Prentsa Oharren banner

Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiaren ahaleginak internetez haztera eta gazteengana iristera bideratuko dira ikasturte honetan

Sarean parte hartu nahi dutenek web-orri honen bidez egin dezakete: https://www.vitoria-gasteiz.org/zurrumurruen aurka

 

Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiaren ahaleginak duela 3 urte sortutako sarea sendotzera bideratuko dira ikasturte honetan, sare sozialak eta interneteko plataformak baliatuz eta gazte zein adinekoen eskutik.

Gaur goizean aurkeztu da datozen hilabeteetarako programazioa, baita aurreko ikasturtean egindakoaren balantze laburra ere. Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak eskerrak eman dizkie 2017tik lanean jardun duten zurrumurruen kontrako agenteei; izan ere, “gure auzoetan kulturartekotasunaren eta gizarte kohesioaren alde eta bereizkeriaren kontra” aritu dira, “borondatez aritu ere, Gasteiz hobea, inklusiboagoa, irekiagoa, eta arduratsuagoa eraikitzearren. Pertsona horiek konprometituta daude gizartean migrazioaz eta atzerritarrez zabaltzen diren estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak desaktibatzeko lanarekin, jarrera baztertzaile eta xenofoboak sorraraz ez ditzaten, horretarako informazioa, prestakuntza eta kontzientziazioa baliatuz”.

 Gasteizko Udalak sustatzen du Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategia, hainbat pertsona, entitate eta erakunderekiko lankidetzan, Bizikidetza eta Aniztasun Plana abiapuntutzat hartuta, zeinean beste ekintza batzuk ere biltzen baitira.

2017an hasi zen estrategia ezartzen hirian. Geroztik, oinarrizko prestakuntza eta prestakuntza aurreratua eskaini zaie hala herritarrei arreta ematen dieten eta haientzako programazioak kudeatzen dituzten udal langileei nola alor guztietako elkarteetako kideei eta estrategiaren agente gisa jardutea erabakitzen duten herritarrei. Agente horiek osatzen dituzten sareek auzoetan garatzeko sentsibilizazio-ekintzak diseinatzen dituzte ondoren.  Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak laguntza ematen die talde horiei, eta AMEKADI entitateak dinamizatzen ditu; azken horrek esperientzia handia du horrelako proiektuak kudeatzen.

Horretaz gain, Udala ZAS! Zurrumurruen aurkako Euskal Sarearen kide da. Agenteen sare mistoa da hori, zeinean administrazioek (udalak, aldundiak, EHU, Eusko Jaurlaritza) eta era guztietako gizarte entitateek hartzen baitute parte.

Udalak Zurrumurruen kontrako Estrategiaz informatzera gonbidatu ditu herritarrak, eta nahi izanez gero, hiriko agenteen sareetan sartzera.  https://www.vitoria-gasteiz.org/ zurrumurruen aurka web-orrian  zurrumurruen kontrako formulario bat dago eskuragarri 2019ko uztailetik, estrategian parte hartu nahi duen pertsona edo entitate orok erraz eta azkar bat egiterik izan dezan.

Share