Prentsa Oharren banner

Federico Mayor Zaragozak inauguratuko du Herritartasunerako Eskolaren laugarren edizioa, urriaren 10ean

Lau urtetan, herritarren partaidetza eta ahalduntzerako programa 13 jarduera izatetik 60 baino gehiago izatera iritsi da

Liburuxka HEI_2019-20_1ºTRIM_V6

Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguezek Herritartasunerako Eskola Irekiaren laugarren edizioa aurkeztu du gaur prentsaren aurrean. Urriaren 10ean hasiko dira Eskolaren jarduerak, Europa jauregian, UNESCOren zuzendari nagusi ohi eta “Cultura de Paz” fundazioaren presidente Federico Mayor Zaragozaren hitzaldiarekin. ‘Ahora, sí, nosotros los pueblos’ da hitzaldiaren izenburua.

Programaren helburua da herritarrei irekitako topaketarako eta prestakuntzarako espazioa sortzea, parte hartzeko kultura hobetzen laguntzeko, demokrazia sendotzeko eta komunitateko erantzunkidetasuna sustatzeko. Informazio, prestakuntza eta eztabaida saioak egingo dira taldeek eta herritarrek planteatutako gaien inguruan. Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartearen aitorpena jaso du programak, eta erreferentziazko bihurtu da beste hiri askorentzat.

Rodríguez Ramajok azaldu duenez, “duela lau urte jarri zen abian programa, aurreko agintaldian Herritarren Partaidetzaren Udal Planaren barruan. Lehen edizioan 14 jarduera zituen programak; 2018an, berriz, 60 baino gehiago izatera iritsi ziren. Eta ikasturte honetan gainditu egin da kopuru hori”.

Asistentziari dagokionez, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotziak azpimarratu du “aurreko ikasturtean 1.895 pertsonak parte hartu” zutela “antolatutako 60 jardueratan baino gehiagotan. Aurreko ikasturtearen aldean, % 60 gehiago izan zen. Horretaz gain, ikasturtean zehar 300 jarraitzaile izan zituen zuzenean, online”.

Edizio honetan ere zabaldu egin da programazioa, eta hiru hilean behin aurkeztuko da, gaurkotasunari eta herritarren eskaerei hobeto egokitzearren.

 

Jarduera nabarmengarrienak

Urritik abendura bitartean, 25 jardueratik gora barne hartzen ditu programak. Inaugurazioaz gain, hauek nabarmendu daitezke:

  • Azaroaren 12an, demokraziari eta herritartasunari buruzko hitzaldia emango du partaidetza eta gobernantzaren alorreko aditu Fernando Pindadok.
  • Gizarte trebetasunei buruzko lantegiak ere eskainiko dira. Azaroaren 7an, “umorea eta emozioak” lantzeko tailerra egingo da, Virginia Imazekin; abenduaren 3an eta 4an, “eztabaidatzen ikasteko” lantegia izango da, elkargune eta auzoguneetan eta Gizarte Kontseiluan parte hartzen duten pertsonentzat bereziki.
  •  Elkarteei zuzendutako hiru  prestakuntza-ibilbide ere antolatu dira, zenbait saiotan banatuta:  elkarteen kudeaketarekin lotutako alderdiak lantzeko (urrian eta azaroan), gizarte proiektuetan kulturarteko ikuspegia sartzeko (abenduan), eta garapen iraunkorreko helburuak lantzeko (azaroan eta abenduan).
  • Bestetik, informazio-hitzaldiak ere egingo dira, herritarrei zenbait udal gai modu ulergarri eta entretenigarrian hurbilarazteko, esaterako hauek: ¿Qué impuestos pagamos en Vitoria-Gasteiz? edo ¿En qué gasta Vitoria-Gasteiz el presupuesto municipal?
  •  Berritasun gisa, urriaren 17an zine-foruma egingo da: ‘Fátima’ film saritua eskainiko da, bizikidetza eta aniztasuna hizpide dituena; azaroaren 20an, berriz, Aragoiko Gobernuaren Berrikuntza Demokratikaren Laborategia ezagutzeko saioa egingo da, eta ‘fakenews’ direlakoei buruzko kafe-solasaldia. Hori dena ‘HEI LAB’ izeneko atalean eskainiko da.

Zinegotziarekin batera, Vital Fundazioko zuzendari Axier Urresti izan da prentsaurrekoan. Fundazioak “HEI Txiki Vital” antolatzen laguntzen du, haurrei eta familiei zuzendutako atala, zeinaren helburu orokorra baita komunitatean bizitzeko eta lankidetzan aritzeko behar diren gizarte trebetasunak hobetzea. Hiru lantegi egingo dira, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat.

Rodríguez Ramajok Saregune eta Secot elkarteen laguntza eskertu du, Vital Fundazioarekin batera parte hartzen baitute programan.

Herritartasunerako Eskola Irekiko jarduera guztiak doakoak dira. Hitzaldietara joateko, gonbidapenak eskuratu behar dira aurretiaz gizarte-etxeetan. Lantegi, ikastaro eta bisitetan parte hartzeko, izena eman beharko da, udalaren web orrian, 010 telefonoan, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, urriaren 1etik (asteartea) aurrera.

Izen-emate hurrenkerari jarraituko zaio lekuak betetzeko. Hitzaldietarako haurtzaindegi-zerbitzua eskatzerik izango da, 5 egun lehenagoko aurrerapenarekin, heieskola@vitoria-gasteiz.orghelbide elektronikoan edo 945 16 16 97 telefono-zenbakian.

Prentsaurrekoan Herritartasunerako Eskolaren 2018-2019ko edizioaren bideo-laburpena proiektatu da. Bideoaren esteka: https://www.youtube.com/watch?v=b2V3RfYddRE

Share

Administrazio hurbila, herritarren bizi-kalitatea hobetzen duena eta zerbitzuak eskuratzea errazten duena

Udal Administrazioari eta Eraldaketa Digitalari buruzko agerraldian iragarri denez, Udal Eraikinak Mantentzeko Plan Gidaria landuko da, horiek onik zaintzea planifikatzearren, hartzen dituzten zerbitzuak bermatze aldera

Herritarrengandik hurbil dagoen administrazioaren alde egiten dugu, haien bizi-kalitatea hobetzen duena, zerbitzu publikoen eskuragarritasuna errazten eta belaunaldi berrien zein gainerako herritarren beharrei erantzuten diena“, adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok, egin duen agerraldian.

Hark iragarritako berritasun nagusia lantzekoa den Udal Eraikin eta Instalazioak Mantentzeko Plan Gidaria da, udalaren eraikin publikoen multzo handiak dituen beharrei “era planifikatuan eta atzerapenik gabe heltzearren“. Rodríguez Ramajok azaldu duenez, zaharrak direlako edo hondatuta daudelako behar handiena duten eraikinak lehenetsiko dira, eta ondoren, oinarrizko zerbitzuak edo gertukoak eskaintzen dituztenak, energia-eraginkortasunaren eta iraunkortasunaren aldetik hobetu beharrekoak eta araudietara egokitzea eskatzen dutenak. Horrenbestez, “haur eskolak eta ikastetxeak, gizarte etxeak, kirol instalazioak eta kultur ekipamenduak lehenetsiko  dira, besteak beste“, adierazi du udal arduradunak.

Mantentzearekin lotutako gainerako proposamenei dagokionez, zinegotziak iragarri du zerbitzua “Foru Aldundiaren erosketa-zentralari atxikiko zaiola kostuak aurreztea ahalbidetzen duten kontratu eta hornikuntzetan“. Era berean, munta gutxiagoko jarduerei helduko zaie, “instalazio eraginkorrago eta iraunkorragoak izatearren“.

Eraldaketa digitala

Bestetik, Rodríguez Ramajok “XXI. mendeko erronkei aurre egin nahi dien administrazioaren” alde egin du, “eraldaketa digitalari helduz, teknologiaren potentziala baliatuz eta gaitasun digitalak gure prozesu eta zerbitzuei aplikatuz, horien eraginkortasuna eta balioa hobetzearren gure herritarrentzat“.

Administrazioarekin arinago erlazionatu ahal izateko zenbait neurri iragarri ditu, esaterako:

  • Beste administrazioekiko elkarreragingarritasuna, herritarrek beste administrazio batzuen esku dauden dokumentazioa eta datuak aurkeztu beharrik izan ez dezaten.
  • NAN/AIZren balidazioa abian jartzea, udal tramiteetan NANaren edo beste identifikazio agirien fotokopiak aurkeztu beharrik ez izateko.
  • Herritarren sinadura biometrikoa udal tramiteetan integratzeko irtenbideak aztertzea.
  • Herritarrentzako laguntzarekin eta gardentasun-atarian datuak argitaratzearekin lotutako zereginak automatizatzea.

Web-orria aldatzea, eskuragarritasuna errazteko, mugikorra erabiltzea lehenetsiz.

Orobat, lagunduriko autozerbitzu guneak ezartzea aztertzen ari dela azaldu du zinegotziak, izapide errazak egiteko: errolda agiriak lortzea, txartelaz ordaintzea, isunen kasuan gidaria identifikatzea, etab.

Azkenik, dagoeneko aurreratu zen neurri bat aipatu du, berrikuntza handia ekarriko baitu: HUTaren mugikorrerako aplikazioa garatuko da, eramangarria izan dadin.

Azken batean, eta laburbilduz, instalazio eraginkorrago eta iraunkorragoak edukitzeko jarduerak izango dira, herritarrei administrazioarekin errazago erlazionatzea ahalbidetzeko eta haien bizi-kalitatea nabarmen hobetzen laguntzeko”, bukatu du Rodríguez Ramajok.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Partaidetza Zerbitzuak abian jarri du elkarteentzako udal lokalak erabiltzeko deialdia

Partaidetza Zerbitzuak proposaturik —Borja Rodríguez zinegotzia da haren buru—, Tokiko Gobernu Batzarrak deialdi publikoa eta oinarriak onetsi ditu Simone de Beauvoir, Rogelia de Álvaro eta Itziar elkarteen etxeetako udal aretoak egoitza gisa erabiltzen uzteko baimena emateko eta armairutxoak esleitzeko.

Gasteizko Udalak Simone de Beauvoir elkarteen etxean, Rogelia de Álvaro elkarteen etxean eta Itziar elkarteen etxean dituen lokalak jabari publikoko ondasunak dira. Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuaren bitartez, eta deialdi publikoa eginez, lokal eta ekipamendu horiek irabazte-xederik ez duten eta helburutzat gizarte, kultura eta hezkuntza sustapena duten entitateen esku jartzen ditu, udalerriaren interes orokorreko programa eta jarduerak gara ditzaten, erabiltzeko baimenaren figura juridikoa baliatuz.

Herritarren parte hartzea, banaka edo taldeen bitartez, funtsezkoa da gizarte demokratikoagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko prozesuan, eta ezinbestekoa gizartearen aurrerabiderako“, adierazi du Rodríguezek.

Baimenak bi urteko iraupena izango du, eta beste bi urtez luzatu ahalko da.

Share

Hogar San José ikastetxeko “Uzta – La Cosecha” murala inauguratu da

Partaidetza eta Gardentasuneko zinegotzi Borja Rodriguez, eta udaleko beste zenbait zinegotzi, fatxadetan muralez osatutako paisaia-proiektuaren barruko mural berriaren inaugurazioan izan dira. Sail hori da proiektuaren kudeatzailea eta, arduradunak, berriz, Verónica Werckmeister, Alexei Lacalle eta auzoko bizilagunak, zeintzuk diseinatzen eta gauzatzen parte hartu duten, proiektuan jaso bezala.

Hogar San José ikastetxeko fatxadan egin da. Ariznabarra auzoan egiten den bigarren murala da, iaz inauguratu baitzen Werckmeisterrek eta Matias Matak Ariznabarra kaleko 25ean egindako beste bat.

 

Share

Adurtzako futbol-zelaiko belarra aldatzeko lanak esleitu dira

Lanak uztailaren bukaeran edo abuztuaren hasieran hasiko dira, eta 379.532 euro balioko dute.

 

 

 

 

Borja Rodríguezek gidatzen duen Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak proposaturik, Adurtzako futbol-zelaiko belar-artifiziala aldatzeko lanak esleitu ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, hartara, futbol taldeekiko konpromisoetako bat betez.

Oraingo belar artifizialeko geruza aldatzea da helburua, izan ere oso hondatuta dagoenez, bertan ezin da behar bezala aritu futbolean.

Udal instalazioetako belar artifizialeko geruzarik zaharrena da, 1998koa, eta bizitza baliagarria bukatu zaiola uste da.

Egungo jolas-eremuak 97 metroko luzera eta 47 metroko zabalera du (bandak kontatu gabe). Obra honekin gutxitu egin nahi da tapizaren egungo area, esku-hartzea handiagoa izan dadin;  esaterako, aurreko bi aldeetako espaloia eta frontoira ematen duen aldekoa handitzeko.

Horretaz gain, espaloiaren iparraldeko zintarria ere aldatuko da, zelaiaren inguruan hormigoi inprimatuko espaloi berriak jartzeko. Ipar-ekialdean arrapalatxo bat jarriko da, mugikortasun urriko pertsonak eta mantentzeaz arduratzen diren ibilgailuak pasatzeko.

 

Horretaz gain, esku hartze hauek ere egingo dira, besteak beste: zelaiaren inguruan ikusleentzako baranda jarri, aldapak erregularizatu urak drainatzeko eta ureztatze-sistema eta mendebaldeko zonako baloiak gelditzeko egitura eta sarea aldatu.

 

 

 

Share

San Ignazio ikastetxeko terrazak konpontzeko lanak esleitu dira, eta Udalak ia 250.000 euro jarriko ditu horretarako

2019-2020 ikasturterako berrituko dituzte San Ignazio ikastetxeko terrazak. Gaurko bilkuran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak eraberritzeko obren esleipena, zeinetara 244.054 euro bideratuko baititu Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak.

Terrazak oso hondatuta daude, batez ere neguko eguraldiaren eraginez. Besteak beste, zoladura berriak jarriko dira, balkoietako sabaiak konponduko eta hustubide berriak egokituko.

Contratación y Ejecución de Obras, SL enpresa arduratuko da lanak egiteaz, 70 eguneko epean.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak hogei obra egingo ditu udan hiriko ikastetxeak egokitzeko, eta aipatutakoa da garestiena. Horretaz gain, ia 15.000 euro erabiliko dira Angel Ganivet ikastetxeko pilotalekuan usoen kontrako sistema instalatzeko, eta 42.062 euro Paulo Freire Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroko komunak eraberritzeko, Abetxukun.

“Eskoletan jarduerarik ez dagoen garaia baliatzen dugu mantentze lanei ekiteko. Margotze lanak izan ohi dira, edo jolastokiak konpontzeko edo argiztapena aldatu eta led luminariak jartzeko lanak, gure helburuetako bat, zentroetako zerbitzuak hobetzeaz gain, instalazioak iraunkorrago bihurtzea baita”, azaldu du Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek.

Share

Mantentze Zerbitzuak 114.000 euro inbertituko ditu Olaranbeko hesiak aldatzeko

Horretaz gain, 766.600 euro erabiliko dira Ariznabarrean, Lakua-Arriagan eta Adurtzan belar artifizialeko geruza jartzeko

Borja Rodríguez zinegotziak gidatzen duen Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak proposaturik, Olaranbeko  futbol-zelaiaren inguruko hesiak aldatzeko kontratazio-dosierra onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, 113.968,63 euroan.

Olaranbeko 1. futbol-zelaiko hesia hormigoizkoa da eta, denboraren eraginez, nahiko hondatuta dago. Horrexegatik proposatu da aldatzea.

Oraingo hormigoizko hesia kendu eta altzairu galvanizatuzko itxiera jarriko da perimetroan, gaur eguneko kirol-instalazioetan egin ohi den bezala. Oinezkoentzako hiru sarbide ere egokituko dira zelaian, eta makinentzako sarbidea, hesien antzeko ateak jarriz. Orobat, publizitate-euskarri bat erantsiko zaio itxierari, eta baloiak harrapatzeko sarea, sei metro garai izango dena, baloiak ibaira eror ez daitezen.

Futbol-zelaiak

Aipatutako sailak Ariznabarreko, Lakua-Arriagako eta Adurtzako zelaietan belar artifizialeko geruzak aldatzeko izapideak egiten jarraitzen du, gobernuak futbol taldeei hitzemandakoa betetzearren.

Ariznabarreko futbol-zelaiari dagokionez, astelehenean bertan, hilak 8, sinatuko da kontratua Mondo Ibérica SA adjudikaziodunarekin, 152.995,23 euroan, eta lanak berehala hasiko dira.

Lakua-Arriagako belar geruza aldatzeko lanak, berriz, ekainaren 28an onetsi ziren, eta adjudikaziodunak —aurreko bera— behar den dokumentazioa aurkeztea falta da Gobernu Batzarrak behin betiko esleitu ditzan, 234.071,14 euroan. Lanak uztailaren bukaeran edo abuztuaren hasieran abiatzea aurreikusi da.

Adurtzako belarra aldatzeko lanei dagokienez, kontratazio mahaiak kontratua Alvac SA enpresari 379.532 euroan esleitzeko proposamena egin du, eta hurrengo Tokiko Gobernu Batzarrak onestea espero da, beraz, lanak aurreko kasuan adierazitako garaian hasiko lirateke.

Orotara 766.598,37 euro inbertituko dira belar artifizialeko geruzetan, eta 880.567 euro, hesiak barne hartzen baditugu.

Share