Prentsa Oharren banner

Hamargarren urteurrena ospatzeko programazio bereziari hasiera eman dio Ibaiondoko gizarte-etxeak

• Erakusketak, antzerkia, bakarrizketak, kirol erakustaldiak, lantegiak, ur-festa bat, ipuin-kontalariak, batukada eta beste jarduera ugari izango dira martxoaren 8ra bitartean

 

 

 

 

 

2010eko martxoaren 5ean ireki zituen ateak Ibaiondoko gizarte-etxeak. Sareko hamabigarren zentroa izan zen, eta bera da handiena, 14.000 m2 erabilgarri baino gehiagorekin. Hamar urteren buruan, bete da helburua, zein baitzen hiri osoko erabiltzaileak erakartzea, bertan dauden instalazio bereziei eta garraio publikoaren bitartez duen konexio onari esker. Hartara, 355.317 sarrera zenbatu ziren 2019an, hau da, batez beste 1.070 erabiltzaile egunean. 

Ibaiondo Gizarte Etxeko X. urteurrena

Urteurrena ospatu eta zentroaren historia labur baina biziari gorazarre egiteko —baita hori posible egin duten pertsona guztiei ere—, jarduera-programa berezi bat antolatu du Gasteizko Udalak. Gaurtik eta martxoaren 8ra bitartean, erakusketak, antzerkia, bakarrizketak, aerobic-maratoia, kirol erakustaldiak, lantegiak, ur-festa bat, ipuin-kontalariak, batukada bat eta beste jarduera ugari izango dira, herritar guztiei zuzenduta. 

“Erreferente bat da Gasteiz gertuko politika publikoak garatu eta ezartzeari dagokionean. Eta gizarte-etxeak, hala nola Ibaiondokoa, adibide argiak dira, herritarren zerbitzura jarritako gertuko ekipamenduen erakusgarri gorenak. Hiriaren ezaugarri dira, eta harro egon beharra daukagu gasteiztarrok, halako ekipamenduak edukitzeagatik”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek, programazio bereziaren aurkezpenean. 

Kirol-instalazio horien artean, nabarmentzekoak dira: bi padel-pista, zeini belar artifizialeko zorua jarri baitzaie berriki, bi gimnasio, kirol-kantxa, zeinek, 2000 m2rekin, aukera ematen baitu aldi berean hiru saskibaloi-partida jokatzeko, eta, batez ere, igerileku berezia, zeinek, 1.130 m2-rekin, ohiko igeriketa-zonaz gain, relax-eremu bat baitu, igerileku ludiko batekin. Joan den urtean guztira 154.192 erabilaldi izan zituen igerilekuak, esan nahi baitu herritarrek gehien erabiltzen duten igerilekuetako bat izaten jarraitzen duela. 

Kulturaren esparruan ere erreferente garrantzitsua izan da Ibaiondoko gizarte-etxea, auzoarentzat nahiz hiri osoarentzat. Félix Petite antzokian musika- eta antzerki-emanaldi ugari izan dira urte hauetan guztietan. Nabarmentzekoak dira, era berean, nagusientzako liburutegia, familientzako liburutegia eta ikasketa-gela, zein 120 pertsona inguruk erabiltzen baitute egunean. Halaber, hainbat areto eta zazpi lantegi ditu zentroak, eta kultur programazio ugaria burutzen da bertan —kultur ikastaroak eta jarduera artistikorako hastapen-ikastaroak—, eta orobat jartzen dira zonako kolektibo eta eragileen eskura, beren premien arabera.

Share

Antonella Broglia Gasteizera etorriko datorren ostegunean, otsailak 13

Gizarte ekintzailetzan aditu eta telebistako pertsonaia den horrek ‘Hitzetik ekintzara’ jardunaldian hartuko du parte, Herritartasunerako Eskola Irekiaren barruan

 

Herritartasunerako Eskola Irekiak herritarren partaidetzari buruzko jardunaldia antolatu du datorren ostegunean, otsailak 13, Goiuri jauregian, ‘Hitzetik ekintzara’ izenburupean. Gizarte ekintzailetzaren alorreko erreferente Antonella Brogliak hartuko du parte, beste aditu batzuekin batera.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azpimarratu duenez, “herritarren parte-hartzeaz ari garenean, gai komunen eta interes kolektiboen inguruan eztabaidatu, kolektiboki hausnartu eta akordioak lortzeaz ari gara. Hori oso beharrezko eta garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Herritarren partaidetzaren helburua errealitatean eragin eta jardutea izan beharko litzatekeelako, hura hobetu eta eraldatzea, gure komunitateak solidarioagoak, erantzunkideagoak eta bizitzeko espazio erakargarriagoak izan daitezen”.

Berrikuntzaren eta herritarren partaidetzaren bidez ideiatik ekintzara nola igaro erakusten diguten ereduak eta esperientziak azaltzeko balioko du jardunaldiak.

Antonella Brogliak hainbat pertsonaren benetako istorioak kontatuko dizkigu, berrikuntza eta ekarpen txikiak eginez egunero mundua hobetzen laguntzen baitute.

Mahai-ingurua ere antolatu da, non protagonistek hainbat esku-hartze komunitario azalduko baitituzte: ‘La escalera’ proiektua, auzokoen arteko harremanak sustatzeko asmoz Espainiako zenbait hiritan abian jarritakoa; ‘maldita.es’ proiektua, herritarrak nahasten dituzten gezurrezko albisteak salatzen dituena, eta pentsiodunen mobilizazioa, pentsioen gaia agenda politikoan ahantz ez dezaten sortua.

Arratsaldean, Roberto Gómez de la Iglesiak lantegia eskainiko du; ekonomista eta kultur kudeatzaile ezagunak ‘Conexiones improbables’ programa arrakastatsua gidatzen du. Kultura, ekonomia eta gizarte berrikuntza uztartuz nola egin daitekeen lan era sortzailean ikasiko dute parte-hartzaileek.

Jardunaldia doakoa eta irekia da. Udalaren webgunean eman daiteke izena, 010 telefonoan, edo gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Share

Herritarren Partaidetzaren Plan berria aurkeztu da

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok Herritarren Partaidetzaren Plan berria aurkeztu du gaur goizean; udal talde guztiek adostu dute plana, eta ostiralean onetsiko du Gobernu Batzarrak. Agintaldi honetarako bide-orria da, eta Gizarte Kontseiluak aurreko agintaldiaren bukaeran proposatutako 17 hobekuntza-eskaerak jaso dira bertan.

“Parte hartzea herritarren eskubidea da, eta administrazioaren betebeharra, eta Gasteizek oso gogoan du hori, alor horretan erreferentea baita gure udalerria”, adierazi du Rodríguez Ramajok.

Udal talde politiko guztiek —EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Elkarrekin— adostu duten dokumentuan —”Herritarren Partaidetzaren Udal Plana, 2020-23 bide-orria”— adierazten da partaidetza funtsezkoa dela politika publikoen kalitatea hobetzeko, pertsonak eta haien premia eta interesak erdigunean jarriz.

Dokumentu honek agerian jartzen du erabateko adostasuna dagoela herritarren partaidetza udal jardunaren barruan lehentasunezko lekuan jarri beharra dagoela adierazteko orduan“, nabarmendu du zinegotziak.

Besteak beste, hobekuntza hauek proposatzen ditu agiriak: partaidetza-organoek udal politikan duten eraginaren adierazleak lantzea, eta udal plan guztietan partaidetza-prozesuak egiteko obligazioa bermatzea.

Nabarmentzekoa da, halaber, herritarren partaidetza-organoei udalbatzaren osoko bilkuretan mozioak aurkezteko aukera emango zaiela.

Orobat, aurrekontu parte-hartzailearen ‘Gasteiz Hobetuz’ programan hobekuntzak egitea proposatzen da, eta horretarako araudi bat lantzea.

Bestalde, Herritartasunerako Eskola Irekia da Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak kudeatzen dituen programa nagusietako bat. Horren ekintzak sustatu nahi dira, gainerako udal zerbitzu eta eskolekin sinergiak sortuz. “Herritarren partaidetzak zeharkakotasuna behar du. Guztion zeregina da Gasteizko arazoekin konprometitutako herritargoa sortzea”, azaldu du Rodríguez Ramajok.

Aipatzeko alderdien artean daude, halaber, partaidetza-kanalen funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa hobetzea, eta udalaren partaidetza-organoetako parte hartzearen diagnostikoa egitea genero-ikuspegitik.

Azkenik, partaidetza-kanal eta -organoetan ordezkaritzarik txikiena duten biztanleria-kolektibo eta -sektoreen partaidetza areagotu nahi da.

Herritarren parte-hartzerako Udal Plana_

 

 

 

 

Share

Gasteiz turismo helmuga iraunkor gisa aurkeztuda FITURren, Biosphere zigiluaren eskutik

 

 

 

 

 

 

 

Arabako hiriburua IFEMAn egiten ari den Turismo Azokaren erakusleiho itzela aprobetxatzen ari da, nazioartean iraungarritasunaren alorreko ikono gisa duen ospea berresteko. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak Gasteizek Biosphere turismo-helmuga gisa dituen dohainak aurkeztu ditu gaur zigiluak azokan duen standean.

Gasteizek 2016tik dauka Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria. UNESCOk babesturik 1995ean egindako Turismo Iraunkorraren Mundu Konferentzian sortu zen estandar horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio Arabako hiriburuari nazioarteko turismoaren merkatuan, eta elementu bereizgarria da, gero eta kontzientziazio handiagoa duen bisitaria erakartzeko.

Aurkezpenean, Etxebarriak Gasteizek ingurumenarekin eta klima-aldaketaren kontrako borrokarekin duen konpromisoa azpimarratu ditu: “Iraungarritasunak arlo guztietan dituen inplikazioak ulertzen Espainiako lehen hirietakoa izan ginen, baita arlo turistikoan ere. Eta orain ez gara soilik hiri berde bat, baizik eta benetan iraungarria izan nahi duen eta norabide egokien urratsak ematen dituen hiria, turismoaren sektorea inplikatuz, eta besoak irekitzen dizkielarik bisitari kontziente eta izadiaren babesarekin kontzientziatuenei”.

Horrez gain, Gasteiz ‘Biosphere Destinations Community’ko kidea da, hots, klub batekoa zeinetako helmugen iraungarritasuna UNESCOk eta TMEk babestutako konferentzietan globalki adostutako irizpideen bidez bermatzen den. ‘Biosphere Destination’ helmugek Nazio Batuen Erakundeko Garapen Iraunkorreko 17 Helburuei eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioari egiten dieten ekarpenaren neurketa integrala egiten dute, Turismo Iraunkorraren Gutunean adierazitako zuzentarauen bidez.

Arabako hiriburuak Turismo-Helmuga Adimentsu gisa aurkeztu du bere burua

Horrez gain, Gasteizek txosten-diagnostiko bat egingo duela iragarri du gaur goizean, zenaren helburua hiria aztertzea eta Turismo-Helmuga Adimentsua zigilua lortzeko asmoz eman behar dituen urratsak zehaztea den. Gasteiz Basquetourren (Turismoaren Euskal Agentziaren) eta Segitturren (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren mendeko sozietatea da, Espainiako turismoaren alorrean berrikuntza (I+G+b) sustatzeaz arduraduna) eskutik arituko da lanean.

Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek Turismo-Helmuga Adimentsuen sarera atxikitzeak Gasteizentzako aukera dela azpimarratu du. “Gasteizek helmuga turistiko gisa duen erakargarritasuna sustatzeko asmoz, berrikuntzaren bidetik jarraitu behar dugu, abangoardiako azpiegitura teknologikoak finkatzen, herritarrentzat zein bisitarientzat erraz erabiltzekoa eta lagungarria izango direnak, bisitariaren inguruarekiko interakzioa eta integrazioa hobetuko duena, bai eta helmugan izango duen esperientziaren kalitatea ere, aldi berean bertan bizi direnen bizi-kalitatea ere hobetzen delarik”.

Iragarri berri da Gasteizen hautagaitza, baina sarera atxikitako beste hiri batzuen berrikuntza neurtzeko adierazleen artean ondoko hauek daude, besteak beste: turismo-bulegoetako edo gune turistikoki interesgarrietako wifi sareen konektibitatea, bisitarien eskariak eta tokiko enpresarien gogobetetasun-maila ezagutzeko inkestak egitea, helmugetako web-atarien funtzionamenduaren neurketa, sare sozialen interakzioaren kalitatea, baliabide turistikoen edo gune interesgarrien online geolokalizazioa, aplikazio mugikor propioak ezartzea, edo marketinaren eta online posizionamenduaren hobekuntza.

Share

Gasteizek Kaleidos fundazioaren lehendakaritza hartu du bere gain

 

 

 

 

 

 

 

 

Espainiako 10 udalek osatzen duten sareak jardunaldi batzuk antolatu ditu Arabako hiriburuan

Gasteiz da Kaleidos.red fundazioaren lehendakari berria; gobernantzaren, herritarren partaidetzaren, iraunkortasunaren eta ekonomia berrien arteko harremanak sustatzen ditu erakunde horrek. Espainiako 10 udalek osatzen duten sareak egin duen jardunaldian jaso du lekukoa, Getafeko Udalaren eskuetatik.

Gasteizko Zabalganeko gizarte etxean egingo dira jardunaldiak, urtarrilaren 20an eta 21ean. Gasteizen izenean Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok eta Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok hartuko dute parte. Getafeko Udalaren aldetik alkateorde eta Ogasun zein Adinekoen zinegotzi Herminio Vicok hartzen du parte.

“Toki administrazioak garapen iraunkorreko helburuei (GIH) nola erantzun diezaiekeen hausnartzea da jardunaldi honen helburua, gobernantza eta herritarrek parte hartu eta inplikatzeko modu berriak kontuan izanik”, azaldu du Borja Rodríguez Ramajok.

Alacant, Bilbo, Burgos, Getafe, Malaga, Sant Boi de Llobregat, Santiago de Compostela, Valentzia, Gasteiz eta Zaragozako udalek osatzen dute Kaleidos sarea.

Udal horietako ordezkariek beren hirietan garatutako erreferentziazko proiektuak azalduko dituzte. Herritarren eskaera zehatzei erantzuten dieten esperientzia arrakastatsu eta berritzaileak trukatzea da asmoa.

Herminio Vicok azaldu duenez, “GIHen eta COP25 gailurraren garaietan, eta gizarte konplexu eta aldakor batean, inoiz baino beharrezkoagoak dira herritarren partaidetza eta inplikazioa, hurbileko politika eta zerbitzuak, eta erantzunkidetasunean eta balio publikoan oinarritutako tokiko gobernantza bat”.

 Zenbait alorretako adituak

Kaleidos fundazioak jardunaldian landuko diren gaiekin lotutako hiru aditu gonbidatu ditu, arduradun politiko eta teknikoei beren tesiak azal diezazkieten.

Diego Isabel La Moneda, New Economy and Social Innovation Forum-en zuzendaria; gure hiri eta lurraldeetan harreman ekonomiko berrietaranzko trantsizioa nola gauzatu azalduko du.

Rafael Jiménez Asensio, Zuzenbidean doktorea eta tokiko gobernantza publikoan aditua; tokiko gobernuak erakunde gisa indartzea gainerako GIHak lortzeko azeleratzailea dela uste du, baita helburu horiek benetan betetzeko bitartekoa.

Daniel Gabarró, antolakuntza aldaketaren kudeatzailea, eta Jaume López, ekintza kolektiboaren eta lankidetzarako tresnen aztertzailea; udaletatik herritarrekin komunikatzeko gakoak proposatzen dituzte, erabaki politikoak hartzen lagungarriak izan daitezkeen kanal berriak sortuz.

Kaleidosi buruzko zenbait datu

Kaleidos.red erreferentziazko erakundea da gobernantzaren, herritarren partaidetzaren, iraunkortasunaren eta ekonomia berrien arloetan, 2000az geroztik ari baita gai horiek lantzen.

Egoera ezberdinetan dauden udalek elkartzeko eta fokua benetan interesatzen zaien horretan jartzeko ahalmena dutela erakusten du: herritarrek bizi-kalitate handiagoa edukitzea, zoriontsuak izatea, udalerriak bertan bizi diren guztien garapen pertsonal eta profesionalerako leku pribilegiatuak izatea.

Kaleidosen sintesia azaltzen duten bideoak 1

 

Kaleidosen sintesia azaltzen duten bideoak 2

 

 

 

 

 

 

 

Share

Udaletxeko estalkia berritzeko lehiaketa onetsi da

Tokiko Gobernu Batzarrak udaletxeko estalkia (Espainia plaza) berritzeko lanak kontratatzeko dosierra onetsi du, 370.931,51 euroan.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azaldu duenez, teilatua oso zaharra da, eta hondatuta dago; hori dela kausa, filtrazioak eta kondentsazio-hezetasuna sortzen dira eraikinean. “Teila guztiak aldatuko ditugu, eta isolamendua jarriko, eraikinaren portaera termikoa hobetu eta kondentsazioak eragozteko”, iragarri du.

Bide batez,  beste alderdi batzuk hobetuko dira. “Jarduera horren osagarri, instalazioak berritu eta segurtasun neurriak ezarriko ditugu gerora mantentze lanak egin ahal izateko”, erantsi du Rodríguez Ramajok.

Lana gauzatzeko epea 190 egun naturalekoa izango da, obraren zuinketa egiaztatzen denetik kontatuta.

Kontratazio organoak Euskadiko Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataforman iragarriko du kontratuaren lehiaketa.

Eraikin historikoa

Gasteizko udaletxea eraikin neoklasikoa da; 1791ko abenduaren 24an inauguratu zen, egun hartan egin baitzuen Udalak lehen saio instalazio berrietan.

Justo Antonio Olagibel arkitekto gasteiztarrak diseinatu zuen, garai hartako alkate Alamedako Markesak aginduta. Plaza berria, zabala eta dotorea eraiki nahi izan zuen agintariak, hiri berri baten abiapuntua izango zena.

Udaletxeko fatxada guztiz integratuta dago Gasteizko erdiguneko leku esanguratsu horrek osatzen duen multzoaaren barruan.

 

 

 

 

Share

Onetsi da Gasteizko auzo elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia

Gasteizko Udalak auzo elkarteentzako 2020ko dirulaguntzen deialdia onetsi du, auzoetan dinamizazio eta partaidetza sozialean laguntzen duten proiektuak ordaintzerik izan dezaten.

Elkarteek garatzen dituzten programa eta jarduerek sortutako gastuei aurre egiteko balioko dute laguntzek. Horretarako 180.000 euro erabiliko da.

Elkarteek jardueren proiektua aurkeztu beharko dute, dagokien aurrekontu-proposamenarekin batera.

Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak landu dituen berariazko oinarriek kontzeptu hauek barne hartzen dituzte:

  • Jarduera- eta zerbitzu-programa burutzeko laguntza ekonomikoak, bulego-gastuak barne.
  • Udal titulartasuneko lokalak erabiltzeko baimena.

Oinarriak ALHAOn argitaratzen direnean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta otsailaren 28an bukatuko.

Herritarren Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok auzo elkarteek egiten duten lan erabakigarria nabarmendu du: “Entitate horiek hiria dinamizatzen dute, eta herritarren partaidetza aktiboa sustatzen; hain zuzen  ere, hori da gasteiztarren lehentasunetako bat, joan den asteartean aurkeztutako barometro sozialak agerian utzi duenez. Txosten horren ondorioetan islatzen denez, herritarren ehuneko 34rentzat lehentasunezkoa da gardentasuna eta herritarren partaidetza sustatzea.”

Deialdiari buruzko Argibide gehiago, udalaren web-orrian: www.vitoria-gasteiz.org

 

 

 

Share

Bukatu dira San Ignazio ikastetxeko terrazak eraberritzeko lanak

 Bukatu dira San Ignazio ikastetxe publikoko terrazak eraberritzeko lanak. Hezkuntza eta Kultura Sailak eta Adurtzako eskolak berak eskatu zuten lanak egiteko, eta Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saila arduratu da gauzatzeaz.

Joan den uztailaren 5ean onetsi zituen lanak Gobernu Batzarrak, terrazak osorik eraberritu eta indarreko araudira egokitzeko, eguraldiaren eta denboraren poderioz oso hondatuta baitzeuden.

Borja Rodríguez Ramajo zinegotziak zuzendutako sailak 223.700 euro inbertitu ditu lanetan. Zehazki, terrazen zola aldatu da hegoaldeko fatxadan, baita iragazgaiztu ere, balkoietako aurrealdeak eta sabaiak berritu, eta luzetarako baranda aldatu fatxadako solairu guztietan. Hustubideak, gargolak eta saneamenduak ere aldatu dira.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotziak esan duenez, “udal eraikinen egoera hobetzea gobernu taldearen lehentasunetako bat da”; hori dela eta, “2020ko aurrekontuetan mantentzeko inbertsioak % 10 handitzea” proposatu da.

San Ignacio ikastetxean egindako obrari esker, indarreko araudira egokitu dira terrazak, bereziki babes-hesiei dagokienez, orain 1,10 metroko altuera baitute. Orobat, harlauza irristagaitzak jarri dira kanpoaldean, agindutakoari jarraituz. Terrazen estankotasuna bermatzen dute aldaketa horiek, arazorik gabe erabili ahal izateko.

Contratación y Ejecución de Obras SL enpresak egin ditu lanak, eta hiru hilabete baino gutxiago iraun dute.

 

 

 

 

 

 

Share

Herritarren postontziak 10 egun baino gutxiagoan ebazten du jasotako kontsulten % 92

Herritarren postontziak 4.298 kontsulta jaso izan ditu 2019ko bigarren hiruhilekoan. Kontsulta horien arteko % 99 ebatzi izan dira, % 92 hamar eguneko epe barruan.

Herritarren postontzia mugikorrentzako aplikazioan 650 iruzkin jaso izan dira. Horietatik 222k argazki erantsiak zituzten, hots, ia-ia aurreko hiruhilekoaren hirukoitza.

 

Gaiak

Herritarren postontzian egindako kontsulta-kopuruaren arabera, hauek dira herritarren interesa gehien piztu dituzten gaiak: garbiketa eta hondakinen bilketa (843 kontsulta), berdeguneak (627), kalteak bide publikoan (479) eta hiri-altzariak (347).

Horrez gain, beste gai hauei buruzko kontsultak ere jaso dira: herritarrenganako arreta (286), argiteria publikoa (201), hiri-autobusak (166), osasungarritasuna eta higienea (156) eta seinaleak eta balizak (141)

Azpimarratzekoa da hiri-altzariei buruzko kontsulten hazkuntza (aurreko hiruhilekoan baino % 46,1 gehiago), baita berdeguneei buruz (% 23,1 gehiago) eta osasungarritasuna eta higienea (% 21 gehiago).

Aldiz, eta 2019ko lehen hiruhilekoarekin konparatuta, jaitsiera nabarmenenak argiteria publikoaren alorrean (% 60 gutxiago), seinaleak eta balizak (% 45 gutxiago), herritarrenganako arreta (% 23 gutxiago) eta hiri-autobusenean (% 15,6 gutxiago) getatu dira.

10 egun baino gutxiago erantzundako kontsulten portzentaia % 3 igo da, eta, horrenbestez, % 92koa da.

 

Hamar urte herritarren zerbitzuan

Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azpimarratu duenez, “herritarren postontzia 2009an jaio zen, Udalaren eta gasteiztarren arteko komunikazio-kanal gisa. Hamar urte geroago, nahitaezko tresna bihurtu da herritarren partaidetzaren alorrean”.

2019an zerbitzua udal gobernuaren ardatz estrategikoetakoa den Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailean txertatu da.

“Herritarren postontziaren erronka nagusienen artean populazioaren zenbait sektoretan ezagutaraztea da, esaterako gazteen artean; horrenbestez, zerbitzuaren promozioa jorratuko dugu”, iragarri du Rodríguez Ramajok.

Share

Udalak 30 milioi euro inbertituko ditu udal eraikinetako klimatizazio-instalazioak eta ur beroaren instalazioak mantendu eta hobetzen, iraunkortasunaren aldeko apustu argia eginez

Tokiko Gobernu Batzarrak Giroa SA enpresari esleitu dio udal eraikinak erregai bidezko energiaz hornitzeko eta klimatizazio instalazioak (berokuntza, aire girotua eta aireztapena) eta ur bero sanitarioko instalazioak osorik eta berme osoz mantentzeko kudeaketa iraunkorrerako kontratua, 30.138.293,83 euroan. Kontratua gauzatzeko epea 5 urtekoa da.

Duela bi hamarkada ia ezarri zuen Udalak energia-kudeaketarako eredua berak kudeatzen dituen eraikin eta aretoetako klimatizazio-instalazioetan (berokuntza, klimatizazioa eta aireztapena) eta ur beroaren instalazioetan. Geroztik, instalazioak modernizatzen joan dira, eta energia-kostuak zein CO2ren emisioak murrizten, hau da, instalazioak iraunkorragoak bihurtu dira.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak eraikinetako energia-baldintzak hobetzeko zenbait jarduera aurreikusi ditu agintaldi honetarako, araudiak ezarritakoaren ildotik. Saileko zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azpimarratu duenez, “kontratu berri honek Gasteizek ingurumenarekin hartutako konpromisoa sendotzen du, energia berriztagarrien ezarpena sustatzen baitu”.

Kontratuak helburu hauek ditu: kontsumoa eta CO2ren isurketak murriztea; energiaren erabilera arrazionalizatzea; hiri osoaren garapen iraunkorrari laguntzea, klima-aldaketaren kontrako borrokarako estrategia baita; instalazioak errendimendu optimoan mantentzea, behar diren doikuntzak eginez eta ekipoak berrituz; Udalaren instalazioen ondarea hobetzea, eta udal instalazioen erabiltzaile eta langileen erosotasuna bermatzea kontratuaren barruan sartzen diren eraikinetan.

Azpiegituren energia-ezaugarriak hobetzeko guztira 6.847.040,71 euroko inbertsioa aurreikusi da, batetik baldintza-agiriak agintzen dituen inbertsioak eta bestetik enpresak bere aldetik eskainitakoak kontuan hartuta.

Nahitaezko inbertsioen barruan zenbait neurri sartzen dira, hala nola gasa detektatu eta eteteko sistemak, gasolio-sistemen ordez biomasa-zentralak jartzea, tenperaturari eta hezetasun-kontrolari buruzko informazio-panelak, etab.

Enpresak eskainitako inbertsioak, berriz, hiru 3 multzotan banatzen dira. Batetik, energia-eraginkortasunarekin lotutako inbertsioak: 5 biomasa-zentral ezartzea, 13 eraikinetako fatxadak isolatzea, 5 galdararen ordez efizientzia handiko kondentsazio-galdarak jartzea, balbula termostatikoak gehitzea, etab.

Bestetik, zerbitzua hobetzeko inbertsioak daude: zentroetako tenperaturaren kontrola hobetzea, CO2 zundak jartzea… Azkenik, instalazioak hobetzeko inbertsioak proposatu dira: gas-kontagailuen teleneurketa, telekudeaketa eta kontrol-sistemak, etab.

 

Share