia ezagunak etxeetara joango dira opariak eramatera

Olentzerok eta Mari Domingik bideo original bat grabatu dute, Gasteizko umeei Eguberrietako zorion-agurra helarazteko. Pandemia gorabehera abenduaren 24ko gauean ez dutela huts egingo diote, eta hiriko txikienek opariak jasoko dituztela.

Arabako hiribururako bidean, besarkada handi bat bidali diete umeei.

Pandemia dela eta ezohikoa gertatzen ari den Eguberrietako kanpaina honetan Kultura Zerbitzuak sustatu duen ekintzetako bat da.

COVID-19ak Olentzero eta Mari Domingiren desfilea bertan behera uztera behartu du, baita abenduaren 24ko ekitaldiak ere.

Umeak Mendizorrotzeko kiroldegian elkartu ahalko dira berriro haiekin, abenduaren 23an eta 24an, ‘Hator, hator Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizunari esker. Sarrerak agortuta daude, baina 24an (osteguna) streaming bidez ikusi ahalko da udalaren webgunean, 18:00etan.

Olentzero eta Mari Domingiren bideoa ikusi

Share

Familien partaidetza sustatuko du Udalak, hezkuntzaren alorrean

Bideo bat argitaratu du, eta hiriko ikastetxeen eskura jarri

 

Gasteizko ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenetarako eta eskola-kontseiluetarako hauteskundeak laster izango direla eta, ‘Parte hartzea erabakitzea da’ kanpaina jarri du abian Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak. Besteak beste, bideo bat egin du, familiek organo horietan eta eskola-bizitzako beste jarduera batzuetan duten partaidetza sustatzeko.

“Eskola-komunitateko sektore guztien partaidetzaren garrantzia nabarmendu nahi dugu, eta, hortaz, prozesu horretan parte hartzera animatzen ditugu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Familien partaidetza oinarrizko eskubide bat da, eta seme-alaben hezkuntzan laguntzeko aukera bikaina. Badakigu hezkuntzaren kalitatearen faktoreetako bat dela, ikaskuntza-prozesua hobetzen duela, baita ikastetxearen eta hezkuntza-sistemaren efikazia ere”, gaineratu du.

Orobat azpimarratu du Gasteizek hiri hezitzaile gisa duen eginkizuna, “erabat inplikatuta baitago, hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzeko”.

Hiriko 92 ikastetxetako  ordezkaritza-organoetako kidea da Gasteizko Udala.

Ikastetxeetako zuzendariei bidali zaie pieza, informazio interesgarriarekin batera, familiei helarazterik izan dezaten.

Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak, Hezkuntzari buruzko Denon Artean bulegoak eta ikastetxeek parte hartzen dute ‘Parte hartzea erabakitzea da’ kanpainan.

 

Bideoa ikusi 

 

Share