Prentsa Oharren banner

Bizikletaz ibiltzen diren poliziak berriro ere hiriko berdeguneak eta kaleak patruilatzen ari dira  

Bizikleta bidezko patruila-zerbitzuari atxikitako udaltzainek hiriko berdeguneak eta kaleak patruilatuko dituzte aste honetatik aurrera. Bizikleta berriekin, hasi dira parkeak, lorategiak, oinezkoentzako guneak, kirolguneak eta bidegorriak zaintzen. Irailaren amaierara arte, pedalei eragiten dieten bitartean, hiritarren eta bideko segurtasuna zainduko dute Udaltzaingoak agerian utzi duen mugigarritasun jasangarriaren aldeko konpromisotik abiatuta.

Bizikleta gainean ibiltzen diren udaltzainen eguneroko lana izango da gune publikoen erabilera egokiaren inguruan heztea, txirrindularien, oinezkoen eta motordun ibilgailuen gidarien arteko harremanetan errespetua bultzatzea eta bideko gainerako erabiltzaileen gidatze arduragabea prebenitzea.

Informazioa emateaz, aholkatzeaz eta kontrolatzeaz gain, udaltzainek zaintza-lan horietan hautematen dituzten arau-hausteak ere salatuko dituzte. Era berean, derrigorrezko elementurik ez duten edo txirrindularien eta gainerako gidari eta oinezkoen segurtasunean eragina izan dezaketen gabezia larriak dituzten bizikletetan esku hartuko dute.

Bestalde, Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoaren baitan udako hilabeteetan egingo dituzten bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen kanpainetan esku hartuko dute.

Berrehun esku-hartze

 2020an, bizikletaz ibiltzen diren poliziek 206 esku-hartze egin zituzten pandemiak murrizketa ugari ezarri zuen arren. Ugarienak zirkulazioko arau-hausteekin eta gorabeherekin (34) eta delituen prebentzioarekin eta pertsekuzioarekin (33) lotutakoak izan ziren. Jarraian, udal-ordenantzen arau-hausteekin (19) eta borroka eta liskarretako esku-hartzearekin lotutakoak (13) aipatu behar ditugu.

Share