Prentsa Oharren banner

Udalak leku gehiago eskainiko du gizarte-etxeetako, kirol-instalazioetako eta BIZAN sareko jardueretan

Eusko Jaurlaritzak edukiera % 75era handitu duenez, jende gehiagok eman ahalko du izena ikastaro askotan

 

Udalak urriaren 4an irekiko du gizarte-etxeetako, kirol-instalazioetako eta adinekoen BIZAN sareko jardueretako leku libreetan izena emateko epea. Covid19ari aurre egiteko osasun-jarraibide berriek ikastaroak egiten diren guneen edukiera % 75era handitzeko aukera ematen dute, eta Gasteizko udalak horietako askotan leku kopurua handitzea erabaki du.

Hutsik geratu diren lekuen zerrenda irailaren 29an argitaratuko da udalaren webgunean. Jarduerak programatzeaz arduratzen diren sailak aztertzen ari dira zein ikastarotan den bideragarri parte-hartzaileen kopurua handitzea.

Irailaren 29tik urriaren 3ra bitartean informazio- eta kontsulta-aldi bat egin ondoren, urriaren 4ko 8:30ean irekiko da leku libreetan izena emateko epea. Hainbat bide egongo da horretarako: udalaren webgunea (gomendatua), 010 telefonora deitzea, edo aurrez aurre egitea edozein gizarte-etxe edo kirol-instalaziotan.

Jarduera hasita badago, prezioa murriztu egingo da, parte-hartzerik izan ez den saio-kopuruaren arabera.

Prozesu honek ez die eragingo genero-berdintasunerako jarduerei, euskara ikastaroei, ingurumen hezkuntzarekin zerikusia duten jarduerei, eta Gauekoak eta Xtraclub programei. Hala ere, jarduera horietako batzuetan handitu egingo da leku-kopurua, eta eutsi egingo zaie izena emateko aurreikusitako epeei. Era berean, igerilekuetako jardueretan oraingoz ez dira plazak handituko, aldagelen erabileraren mugek indarrean jarraitzen baitute.

 

 

 

 

 

 

Share

Sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko hausnarketa egingo du asteartean Plátikak, Bizan sareko topaketa- eta eztabaida-espazioak

Irailaren 21ean, asteartez, Plátikaren 5. edizioa hartuko du Europa biltzar-jauregiko Green aretoak. Topaketa- eta eztabaida-espazio bat da Plátika, herritar guztientzat irekia, Bizan sareak antolatua, eta oraingo honetan sexu- eta genero-aniztasunaren gaia jorratuko du.

Horretarako, besteak beste, gonbidatu izango dira Federico Armenteros, Fundación 26 de Diciembre-ren fundatzaile eta presidentea, zeinek adineko LGTBIQ+ pertsonen ikusgarritasunaren alde lan egiten baitu, eta Begoña Pérez Sancho, psikologia klinikoan lizentziaduna, sexologian masterra eta familia- eta bikote-psikoterapeuta.

18:30ean hasiko da Plátika, eta sarrera doan izango da, edukiera bete arte. 18:00etan irekiko dira ateak, eta Udalaren Youtubeko kanalaren bitartez ere jarraitu ahal izango da.

Share

Adineko boluntarioek ikastaroak emango dituzte BIZAN sarearen jarduera-programazio berriaren barruan; urritik aurrera, 361 lantegi eskainiko dira

Dagoeneko eman daiteke izena, aurrez aurre, 010 telefonoz edo udalaren webgunearen bitartez

BIZAN sareak —lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalak— 21-22 denboraldirako prestatu duen jarduera-programa urrian abiaraziko da, 361 ikastaro eta 3.907 leku eskainita. Berritasun nagusia lantegi sortzaileak dira: 60 urte edo gehiago duten boluntarioek emango dituzte, haien ezagutzak gainerako herritarrekin partekatzeko.

Lantegi sortzaileak 10 urtetik gorakoentzat izango dira, lantzen den gaiaren arabera. Esate baterako, gazteenak poesiaren txokora joan ahalko dira, eta 60 urtetik gorakoek, berriz, areto-dantzak ikasi edo literatur solasaldi batean parte hartu ahalko dute. Belaunaldien arteko baratzea, yoga hastapenak eta Veneziako maskaren lantegia ere sartzen dira jarduera multzo horretan. Kasu guztietan, irakasleak 60 urtetik gorako pertsonak izango dira, zeinek beren burua eskaini baitute dituzten ezagutzak partekatzeko.

Orobat, San Martineko BIZANeko adinekoek laguntza akademiko eta emozionala eskainiko diete inguruko ikastetxeetako ikasleei. Koroatzeko eta San Prudentzioko BIZANetan, berriz, Konektatu programa garatuko dute, beste pertsona batzuei aukera emateko teknologia berriak baliatuz maite dituzten pertsonekin online konektatzerik izan dezaten.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak nabarmendu du “lantegiak emateko izena eman duten adinekoen eskuzabaltasuna, edo belaunaldien arteko lantegietan laguntzen dutenena, antolaketan eta garapenean esku hartzen baitute. Horretaz gain, beste adin-talde batzuei balioak helaraztea da benetan garrantzitsuena, haientzat eredugarri baitira. Horrela, haiek ere estereotipoei eta adinkeriazko jarrerei aurre egiten diete, eta pertsona gisa duten gaitasuna eta autonomia agerian jartzen”.

Datorren ikasturtean, BIZAN sareak bi ikastaro multzo eskainiko ditu: batean, izen-ematearen hurrenkeraren arabera banatuko dira lekuak (138 ikastaro); bestean, zozketa bidez esleituko dira lekuak (223 ikastaro), irailaren 3an.

Lantegi sortzaileez gain, zozketarik gabeko ikastaro hauek eskainiko dira:

  • Belaunaldien arteko ikastaroak, zeinetan adinekoen taldeek beren ezagutzak eta bizipenak partekatuko baitituzte beste adin batzuetako pertsonekin: familiarteko dantza, ipuin-kontalariak, ahozko tradizioa, etab.
  • 18 urtetik gorako herritarrei irekitako lantegiak, BIZAN sarearen txartela izan beharrik gabe: sare sozialak, artea kaleetan, cardioswing, podcastak, nutrizioa, etab.
  • Erorketen prebentziorako ikastaroak.
  • Gela irekiak: pintura, zura lantzea, mugikorra erabiltzen ikasi, hiri-baratzea, ingelesa, euskaraz bizi, bideo-edizioa…

Zozketa duten ikastaroen artean gai hauek eskaintzen ditu programazio berriak:

  • Hezkuntza-, eskulangintza- eta teknologia-ikastaroak: poesia, zeramika, sukaldaritza, argazkigintza digitala, euskara, ingelesa, informatika, irratia, etab.
  • Zaintza fisiko, kognitibo eta psikologikoarekin zerikusia duten jarduerak: aerobika, abesbatza, suspertze psikosoziala, emozioen kudeaketa, pilates, antzerkia, euskara 55 urtetik gorakoentzat, etab.

Orobat, 75 urtetik gorakoentzako taldeak antolatuko dira BIZAN sarearen 21-22 ikasturterako eskaintzan, haientzat berariaz pentsatutako jarduerak egin ditzaten. Ahulago dauden pertsonen eskaerei erantzungo diete: gimnastika arina, mugimendu eta ariketa arinak, psikomotrizitatea eta suspertze psikosoziala.

Horiek osagarri, badira adinekoek parte hartu dezaketen beste zerbitzu eta programa batzuk, hala nola Piztu zure auzoa edo hirian banatutako 10 osasun-parkeetan egin daitezkeen ariketa saioak.

 

Izen-emateak

Dagoeneko ireki da izena emateko epea zozketa eskatzen duten lantegi eta ikastaroetarako. 010 telefonoaren bidez, www.vitoria-gasteiz.org/bizan udal webgunean edo aurrez aurre egin daiteke, BIZAN sarearen 16 zentroetako batean zein gizarte etxeetako eta kirol instalazioetako herritarrei laguntzeko bulegoetan. Azken kasu horretan, hitzordua eskatu behar da.

Zozketarik behar ez duten jarduerei dagokienez, irailaren 2an hasiko da izena emateko epea.

 

Share

Bizan sareak antolaturik, jazza eta kaleko zinema eskainiko dira Udako Gauetan

Bizan sareak Udako Gauak programa antolatu du aurten ere, musika eta zinema aire zabalean eskaintzeko; hiru saio izango dira orotara, uztailean eta irailean.

Bihar, uztailak 13 (asteartea) hasiko dira jarduera komunitarioak, Didi Jazzek emango duen jazz-kontzertu didaktiko batekin. Vital Fundazioa Kulturunean izango da hitzordua, Dendaraban, 18:00etan.

 

Zinema kalean 

Uztailaren 23an (ostirala), zinemaren txanda izango da: “Abuelos” film espainiarra eskainiko da Maurice Ravel lorategietan, Hegoalde gizarte-etxearen ondoan. Santiago Requejok zuzendutako filma da, eta aktore ezagunek hartzen dute parte: Carlos Iglesias, Ramón Barea, Roberto Alvarez eta Mercedes Sampietro.

Irailaren 17an, azkenik, beste zinema saio bat izango da kalean. Francisco Vitoria institutuko patioan (Pilar auzoan) “La familia que tú eliges” film amerikarra ikusi ahalko da. Down sindromea duen gazte baten istorioa kontatzen du; gazteak egoitzatik ihes egiten du bere ametsa lortzeko asmoz: borrokalari profesionala bihurtzea.

Hiru jarduerak (jazz-saioa eta zinema-emanaldiak) doakoak dira, eta herritar orori irekiak.

 

 

Share

Adinekoentzako BIZAN sareko zentroek irudi berria erakusten dute

Garai beteko adinekoentzako zentro soziokulturalek aldatu dute kanpoko irudia, BIZAN izena duten errotulu berriak jarrita.

Izen berria “bizi” eta “izan” hitzak elkartzetik sortu da, eta izenaren ondoan “Esperientziak bizitasunarekin bat egiten duen tokia” lema agertuko da. BIZANek irudi hurbilagoa eta irekiagoa eman nahi du, erabiltzaileei lotutako estereotipo eta adinkeriatik urrun.

Adinekoek ere parte hartu zuten aldaketa horretan. BIZAN sareak irailetik aurrera burutuko duen programazioan ere sumatuko da aldaketa; izan ere, herritar guztientzako jarduera gehiago egongo dira, bai eta lantegi sortzaile gehiago ere, adinekoek haien ezagutzak beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera izan dezaten.

Share

Etorkizuneko erabiltzaileentzat jarduera-eskaintzak nolakoa izan behar duen gogoeta egiten ari dira BIZAN zentroetan

Erretiroaren atarian dauden hogei pertsona bildu ditu San Martineko BIZANak, haien iritzi eta lehentasunen berri jasotzeko

Garai bateko adinekoentzako zentro soziokulturalek, orain BIZAN izenarekin ezagutzen direnak, eboluzionatzen jarraitzen dute. Izen berriari lotutako irudi-aldaketarekin batera, berrikuntzak egingo dira etorkizunean jarduera-programazioan, erabiltzaile berrien kezkei eta beharrei erantzun diezaieten.

Programazio berri hori diseinatzen laguntzeko, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak eta Giza Baliabideen Sailak partaidetza-saio bat antolatu dute gaur goizean, San Martineko BIZANen, erretiroaren atarian dauden 20 udal langileren iritzia ezagutzeko.

“Oso lagungarriak izango zaizkigu horien esperientzia eta ezagutza, iritziak eta proposamenak, BIZAN zentroetako etorkizuneko jarduerak diseinatzeko. Izan ere, edukiz aldatzeaz gain, edukitzaileak ere izango du bilakaerarik, hiriko adinekoen zahartze aktiboa sustatzeko”, azaldu du Gizarte politiketako zinegotzi Jon Armentiak.

Share

Bizanetako kafetegiak eta elkartzeko guneak irekiko dituzte bihar

Zentro bakoitzean mahai kopuru mugatua egongo da eta ezingo dira 45 pertsona baino gehiago bildu

 

Bizan sarea —lehen, adinekoentzako zentro soziokulturalak— normaltasunera itzultzen ari da pixkanaka zerbitzuen funtzionamenduari dagokionez. Pandemia zela eta, itxi egin behar izan zituzten iaz, eta, orduz geroztik, osasun egoerak utzi ahala zabaltzen joan dira berriro.

Jantokiak izan ziren ateak ireki zituzten lehenak, eta haien atzetik beste zerbitzu batzuk jarri ziren berriz martxan, hala nola informazioa, ile-apaindegia, podologia, osasun-parkeak, lantegiak eta ikastaroak, betiere COVID-19aren kontra ezarritako segurtasun-protokoloa errespetatuz.

Bihartik aurrera, kafetegiak eta elkartzeko guneak ere erabilgarri egongo dira. Mahai kopuru mugatua izango dute eta 45 pertsonarentzako lekua egongo da gehienez ere.

Kafetegian derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea kontsumitzeko unean izan ezik; ezingo da zutik kontsumitu; mahai bakoitzeko 2 pertsona soilik egon ahal izango dira eta erabiltzaileen artean 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da. Gainera, gehienez ere ordubete egon ahal izango da bertan.

Erabiltzaileek barran eskatu beharko dute horretarako ezarritako lekuetan, momentuan ordaindu, eta langileek esaten dieten mahaian eseri.

Neurri horiekin batera, segurtasun arau orokorragoak ere errespetatu beharko dira bi zerbitzuetan.

Kafetegiak eta elkartzeko guneak ireki ondoren, hemerotekak dira Bizan sarean itxita jarraitzen duten zerbitzu bakarrak, eta, horiek ere, osasun egoerak uzten duenean irekiko dira.

 

 

 

Share