Prentsa Oharren banner

Udalak 500.000 euro inbertituko ditu hiriko ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Tokiko Gobernu Batzarrak bi kontratu esleitzea onetsi du (milioi erdi bat euro guztira) Gasteizko bi ikastetxe zaharberritzeko: Divino Maestro HLHI eta Angel Ganivet HLHI.

Eraikin eta instalazioak hobetzea da udal gobernuaren lehentasunetako bat. Jarduera horien bitartez nabarmen hobetuko dira eskola bietako energia-eraginkortasuna eta ikasleen erosotasuna”, azpimarratu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok.

Aktiba Expertos En Ventanas enpresa arduratuko da Angel Ganivet HLHIko kanpoko aldeko zurajea aldatzeaz, 260.886,36 euroren truke (BEZa barne), 60 eguneko epean.

Zaharberritze lan hauek egitea ahalbidetu du gobernu-taldeak Elkarrekin Podemosekin sinatu duen aurrekontu-hitzarmena.

Eskolaren eraikin nagusia 1981en egina da, eta jatorrizko lihoak ditu oraindik, aluminioz eginak, kristal soilez, eta PVCzko pertsianak. Horrek bero-galera handiak eragiten ditu, berotze-gastuak areagotuta, eta erabiltzaileei eragozpenak eragiten dizkie.

Udalaren Obra Zerbitzuak kanpoko aldeko zurajea aldatzea proposatu du, eraikinaren eraginkortasun termikoa eta akustikoa hobetzea xede.

Lanak 60 egun naturaleko epean egingo dira.

Divino Maestro HLHI

Kamy Vertical enpresa izango da, berriz, Divino Maestro HLHIko zenbait leiho zaharberrituko dituen, 236.031,23 euroan (BEZa barne), eta 90 eguneko epean.

Eraikina eraiki zen garaiko (1972) leiho orijinal guztiak aldatzea aurreikusi du Obra Zerbitzuak. Zurajeak altzairuzkoak dira, beira soilekoak, eta burdineria egoera txarrean eta oso hondatuta dago eta horrenbestez zaildu egiten da leiho horiek ondo ixtea eta estankotasuna. Leiho horiek ikasle eta irakasleek erabili ohi dituzten guneetan daude.

Ikastetxeak instalazio hauek ditu: kiroldegia, L formako eraikina (behe solairua, lehen solairua eta bigarrena dituena) eta eraikin erantsi bat (behe solairua, lehena, bigarrena eta hirugarrena dituena). Hiru solairuko eraikina komentu bat zen lehen. Ikastetxea beheko solairua, lehena eta bigarrena hartuz joan da, eta garai bateko komentuko hirugarrena, eskola-jardunik gabe dago.

Lanak  90 egun naturaleko epean egingo dira.

Share

Mendizorrotzeko esparruko garbiketa esleitu du Gasteizek

Udal gobernuak Iparralde gizarte-etxeko estalkia hobetzeko lanak ere esleitu ditu, 232.000 euroan.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak kudeatzen duen Mendizorrotzeko esparruko garbiketa integrala egiteko kontratua esleitu du Gasteizko udalak. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako zerbitzuak  3.383.076 euroko kostua izango du (BEZa barne), eta datozen hiru urteetarako indarraldia.

ISS Facility Services enpresari esleitu zaio kontratua, eta instalazioak garbitu eta desinfektatzeaz arduratuko da, honakoak barne hartzen dituelarik:  igerilekuak, aldagelak, komunak, harmailak, biltegiak, bulegoak, sarbideak, kanpoko espazioak, Mendizorrotzako pabiloia, Beti-Jai pilotalekuak, eraikin soziala, kirol-medikuntzako zentroa eta Mendizabaleko bainugelen eta dutxen eraikina

Era berean, Iparralde gizarte-etxeko gimnasioko eta kirol kantxako estalkia eraberritzea ere onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak,  instalazioak, behingoz, filtraziorik ez izateko. Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek adierazi duenez, “estalkiaren antzinatasuna dela eta -eta denbora gehiegi irauten ez zuten zigilatze-konponketa ugari ondoren–, teknikariek egiaztatu zuten euria egitean filtrazioak berriro agertzen zirela. Hori dela eta, arazoa errotik konpontzea eta esku hartze garrantzitsu bat egitea erabaki dugu. Iparralde gizarte-etxeko kantxa eta gimnasioko erabiltzaile ugariek zerbitzurik onena merezi dute, eta eraikinaren energia-eraginkortasuna ere hobetuko dugu. Indafer enpresa arduratuko da lanez, 232.410 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Lanak gauzatzeko epea 70 egunekoa da.

Share

Estalki berria izango du Frai Zacarias kaleko udal eraikinak

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Frai Zacarias Martinez kaleko 3. eko udal eraikinaren estalkia berritzeko lanak kontratatzeko dosierra onetsi du gaur goizean, 213.852,30 euroan.

“Udal eraikinak hobetzea gure lehentasunetako bat izan da legegintzaldi hau hasi genuenetik. Ekipamenduen optimizazio energetikoaren alde egiten dugu, eta instalazio horietako langileen eta zerbitzu-hartzaileen ongizatea bermatzeko lan egiten dugu. Gainera, kasu honetan, eraikina gure hirigune historikoko eraikin berezia da” adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Orain dela urte batzuetatik hona, eraikin horretan daude udaleko hainbat zerbitzu: Herritarren partaidetza, Hezkuntza, Garapenerako lankidetza, Berdintasuna, Gazteria, eta  Bizikidetza eta Aniztasuna

Hobekuntzak

Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzuak hainbat kalte hauteman zituen ekipamenduan, esaterako, azken solairuko hezetasunak eta teilatuaren beraren narriadura, adarrek kolpatzearen ondorioz (elurra egitean, batez ere).

Egungo estalkia kendu eta berria jarriko da, eta horri esker, isolamendu termikoa, estalkiaren iragazgaiztasuna, iraunkortasuna eta erretena mantentzeko lanak hobetuko dira.

Lanek hiru hilabete iraungo dute, gutxi gorabehera.

Share

Udalak bi web-aplikazio aurkeztu ditu: VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz

Berrikuntza teknologiko horien bidez, udalaren instalazioen erreserbak kudeatu daitezke, eta kontsultak egin daitezke edozein gailu elektronikotik, erraz eta arin

 

Gaur goizean, bi berrikuntza teknologiko aurkeztu dira prentsaurrekoan: VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz web-aplikazioak, zeinak gaurdanik erabilgarri baitaude. Haien bidez Udalak aurrera egiten du bere eraldaketa digitalean eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuan.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek esku hartu dute.

“Gasteiztarrengandik gertuko administrazio baten aldeko apustua egiten dugu, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, zerbitzu publikoetarako sarbidea errazteko eta belaunaldi berrien beharrizanei zein gainerako pertsonen beharrizanei erantzuteko”, adierazi du Etxebarriak.

“Eraldaketa digitalak, zeina lortu nahi baitugu legegintzaldi honen hasieratik, garrantzi handiagoa hartu du pandemiaren ondorioz. Osasun-krisiak ahalegin handiak inbertiarazi dizkigu Udala herritarrekin komunikatzen den era hobetzen”, gehitu du.

Borja Rodriguezek, bestalde, baliabide horien berrikuntzak aurkeztu ditu, zeinek eskaera handia baitute herritarren partetik.

VGReservas

  1. urtean, 31.965 erreserba egin ziren, guztira, Udalaren instalazioetan. Horietatik, 19.359 kudeatu ziren Udalaren webgunearen bidez (www.vitoria-gasteiz.org), hau da, guztizko kopuruaren % 60, eta goranzko joera nabaria du.

“Horregatik, VGReservas web-aplikazioa sortu dugu, erabiltzailearen esperientzia nabarmen hobetzeko. Haren bidez, gure gailuetako edozeinetatik (mugikorra, tableta, smartTVa eta ordenagailua) erreserba dezakegu, esaterako, saskibaloi-kantxa bat partida bat jokatzeko, edo gela bat etxejabeen komunitatearen bilera egiteko. Eta modu erraz eta intuitiboan egin dezakegu hori guztia”, gaineratu du.

Web-aplikazioak aukera ematen du bilaketak egiteko eta erreserbak gogokoetan gordetzeko (hori oso erabilgarria da hurrengo erreserbetan denbora aurrezteko), bai eta ikono bat gehitzeko gailuaren hasierako orrian, hartara zerbitzura era erosoagoan iristeko.

 

GeoVitoria-Gasteiz

GeoVitoria-Gasteiz zerbitzuak, berriz, 94.815 bisita izan zituen 2020an, eta 40.843 bide kalkulatu zituen, guztira. VGBus aplikazioaren estatistikei dagokienez (GeoVitoria-Gasteizekiko loturarekin funtzionatzen du), 390.689 bisita izan zituen 2020, eta hori Udalaren webgunearen trafikoaren % 4 da.

Aplikazioak hainbat zalantza argitzeko balio du, hala nola: “Non dago gizarte-etxe bat?”, “Nola iritsi naiteke hara etxetik?”, “Non dago kale jakin bat?”, “TAO eremua da?”, “Egongo al da laster gure etxetik gertu Puntu Berde Mugikorra?”, “Zer autobus- edo tranbia-linea hartu behar dut ibilbide jakin bat egiteko?” eta abar.

GeoVitoria-Gasteiz web-aplikazio berriarekin, aurrerantzean, edozein gailutatik (mugikorra, tableta, smartTVa eta ordenagailua) erantzun ahal izango zaie horrelako galdera guztiei.  Eta, horretaz gain, Udalaren webgunean orain arte eskainitako abiaduran baino azkarrago egingo da, eta, horrenbestez, itxarote-aldiak laburragoak izango dira.

Honako berrikuntza nagusi hauek eskaintzen ditu aplikazioak, lehen eskaintzen zen zerbitzuaren aldean: erabiltzaileak gailuaren hasierako pantailan instalatu ahal izango du aplikazioaren ikonoa, eta gogokoak markatu ahal izango ditu, hurrengo aldietan berriro behar baditu ere. Gainera, ibilbide bat bilatzean, erabiltzailea non dagoen markatzen du, mugikorraren GPSa erabiliz. Oinez, bizikletaz zein hiri-garraioz egiteko ibilbideak kontsultatu daitezke.

“Hiri-garraioari dagokionez, funtzionaltasun berri oso interesgarri bat du: aplikazioak erakutsiko digu zenbat falta den autobusak gure geltokira iristeko. Halaber, linea bakoitzaren ibilbideari buruzko informazio guztia izango dugu”, nabarmendu du zinegotziak.

 “GeoVitoria-Gasteiz ezinbesteko tresna da, bakoitzari bere mapa edukitzeko aukera ematen baitio, beti eguneratua eta zenbait bistaratzerekin. Kale izendegi gisa zein satelite bidezko mapa gisa erabil daiteke”, gehitu du.

Nahi dugun bistaratze-modua aukeratu ostean, erakuts dezake non dauden Udalaren baliabideak, eta gainerako edukiekin lotu: kale-izendegi ofiziala, atariak zehaztuta; bizikleta-bideen mapa; trafikoaren dentsitatea; trafiko-gorabeherak eta abar.

Gainera, beste zenbait aukera ere eskaintzen ditu: informazioa “bildumetan” taldekatu daiteke, esaterako, “aparkaleku publiko guztiak”; gertuko baliabideak bilatu inguruetan, eta informazioa partekatu kontaktuekin.

 

 

 

Share

Udalak 3.700.000 eurotik gora inbertituko du Mendizorrotzeko kirol esparrua garbitzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak Mendizorrotzeko kirol-esparruko garbiketa integraleko kontratazio-dosierra onetsi du. 3.723.952,32 euroko aurrekontua du (BEZa barne).

“Kontratu honekin Mendizorrotzeko kirol-esparruko mantentze- eta kontserbazio-beharrei erantzun nahi diegu, udako kanpaina barne. Produktu ekologikoak erabiliko dira esparrua garbitzeko, ingurumenari dagokionez iraunkorragoak dira eta” adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzia Borja Rodriguezek.

Esleipendunak esparruko instalazio guztiak garbitu beharko ditu:  pabilioia, Beti Jai frontoiak, eraikin soziala, kirol medikuntza, igerilekua eta gainerako kirol instalazioak, bulegoak…

Kontratua hiru urterako izango da, formalizatzen denetik kontatuta.

 

Share

Udalak 2.375.000 euro baino gehiago inbertitu ditu programa eta aplikazio informatikoak mantentzeko  

Tokiko Gobernu Batzordeak gaur onartuko du bi kontraturen esleipena, 2.378.880 euroko zenbateko osoarekin, programa eta aplikazio informatikoak mantentzeko.

Kontratu garrantzitsuena, zerbitzu informatiko ugariren euskarriari erreferentzia egiten diona, Deusto Sistemas enpresari esleitu zaio, 38,54 €/orduko zenbatekoarekin, gehienez ere 1.585.920,00 € arte (BEZa barne), 3 urteko gehieneko epean exekutatu beharreko 41.149,97 orduko exekuzio-epearekin, eta 2 urtez luzatzeko aukerarekin.

Zerbitzuaren xede diren aplikazioak honako hauek dira: udalaren webgunea eta egoitza elektronikoa, udal-blogak eta beste hainbat.

Beste kontratua, berriz, Gasteizko Udaleko zirkulazio-isunen eta sarrera-sistemen mantentze-lanari dagokio. Kasu honetan, Ibermática enpresa arduratuko da lan horiez, 792.960 euroko (BEZa barne) zenbatekoarekin, 3 urteko gehieneko epean egin beharreko 19.824 orduko exekuzio-epearekin.

“Ekintza horiekin, udal-aplikazioek herritarrei zerbitzu arina eta seguru eskaintzea bermatuko dugu. Gure helburua Udalari gasteiztar guztiekin harremanak izatea ahalbidetzen dion egitura modernizatzea da.” Hala adierazi du Borja Rodríguezek, Udal Administrazio eta Eraldaketa Digitaleko zinegotziak.

Share

Udalak modernizatuko du Astronomo kaleko futbol-zelaia

 

Soropil artifizialeko geruza, eserleku eta ate berriak eta LED argiztapena izango dira kirol-ekipamenduaren hobekuntzetako batzuk.

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Astronomo kaleko futbol-zelaiko soropil artifizialeko geruza ordezteko obrak kontratatzeko dosierra onetsi du ostiral honetan.

“Jarduketa honen bidez lagundu nahi dugu Astronomo kaleko futbol-zelaian entrenatzen duten gasteiztarrek ahalik eta baldintzarik onenetan egin dezaten. Obra hau Udalean egiten ari garen hiriko kirol-instalazioak egokitzeko planari gehitzen zaio”, azpimarratu du Udal Administrazioa eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Instalazioa prestatuta dago eskualde mailako lehiaketak eta maila handiko entrenamenduak egiteko.

Kontratuaren bidez, soropil artifiziala aldatuko da. Izan ere, futbolean aritzeko, 1999an jarri zen soropil artifiziala, eta dagoeneko higatuta eta hondatuta dago, bere bizitza erabilgarriaren amaiera iritsi baita, eta, ondorioz, ezin da behar bezala egin kirol-jarduera. Horretaz gain, hobekuntzak egingo dira urbanizazio-arloan eta kirol-altxarietan eta -ekipamenduan.

“Astronomo kaleko futbol-zelaia eraberritzea izan zen gure konpromiso handietako bat 2021eko aurrekontuak aurkeztu genituenean, inbertsio hori lehentasunezkoa baita gobernuarentzat, federazioarentzat eta klubentzat, eta orain errealitate bilakatuko da. Aurrekontua abian jarri bezain laster, habian jarri da proiektua. Oso berri ona da, eta beste aurrerapauso bat, futbolarekin eta, oro har, kirol-instalazioen sarea hobetzearekin hartu ditugun konpromisoak betetzeko, adierazi du Kirol eta Osasun Saileko zinegotzi Livia Lópezek.

Jarduketak

Proiektuak honako lan hauek hartzen ditu barne belar artifizialeko sistema ordeztea eta dagozkion entseguak egitea, ureztapen-sistema osoa eraberritzea, ponpen eta etxola prefabrikatuaren instalazio elektrikoa eta zelaiaren argiztapen-sistema hobetzea, proiektore guztien ordez LED teknologiako beste batzuk jarrita.

Aurreikusten da, halaber, kirol-instalazioko instalazio elektrikoan hobekuntzak egitea (elektrizitate-kutxa orokorra eta zenbait kanalizazio ordeztea), instalazioaren barrualdeko urbanizazioa hobetzea (ipar espaloia zabaltzea), urak biltzea hobetzea, sastrakak kentzea atzeko lorategian, eta best.

Astronomo kaleko futbol-zelaiak baloiak gelditzeko sareak berrituko ditu, eta beste 4 eserleku gehiago (10 jokalarirentzat) eta futbol 11ko 2 ate berri, eta beste 4 futbol 7koak (barneragarriak).

Kontratuaren zenbatekoa 484.629,42 eurokoa da, BEZa barne.

Obrak gauzatzeko 120 egun naturaleko epea ezarri da, zuinketa-egiaztapenaren akta ezartzen den egunetik.

 

 

 

 

 

Share

Gasteizko Udalak herritarrentzako arreta arinduko du, autotramitazio elektronikorako 12 guneren bitartez

Gune horiek herritarrei laguntzeko bulegoetan daude kokatuta, eta bertan errolda-agiriak zuzenean lortu, ordainagiriak ordaindu edo aurrez aurreko arretarako hitzorduak eskatu ahalko dira, leihatilatik igaro beharrik gabe

 

Gasteizko Udalak autotramitazio elektronikorako 12 gune jarri ditu martxan, herritarrek zenbait izapide erraz beren kabuz egiterik izan dezaten: errolda-agiriak lortu, ordainagiriak ordaindu edo aurrez aurreko arretarako hitzordua eskatu.  Autotramitaziorako guneak hiriko herritarrei laguntzeko bulegoetan egongo dira, eta erabiltzeko ordutegi zabala izango dute: hamabi guneetako hamar goizeko 8etatik gaueko 9etara baliatu ahalko dira, etenik gabe; hartara, herritarrek denbora gutxiago itxaron beharko dute arreta jasotzeko.

“Gaurtik aurrera, gasteiztarrek zerbitzu berria dute eskura izapide errazak egiteko, aurretik hitzordua eskatu beharrik gabe. Berrikuntza horrek herritarrei eskaintzen diegun arreta arintzea ahalbidetuko digu, eta hurbiltasuna eta kalitatea areagotzea”, nabarmendu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Gune horien erabilera erraza da. Esate baterako, errolda-agiria (banakoarena, familiarena edo historikoa) lortzeko, nahikoa da identifikazio-agiria (NANa edo AIZ) gunean zuzenean eskaneatzea. Agiria paperean lortu daiteke, USB memoria batean gorde, edo posta elektronikoko helbide batera bidali. Ordainagiriak ordaintzeko (jardueren izen-emateak, tasak eta zergak zein trafiko-isunak), gailuak dokumentuaren barra-kodea irakurtzen du, eta edozein banku-txartelez ordain daiteke. Herritarrei laguntzeko bulegoetarako hitzordua eskatzeko, berriz, HUT edo ziurtagiri digitala erabil daitezke.

Datozen hilabeteetan, orain udalaren egoitza elektronikoan egin daitezkeen beste izapide batzuk gehitzea aurreikusi du Udalak, hala nola zerga-egiaztagiriak eskuratzea, jardueretan izena ematea, instalazioak erreserbatzea, kontratazio-zerrendak, etab.  Administrazio-izapideak erraztea, eten digitala gainditzen laguntzea eta herritarrei administrazio elektronikoa baliatzeko ahalik eta aukera gehien ematea da helburua.

Kokapena eta ordutegia

Leku hauetako herritarrei laguntzeko bulegoetan daude kokatuta autotramitaziorako guneak: gizarte-etxeak, San Martineko eraikina, Ariznabarreko kiroldegia eta San Antonioko bulegoak. Guneak behar bezala errotulatuta daude, aise identifikatu eta ikusteko moduan, eta sarbide errazeko lekuetan daude jarrita; bulegoak irekita dauden ordutegian erabili ahalko dira. Hain zuzen ere, ordutegia da baliabide horien abantailetako bat, gizarte-etxeetan eta Ariznabarreko kiroldegian jarritako guneak goizeko 8etatik gaueko 9etara baliatu ahalko baitira, etenik gabe. San Martinen eta San Antonion jarritakoak bulegoen ordutegian erabili ahalko dira.

Share

Udala mugikorretarako HUTaren inplementazioa azkentzen ari da, udalaren kirol-instalazioetan sartu ahal izateko

Zerbitzua 2021eko bigarren hiruhilekoan martxan jartzea aurreikusi dute Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak eta Kirol eta Osasun Sailak

Gasteizko Udala telefono mugikorretarako herritarren udal txartelaren inplementazioa azkentzen ari da, udalaren kirol instalazioetan gailu horiek baliatuz sartu ahal izateko. Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saila eta Kirol eta Osasun Saila lankidetzan ari dira zerbitzua 2021eko bigarren hiruhilekoan martxan jartzeko, hau da, igerileku-denboraldirako.

“Herritarren udal txartelaren formatu digital eta mugikorrak teknologia herritarren zerbitzura nola jarri ahal eta behar den erakusten du. Hori martxan jartzea aurrerapen garrantzitsua izango da Gasteizko Udala eraldaketa digitalerako bideratzen ari den estrategian. Uste osoa dugu tokiko administrazio publikook hiriko biztanleengana hurbildu beharra dugula; haiek eguneroko zeregin askotarako erabiltzen dituzte telefonoak, eta orain horien bidez zerbitzu publikoetara sartzeko erosotasunaz baliatu ahalko dira”, azpimarratu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Horretarako web-aplikazio bat garatu behar izan da, eta gizarte-etxeetako zein kirol-instalazioetako tornu eta euskarriak egokitu, QR kodeak irakurri ahal izateko.

2020ko udako kanpainan Gamarra eta Mendizorrotzeko kirol-instalazioetan sistemaren proba pilotua egitea zegoen aurreikusita, garai horretan erabiltzaileen kopurua handiagoa izaten baita. COVID-19a dela eta, ordea, beste alderdi batzuk lehenetsi ziren pandemiaren eragina arintzen laguntzearren.

2020ko udan ekin zitzaion berriro web-aplikazioaren garapenari, eta irailaren amaieran burutu zen. Bestetik, kirol-instalazioetako 27 tornuak eta 26 euskarriak egokitzen ari da enpresa esleipenduna. Behar diren zerbitzu-probak egin ondoren, errealitatea izango da mugikorretarako HUTa.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek telefono mugikorrean HUT berria edukitzearen garrantzia azpimarratu du: “horrek kirol-instalazioetako sarbideak eraginkortasun handiagoz kudeatzea ahalbidetuko digu. 90.000 abonaturi baino gehiagori sistema moderno eta erosoa eskainiko diegu, eta etorkizunean zerbitzua hobetzeko bide ere ematen digu, funtzio berriak erantsiz”, amaitu du.

Share

Gaur hasiko da 2021-2022 ikasturterako matrikulazio-epea Gasteizko ikastetxeetan

Herritarrei laguntzeko bulegoetan emango zaie prozesuari buruzko informazioa familiei

Gaur hasiko da 2021-2022 ikasturterako matrikulazio-kanpaina Gasteizko zein Euskal Autonomia Erkidego osoko ikastetxeetan, direla publiko direla pribatu hitzartuak; Haur Hezkuntzan (2 urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatu ahalko dira ikasleak.

Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indartu egin zuten elkarren arteko lankidetza 2019. urtean, bizikidetza eta hezkuntza-ekitateari buruzko hitzarmen bat sinatuta. “Lankidetza horri esker, aurreko bi urteetan bezala, Udalak laguntza emango dio Hezkuntza Sailari matrikulazio-prozesuari buruzko informazio lanetan, herritarrei laguntzeko bulegoen bitartez”, azpimarratu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Horretarako, Vitoria-Gasteizko herritarren eskura jartzen du gizarte-etxeetan dauden Herritarrei Laguntzeko 11 bulegoren sarea, eta baita San Antonio kaleko 10. zenbakian den bulegoa ere. Familiek leku horietan jaso ahalko dute euren seme-alabak matrikulatzeko behar duten informazio guztia. “COVID-19ak sortutako osasun-egoera dela eta, aurrez aurreko arreta aurretiko hitzorduarekin emango da”, ohartarazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Informazio osoa ikastetxeetan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren IKASGUNEA atarian (https://ikasgunea.euskadi.eus) ere lortu ahalko da. Azken horretan, informazio zabala ematen da “Ohiko galderak” atalean.

Eskabidea eta dokumentazioa ikaslearen amak, aitak edo erakunde tutoreak aurkeztuko ditu. Bi era daude eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko:

Aurrez aurre, familiek lehen tokian aukeratutako ikastetxearen idazkaritzan, urtarrilaren 18tik 29ra bitartean, bi egunak barne.

Online, IKASGUNEA atariaren (https://ikasgunea.euskadi.eus) bitartez, urtarrilaren 18tik hasi eta 29aren 24:00ak arte. Une horretatik aurrera aplikazioa ez da aktibo egongo.

Soilik inskripzio-eskabide bat aurkeztu ahalko da. Eskabidean 12 ikastetxetarako eska daiteke, gehienez, eta familiek lehentasunezko hurrenkeran adieraziko dituzte.

Ikastetxeen zonifikazioaren mapa osoa honako toki hauetan egongo da kontsultatzeko: gizarte-zentroetan diren Herritarrei Laguntzeko Udal Bulegoak, San Antonio kaleko 10. zenbakian den Herritarrei Laguntzeko Udal Bulegoa, Hezkuntzaren Lurralde Ordezkaritza (San Prudentzio kalea, 18 zk), eta Eusko Jaurlaritzaren Hiritarren Arretarako “Zuzenean” Zerbitzua (Ramiro de Maeztu kalea, 10 zk), hor ere aurretiko txandarekin.

Plaza esleitzeko behin-behineko zerrendak martxoaren 9an argitaratuko dira, eta erreklamazio-epe bat zabalduko da martxoaren 16ra arte. Behin betiko zerrendak martxoaren 23an argitaratuko dira. Bai behin-behineko zerrendak bai behin betikoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikasgunea atarian kontsultatu ahalko dira. Ikastetxeek ez dituzte jarriko zerrenda horiek jendaurrean, baina banaka ikusteko aukera eskainiko diete hala eskatzen dutenei.

IKASGUNEA ataria.

Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzua ZUZENEAN.

Vitoria-Gasteizko Udaleko Herritarren Arretarako Bulegoen Sarea.

Matrikulazio-prozesuari buruzko informazioa.

 

 

Share