Prentsa Oharren banner

Zaramagako BIZANak Miguel Llanes artista arabarraren erakusketa hartuko du, material birziklatuekin egindako figurez osatua

Miguel Llanes artista plastikoaren “Vivir aprovechando” erakusketa egongo da ikusgai bihartik aurrera Zaramagako BIZANean. Uztailaren 23ra arte, material birziklatuekin egindako figura-bilduma ikusteko aukera egongo da adinekoentzako gune horretan.

20 urtez baino gehiagoz, artista arabarrak Atalako baserriko lantegi-etxean (Sarrian, Zuiaren erdian) ideia eder eta iradokitzaileak irudikatu ditu forma eta genero desberdinetan, bidean aurkitu dituen material birziklatuak erabilita.

Bere obra ezkutuan egon da denborak aurrera egin ahala, egoera berezi batzuetan izan ezik, hala nola duela hiru urte Bilboko Casilda parkean aire zabalean egin zuen erakusketa.

Zaramagako BIZANeko erakusketa zentroko adinekoen jarduera batzordeek antolatu dute, eta Miguel Llanesek barruko espazio batean egiten duen lehena da.

Share

Adinekoentzako Zentro Soziokulturalek bere irudia berritu dute eta BIZAN Sarea bihurtu dira, estereotipoei aurre egiteko eta erabiltzaile berriak erakartzeko

Bizi + Izan hitzak elkartzetik sortu da izen berria eta bizitasunaren ideia islatu nahi du

Adinekoentzako Zentro Soziokulturalek irudi eta izen berria dute. Hemendik aurrera BIZAN deituko dira, irudi hurbilagoa eta irekiagoa emateko, erabiltzaileei eta zentroei lotutako estereotipoetatik urrun.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak izen berria eman du ezagutzera eta esan duenez, prozesu luze baten emaitza da, orain dela sei urte, 2015ean, hasi baitzen “erabiltzaileek adierazi zigutenean zentroen irudi positiboagoa helarazi nahi zietela herritarrei, sailaren barruan genuen izena aldatzeko ideiarekin bat etorriz”.

2019an egindako azterketa batek agerian utzi zuen adinekoei buruzko estereotipoak zeudela, eta estereotipo horiek zentroei ere eragiten zietela. Horregatik, erretiratzear edo erretiratu berri ziren pertsonek ez zituzten ez ezagutu ez erabili nahi. AZSKak ez ziren begi onez ikusten haien izena zela eta, ez baitzen erakargarria ez erabiltzaile posibleentzat, ez adin-talde gazteagoentzat.

Ondorio hori ikusita, AZSKei izena aldatzeko prozesu bat abiarazi zen eta bertan profesionalek, adin desberdinetako taldeek eta zentroetako erabiltzaileek hartu dute parte. Prozesu horren emaitza BIZAN izena izan da, Bizi eta Izan hitzak elkartzetik sortua, “adinekoen bizitza eta izatea gogora ekartzeko. Haien benetako izaera islatzen du izenak: parte hartzea, jendea ezagutzea, ondo pasatzea eta gizartean ekarpenak egitea gustuko duen jende aktiboa da”, azaldu du zinegotziak.

Izen berriaren ondoan “Esperientziak bizitasunarekin bat egiten duen tokia” lema agertuko da. Goiburuak, Jon Armentiaren esanetan, “errotik desagerrarazten du estereotipo hedatuenetako bat: adinekoak, bizitzan esperientzia zabala izanik ere, pertsona inaktiboak eta motibaziorik gabekoak direla uste izatea. Ez da hala”.

 

Izena probatu egin da

Apirilean zentroetako 60 erabiltzaileri eta bertako langileei aurkeztu zitzaien izena. “Ilusio handiz hartu zuten. Asko gustatu zitzaien”, azaldu du zinegotziak.

16 zentro soziokulturalen irudi aldaketa ekainetik aurrera egingo da, pixkanaka. Fatxadetan izen berria jarriko da, Koroatzean eta Ariznabarren biniloak jarriko dira elementu grafikoekin, eta Udalaren webgunean baliabide horiei buruzko atala berrituko da.

BIZAN Sareak irailetik aurrera burutuko duen programazioan ere sumatuko da aldaketa hori; izan ere, herritar guztientzako jarduera gehiago egongo dira, bai eta lantegi sortzaile gehiago ere, adinekoek haien ezagutzak beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera izan dezaten.

“Azken batean, helburua da herritarrek toki horiei buruzko ideia argi izatea: harreman berriak hasteko, ikasteko eta ondo pasatzeko aukera ematen duten lekuak dira. Pertsonen ekarpenei garrantzi handia ematen diete, eta adinekoek beren ezagutzak, gaitasunak eta balioak parteka ditzakete bertan beste pertsona batzuekin, estereotipoei eta adinkeriari aurre eginez”, esan du Jon Armentiak.

Share