Prentsa Oharren banner

Osasun egoerak Gabonetako Haur Parkea bertan behera uztera behartu du

Gasteizko Udalak Gabonetako Haur Parkea bertan behera uztea erabaki du; abendu eta urtarrileko jaiegunetan antolatu ohi da, Hegoalde gizarte etxean. Osasun egoerak txarrera egin duelarik edukiera eta jarduerak mugatu izanak behartu du hiriko haurrek jolastu, ikasi eta ondo pasatzeko antolatzen den gunea bertan behera uztera.

“Gabonetako Haur Parkean, garrantzitsuena beti izan da Gasteizko umeek berdintasunean gozatu ahal izatea azken belaunaldiko jokoez, lantegiez, eskulanez eta dibertitzeko espazio ezberdinez, urteko egun berezienetako batzuetan. 2020an, zoritxarrez, aukeratu egin behar dugu, eta osasuna lehenetsi. Kutsatzeen eboluzioak, osasun-sistemaren gaineko gero eta presio handiagoak eta murrizketek horretara bultzatu gaituzte”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek.

Borja RFoErabilera konpartituko azalerek dakarten arriskuak eta segurtasun-tartea zaintzeko zailtasunek ere eragina izan dute erabakian.

Share

Esleitu dira Salburua eta Triana ingurua lotzen dituen zidorra berritzeko lanak, oinezkoek eta ziklistek erabiltzerik izan dezaten

Trenbidearen eta Oreitiasoloko industrialdearen artean doan bidea egokituko da

Oinezko eta ziklistentzako zidor berritu batek lotuko ditu Salburua auzoa eta Triana ingurua. Tokiko Gobernu Batzarrak trenbidearen eta Oreitiasoloko industrialdearen artean doan bidea egokitzeko lanak esleitu ditu gaur goizean. Excavaciones Basauri enpresa arduratuko da proiektuaz, 102.813,03 euroan, BEZa barne.

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak sustatzen duen “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programan herritarren bozketaren bidez hautatutako proiektuetako bat da hori. Ekimenaren bidez, udal aurrekontuaren zati bat zertan gastatu erabaki dezakete gasteiztarrek, hiria hobetzeko xedez. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua, eta sail hori arduratuko da gauzatzeaz.

“Egunero hiritik dabiltzan oinezko eta txirrindulariek dakite inork baino hobeto zein behar dituzten auzoek, eta zer hobetu daitekeen. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dugu partaidetza zuzenak funtzionatzea eta hau bezalako hobekuntza-proposamenak entzutea. Hain zuzen ere, Udalaren entzute aktiboaren emaitza da Salburua eta Triana ingurua elkartuko dituen zidor berria”, azaldu du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek.

“Esku-hartzearen bidez hainbat helburu lortuko ditugu: dagoeneko erabiltzen zen bide bat sendotzea; traba arkitektonikoak kentzea, irisgarritasuna bermatu eta hobetzeko, eta bide-segurtasuna hobetzea, Oreitiasoloko poligonoan zebra-bide berria jarrita. Gainera, auzokoekiko lankidetzatik zein sailen artekotik sortutako proiektua da, gure kudeatzeko moduaren eredu”, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo de Escuderok.

Zidor berriak 250 metro inguru izango ditu, hiru metroko zabalera, eta landareak bi aldeetara; zoladura berria jarri eta ingurua txukunduko da. Izan ere, gaur egun erabiltzen den bidexka egoera txarrean dago: zatika hartxintxarra eta zoladura mota ezberdinak ditu, putzuak sortzen dira… Zabalera nahikoa emateko, zintarriak kendu beharko dira zenbait lekutan.

Esku-hartzearen ondoren, bestetik, bide osoa maila berean utziko da, eta horretarako kendu egingo dira bidea oztopatzen duten eskailera batzuk. Horien ordez aldapatxo bat geratuko da, bizikletaz eta gurpil-aulkiz igarotzeko modukoa. Zidorra eta Jacinto Benavente kalea lotzen dituzten eskailerak ere hobetuko dira.

Orobat, Udalak argiak instalatuko ditu inguru osoan. Zehazki, 14 farola jarriko dira, azken belaunaldiko led bonbillez (27,5 W-ekoak) hornituak, eraginkortasun eta argitasun handiagoa baitute. Oreitiasoloko industrialdean, Jose Maria Iparragirre kalearen eta aipatutako bidearen arteko bidegurutzean, oinezkoentzako pasabide bat margotuko da, baita ‘30eko eremua’ seinalea ere.

 

 

 

Share

Gasteizko herritarren postontziak 1.052 galdera jaso ditu mugikorretarako aplikazioaren bidez, aurreko hiruhilekoan baino % 8 gehiago

 

  • Gasteiztarrek herritarren postontzia baliatu dute itxialdian eta deseskalatzean nola jokatu behar zuten argitzeko.
  • TUVISA eta kirol instalazioekin lotutako kontsultak hirukoiztu egin dira, eta Udaltzaingoarekin eta herritarrentzako arretarekin lotutakoak, bikoiztu.

Gasteizko Udalaren herritarren postontziak 6.105 gai erregistratu zituen 2020ko bigarren hiruhilekoan. 2019ko hiruhileko beraren aldean % 29,5 hazi da gaien kopurua. Jasotako iradokizun eta eskaeren % 95 inguru itxi dira, beraz, erantzun mailak oso handia izaten jarraitzen du.

Mugikorretarako aplikazioaren bidez 1.052 iruzkin iritsi dira, aurreko hiruhilekoan baino % 8 gehiago. 251 iruzkinetan argazkia erantsi da. Espazio publikoak, mugikortasunak, garraioak eta herritarren segurtasunak metatzen dituzte mugikorrez jasotako mezuen erdia baino gehiago.

Kexak edo erreklamazioak adieraztean gain, gasteiztarrek herritarren postontzia baliatu dute covid-19ak eragindako itxialdian nola jokatu behar zuten argitzeko. Hori dela eta, normalean gehiegi nabarmentzen ez diren gai-arloetan hazi egin da jasotako gaien kopurua: esate baterako, herritarrentzako arretarekin eta Udaltzaingoarekin lotutakoak bikoiztu egin dira hiruhileko horretan. Garbiketa publikoari eta hondakinen bilketari dagokienez, % 17,40 hazi da jasotako mezuen kopurua; TUVISAri buruzko kontsultak, berriz, nabarmen handitu dira, aurreko hiruhilekoaren aldean hirukoiztu egin baitira, baita kirol-instalazioekin loturiko mezuak ere.

Bide publikoko kalteekin, argiteria publikoarekin zein seinale eta balizekin lotutakoak, aitzitik, ia erdira jaitsi dira aurreko hiruhilekoaren aldean.

Udaleko sailek azkar erantzuten jarraitzen dute. Hamar egun baino gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa berriro hazi da, % 93 izatera iritsi baita, hau da, aurreko hiruhilekoan baino lau puntu gehiago, eta duela urtebete baino % 3 gehiago.

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Postontzian jasotzen diren datuen analisiak herritarren kezkak zuzenean ezagutzea ahalbidetzen digu, eta udalaren kanal desberdinen bitartez ematen den informazioa hobetu eta egokitzea. Ziurgabetasun orokorreko egoera honetan, gainera, gure herritarren postontzia erreferentziazkoa da iradokizun eta erreklamazioen tratamenduari dagokionez. Iruzkinak eta erantzunak publikoak dira, eta horrek gardentasuna sustatzen du, udal administrazioaren eraginkortasuna etengabe aztertzen baita.”

 

Share