Prentsa Oharren banner

Udala indarkeria matxista ikusarazten eta testuinguruan jartzen saiatuko da, hitzaldiak, musika eta zineforum bat baliatuz

Azaroaren 25ean morez argiztatuko dira udaletxeko fatxada, Florida parkeko kioskoa eta Arkupeak, Emakumeei zuzendutako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta

 

Emakumeei zuzendutako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak zenbait ekintza prestatu ditu Gasteizko herritarrei indarkeria matxista ikusarazteko eta hori testuinguruan jartzeko: kontzertuak, hitzaldiak, lantegiak eta zineforum bat. Horretaz gain, eta urtero bezala, morez argiztatuko dira udaletxeko fatxada, Florida parkeko kioskoa eta Arkupeak.

Osasun krisialdiak ere izango du oihartzunik aurtengo azaroaren 25ean. Izan ere, “etxeetan, lanlekuetan, bizitzeko espazioetan indarkeriari buru egin behar dieten emakume eta neskei erreparatu” nahi die Udalak. “Gizartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi dute. Krisialdiak ongarri ezin hobea dira indarkeria matxista ugaritzeko. Itxialdiak, mugimendu murrizketek eta harremanen mugatzeak agerian utzi dute indarkeria matxista jasaten duten emakumeen muturreko ahuldadea, gordintasun osoan. Errealitate mingarri horrek erantzukizuna eskatzen digu gizarte gisa, eta horrelakorik gerta ez dadin lan egiten eta mobilizatzen jarraitzera behartzen gaitu“, nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Antolatutako ekintzetan parte hartzeaz gain, puntu morea deskargatzera eta egun hauetan zabaltzera gonbidatzen gaitu Udalak, sinbolo horrek emakumeen aurkako indarkeriaren arbuioa adierazten baitu.

Orobat, zinegotziak gogorarazi du martxan jarraitzen duela indarkeria matxista prebenitzeko “Libre Izan Nonahi” estrategiak, indarkeria matxistari eta horren oinarrian dagoen balio eta sinesmenen sistemari aurre egin ahal izateko.

 

 

 

 

 

Share

Gasteizek bat egingo du “Dando vida a la muerte” jaialdiarekin

 

Magdalena kaleko Sempervirens lorategian eta Antso Jakitunaren kaleko pergolan panel bana jarriko dira, herritarrek adierazi ditzaten bizitzari eta heriotzari buruz hausnartzen dutena

 

Ekimena New Orleansen jaio zen, Katrina urakanak eragindako txikizioaren ostean, eta urtez urte mundu zabaleko beste hiri batzuetara zabaldu da, heriotza eta doluaren prozesuaren inguruan diharduten, eta heriotza eta hiltzeko prozesuak ikusarazi eta normalizatzeko lanean diharduten kolektiboen eskutik.

Domu Santu egunarekin bat, Gasteizek bat egingo du aurten “Dando vida a la muerte” jaialdiarekin; besteak beste, panelak instalatuko dira hiriko zenbait lekutan, herritarrek biziarekin eta heriotzarekin loturiko mezuak eta hausnarketak idatzi ditzaten.

Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak eta ekimenaren ordezkari Mireya Arregik aurkeztu dute ekimena, gaur goizean.

Bihartik hasita (urriak 30) eta azaroaren 6ra arte zenbait jarduera egingo dira, baina guztien artean nabarmentzekoa da panelen instalazioa.  Magdalena kaleko Sempervirens lorategian eta Antso Jakitunaren kaleko pergolan ipiniko dira panelak bihartik aurrea, baina igandetik aurrera panel gehiago ere ipiniko dira leku hauetan, besteak beste: Lakua, Judimendi, Hegoalde eta Salburuko gizarte-etxeak, Arriagako okupazio-zentroa, Elorriaga, Armentia eta Berri Ona parrokiak, Dendaraba merkataritza-zentroa, Igurko Araba egoitza, Sita yoga-zentroa, Hermes Terapia Integral, Mendebaldea institutua, Asafes, Besarkada eta Ubikare sorospen-zerbitzua.

“Pentsamendu, desira eta oroitzapen horien bidez heriotza normalizatzera joko dugu, bizitzaren fase den aldetik, eta gaur egungo gizarteak esleitzen dion izaera ia-ia tabua erantsiko diogu.  Erritmo azkarrean bizi gara, lehiakortasunaren eta kontsumoaren kultura baten zurrunbiloan harrapatuta; halakoan, ahaztu egiten zaigu heriotza biziaren osagarri den ideia, eta heriotzarako bidea duintasunez jorratu behar dela, zaintzen bitartez, eta naturaltasunez”, nabarmendu du Elkarbizitzako zinegotziak.

Mireya Arregik, berriz, jaialdiak xede hirukoitza duela azaldu du: “herritarrei, oro har, heriotzaz hitz egitera animatzea eta heriotzaren prozesua zerbait natural gisa ulertzea, denoi iritsiko zaiguna; heriotzaren prozesuaren alderdi eta une desberdinak jorratzen dituzten kolektibo eta pertsonen bilgune izatea; eta Jaialdiaren astea urtean zehar elikatuko den proiektu etenik gabea bihurtzea, gure sare sozialen eta Youtubeko kanalaren bitartez hitzaldiak eta proiektu eta elkarteen aurkezpenak bitarte”.

“Dando vida a la muerte” jaialdia

 

 

 

Share

Hamargarren urteurrena ospatuko du Jabetze Feministarako Eskolak, berdintasunerako kolektibo, erakunde eta elkarteen eginkizun eraldatzailea nabarmenduz

 

Gaur irekiko da epea, 77 jarduera —online, lehen lauhilekoan— eskainiko dituen eskolaren 10. edizioan izena emateko

 

Estatuan urratsak eman zituen lehen eskola feministetako bat da Jabetze Feministarako Eskola, eta hamar urte beteko ditu aurten, programazio sendoarekin, “desberdintasunetan arreta jartzen jarraitzeko akuilu, bereziki azken garaiotan, baita zenbait foro publikotan ere, erdi ezkutuan zenbaitetan, bortizki beste batzuetan, emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen inguruan zalantzak erakutsi dituenik agertu den honetan. Hamar urte hauetan, Berdintasun Zerbitzuak ez du bakarrik egin bidea. Aldean izan ditu kolektibo feministek eta LGTBI-kolektiboak, emakume-elkarteak eta elkarte mistoek, eta hainbat gobernu-talde, zeinek proiektu horren iraunkortasuna bermatu baitute, ikuspegi feministatik”, azaldu dute Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotziak eta Mireia Espiau zerbitzuburuak, ikasturte berriko programazioaren aurkezpenean.

Hamar urte horietan, eskolak bilakaera handia izan du, 2011ko azaroan emakumeei zuzendutako ikastaro eta lantegietatik hasi —gizartean eragina izan zezaten— eta jardueren agenda oso bat edukitzeraino, zein ikuspegia zabaltzen joan baita errealitate gehiagotara. Duela bi urte #FeminismoMola eskola txikia ireki zen, eta hirian Emakumeen Etxea sortzen lagundu, aurrerapen nagusi gisa, besteak beste.

Gaur ireki du Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak izena emateko epea, irailetik maiatzera arteko programazioko 77 jardueretarako. Bi nobedade izango dira ikasturte honetan: feminismo dekolonialari buruzko Herri Handi hitzaldi-zikloa —mundu osoko ekintzaileek emango dituzte hitzaldiak—, eta feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizon eta Emakumeen Berdintasunaren Masterrarekin —berdintasun-agenteak— elkarlanean.

Planetako beste latitude batzuetan sortutako diskurtso eta praktikak ekarriko ditu Gasteizera hitzaldi-zikloak.  ‘Herri txiki, infernu handi’ esaeran oinarrituta dago izenburua. Hori egia izan litekeelakoan, batez ere emakumeentzat eta sexu- eta genero-disidentzientzat, askatasunak aldarrikatzeko orduan ‘herri handiaren’ elkartasuna martxan jartzeko gonbita egingo dute hainbat hizlarik.

Bestalde, “gure eskolan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko helburuarekin jarri da abian ikerketa-lehiaketa. Aurkezten dituenarentzat interesgarri diren gaien ingurukoak izango dira ikerketa-proiektuak, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu beharko dira, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin”, azaldu du zinegotziak. Eskolaren webgunean daude eskuragarri lehiaketaren oinarriak:  www.vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista

Lehen lauhilekoan, jarduerak online izango dira, Covid-19aren komunitate-transmisioari aurre egitea helburu.

Jabetze Feministarako Eskolaren programa, 2020-2021 (pdf)

Share