Prentsa Oharren banner

Udalak ia 6 milioi inbertituko ditu datozen hiru urteetan gizarte-etxeetako aisialdi eta denbora libreko jardueretan

Borja Rodríguezen ardurapean dagoen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposaturik, Aldabe, Landatxo, Iparralde, Judimendi, Arana, Hegoalde, Ariznabarra, Pilar, Arriaga, Lakua, Abetxuku, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetako aisialdi eta denbora libreko zerbitzuak kontratatua Ludoland SL enpresari esleitzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Kontratuak (6.060.903,41 eurokoa baita) baitan hartzen ditu ludoteken, ludokluben, kanpoko jolas-jardueren, eta Ibaiondo, Pilar, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetan elkartze-areto gisa dauden lau kafetegien funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak. Aisialdiko eskaintzan baliabideak optimizatzeko helburuak betetzen ditu proposamenak, eta jarduerak modu koordinatuan konektatu gizarte-etxeen sareko jarduera-ildoekin, Udalaren zeharkako planen eta plan estrategikoen nahiz garapen iraunkorreko helburuen arabera, aisialdiko eskaintza erronka horretan laguntzeko tresna bihurtzeko.

2021eko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra arte iraungo du kontratuak, eta gehienez beste bi urtez luzatu ahal izango da.

 

 

Share

Herritarren postontziaren aplikazio mugikorrak 1.052 iruzkin jaso ditu 2021eko lehen hiruhilekoan, iazko hiruhileko berean baino % 8 gehiago

% 5 igo da 10 egun edo gutxiagoan erantzundako gaien kopurua.

Aurtengo lehen hiruhilekoan 5.379 gai erregistratu dira Gasteizko Udalaren herritarren postontzian. Aurreko hiruhilekoaren aldean % 6 jaitsi da gai-kopurua.

Aplikazio mugikorraren bitartez 1.052 iruzkin jaso dira, aurreko hiruhilekoan baino % 10,3 gutxiago; hala ere, 2020ko hiruhileko berarekin alderatuta, % 8 igo dira. 384 iruzkinetan argazkiak erantsi dira, aurreko hirehilekoan baino % 6 gehiago. Ohi bezala, aplikazio mugikorraren bidez jasotako gaien erdia baino gehiago Espazioa Publikoa eta Mugikortasuna eta Garraioa kategorietakoak dira.

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Postontziaren, aplikazioaren edo 010 zenbakiaren bidez iristen diren gai-kopuruak erakutsi egiten du parte-hartzeko baliabide horiek garrantzitsuak direla gasteiztarrentzat. Bitarteko horri esker, eta gardentasuna oinarri, hiria hobetu dezakegu eta arazoak konpontzeko orduan eraginkorragoak izan gaitezke”.

Postontziko parte hartzea, gaika

Jasotako gai gehienak arlo gutxi batzuetan biltzen dira, eta, aurreko hiruhilekoaren aldean, arlo horien ordena ez da ia aldatu.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, kategoria hauetan iruzkin kopurua jaitsi egin da: kaleak garbitzea eta hondakinak biltzea % 26 gutxiago, argiteria publikoa % 17 gutxiago eta TUVISA % 27 gutxiago. Bide publikoetako lanei eta berdeguneei buruzko gaiek, aldiz, gora egin dute.

10 egun edo gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa hazi egin da, % 90 ingurukoa baita, hau da, 2020ko laugarren hiruhilekoan baino % 5 gehiago.

Share

Gasteizko haurrek udal aurrekontuko 200.000 euro zertan inbertitu erabaki ahalko dute, “Hobetuz txiki” programari eske

‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ programaren hirugarren edizioan 3 milioi euro bideratuko dira 2022ko eta 2023ko proiektuetara.

 

Gasteizek Vitoria-Gasteiz hobetuz programaren hirugarren edizioa aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan, herritarrek udal aurrekontuaren zati bat zertan gastatu erabakitzeko partaidetza-programa, hain zuzen ere. Oraingoan, 3 milioi euroko aurrekontua izango du, 2022an eta 2023an proiektuak garatzeko.

“Vitoria-Gasteiz Hobetuz partaidetza-programaren azken helburua hiria etengabe hobetzea da, eta, beraz, herritarren bizitza hobetzea, partaidetza-prozesu bati esker. Prozesua ahalbidetzeko hainbat baliabide, bitarteko eta bide jarri ditugu, eta sakon errotuta ditu mekanismo demokratiko zuzen, inklusibo eta integratzaileetan oinarritutako balioak” adierazi du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek.

Aurtengo berritasun nabarmenetakoa da hiriko haurrek parte hartu ahal izango dutela programan, eta udal aurrekontuko 200.000 euro zertan gastatu erabaki. “Aurreko edizioko hainbat proposamen, ostegunean aurkeztu genuen “Haurren Auzoa” proiektu esaterako, haurrek iradoki eta hiriko heldu eta kolektiboek aurkeztutako proposamenak izan ziren, eta horrek bultzatu gaitu ekimen berri hau abian jartzera” azpimarratu du Rodriguezek.

Aurten lehen aldiz, aurrekontu osoaren % 20 jarduera-programetara bideratuko da, eta gainerako % 80a inbertsioetara.

Epeak

Gaurtik ekainaren 28ra bitartean aurkeztu ahalko dira eskaintzak, udalaren webgunean (wwww.vitoria-gasteiz.org,) edo aurrez aurre herritarrei laguntzeko bulegoetan, aurretik hitzordua eskatuta.

Proiektuak balioesten direlarik, urriaren 4an argitaratuko dira udalaren webgunean, herritarrek azarotik aurrera gustukoenak aukeratzerik izan dezaten. Bozketak on line edo aurrez aurre egin ahalko dira, herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte-etxeetan zein San Antonio kaleko bulegoan), San Martineko bulego teknikoetan, eta, lehen aldiz, adinekoentzako zentro soziokulturaletan.

Hainbat haztapen-irizpide ezarri dira proiektuak bultzatzeko. Aurreko edizioetako lau irizpideei (belaunaldien arteko elkarbizitza, genero-berdintasuna, kultura-aniztasuna eta dibertsitate funtzionala) beste hiru gehitu zaizkie: egoera ahulean dauden kolektiboen gizarteratzea, iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa, eta eten digitalaren murrizketa.

“Beste berritasun bat da gehienez hiru proiektu egin ahalko direla auzo edo nekazaritza-eremu bakoitzeko, hartara hiriko auzoen arteko ekitatea bultzatzeko” azpimarratu du Rodriguezek.

Aurreko bi edizioetan aukeratutako 31 proiektuetatik 26 egin dira, eta gainerako bosten lehiaketa egin da. “Gure hiria etengabe hobetzeko bidearen hirugarren etapa da, izaera integratzailea, iraunkorra, ingurumen arlokoa eta belaunaldi eta kultur artekoa duten balioetatik abiatuta” adierazi du.

 

Informazio gehiago

 

Ver vídeo 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Gasteizek Malizhaeza kalea eraberrituko du, Armentia eta Lasarte lotzen dituen kalea, auzokoek hala eskatuta

 

Udalak onetsi egin du oinezkoentzako eremua handitzeko, argiztapena hobetzeko eta saneamendu-sarea berritzeko lanen lizitazioa.

 

Malizhaeza kaleko oinezkoen eta txirrindularien irisgarritasuna hobetzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du gaur udal gobernuak. Kalea Armentiaren eta A-3102 errepidearen (Lasarte ondoan) artean dago. “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-programaren baitako proiektu hau Herritarren Partaidetzaren Sailak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustatu dute. Datozen egunetan deituko den lehiaketa honetarako aurrekontu osoa 374.246 eurokoa da, BEZa barne, eta Udalak (220.811 euro) eta Amvisak (153.435 euro) ordainduko dute. Lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute, esleitzen direnetik.

Malizhaeza kalea eraberritzearen helburua bide hori berritzea da, ikastetxe bat eta mugikortasun murriztuko pertsonentzako egoitza bat gertu ditu eta. Era berean, herritarren paseorako eta aisialdirako ohiko ibilbideetako bat da, Armentiako parkean eta Lasarteko atearen inguruan, eta horregatik oinezko, korrikalari eta txirrindulari asko elkartzen da bertan. Egun eremua hondatuta dago, zuhaitzen sustraiek kaleko espaloi estua altxatu baitute, eta zenbait lekutan ez dago pasatzerik. Espaloiaren ondoan, bi noranzkoko bidegorria dago maila ezberdinetan (egoera txarrean) eta bi erraietako galtzada.

Kalea nabarmen aldatuko da eraberritu eta oinezkoentzako eremua handitzen denean. Espaloia zabaldu eta berritu egingo da, egungo bidegorria oinezkoentzat bakarrik izatera pasako delarik. Hori dela eta, bizikletak galtzadatik joan beharko dute eta trafiko-aldaketak egingo dira ibilgailu motordun gutxiago pasatzeko bertatik. Ildo horretan, Malizhaeza kaleko zirkulazioa itxi egingo da (larrialdietako ibilgailuentzat, nekazaritzako ibilgailuentzat eta bizikletentzat izan ezik) kalearen mendebaldeko muturrean (Armentiako administrazio-batzarreko bidearekiko bidegurutzean), eta Uleta eta Tarazona kaleak lotzen dituen bidearekiko bidegurutzean. Horretaz gain, hobetu egingo da argiteria, kalearen ipar aldera aldatuta, eta Amvisak saneamendu-sarea berrituko du.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodriguezek azaldu duenez, proiektu honek “oso hondatuta dagoen eta arrisku-egoerak ere eragiten dituen kale bat eraberritzeko balioko du, izan ere espaloiaren egoera txarra dela eta, oinezko batzuk bidegorria erabiltzen dute, eta horrek elkarbizitza arazoak eragiten ditu. Garrantzitsuena da herritarrek ikusi egiten dutela udalak bere eskariei erantzuten diela”. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azpimarratu duenez, Malizhaeza kalerako aurreikusitako esku hartze honek “herritarrek aspalditik egindako eskari bati erantzuten dio, eta “Mejorando Vitoria Gasteiz Hobetuz” programaren bidetik hautatu da.

Sailetik mugikortasun iraunkorra, segurua eta osasungarria bultzatzeko ahaleginak egiten jarraitzen dugu. Batetik, eraberritu, duindu eta hobetu egingo dugu oinezkoek eta inguru horretako ikastetxera doazen haurrek asko erabiltzen duten oinezko bidea. Baina horretaz gain, leku gehiago emango diogu bizikletari, eta ibilgailu motordunen kopurua jaitsiko dugu bide horretan”.

MALIZHAEZA dosierra

 

Share

Etxauri plaza jolastoki moderno, naturalizatu eta berritzaile bihurtuko da Erdi Aroko hirigunearen erdi-erdian

Haurren Auzoa proiektua “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren emaitza da eta hirigune historikoko bizilagunekin batera diseinatu da; 573.512 euroko aurrekontua izango du

 

Esku-hartzeak inklinatutako berdegune bat jartzea proposatzen du, ipuin kontalarientzako espazio txiki batekin eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi batekin

 

Eskalada gune bat, txirristak eta zabuak, egurrezko oreka-jolasak, ping-pong mahai bat eta saski bat, eta zuhaitzak eta arrosa-landareak izango ditu

  

Haurren Auzoa proiektuak guztiz eraldatuko du Etxauri plaza, Erdi Aroko hirigunearen bihotzean. Udalak jolastoki moderno, naturalizatu eta berritzaile bihurtuko du gunea. Proiektua, “Haurren Auzoa” izenarekin ezaguna eta “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren barruan sortua, auzokoekin batera diseinatu da. Bihar, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak lizitaziora aterako du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinaturiko lanak burutzeko kontratua. Lanek 573.512 euroko aurrekontua izango dute eta zortzi hilabeteko gauzatze-epea.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek adierazi duenez, “proiektu honek argi uzten du Udalak kontuan hartzen dituela herritarrek Hobetuz programaren bidez egiten dituzten iradokizunak”. Zinegotziak azpimarratu duenez, Erdi Aroko hiriguneak “topagune berri bat izango du Etxaurin eta egungo plaza ordezkatuko du, premiazkoa baitzen hura eraberritzea”.

“Proiektu honekin Erdi Aroko hirigunea osorik biziberritzeari ekingo diogu”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. “Etxauri plaza berdeagoa, atseginagoa eta modernoagoa izango da. Hirigune historikoaren bihotzean egoteko gune bat, familiekin batera diseinatua izan dena”.

Espazio berria diseinatzean, Udalak Erdi Aroko hirigunean bizi diren haurren eta bere familien proposamenak integratu nahi izan ditu. Horregatik, guneak jolas-eskaintza zabala izango du: alde batetik, gaur egun dagoen ping-pong mahaia mantenduko da, eta, bestetik, proposamen berritzaileagoak ere jarriko dira, hala nola, eskalada gune bat eta ipuin kontalarientzako espazio bat. Azken hori inklinatutako landare-hegal batean sortuko da, eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi ere izango da.

Egun, esku hartuko den eremua zaharkituta dago. Oinezkoen joan-etorria oztopatzen duten parterreak ditu, egoera txarrean dagoen saskibaloi-kantxa bat, bai eta berritu beharreko haurrentzako jolasgunea eta bankuak ere. Aisialdirako espazio horren ondoan eta metalezko itxitura baten bidez bereizita, Erdi Aroko hiriguneko aparkalekua dago.

Gunea eraldatzeko burutuko den proiektuak hiru jolas-eremu izango ditu:

Inklinatutako gunea. Gasteizko Mendietara begiratuko duen landare-hegal bat proiektatu da eta balkoi horrek itsasontzi-branka forma izango du. Proiektuak Europako lur-gotorlekuak hartzen ditu erreferentziatzat (Kopenhageko Kastellet, Errenteriako San Markos gotorlekua). Naturalizatutako zerrenda hori egoteko eta erlaxatzeko eremua izango da, bankuak izango ditu eta ipuin kontalarientzako gune gisa ere funtzionatuko du. Alboetan arrosa-landare ederrez inguratuta egongo da.

Egurrezko horma. Oraingo metalezko hesiaren ordez egurrezko horma bat jarriko da parkea eta aparkalekua bereizteko. Hesi horren inguruan hainbat jolas jarriko dira: eskalada sokekin, hormaren kontra jarritako txirristak, oreka enborren eta harrien gainean, egokitutako zabu bat,… Zoruak, gainera, gomaren ordez azalezkoak izango dira, jasangarriagoak izateko.

Erdiko gunea. Antzokiaren eta hormaren arteko eremua partzialki zolatutako espazio bat izango da eta zulaturiko lorategi bat izango du erdian, arrapalez inguraturik. Naturalizatutako eremu horretan zumezko habi bat eta enborrekin egindako espiralak jarriko dira, oreka-jolasak egiteko. Induskatutako espazio horretako hegal txikietan sokak jarriko dira gora eta behera ibiltzeko. Zolatutako eremuan ping-pong mahai bat eta saski bat jarriko dira, azken hori zuhaitz moduan antolatutako hiru uztairekin.

Altzariak. Aulkiak eta bankuak Gasteiz modelokoak izango dira.

Zuhaitzak. Hamar lizar handi landatuko dira, itzala eman eta eremua berda dezaten. Gainera, bankuak jarriko dira zuhaitz horien inguruan.

Tirolina Etxanoben. Proiektuak Etxanobetarren lorategian tirolina bat jartzea ere aurreikusten du. Izan ere, Ramón Bajoko haurrak horren alde azaldu ziren eta Udalak instalatzeko konpromisoa hartu zuen.

HAURREN AUZOA DOSSIERRA

Share

Gasteizek beste baratze komunitario bat onetsi du Borinbizkarran, Zabalgana auzoak eskatzen zuen bezala

Udal Gobernuak obrak lizitatu ditu: 240.000 euroko aurrekontua dute, eta lau hilabeteko gauzatze-epea

 

Ostiral honetan, EAJ-PSEren Udal Gobernuak onetsi du Borinbizkarreko baratze komunitarioak urbanizatzeko obrak kontratatzeko dosierra. Hura “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” herritarrek planteatu zituzten eta boto gehien jaso zituzten proiektuetako bat da. Lizitazioak 239.878 euroko gehieneko lizitatze-aurrekontua du (BEZa barne), eta lau hilabete iraungo dute obrek. Zabalganeko bigarren baratze hori, 7.800 metro koadroko partzela batean egingo da, Henry Morton Stanley eta Hans Christian Andersen kaleen eta Oto hiribidearen artean.

Baratzeak 61 partzela izango ditu, eta bi eremutan banatuko da. Eremu nagusian, baratze komunitarioak berak jarriko dira, partzelaren parterik erregularrenean egongo, etxebizitzekiko paralelo. Bigarren eremuan, fruta-arbolen baratzea egongo da, eta partzelaren gainerakoa hartuko du, hiruki-formakoa ia. Ekipamenduari dagokionez, eremu komunitario bat izango du erdialdean, eta horretan komunen eta biltegiaren esparrua egongo da, baita topaleku bat, zuhaitzekin, askaldegiekin eta pergola batekin.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek nabarmendu duenez, “proiektu honek frogatzen du berriz ere kontuan hartzen ditugula eta gauzatzen ditugula herritarrek Hobetuz programaren bidez egiten dituzten proposamenak. Zabalgana auzoak inplikazio handia du hiri-baratzeak sortzearekin; baratzeek komunitateari onura ekartzen diote, autokontsumoan eta biodibertsitatearen hobekuntzan eta antzeko printzipioetan oinarritzen baitira”. Hiri-baratzeak “natura hirian bertakotzeko garrantzizko elementu dira, baita autoekoizpen-estrategiak eta iraunkortasunaren inguruko sentsibilizazioa garatzen joateko ere. Herritarrekin batera diseinatutako azpiegitura berri horrekin, aprobetxatu nahi dugu zenbait helburu lantzen jarraitzeko, hala nola, osasunerako hezkuntza, elikadura osasungarria, bertako produktuak eta elikadura-burujabetza sustatzea”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

 

 

 

Share

Udal-gobernuak 180.000 euro emango ditu 26 auzo-kolektiborentzako dirulaguntzetan

1.588 eta 9.740 euro bitartean jasoko dituzte beren jarduerak egiteko

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak 180.000 eurorekin lagunduko ditu diruz Gasteizko 26 auzo-kolektibok 2021ean egingo dituzten jarduerak, egitarauak eta kudeaketa-gastuen zati bat; horretaz gain, haiek egiteko Udalaren lokalak jarriko ditu kolektiboen esku.

Horrela onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, zeinak ebatzi baitu hiriko auzoetan parte-hartzea, gizarteratzea, gizalegezko jokabideak eta kohesioa dinamizatzeko auzo-proiektuetarako dirulaguntzak emateko deialdia. Azken batean, “bertako auzotarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten proiektuak”, ziurtatu du Herritarren Parte-hartzearen zinegotzi Borja Rodríguezek.

Dirulaguntza-deialdiaren bidez, elkarte onuradunek 1.588 eta 9.740 euro bitarte jasoko dituzte, aurkeztutako proiektuen arabera; gaur egungo pandemia-egoeran, osasun-araudia eta osasun-agintariek adierazitako gomendioak bete beharko dituzte proiektuek.

Borja Rodriguezek azaldu duenez, “dirulaguntza hauekin herritarren parte-hartzea sustatu nahi dugu, gure auzoetako elkarte-sarea indartzen eta dinamizatzen duten proiektuei lagunduz. Garrantzitsua da partaidetza-kultura hori bultzatzea, beharrezkoak diren zenbait aldaketen eragilea baita, eta, gainera, herritarrak ahalduntzen laguntzen baitu”. 

ELKARTEAKEMANGO ZAIEN ZENBATEKOA
ADURTZAKOAK8.600 euro
ARANAKO9.565 euro
ARELEGI4.802 euro
BARRENKALE3.000 euro
BIZIGARRI ZARAMAGA7.987 euro
BURDINBIDE SALBURUA4.640 euro
CAUCE VECINAL1.588 euro
ERREKATXIKI1.600 euro
ERROTA ZAHARRA8.951 euro
ETXEGORRI6.146 euro
FAVA4.500 euro
GASTEIZ TXIKI8.513 euro
GAZTELUEN AUZOA7.500 euro
GURE AUZUNE8.601 euro
GURE BATAN8.162 euro
IBAILAKUA8.950 euro
IPARARRIAGA9.039 euro
JUDIMENDIKOAK9.302 euro
KALEARTEAN8.951 euro
LARKAIATE5.900 euro
SAN MARTIN6.000 euro
TXAGORRIBIDEA6.409 euro
URIBENOGALES9.565 euro
ZABALGANA BATUZ9.740 euro
ZAZPIGARREN ALABA9.477 euro
ZONA SUR OLARIZU2.511 euro
Guztira180.000 euro

San Martin auzo-elkartea

Halaber, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak 100.000 euro emango dizkio San Martin auzo-elkarteari, 2021ean auzoko bizilagunentzako jarduera soziokulturalen askotariko egitarau bat egin dezan.

San Martin Gizarte Etxeko zentro soziokulturalean gauzatuko da jarduera-eskaintza zabal hori; han, elkarteak urteak daramatza auzoko kolektibo guztientzako jarduerak abian jartzeko lanean. Zehazki, ekimen horiek helburu dute garapen pertsonaleko jarduerak bultzatzea, eta aisialdiaren erabilera positiboa sustatzea dentsitate handiz populatutako auzo horretako haurren zein gazte eta helduen kasuan.

Auzo-kolektibo horren jarduerak gizarte-etxeetako udal-jardueren eskaintza osatzen du.

Share

Udalak auzo elkarteentzako 2021eko dirulaguntzen deialdia onetsi du, eta 180.000 euro jarriko ditu horretarako

Elkarteek datorren urteko otsailaren 26ra arte aurkeztu ahalko dituzte proiektuak

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak 2021ean auzo-elkarteei dirulaguntzak emateko eta bestelako baliabideak uzteko deialdi publikoa onetsi du. Udalak 180.000 euro jarriko ditu auzoetan dinamizazioa eta gizarte-partaidetza sustatzeko helburua duten proiektuak aurkezten dituzten auzo elkarteei laguntzeko.

Dirulaguntzez gain, deialdiaren bidez udalaren jabetzako aretoak uzten zaizkie auzo elkarteei, beren programak eta jarduerak gara ditzaten. Talde horiek jardueren proiektua aurkeztu behar dute, eta dagokion aurrekontu-proposamena, zeinak ezarritako irizpideak kontuan hartuz balioetsiko baitira. 2021erako dirulaguntza-deialdia ALHAOn argitaratuko da laster, eta ondoren, elkarteek otsailaren 26ra arteko epea izango dute eskabideak aurkezteko.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek “auzo elkarteek egiten duten lanaren onura eta interes soziala” nabarmendu du, eta taldeak baliabideak eskatzera animatu ditu.

Share

Partaidetza zuzena, ikasgelatik: HEI Txiki Vital programak herritar gazteenengana hurbilduko du Udala

  • ‘Hitzordua…’ jardueraren bitartez, udal sailetako arduradunak eskoletara joatea eska dezakete ikastetxeek

Herritar gazteenei zuzendutako HEI Txiki Vital programako ‘Hitzordua…’ jarduerari ekin diote berriro Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak, aste honetan.

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuko arduradunak geletara agertzea ahalbidetzen da horren bitartez, eztabaida, hausnarketa eta partaidetza zuzena sustatzeko ikasleen artean. Adin guztietako ikasleei zuzenduta dago programa, lehen hezkuntzatik hasi eta batxilergora arte, DBH eta lanbide-heziketa barne.

Udal sailetako langileak eskoletara joan daitezela eskatu ahal diote irakasleek Udalari, eskoletan lantzen ari direnari buruzko hitzaldi pertsonalizatuak ematera. Udalaren webgunean eskura daitekeen formulario bat bete behar da horretarako, edo 010 telefonora deitu. Landu nahi den gaiaren deskribapena baino ez da behar, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak bertara joan eta haur edo gazteei azalpenak emango dizkien udal-arduraduna aukera dezan.

“Gazteek udal-politikaren funtzionamendura hurbiltzeko lanean ari gara Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuan, gure ustez funtsezkoa baita hiriko udal-zerbitzuak lehen eskutik ezagutzea eta erakundeei norberaren kezka eta proposamenak helarazteko gaitasuna eskuratzea”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguez zinegotziak.

“Vital Fundazioarentzat garrantzitsua da haurrak herritar guztiei eragiten dieten gaietan parte hartzeko moduan hezteko programak bultzatzea. HEI Txiki Vital programa osatzen duten jarduerak familiei eta haurrei zuzenduta daude, eta komunitatean bizitzeko dituzten trebetasun sozialak hobetu nahi dira horien bitartez, baita herritarrek parte hartzeko dituzten bide nagusiak ezagutarazi ere”, nabarmendu du Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak.

Dagoeneko jaso dira Gasteizko hainbat ikastetxe eta instituturen eskabideak, bai lehen eta bai bigarren hezkuntzako ikasgeletakoek eginak. Ostegun honetan bertan, Herritarren Partaidetzaren Saileko bi teknikari Sansomendi ikastetxera joan dira, lehen hezkuntzako 4. mailako ikasgela bateko ikasleekin hitz egitera. Udalaren betebeharraren eta dituen zerbitzu eta eskumenen inguruan jardun zen bertan. Bederatzi urteko haurren galderak gai hauen ingurukoak izan ziren: kirol-instalazioak, ikastetxea dagoen auzoko altzari publikoak eta beste.

Share

Esleitu dira udaletxeko estalkia berritzeko lanak

Tokiko Gobernu Batzarrak Esparza Obras y Proyectos SL enpresari esleitu dizkio udaletxeko teilatua eraberritzeko lanak, 282.479,15 euroan (BEZa barne), hau da, hasierako prezioa 88.000 euro baino zertxobait gehiago beheratu da.

“Estalkia oso hondatuta dago, eta horrek filtrazioak eta kondentsazio-hezetasuna sortzen ditu. Horregatik, teila guztiak berrituko ditugu, eta isolamendua instalatuko dugu, eraikinaren portaera termikoa hobetzeko eta kondentsazioak eragozteko“, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Bide batez, beste alderdi batzuk hobetuko dira, esaterako, segurtasun-neurriak ezarriko dira gerora mantentze-lanak egin behar direnerako.

Lanak gauzatzeko epea 190 egun naturalekoa da.

Udaletxea eraikin neoklasikoa da; Justo Antonio Olagibel arkitektoak diseinatu zuen, eta 1791ko abenduaren 24an inauguratu zen, egun hartan egin baitzuen Udalak lehen saio instalazio berrietan.

 Beste esku-hartze batzuk

Horretaz gain, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak udal eraikinak mantendu eta hobetzeko beste lan batzuk egitea aurreikusi du: Ibaiondoko gizarte etxeko estalkiak konpontzea, 79.609,68 euroko aurrekontua (BEZa barne) eta gauzatzeko 45 eguneko epea aurreikusita, eta estalkiak berritzea San Ignacio ikastetxe publikoko haurren eraikinean zein Gurutzmendi haur-eskolan, 80.426,34 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Orobat, aldagela bat egokituko da Oreitiasoloko lantegiko solairuartekoan, 163.714,04 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

 

 

Share