Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 urtarrila 2020 10:22

Borja Lázaro Kolonbian desagertu zenetik sei urte igaro diren honetan, hura gogoratzeko deia egin die Gasteizko Udalak herritarrei. Maitasuna eta gertutasuna adierazi nahi izan dizkie alkateak Cabo de la Velan (La Guajira, Kolonbia) desagertutako gaztearen familiari eta lagunei, eta, aldi berean, bilaketa-lanei berriro ekin dakiela eskatu du.

Gasteiztarraren ingurukoek kontzertu bat antolatu dute, larunbat honetarako, The Tap tabernan —Manuel Iradier kalea, 7—, Borja Lázarok desagertuta jarraitzen duela gogorarazteko. 19:30ean hasiko da kontzertua, eta bertan arituko dira Alison Keable, Beitia eta Victor Gutiérrez (Similar Interests).

Aurreko urteetan egin izan den elkarretaratzea ordeztuko du kontzertuak, xede berarekin, zein baita Borja Lázaro gogoratzea eta Hego Amerikako herrialde horretan hura bilatzeko lanei berriro ekin dakiela galdatzea. Udalak elkartasuna, sostengua ea hurbiltasuna adierazi nahi dizkio gazte gasteiztarraren familiari.

Desagerpenaren urteurren honetan, hiriak Borja eta haren familiari eskaintzen dizkien sostengua eta elkartasuna berretsi ditu gaur alkateak. Borja Lázaro gasteiztarra 2014ko urtarrilaren 7tik 8ra bitarteko gauean desagertu zen. Geroztik, haren familiak eta lagunek ez dute aurkitzeko itxaropena galdu, eta, horregatik, etengabe mobilizatzen jarraitzen dute, ikerketekin jarraitu dadin, zer gertatu zen argitu eta Borja non dagoen jakin arte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 maiatza 2018 12:08


Gasteiz, Galdakao eta Arrigorriagako alkateek eta desagertutako gazte gasteiztarraren amak Desagertutako Pertsonei buruzko VI. Topaketa Teknikoaren jarduerak aurkeztu dituzte

 

Gasteizen eta Euskadiko hainbat lekutan egingo da Ageriko Arrazoirik gabe Desagertutako Pertsonei buruzko VI. Topaketa Teknikoa, maiatzean. Gasteiz, Galdakao eta Arrigorriagako alkateek —Gorka Urtaran, Ibon Uribe eta Asier Albizua, hurrenez hurren—, jardunaldien antolatzaile Marisol Ibarrolak eta Borja Lázaro gazte gasteiztarraren ama Ana Herrerok aurkeztu dituzte antolatutako jarduerak, itxaropenaren argia pizturik mantentzeko. Zaila da desagertzeak dakarren larridura eta ezintasuna irudikatzea. Gasteizen eta Euskadin badakigu zer den hori. Oso gertutik ukitu gaitu, Borja, Emilio eta Hodei bizilagunekin. Gure maitasun osoa haien familia eta lagunei”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Hain zuzen ere, desagertu aurretik Borja Lázarok egindako azken lanak jasotzen dituen erakusketa egingo da Gasteizen. Ahalegin handia egin behar izan da erakusketako argazkiak berreskuratzeko, jatorrizkoak, baita haren kamera eta ordenagailu pertsonala ere, desagertuta baitaude. Hori dela kausa, irudietako batzuek ur markak dituzte, edo desfokuratu samar daude; akats horiek ez dira Borjaren trebetasun faltari egoztekoak, baizik eta bereizmen gutxiko kopiak erabiltzeak dakartzan arazo teknikoei.

Borjaren azken erreportajeari buruzko erakusketarekin batera, Rafael Reina soziologo eta prentsa-argazkilariaren “Sociología visual de las desapariciones” lana jarriko da ikusgai. Proiektu bakana da hori, desagertutako pertsonen bila ari diren familien egoera eta Espainiako estatuan desagertutako pertsonen benetako egoera aztertzen dituena.

Aldi berean, azterlan soziologiko bat egin da, Espainian benetan zenbat desagertu dagoen zenbatzeko, orain arte ezin izan baitira eman gutxi gorabeherako zenbakiak baino —zeinak administrazioek gezurtatu egin baitituzte—: 14.000 desagertu eta identifikatu gabeko 3.000 gorpu.

Desagertuen bila ari diren familiei elkarrizketa sakonak egin zaizkie, eta jasotako datuei irudiak erantsi zaizkie. Desagertutako senide baten bila ari diren pertsonen egoera ezagutzeko eta horren berri emateko jaso da ikusizko informazio hori.

Maiatzaren 18tik 27ra arte ikusi ahalko da erakusketa, Montehermoso kulturunean. Maiatzaren 18ko 19:00etan inauguratuko da erakusketa; Borja Lázaroren lagun Igor García Beitia abeslari eta konpositoreak joko du.

Mahai-inguru batek emango dio amaiera ofiziala erakusketari, hilaren 25ean; Borja Lázaroren kasuaren  egoera eta familien eta polizia kidegoen arteko harremana izango dituzte hizpide. Marisol Ibarrola arituko da moderatzaile, eta  Borja Lázaroren ama Ana Herrerok zein Ertzaintzako Pertsonen kontrako Delituen Arloko buru Hugo Prietok hartuko dute parte.

Gorka Urtaran alkateak berriro adierazi du “Borjaren hiriaren, Gasteizen, laguntza eta elkartasuna”.

Borja Lázaro gasteiztarra 2014ko urtarrilaren 7tik 8ra arteko gauean desagertu zen, Cabo de Velan (Kolonbia). Igarotako lau urteetan, haren familiak ez du aurkitzeko itxaropena galdu, eta etengabe mobilizatu da ikertzen jarrai dezaten, zer gertatu zen argitu eta Borja non dagoen jakitearren. Familiak ekimen ugari sustatu ditu, kasuak tiradera batean buka ez dezan. Behin baino  gehiagotan, isiltasuna, axolagabekeria edo luzamenduak jaso dituzte erantzun gisa. Beste askotan, ordea, pertsona eta erakundeen sostengua ere izan dute.

 

 

 

 

 

Share