Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 abendua 2018 12:25

1.574.000 euro bideratuko ditu Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Blas Otero kaleko adinekoentzako zerbitzuen kudeaketara, bi urtean. Kudeaketa hori Sirimiri enpresari esleitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur. Bera arduratuko da zerbitzuak emateaz Blas de Otero kaleko 14.eko zainpeko apartamentuetan, eguneko arreta-zerbitzuan eta jantokian.

30 apartamentutan banatutako 35 leku dituzte zainpeko apartamentuek. Etxebizitza autonomoak dira, pertsona bakarrentzat nahiz bikoteentzat, erabilera libreko zerbitzu kolektiboak dituztenak. 65 urte edo gehiagoko pertsonei ematen zaie ostatu bertan.

Egunez bertaratzen diren 40 erabiltzaileri eskaintzen die arreta eguneko zentroak, arreta integral eta askotarikoa —gizarte- eta osasun-laguntza, animazioa, jantokia, garraioa, higiene pertsonala, terapia okupazionala eta beste—.

Azkenik, 40 leku ditu jantokiak. 60 urtetik gorako pertsonei nutrizioaren ikuspegitik osoa den janaria eskaintzen saiatzen da zerbitzu hori, prestatzeko ezintasun fisiko nahiz psikikoa dutelako, familia laguntzarik ez dutelako edo zailtasun ekonomikoak dituztelako beren kabuz egiterik ez dutelarik. Era berean, adinekoen arteko integrazioa eta bizikidetza sustatzen da.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek azaldu duenez, “bertaratzen diren adinekoek bizi-kalitatearekin eta ongizate pertsonalarekin zerikusia duten arlo guztietan hobekuntzak lor ditzaten behar diren baldintzak lantzen ditugu, abiapuntutzat harturik haien duintasunari, eskubideei, interesei eta lehentasunei zor diegun begirunea, eta beren bizitzako erabakietan benetako partaidetza ahalbidetuz.

Zentzu horretan, zerbitzu guztiek —115 adinekori eskaintzen diete arreta—, pertsonarengan zentratutako arreta-eredu bat aplikatzen dute, “zeinek aukera ematen baitu erabiltzaileen autonomia garatzeko, burujabetasuna bultzatuz”, bukatu du López de Munainek.

Share